Gaueko erronda

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Gaueko erronda
(
De Nachtwacht)
The Nightwatch by Rembrandt - Rijksmuseum.jpg
Jatorria
Sortzailea Rembrandt
Sorrera-urtea 1642
Jatorrizko izenburua Schutters van wijk II onder leiding van kapitein Frans Banninck Cocq, bekend als de ‘Nachtwacht’ eta Militia Company of District II under the Command of Captain Frans Banninck Cocq, Known as the ‘Night Watch’
Mugimendua Barrokoa
Ezaugarriak
Materiala(k) mihisea eta olio-pintura
Zabalera 437 zentimetro
Altuera 363 zentimetro
Genero artistikoa schutterstuka Itzuli
Deskribapena
Iconclass 45(+26) eta 45C1
Kokapena
Lekua Nightwatch hall
Kloveniersdoelen
Bilduma Rijksmuseum eta Amsterdam Museum Itzuli
Inbentarioa SK-C-5 eta SA 7392
Jabea Amsterdam
Argumentu nagusia The civic militia lead by Frans Banninck Cocq Itzuli

Gaueko erronda Rembrandt margolari herbeheretarrak 1640 eta 1642 artean egindako olioa, oihal gaineko margolan ospetsua da. Margolan hau Amsterdamgo Rijksmuseum-en artelan nagusietarikoa da. Herbehereetako urrezko aroan horrelako irudikapen kolektiboak ohikoak ziren; Rembrandten garaikideak izan ziren margolari batzuek, esaterako Frans Hals-ek, nagusiki horrelako lanak egiten zituzten.

Izenburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Gaueko erronda bezala ezaguna izan, jatorriz bere izenburua beste bat zen: Frans Banninck Cocq kapitainaren eta Willem van Ruytenburgh tenientearen militar konpainia (neerlanderaz: De compagnie van kapitein Frans Banninck Cocq en luitenant Willem van Ruytenburgh maakt zich gereed om uit te marcheren). Behintzat horrelako idazkuna darama margolanaren zirriborroak. Ezagunena den izena, hots, Gaueko erronda, gaizki-ulertu baten ondorioa da: XIX. mendean margolanaren egoera tamalgarria zen, erabat ilunduta, eta irudiak ia ez ziren ikusten. Kritikari frantsesek, ondorioz, gaueko irudia zela ulertu zuten eta Patrouille de Nuit izenburua jarri zioten. 1947an margolana zaharberritua izan zen eta orduan gaueko eszena ez zela deskubritu zen: taldea atelada batean sartuta dago, eta hortik iluntasuna, baina kanpotik pertsonaiak argitzen dituen eguzki-izpi indartsu bat sartzen da.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lana arkabuzdun konpainiaren enkargua izan zen. Konpainia horrek bere helbidea Kloveniersdoelen-en eraikuntzan zuen eta hango Groote Zaal edo 'Areto Nagusia' apaintzeko lan monumental hau Rembrandti enkargatu zioten. Margolanean Frans Banninck Cocq kapitaina ikusten dugu; une horretan kapitaina Willem van Ruytenburch tenienteari irteteko agindua ematen ari zaio. Haien inguruan beste 18 pertsona ikusten ditugu, guztiak Konpainiaren partaideak. Irudian agertzeko, norberak ehun florin ordaindu zituen, garaian benetako dirutza. Guztira Rembrandtek 1600 florin jaso zituen lana egiteagatik. Konpainia Udalaren menpe zegoenez, gaur egun artelana Amsterdamgo Udalarena da, baina instituzio honek Rijksmuseumi publikoki erakusteko uzten dio.

Arkabuzdun konpainia zaintza lana egiteko egunero ateratzen zen. Rembrandtek eszena hori sarritan ikus ahal izan zuen. Irudian, bestetik, beste pertsonaia batzuk agertzen dira: hiru haur korrika eta txakur bat, eszena nolabait animatzeko helburuaz.

Enkarguaren justifikazioa Maria Mediciren bisita izan zen, 1638an, bere semea zen Luis XIII.a Frantziakoaren aginduz erbesteratutakoa. Bisita ospakizun handiekin ospatu zen Amsterdamen.

Lanak hasieran izan zuen harrera ez zen oso ona izan. Bertan agertzen ziren arkabuzeroak ez zeuden pozik ezen haien aurpegiak ez ziren oso garbi ikusten. Horren ondorioz, ordainketa atzeratu egin zen.

Bigarren mundu gerran museoetako ondareak bunker desberdinetan ezkutatu ziren. "Gaueko erronda" bost urtez Maastrichtgo bunker batean ezkutatuta egon zen; horretarako, oihala eta markoa bereizi zituzten eta margolana tutu batean gorde zuten. 1945eko ekainaren 25ean Amsterdamera eraman zuten berriro ere, Rijksmuseumera.[2]

Protagonistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kritiko geheinen ustez, margolanean agertzen den neska Rembrandten Saskia emaztea da, "Gaueko erronda" egiten ari zenean hil zena.
  • Frans Banninck Cocq kapitaina edo Banning Coq (1605–1655): konpainiaren kapitaina eta margolanaren irudi nagusia. Eskuaz tenienteari agindua ematen dio; aldi berean, ikusleari luzatzen dio eskua, nolabait hura ere eszenan sartuz. Beste arkabuzeroen artean hierarkiarik ez markatzearren, Rembrandtek Banning Coq-en nagusitasuna azpimarratu zuen.
  • Willem van Ruytenburch tenientea edo van Ruytenburgh (1600-1657): konpainiaren tenientea, agindua jasotzen du. Ruytenburch baxuagoa zen eta irudian gutxitua ez uzteko, margolariak jantziaren hori koloreaz eta eguzkiaren bibrazioaz bolumen handiagoa eman zion.
  • Neskatxa: margolanaren elementu garrantzitsua da, azken buruan agertzen den neska bakarra baita. Itzalen artean argi-iturri handia da eta horrek espektro baten antza ematen dio. Horrela aztertuta, gainontzeko pertsonaiekin ez du inolako zerikusirik. Horregatik, kritiko gehienen ustez, margolanean agertzen den neska Rembrandten Saskia emaztea da, "Gaueko erronda" egiten ari zenean hil zena. Saskia van Uylenburgh (1612-1642), margolariaren lehen emaztea, oso gazte hil zen, ziur aski tuberkulosiak jota, eta horren ondorioz, maisua depresio sakon batean erori zen. Saskia Rembrandten ohiko modelo izan zen. Horiz jantzita agertzen da eta gerrikotik oilar zuri bat zintzilik darama, konpainiaren ikurra.
  • Miliziako gizonak: hamabost kide dira, ezkerretik eskuinera: Reinier Engelen, Jan Pietersen Bronchorst, Elbert Willemsen, Herman Jacobsen Wormskerck, Jan van der Heede, Jan Visscher Cornelissen, Claes van Cruijsbergen, Jan Ockersen, Jan Andriaensen Keijser, Walich Schellingwou, Jan Claesen Leijdeckers, Barent Harmansen Bolhamer, Rombout Kemp, Paulus Schoonhoven eta Jacob Jorisz.[3] Jatorrizko bertsioan, XVIII. mendeko mutilazioa baino lehen, ezkerrean beste bi gizon agertzen ziren.
  • Beste bi haur eta txakurra: ez dira oso ondo ikusten eta hirurak margolanaren behealdean daude. Irudiari, batetik, dinamismoa ematen diote, mugimendua. Kontrastearen ondorioz, bestetik, margolanari dramatismoa kentzen diote.

Bandalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1712an eragindako mutilazioa.

Obra honek eraso ugari jasan ditu. Hasteko, 1715ean, lekuz aldatu zuten, arkabuzdun konpainiaren areto nagusitik Amsterdango udaletxera, eta horrek espazio arazoak planteatu zituen. Leku berrira egokitzeko, artelana mutilatua izan zen. 1975ko irailaren 14an, bestetik, buru-desoreka zuen gizon batek aizto batez sigi-sagaka ebaki ugari egin zizkion; margolana zaharberritua izan zen baina oraindik nabaritu daitezke ebaki horiek. 1985ean bisitari batek azidoa zuen esprai batez oihala lainoztatu zuen; zaindarien interbentzio azkarrak erasoa gutxitzea lortu zuen, kalteak bernizean bakarrik geldituz.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gaueko erronda