Serge Gainsbourg

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Serge Gainsbourg
Serge Gainsbourg
Datu pertsonalak
Ezizena L'homme à tête de chou

Julien Grix

Gainsbarre

Jaio 1928ko apirilaren 2a
Paris (Frantzia)
Hil 1991ko martxoaren 2a
Paris (Frantzia)
Generoa

Chanson française

Jazz

Pop

Rock progresiboa

Reggae

Funk

Serge Gainsbourg –Lucien Ginsburg benetako izenez– (Paris, 1928ko apirilaren 2a – Paris, 1991ko martxoaren 2a) frantziar musikari, musikagile, abeslari, idazle, aktore eta zinemagilea izan zen.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serge Gainsbourg Parisen jaio zen. Haren gurasoak judutar errusiarrak zirenez, haurtzaroan nazien jazarpena pairatu behar izan zuen.

Margolaria izan nahi zuen arren, kabareteko piano-jotzaile gisan lan egiten zuen, eta 1958an lehen diskoa kaleratu zen. Haren lehen abestietan Boris Vianen eragina nabarmena da.

Bere ibilbidean zehar bostehun abesti baino gehiago sortu zituen, bai berak kantatzeko, bai beste abeslari batzuentzat. Lau film zuzendu zituen eta beste berrogei bat filmen soinu banda idatzi. Haren abestietan zentzu bikoitzak edo hirukoitzak, hitzen ozentasuna, onomatopeiak, hitz jolasak, errima bereziak, umore beltza eta tabuen hausketak nabari dira. Ospetsuena Je t'aime... moi non plus da, hasieran Brigitte Bardotekin grabatu zena, baina hark jarri zituen trabak zirela medio –uste zuen abestiak bere irudiari kalte egin ziezaiokeela– , azkenean Jane Birkinekin –emazte izan zuenarekin– egindako grabaketarekin kaleratu zen 1969an. Bertan emakume baten intziriak agertzen dira. Abestia herrialde askotan zentsuratua izan zen. Hala ere, Erresuma Batuko zerrendetan lehen postura iritsi zen.

Haren beste lan garrantzitsuenen eta beste artistengan eragin handiena sortu dutenen artean kritikak “aro popeko lehen benetako poema sinfonikoa” deritzon Histoire de Melody Nelson 1971n sortutako diska dago, Jean-Claude Vannier-ren moldaketekin. Disko hura Gainsbourgen bi album kontzeptualetako bat da. Bestea 1976an plazaratutako L'Homme à Tête de Chou da.

Gainsbourgek musika-molde ugari jorratu zituen, hala nola chanson française, jazz, pop, rock progresiboa edo funk. 1979an Jamaikan frantseses eginiko lehen reggae diskoa garabatu zuen, Aux armes et caetera, Robby Shakespeare, Sly Dunbar eta Rita Marley-rekin batera. Bertan Frantziako ereserki La Marseillaiseren bertsio bat agertzen denez, horrek eskuin muturreko hil-mehatxuak ekarri zizkion.

Jane Birkinekin zeukan harremana 1980an amaitu zen, eta Gainsbourg handik aurrera Gainsbarre itxurarekin agertzen hasi zen, erretzen, edaten, zirikatzen edota umore zentzu berezi batekin. Gogoratuak dira haren zenbait ekintza eztabaidagarri, telebistan Whitney Houston-i “I want to fuck her” bota zionean, edo haren alaba Charlotte Gainsbourg-ekin grabatutako Lemon Incest abestia eta klipa.

2010ean, bere bizitzari buruzko filma estreinatu zen, Gainsbourg vie héroïque izenaz, Joan Sfar-rek zuzendua eta Eric Elmosnino musikagilearen paperan.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa eta margolaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serge Gainsbourgen gurasoak Olia eta Joseph Ginsburg ziren, 1919an boltxebikeetatik ihes egiten Errusiatik alde egin zutenak, Istanbuletik eta Marseillatik igaro ostean, Parisera iritsi arte.[2] Bertan Lucien Ginsburg jaio zen 1928an. Joseph-ek piano-jotzailea zen eta semeari irakatsi zion. Bigarren Mundu Gerran, haien judutar egoera zela eta, nahiz eta praktikanteak izan ez, Davideko izarra eramatera behartu zituzten (Sheriff-eko izar bat, berak heldu-araoan esaten zuen bezala). Judutarren aurkako jazarpena zela eta, Ginsburg familia hemezortzi hilabetez banatuta egon ostean, pasaporte faltsuen bitartez Limogesen ezarri ziren eta Lucien gertuko barnetegi batean sartu zen. Egun batean, barnetegiko zuzendariak Lucieni aizkora bat eman eta basora ezkutatzera bidali zuen, ohartuz norbaitek zerbait galdetuz gero aizkolariaren semea zela esan zezan. Izan ere, militarrak eskolara juduak harrapatzera zihoazen. 1944an, aliatuek Parisen sartu eta gero, Ginburg familia itzuli egin zen. [2]

Institutua bukatzeke, Lucien gaztea Arte Ederren Eskolan matrikulatu zen eta gerora, Elisabeth Levitski, bere lehen emaztea izan zena, ezagutu. Hark surrealismoaren munduan sartu zuen. Aldi berean, gitarra klaseak jaso zituen. [2]

1948an zerbitzu militarrera joan zen, eta bertan ofiziala izateari uko egin zion. Zerbitzu militarrean ez zuen Indotxinako Gerrara joan beharrik izan; bai, ordea, edateari ekin eta haurtzaroan zeukan lotsa gainditzen hasi zen.[2] Geroago esan zuenez, oso ondo pasa omen zuen.

1951n Elisabeth-ekin ezkondu eta lan egiten hasi zen, bai irakasle gisan, bai filmetako argazkiak koloreztatuz edota altzairuak apainduz [2]. Bohemiar bizitza eramanez, Parisko gau munduan ere piano-jotzaile ibili zen. Abestia behe artetzat eta margolana goi artetzat zeuzkan arren, pintura uztea erabakit zuen eta bere margolan gehienak erre. "Ez zen ezer galdu, ez zelako ezertara iritsi" esango zuen.

Piano-jotzailearen lehen abestiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1954an SACEM-ean bere lehen abestiak grabatu zituen, Ginsburg, Julien Gris edo Julien Grix izenenpean. Lau urte geroago, Serge Gainsbourg izena erabiltzeari ekin zion, zioenez Lucien ile-apaintzaile izena zirudielako, eta Serge, ordea, errusiar itxurakoa.[3]

1957an Boris Vianek eta Michelle Arnaudek Gainsbourg ezagutu zuten. Urte horretan haren emazteaz banandu zen.[2] Serge Gainsbourgek esan zuen:

« Vian-i esker, abestia adierazpen bide behe bat izan ez zitekeela ulertu nuen, baizik eta ibilgailu bat nire ahalezko oldarkortasunari irteera emateko.  »
Serge Gainsbourg[2]

1958an Michelle Arnaudek Bobino teatroan Gainsbourgen abesti batzuk kantatu zituen. Sergek bere lehen kritika ona lortu eta ondoren ''Philips'' konpainiarekin hitzarmen bat sinatu zuen. Du chant à la une !... Izan zen bere lehen diskoa, jazz eta chanson française estilokoa eta L´Academie Charles Cros saria irabazi zuena. Nabarmentzekoa da diskaren lehen abestia, Le Poiçonneur Des Lilas, metroaren langile baten bizitzaren eta betebehar hustuei buruzkoa. Diskoaren azalean ateratzen zen bere argazkiagatik film baterako aktore bezala kontratatu zuten, Voulez-vous danser avec moi? Brigitte Bardotek protagonizatua. [2]

Garai horretan, Gainsbourgen zaletasunetako bat biziagotu zen, emakumeen erakarpena. 1964an Françoise Antoinette Pancrazzi-rekin, “Béatrice”, ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituen, Natacha, 1964an jaioa, eta Paul, 1968an. Aldi berean, disko gehiago ateratzen segitu zuen: Nº 2, L'Étonnant, Nº 4 Hala ere, beste abeslarientzat sortutako kantak izango dira halako ospe bat ematen diotenak, hala nola La javanaise Juliette Grecorentzat edo Comment te dire adieu, Francoise Hardyrentzat.

Ospea pop aroarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964an Gainsbourg Confidentiel diskoa kaleratu zuen, jazz oso aurreratu batekoa. Diskoaren kalitate handia arren, 1.500 ale baino ez ziren saldu. Hau dela eta, Sergek "komertzial merkatura abiatuko naiz eta Rolls bat erosiko dut" esango zuen.

Serge Gainsbourg eta France Gall Sari Nagusia jasotzen, 1965eko Eurovision irabazi ondoren Poupée de cire, poupée de son abestiagatik.

1965ra arte Brel, Greco, edo Barbara abeslarientzat telonero bezala dihardu, baina entzuleek uhukatu egiten dute eta kritikak haren fisikoa zela eta -belarri eta sudur handiak- iseka egiten dio. Hamahiru urtetan ez da berriz antzezleku batera igoko. [2] Gainsbourgek beste musika-estilotara jotzen du, afrikar-kubatar erritmoetara (Gainsbourg Percussions) edo pop garaiko abeslari gazteentzat abestiak konposatzera. France Gall-ek 1965ko Eurovisioneko lehen saria Gainsbourgek sortutako Poupée de cire, poupée de son abestiarekin irabazten du. Les sucettes izan zen France Gallentzat prestatutako beste abesti nabarmengarri bat, beharbada Gallek kantatzen zuenaren zentzu bikoitza ulertzeke abestu zuena.

Sergek 1967an Brigitte Bardotekin harreman sutsu bat bizitzen du. Honek gau batean maitasuneko abesti handiena” idazteko eskatzen dio. Honen harira, Gainsbourgek hiru abesti konposatzen ditu: Bonnie and Clyde, geroago biek kantatutako diska baten izena izango zena, Harley Davidson eta Je t'aime... moi non plus.

Azken abesti hau, hala ere, ez da kaleratzera iristen, Bardotek, bere senarraren jeloskortasuna zela eta, abestia ez plazaratzeko eskatzen baitio. Hala ere, senarra Günter Sachs, playboyeko buruetakoa, zela kontuan izanik, ziurrenik Bardotek haren abestiak haren irudia kaltetu zitekeelakoan egin zuen abestia ez kaleratzeko eskamena. 1986an Bardoten eskakizunez abestia argitara eman zen, etekinak animalien babesean jarduten duten elkarteetara bideratuz. Brigitten eta Sergeren arteko harremana bukatu eta gero, azken honek Initials BB kanta idatzi zuen, Bardoten omenez.

1969an Je t'aime... moi non plus abestiaren bertsio berri bat kaleratu zen, Serge Gainsbourgek eta Jane Birkinek kantatua, bere neskalagun berria zena, Slogan pelikularen grabaketan biek elkar ezagutu ostean. Abestiaren ageriko letra eta emakumearen izpirinak zirela eta, tabu baten hausketarekin —maitasunik gabeko sexua— debekatua izan zen herrialde askotan, edota irratietan zentsuratua, hala nola, Espainian, Islandian, Italian, Polonian, Portugalen, Erresuma Batuan, Suedian eta Jugoslavian, eta Vatikanoak abestiaren aurka adierazpen bat burutu zuen. Hala ere, Erresuma Batuan abestia salmenten lehen postura iritsi zen. Jane eta Serge bikote ospetsuan bihurtu ziren, 69 année érotique edo La décadanse bezalako titulu entzutetsuak abestuz.

Artistaren lolitak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirurogeita hamarreko hamarkadan zenbait disko nagusi argitaratu zituen. 1971n, Gainsbourgek bere album garrantzitsuenetako bat egin zuen, Jean-Claude Vannier-ren moldaketekin: Histoire de Melody Nelson. Ukitu zinematografikoekin, zazpi abestiz osatua, azalean Birkinen argazki batekin, album kontzeptual bat da, gizon heldu baten eta lolita gazte baten (Quatorze automnes / Et quinze étés)[4] arteko harremanari buruzkoa, kritika apartak jaso zituena.

1973an Sergek bere lehen bihotzeko krisia jasaten du, baina erretzen eta edaten jarraitzen du. Laster beste disko bat kaleratu zuen: Vu de l'extérieur, Verlaineren olerki batean iradokitutako abesti batekin: Je suis venu te dire que je m'en vais. [2]

1975an naziak nagusi dituen disko berri bat aurkeztu zuen, Rock around the bunker, Gainsbourgen haurtzaroko bizipenetan oinarrituta, umore beltza eta aliterazioak ausartki erabiliz.

1976an, L'Homme à Tête de Chou diskoa agertu zen, Gainsbourgen bigarren album kontzeptuala, rock progresiboa estilokoa, maitasuna, jeloskortasuna, obsesioa, eromena eta heriotza bezalako gaiak jorratzen dituena, diskoak Marilou musaren inguruan jiratuz. Handik aurrera, filmetarako soinu bandak konposatu zituen, bai eta film bat zuzendu ere: Je t’aime moi non plus (1976), Zesarretarako bi sari-proposamen eskuratu zituena (soinurik hoberena eta zinemarako idatzitako musikarik hoberena).

Gainsbourgek beste hiru film zuzendu zituen: Équateur (1983), Charlotte forever (1986) eta Stan the Flasher (1990). Gainsbourgen filmetan homosexualitatea, intzestua edo exhibizionismoa bezalako tabuak agertzen dira.

Kingstonetik Parisera Marseillesa-rekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an Gainsbourgek Jamaikara joan zen eta bertan Aux armes et caetera diskoa prestatu, musikari jamaikarrekin, Rita Marleyren I Three taldea barne. Diskoan Marseillesa-ren, Frantziako eresrkiaren reggae bertsio bat ageri da, Aux armes et caetera errepikapenarekin, ohizko leloaren ordez. [4]

Horrek eskuin muturraren eta Aljeriako Gerraren beteranoen haren aurkako hil-mehatxuak eta Strasbourgen kontzertu baten deuseztapena ekarri zituen. Michel Droit kazetariak ere Gainsbourgen aurkako artikulu bat idatzi zuen, antisemitismotik gertu. Gainsbourgek On n'a pas le con d'être aussi Droit hitz-jolasa duen izenburuko artikuluaz erantzun zion ("Ez dago ergela izateko hain Droit", euskaraz —kazetariaren deitura Droit-ek "eskubide" eta "zuzen" ere esan nahi du). Hala ere, Aux armes et caetera-k hiru platino disko jaso zituen eta Gainsbourgen beste albumak ere urrezko diskoak irabazte hasi ziren, lehenbizi L'Homme à Tête de Chou eta Histoire de Melody Nelson: biak ere album kontzeptualak dira. [2]

1981ean, gainera, Marseillesa-ren Rouget de Lislek idatziriko jatorrizko eskuizkribua erosi zuen eta bertan Aux armes et caetera... leloa irakur zitekeela erakutsi.

Gainsbarre[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serge Gainsbourg-en etxea, 5bis de la rue de Verneuil (Parisko 6. barrutia), hil ostean Charlotte Gainsbourg alabak bere horretan utzia.

1980an Gainsbourg eta Birkinen arteko harremana bukatu zen. Laster Gainsbourgek Gainsbarre itxurarekin agertzen hasi zen, beti-beti erretzen, edaten eta zirikatzen, egun batzuetako bizarrarekin, poeta madarikatuaren irudia sortuz. Urte horretan, Evguénie Sokolov, alegiazko ipuina idatzi zuen.

Telebistan Whitney Houston-i "I want to fuck her" esan zion,[5] edo zuzenean 500 frankoko billete bat ia osorik erre, ordaintzen zituen zerga handiengatik kexatuz, nuklearretara joaten zirela esanez. [6]

Estudiozko diskoa berriak kaleratu zituen, Estatu Batuetan grabatutako Love on the beat (1984) eta You’re under arrest (1987), esaterako, hip hop, rap edota funk estilokoak, gehienbat. Neskalagun berri bat izan zuen, Caroline Paulus, Bambou ezizenez, eta harekin seme bat izan zuen, Lucien (Lulu). 1984an Charlottekin, Jane Birkinekin 1971n izandako alabarekin, Lemon incest abestia kantatu zuen. Jane Birkinentzat ere abestiak idazten segitu zuen (Baby alone in Babylone (1983), Lost song (1987), Amour des feintes (1990)), bai eta beste abeslarientzat ere, emakumeentzat nagusiki, Catherine Deneuve, Isabelle Adjani edo Vanessa Paradis, adibidez. [2]

Hilobia

1991n hil zen, Verneuil kalean zeukan etxean. [7] Catherine Deneuvek Fuir le bonheur de peur qu’il se sauve haren olerkia irakurri zuen haren ehorzketan, eta Mitterand-ek, orduko Frantziako Errepublikako presidenteak, «Gure Baudelaire zen, eta abestia arte mailara eraman zuen» esan zuen. Kondaira baten arabera, hiletetara Gainsbourgek izan zituen maitale guztiak joan ziren, jendartean banaturik.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainsbourgen eragina, batez ere frantziar musikan, oso nabaria izan da. Ausartki gai eta estilo ezberdinak jorratu zituen, hala nola:

  • Funka: En Melody, Love on the beat…
  • Reggaae: Marilou reggae, Aux armes et caetera, Mauvaises nouvelles des étoiles
  • Rapa: You're under arrest
  • Afro-kubatarra: Coleur café
  • Jazza: Du chant à la une !..., Gainsbourg Confidentiel
  • Klasikoa: Gainsbourgen abesti asko gai klasikoetan oinarrituta daude: Ma Lou Marilou, Lemon Incest, Initials BB…
  • Rock sinfonikoa: Histoire de Melody Nelson

Gainsbourgen olerki estiloa ere esanguratsua da. Errima ausartak sortu zituen (Comment te dire adieu), aliterazioak (La javanaise, Tata teutonne), onomatopeiak (Des vents des pets des poums, Transit à Marilou), zentzu bikoitzak (Les succettes), hitz jolasak (Je t'aime... moi non plus, Amour des feintes), ingelesezko eta frantzesezko hitzen nahasketa (Five easy pisseuses, Ford Mustang), anaforak (La poupée qui fait) edota paradoxak (Je suis venu te dire que je m'en vais). [4]

Interpretatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serge Gainsbourgen abestiak kantatu dituzten artista batzuk:

  • Isabelle Adjani: Pull Marine
  • Elisabeth Anais: Mon père un catholique
  • Michèle Arnaud: La Femme des uns sous le corps des autres, Les Papillons noirs
  • Isabelle Aubret: Il n'y a plus d'abonné au numéro que vous avez demandé
  • Brigitte Bardot: Bonnie and Clyde, Harley Davidson, Comic strip, Je t'aime... moi non plus
  • Minouche Barelli: Boum badaboum
  • Jane Birkin: Je t'aime...moi non plus, La décadanse, Ex-fan des sixties, Baby alone in Babylone, Lolita go home, Ballade de Johnny-Jane
  • Petula Clark: La Gadoue
  • Pia Colombo: Défense d'afficher
  • Dalida: Je préfère naturellement
  • Mireille Darc: La Cavaleuse
  • Catherine Deneuve: Dieu est un fumeur de havanes
  • Diane Dufresne: Suicide
  • Jacques Dutronc: Les roses fanées (hirukotea Serge Gainsbourg eta Jane Birkinekin)
  • Marianne Faithfull: Hier ou demain
  • France Gall: Poupée de cire, poupée de son, Les Sucettes
  • Juliette Gréco: Accordéon, La Javanaise
  • Françoise Hardy: Comment te dire adieu
  • Zizi Jeanmaire: Bloody Jack
  • Anna Karina: Sous le soleil exactement
  • Valérie Lagrange: La Guérilla
  • Viktor Lazlo: Amour puissance six
  • Lisette Malidor: Y'a bon
  • Michèle Mercier: La Fille qui fait tchic-ti-tchic
  • Nana Mouskouri: Les Yeux pour pleurer
  • Vanessa Paradis: Dis-lui toi que je t'aime, Tandem
  • Régine: Les P'tits papiers
  • Catherine Sauvage: Baudelaire
  • Stone: Buffalo Bill
  • Joëlle Ursul: White And Black Blues
  • Marie-Blanche Vergne: Au risque de te déplaire

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1958 : Du Chant À La Une !...
  • 1959 : Serge Gainsbourg N°2
  • 1961 : L'étonnant Serge Gainsbourg
  • 1962 : Serge Gainsbourg N° 4
  • 1963 : Gainsbourg Confidentiel
  • 1964 : Gainsbourg Percussions
  • 1968 : Bonnie And Clyde, Brigitte Bardot-ekin
  • 1968 : Initials B.B.
  • 1969 : Jane Birkin-Serge Gainsbourg
  • 1971 : Histoire de Melody Nelson, Jane Birkin-ekin
  • 1973 : Vu de l'extérieur
  • 1975 : Rock around the bunker
  • 1976 : L'Homme à tête de chou
  • 1979 : Aux armes et cætera
  • 1981 : Mauvaises Nouvelles Des Étoiles
  • 1984 : Love on the Beat
  • 1987 : You're Under Arrest

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2010 Serge Gainsbourg, vie héroïque, Joann Sfar-ena
  • 1990 Stan the Flasher, Serge Gainsbourg-ena
  • 1986 Charlotte for Ever, Serge Gainsbourg-ena
  • 1983 Equateur, Serge Gainsbourg-ena
  • 1980 Je vous aime, Claude Berrirena
  • 1975 Sérieux comme le plaisir, Robert Benayoun-ena
  • 1976 Je t'aime moi non plus, Serge Gainsbourg-ena
  • 1974 La Dernière violette, André Hardellet-ena
  • 1973 La Morte negli occhi del gatto, (Les Diablesses), Antonio Margheriti-ena
  • 1972 Trop jolies pour être honnêtes, Richard Balducci-ena
  • 1971 Dix-neuf jeunes filles et un matelot, Milan Kosovac-ena
  • 1971 Romance of a Horsethief, (Le roman d'un voleur de chevaux), Fedor Hanzekovic-ena
  • 1970 Cannabis, Pierre Koralnik-ena
  • 1969 Chemins de Katmandou, André Cayatterena
  • 1969 Slogan, Pierre Grimblat-ena
  • 1969 Mr. Freedom, William Klein-ena
  • 1968 Erotissimo, Gérard Pirès-ena
  • 1968 Paris n'existe pas, Robert Benayoun-ena
  • 1967 Ce sacré grand-père, Jacques Poitrenaud-ena
  • 1967 Inconnu de Shandigor, Jean-Louis Roy-ena
  • 1967 Toutes folles de lui, Norbert Carbonnaux-ena
  • 1967 Vivre la nuit, Marcel Camus-ena
  • 1966 Estouffade à la Caraïbe, Jacques Besnard-ena
  • 1966 Le Jardinier d'Argenteuil, Jean-Paul Le Chanois-ena
  • 1963 L'Inconnue de Hong Kong, Jacques Poitrenaud-ena
  • 1961 La Furia di Ercole, Gianfranco Parolinirena
  • 1961 Sansone, Gianfranco Parolinirena
  • 1961 La Rivolta degli schiavi, (La révolte des esclaves), Nunzio Malasommarena
  • 1959 Voulez-vous danser avec moi?, Michel Boisrond-ena

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berak idatzitako lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968 : Chansons cruelles

1971 : Melody Nelson

1980 : Evguénie Sokolov. Gallimard, 1980. ISBN 978-84-7774-822-9.

1980 : Au pays des malices

1980 : Des corps naturels, biluzik dauden emakumeen argazki-albuma , Trois variations pour un sonnet-ekin (Variation 1 – Variation 2 – Variation 3), Serge Gainsbourgen hiru poema erotikoak, Éditions Filipacchi / Union des Éditions Modernes, Paris, première édition 1980 (ISBN 2-85018-184-6)

1981 : Bambou et les poupées

1983 : Black out, Jacques Armandekin - Bande dessinée

1986, 1992 : Gainsbourg, Alain Coelho eta Franck Lhomeau-rekin

1987, 1991 : Mon propre rôle 1 - Folio (ISBN 2-07-038445-4)

1987, 1991 : Mon propre rôle 2 - Folio (ISBN 2-07-038446-2)

Biografiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.filmaffinity.com/es/film718252.html
  2. a b c d e f g h i j k l La biografía. Sylvie Simmons. Random House Mondadori, S. A., 2007, Bartzelona. ISBN 978-84-397-2073-7
  3. Lucienek gogaitzen hasten zitzaidan, leku guztietatik ‘Lucien, ile-apaintzailea’, ‘Ileapaindegia Lucien’ ikusten nuen. Psikologilariek diote bizitzan garrantzitsuena pilako izena dela: batzuk onuragarriak dira, beste batzuk, kaltegarriak. Momentuan, Serge egokia iruditu zitzaidan, errusiar itxurakoa; Ginsburg-i gehitu nizkion ‘a’ eta ‘o’ –ei dagokienez, nire abizena birrintzen zuten institutuko irakasleen omenez egin nuen.
  4. a b c L´Intègrale et caetera Les paroles 1950-1991.Serge Gainsbourg. Bartillat, 2005. ISBN 978-2-84100-461-4
  5. http://www.youtube.com/watch?v=bMdXi6f5KRg
  6. http://www.youtube.com/watch?v=pqqj0_ecFkM&feature=related
  7. http://www.eitb.com/kultura/musika/osoa/609335/20-urte-bete-dira-serge-gainsbourg-abeslari-frantziarra-hil-zela/Hiletetan
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Serge Gainsbourg Aldatu lotura Wikidatan