Edukira joan

Rembrandt

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Rembrandt

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRembrandt Harmenszoon van Rijn
JaiotzaLeiden, 1606ko uztailaren 15a
Herrialdea Zazpi Herbehere Batuen Errepublika
BizilekuaRembrandt House Museum (en) Itzuli
Talde etnikoaHerbeheretarra
HeriotzaAmsterdam, 1669ko urriaren 4a (63 urte)
Hobiratze lekuaWesterkerk
Familia
AitaHarmen Gerritszoon van Rijn
AmaNeeltje Willemsdr. Zuytbrouck
Ezkontidea(k)Saskia van Uylenburgh  (1634ko ekainaren 22a -  1642ko ekainaren 14a)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaStedelijk Gymnasium Leiden (en) Itzuli
Leidengo Unibertsitatea
(1620 - 1621) : Arteak
Hizkuntzaknederlandera
Irakaslea(k)Jacob van Swanenburgh (en) Itzuli
Pieter Lastman
Joris van Schooten
Jan Pynas (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, marrazkilaria, grabatzailea, arte bildumagilea, akuafortista, bildumagilea, artista bisuala, old master (en) Itzuli, Irarlea, arte-merkataria eta artista
Lantokia(k)Leiden
Amsterdam
Leiden eta Amsterdam
Lan nabarmenak
KidetzaAmsterdam Guild of St. Luke (en) Itzuli
MugimenduaHerbehereetako margolaritzaren Urrezko Aroa
Genero artistikoaerretratua
margolaritza erlijiosoa
margolaritza mitologikoa
genero-margolana
margolaritza historikoa
Autorretratua
paisaia margolaritza
erretratua
Troniea
izadi hila
Vanitasa
hunting still life (en) Itzuli
mythological art (en) Itzuli
winter landscape (en) Itzuli
Ideologia eta sinesmenak
ErlijioaKalbinismoa

Tabakalera: 50194 Musicbrainz: 561856c5-2f55-4127-8eb9-c19cec9126dc Discogs: 2240926 Find a Grave: 6238810 Edit the value on Wikidata

Rembrandt Harmenszoon van Rijn[1] (ˈrɛmbrɑnt ˈɦɑrmə(n)soːn vɑn ˈrɛin), (Leiden, Herbehereak, 1606ko uztailaren 15a - Amsterdam, 1669ko urriaren 4a) Herbehereetako margolari eta grabatzaile bat izan zen. Oro har, Europako artearen historian margolari eta grabatzaile handienetako bat da, eta Herbeheretako garrantzitsuenetako bat.[2] Historialariek Herbehereetako Urrezko Aroa deitzen duten garaiaren barruan egin zituen bere ekarpen artistikoak. Rembrandtek hirurehun bat margolan, beste horrenbeste grabatu eta ehunka marrazki sortu zituen.

Gaztetan erretratu margolari gisa arrakasta lortu ondoren, bere azken urteak zorigaitz pertsonalez eta diru estutasunez beterik egon ziren. Hala ere, haren marrazkiak eta margoak ospetsuak izan ziren bizirik izan zen bitartean, hogei urtez Herbeheretako margolari garrantzitsu gehienen maisu izan zen[3], eta artista gisa ospe handia izaten jarraitzen du.[4] Haren lanik adierazgarrienak izan ziren garaikideen erretratuak, autorretratuak eta Bibliako eszenen ilustrazioak. Autorretratuek biografia bakan eta intimo bat osatzen dute, non artistak berak harrokeriarik gabeko eta zintzotasunik handieneko introspekzio bat egiten baitu.[2]

Pintura eta grabatuetan, ikonografia klasikoaren gaineko jakintza sakona erakusten zuen, bere esperientziaren eskakizunetara egokitzeko modelatzen zuena. Eszena bibliko baten irudikapenean, esate baterako, Rembrandtek argi erakutsi zuen sakonki aztertuak zituela testu espezifikoa, ongi asimilatua konposizio klasikoa eta sobera behatua Amsterdamgo juduen bizimodua.[5] Giza izaerarekiko erakutsi zuen enpatiagatik, «zibilizazioaren profeta handienetako bat» izendatua izan da maiz.[6]

Rembrandten bizitzaren bi aroak (gaztaroko oparotasuna eta zahartzaroko zoritxarra) haren lanetan islatu ziren, eta oso bereziki autorretratuetan. Gaztetakoak alaiak eta distiratsuak diren bitartean, azken urteetakoak askoz izaera bare eta ilunagoa dute, sakonera handiagokoa. Haren lan guztiak erabat barrokoak dira, eta inguruko munduaren behaketatik eratorritako ekintza, dramatismoa eta errealismoa dira nagusi.

Autorretratua, begiak zabal-zabalik, akuafortea eta gubila (1630).

Rembrandt Harmenszoon van Rijn Leidenen (Herbehereak) jaio zen, 1606ko uztailaren 15ean. Guraso izan zituen Harmen Gerritszoon van Rijn eta Neeltgen Willemsdochter van Zuytbrouck. Familia ukandun baten bederatzigarren senidea izan zen; aita errotaria zen eta ama okin baten alaba.[7] Heziketa oso zaindua jaso zuen; txikitan, eskola latinora joan zen eta Leidengo Unibertsitatean ikasi zuen, urtebete bakarrik: margolaritzarako jaidurak bultzatu zuen unibertsitatea uztera, Jacob van Swanenburgh Leideneko margolariaren ikasle izateko, zeinarekin hiru urtez egon baitzen. 1624 edo 1625ean, Rembrandtek, Pieter Lastman margolari ospetsuarekin Amsterdamen sei hilabeteko ikasketa labur baina garrantzitsu bat egin ondoren, estudio bat ireki zuen Leidenen, Jan Lievens lagun eta lankidearekin partekatu zuena. Pieter Lastman izan zen eragin handiena izan zuena eta Italiako modako joeren berri eman ziona; horren erakusgarri da bere lehen lanek, Lapidación de san Esteve lanak, adibidez, haren estiloaren eragin handia dutela. Horrela, bere estiloa eboluzionatuz joan zen, kolore distiratsuko eta gehiegizko keinuen hastapenetatik, argilunaren nagusitasun handia izateraino; barrokoan hain tipikoa den teknika hori bere obraren ezaugarririk bereizgarriena da, indar eta nortasun gehien ematen diona. 1627an, Rembrandt ikasleak onartzen hasi zen, horien artean Gerrit Dou.[8]

1629an, Christiaan Huygen matematikari eta fisikariaren aita Constantijn Huygens estadistak Rembrandten lana ezagutu zuenean, eskaera mamitsuak egin zizkion Hagako gorterako. Lotura horren ondorioz, Frederiko Henrike printzeak Rembrandten pinturak erosten jarraitu zuen 1646ra arte.[9]

Bizitza Saskiarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Saskia van Uylenburgen erretratua (c. 1635).
Titus als monnik, Titus van Rijanen erretratua, Rembrandten eta Saskiaren semea, monjez jantzita (1660).

1631n, aita hil ondoren, Amsterdamera joan zen Rembrandt, Herbehereetako enpresen hiriburu berrira, hazkunde ekonomiko handia bizi zuena. Rembrandt lehen aldiz hasi zen erretratugile profesional gisa, eta arrakasta handiz egin zuen. Hendrick van Uylenburgh arte saleroslearekin elkartu zen, eta haren bitartez ezagutu zuen Saskia van Uylenburgh, haren lehengusu Rombertus van Uylenburghen alaba, zeinarekin ezkondu baitzen 1634an.[10] Frisiako nobleen familia bateko alaba txikia zen Saskia, eta aita abokatua eta burgemeesterra (alkatea) izan zen Ljouwerten. Umezurtz geratu zenean, ahizpa handiago batekin bizitzera joan zen Het Bildtera. Rembrandt eta Saskia Sint Annaparochie herriko elizan ezkondu ziren (gaur egun Waadhoeke udalerriko zati bat da), seniderik gabe. Urte berean, 1634an, Rembrandt margolarien gremioko kide gisa onartu zuten. Ikasle kopuru dezentea ere onartu zuen, besteak beste Ferdinand Bol eta Govert Flinck.[7]

1635ean, Rembrandt eta Saskia etxe jabe bihurtu ziren, Nieuwe Doelenstraatera modako toki batera. 1639an, eraikin batera aldatu ziren, gaur egungo Rembrandten Etxearen Museoa dagoen egoitza, Jodenbreestraatn. Amsterdamgo eremu hori juduen auzo bihurtzen ari zen, eta erosketa finantzatzeko hipoteka 13.000 florin izan zen; hori izango zen gerora izan zituen diru zailtasunen arrazoi nagusietako bat.[7] Hasieran, bere diru sarreren erritmoak aukera ematen zion gastu maila horri erraz aurre egiteko, baina ezin izan zion erritmo horri eutsi, besteak beste diru iturriren bat galdu baitzuen inbertsio gaizto batzuen ondorioz.[11] Rembrandtek harreman errazak zituen beti bizilagun juduekin, Itun Zaharreko eszenetarako eredu izango zirenak.[12]

Bizibide erosoa izan arren, bikoteak zenbait ezbehar pertsonal jasan zituen. 1635ean, Rumbartus semetxoa jaio eta bi hilabetera hil zitzaien. Geroago, 1638an, alaba Cornèlia hil zen, jaio eta hiru astera. 1640an, bigarren alaba bat izan zuten, Cornèlia deitu zutena berriro, baina hilabete baino gehixeagorekin hil zitzaien. Soilik bere laugarren semea, Titus, 1641ean jaio zena, bizi izan zen helduarora arte. Saskia 1642an hil zen, Titus jaio eta gutxira, ziurrenik tuberkulosiak jota. Rembrandtek emaztearen marrazkiak egin zituen gaixoaldian, bere lan hunkigarrienetakoak.[13]

Beste harreman sentimental batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Neska bat errekatxo batean bainatzen (1654). Modeloa Hendrickje Stoffels zen.

Saskia emaztearen gaixoaldian, Geertjes Dircx kontratatu zuen Rembrandtek. Titus semearen umezain, erizain eta, seguru asko, maitale ere izan zena. Geroago, emakumeak promesa bat ez betetzea leporatu zion Rembrandti, eta urtean 200 florineko pentsioa emanaraztera zigortu zuten margolaria.[7]

1649an, harreman sentimental bat eratu zuen Hendrickje Stoffelsekin, bera baino askoz gazteago zen emakumea, haren zerbitzari eta Titus semearen zaintzaile izana. Harremanaren ondorioz, 1654an alaba bat jaio zen, Cornèlia; orduan, Hendrickjek Eliza Erreformatuaren kontseiluaren jakinarazpen bat jaso zuen, erantzun zezan «Rembrandt margolariarekin prostituzio ekintzak egitea» salaketari. Leporatzen zioten jokabidea aitortu zuelarik, jaunartzea debekatu zioten. Rembrandt ez zuten deklaratzera deitu, ez zelako kide.[14] Bikote gisa legezko onarpena lortu zuten, lege zibilaren arabera, baina ez ziren inoiz ezkondu, amaren borondatearen arabera Titus semearentzat sortutako fideikomiso baterako sarbidea ez galtzearren.[13]

Porrot ekonomikoa eta azken urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rembrandt bere ahalmen ekonomikoez gaindi bizi izan zelarik urtetan, diru beharrak bultzatuta ondasunak enkantean jarri behar izan zituen. Maiz eralgi zituen dirutzak artelanak —batzuetan, bere lanaren fruitu izandakoak barne, aurrez salduak zituenak— erosten, margolanetan maiz erabiltzen zituen grabatuak eta era askotako bitxikeriak. Xahupen luze baten ondorioz, 1656an akordio judizial bat lortu zen porrota saihesteko: margolan eta antzinako gauzen bilduma zabalaren zatirik handiena saldu behar izan zuen. Horretarako egin behar izan ziren zerrendetan ikusten ahal da haren bildumen izaera: antzinako maisuen pintura eta marrazkiak erromatar enperadoreen bustoak barne; Asiako objektu asko, hala nola japoniar jantzi eta armadurak; historia naturaleko eta mineral bildumak; eta abar. Alabaina, 1657an eta 1658an egindako salmenten diru kontuak ez ziren aski izan zor guztiak kitatzeko.[15] Etxea eta inprimategia ere saldu behar izan zituen, eta 1660an Rozengracht era joan zen etxebizitza apalago batera.[17] Agintariak eta hartzekodunak, oro har, egoerara moldatu ziren; baina salbuespena izan zen Amsterdamgo margolarien gremioa, arau berri bat sortu baitzuen: inork ezin izango zuen Rembrandtekin salerosketarik egin. Arazo hori saihesteko, 1660an Hendrickjek eta Titusek arte banaketarako enpresa bat sortu zuten, Rembrandt langiletzat hartuta.[18]

1661ean, bera —edo, hobeto esanda, enpresa berria— kontratatu zuten udaletxe berriaren eraikuntzan margolanak amaitzeko, baina ezin izan zuten lanean hasi Govert Flinck, aurretik enkargua zuen artista, margotzen hasi ahal izan gabe hil zen arte. Lan horren emaitza izan zen De samenzwering van de Bataven onder Claudius Civilis (Claudius Civilisen konspirazioa), baina agintariek ez zuten onartu eta margolariari itzuli egin zioten; gaur ezagutzen dena lan guztiaren zati bat besterik ez da.[19] Orduan izan zuen Rembrandtek bere azken ikaslea, Aert de Gelder. 1662an oraindik enkargu garrantzitsuak jasotzen zituen, erretratuak eta beste lan batzuk margotzeko.[20] 1667an, Kosme III.a Medici Toskanako duke handia Amsterdamera joan zenean, Rembrandten etxea bisitatu zuen.[21]

Hendrickje 1663an hil zen, eta urte batzuk geroago, 1668an, Titus semea, alaba bat utzita. Rembrandt 1669ko urriaren 4an hil zen Amsterdamen, eta hilobi anonimo batean lurperatu zuten Westerkerk hilerrian.[22]

Rembrandten artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Huyghensi bidalitako gutun batean, Rembrandtek azalpen argi bat eman zuen bere artearekin lortu nahi zuenaz: mugikortasun natural eta ohikoena (nederlanderaz: meeste en de natuurlijkste beweegelijkheid). Azken hitz hori (beweegelijkheid) «emozio» edo «motibazio» adieran ere interpretatu izan da. Jakina, interpretagarria da zeri buruz ari zen hori esaterakoan: helburuez, materialez edo beste kontu batez. Rembrandtek perfekzio lurtar eta espiritualaren ikerketa konbinatu zuen, mendebaldeko artean beste ezin margolarik ez bezala.[23]

Olio margoen hurrenkera aztertuta, aise marraz daiteke artista gaztearen hastapeneko ziurgabetasunetik abiatuta egin zuen aurrerapena, 1630eko hamarkadako autorretratu oso arrakastatsuetan barna, zahartzaroko erretratu gatazkatsu eta boteretsuetara iritsi arte. Multzoak artistaren irudi oso argia erakusten du, haren profil psikologikoa eta izaera, haren aurpegi adierazkorrak erakusten duen bezala. Interpretazio ohikoena da margolan hauek bidaia introspektibo oso pertsonal bat irudikatzen dutela, baina ez daiteke baztertu autorretratuen merkatu bat berariaz asetzeko margotuak izatea.[24]

Haren obraren ezaugarri behinenen artean nabarmendu behar dira argi-ilunaren erabilera eta argien nahiz itzalen lan eszenikoa; azken ezaugarri hori Caravaggioren eragina da, edo, seguruenik, Utrechteko eskolarena, Herbehereetako «caravaggisten» eskolaren eragina; Rembrandtek, baina, bere baliabideetara egokitu zuen, oso modu pertsonalean.[25] Aipagarriak dira, halaber, subjektuen aurkezpen dramatiko eta bizia, bere garaikideen zurruntasun formalik gabekoa; gizatasunarekiko erruki sakona erakusten du maiz, aberastasuna edo adina kontuan hartu gabe. Haren familiak —emazte Saskiak, seme Titusek eta haren maitale Hendrickjek— sarritan leku nabarmena hartu zuen bere margolanetan, askotan gai mitiko, bibliko edo historikoak hartuta.

Europaren bahiketa (1632). Margolan hau «...pintura barrokoaren "urrezko aroaren" adibide bikaintzat jotzen da».[26]

Bere ibilbidean, Rembrandtek erretratua, paisaia eta pintura narratiboa izan zituen gai nagusi. Azken gai horrengatik goraipatu zuten bere garaikideek bereziki, Bibliako istorioen interpretazio bikainak ikusten baitzituzten haren lanetan, emozioak antzezteko eta xehetasunetan arreta jartzeko trebetasun miresgarriarekin batera.[27] Haren margolaritza estilo «leun» goiztiar batetik —irudiaren trataera ilusionista batez—, jokabide «latzago» batera pasatu zen, pintura gainazal ugariren tratamendu sortzaile batekin, eta horrek formaren ilusionismo batera iristeko, margoaren ukimen kalitateak iradokita.[28]

Garapen antzeko bat ikus daiteke grabatzaile gisa zituen trebetasunetan. Helduaroko grabatuetan, batez ere 1640ko hamarkadaren amaieratik aurrera, askatasuna eta zabaltasuna islatzen dira, marrazkietan eta pinturetan ere agertzen direnak. Obrak material eta teknika ugaritan landu zituen, batzuetan paper zurizko eremu handiak utziz espazio sentsazio bat iradokitzeko, eta, beste batzuetan, lerro sare konplexuak erabilita tonu ilun aberatsak lortzeko.[29]

Estiloaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leidengo garaian (1625-1631), Lastman lehen irakaslearen eragina nabarmenagoa izan zen. Litekeena da, halaber, garai hartan Lievensen obrak eragin handia izatea Rembrandten lanean.[30] Neurri txikiko margolanak egiten zituen, baina xehetasunetan aberatsez jantziak, hala nola jantzietan edo bitxietan. Gai kuttunenak erlijiosoak eta alegorikoak ziren, askotan tronie[31] («aurpegi», nederlanderaz) eta irudi erdiekin.[30] 1626an, Rembrandtek lehen akuaforteak egin zituen; nazioarteko hedapen zabalari esker, haiek izango ziren bere ospearen iturri, neurri handi batean.[30] 1629an, Judas Repentant, Returning the Pieces of Silver (Judas damututa, zilarkiak itzultzen), eta Artista bere estudioan margotu zituen. Lan horietan nabarmentzen dira argiaren erabilera eta pintura aplikatzeko tekniken aniztasuna. Margolari gisa izan zuen garapenaren lehen mugarri izan ziren.[32]

1634ko erretratu bat, Rembrandtek arrakasta komertzial eta artistiko handia izan zuen garaikoa.
Nicolaes Tulp doktorearen anatomia ikasgaia (1632).Mauritshuis, Haga.

Amsterdamen eman zituen lehen urteetan (1632-1636), Rembrandt eszena biblikoak eta mitologikoak margotzen hasi zen, aski dramatikoak, kontraste handikoak eta formatu zabalekoak; De blindmaking van Simson (1636, Sansonen itsutzea), Belshazzar's Feast(1635, Baltasarren festa) eta Danae (1636) dira, Rubensen estilo barrokoa imitatzen saiatuta.[33] Uylenburgheko lantegian parte hartzen zutenen noizbehinkako laguntzaz, enkarguzko erretratu ugari margotu zituen, txiki (Jacob de Gheyn III) zein handi (Jan Rijcksen ontzigilearen eta bere emazte Griet Jansen erretratua, 1633, edo Tulp doktorearen anatomia ikasgaia, 1632).[32]

1630eko hamarkadaren amaiera aldera, Rembrandtek zenbait margolan eta paisaia grabatu ekoitzi zituen. Sarritan, margolan haietan —adibidez Cottages before a Stormy Sky (Etxolak zeru ekaitsu baten aurrean, c. 1641) edo The Three Trees (Hiru zuhaitzak, 1643)—, agerian jartzen zituen «drama» naturalak, zuhaitz deserrotu eta zeru mehatxagarrien bitartez. 1640tik aurrera, Rembrandten lana ez hain jori eta doinu neurritsuagoko bihurtu zen, ziurrenik tragedia pertsonalen baten adierazle. Bibliako eszenak Itun Berritik hautatzen zituen maizago, Itun Zaharretik baino. 1642an, Gaueko erronda margotu zuen, aro hartan jaso zuen enkargu multzo handitik bere lanik nabarmenena. Garai hartako lanetan, konposizio eta narratiba arazoen irtenbideak aurkitzen saiatzen da, aurreko lanetan hasia zuen bide beretik.[34]

Gaueko erronda (1642), Rijksmuseum, Amsterdam.

Gaueko erronda lanaren ondorengo hamarkadan, haren margoak aldagarri izan ziren neurri, estilo eta gaiari dagokienez. Bilakaera teknikoan, efektu dramatikoak sortzeko joera alde batera utzi zuen, batez ere argi eta itzal kontraste handiak erabiliz, eta, hala, aurrealdeko argiztapen sistema handiagoak eta kolorez betetako eremu gehiago erabiltzen hasi zen. Aldi berean, irudiak modu paraleloan jartzen zituen koadroaren planoarekiko. Aldaketa horiek konposizio estilo klasikoago baterako urrats gisa interpreta daitezke, eta, pintzelkadaren erabilera adierazkorragoa egiten zuela kontuan hartuta, Veneziako artearekiko hurbiltasuna adieraz dezake horrek (Susanna and the Elders, 1637-1647).[35] Garai hartan, margotutako lanak nabarmen murriztu ziren, eta paisaien grabatuak eta marrazkiak gehiago egin ziren.[36] Lan grafikootan, drama naturalen lekua hartu zuten Herbehereetako landa eszena lasaiek.

Autorretratoa (1658), Rembrandten azken estiloaren maisulan adierazgarria, «bere erretratu guztien artean lasaiena eta handienetakoa».[37]

1650eko hamarkadan, Rembrandtek estiloa aldatu zuen berriro. Koadroak gero eta handiagoak ziren, koloreak aberatsagoak eta pintzelkadak nabarmenagoak. Aldaketa horiekin, Rembrandt urrundu egin zen bere aurreko lanetatik eta une hartan boladan ziren moldeetatik, gero eta kontzentratuago baitzen xehetasun ttipietan. Pinturaren aplikazioari buruz zeukan ikuspegi berezia, neurri batean, Tizianoren eragina izan zitekeen, baina kontuan hartu beharra dago, halaber, garai hartan bazela artean munduan halako eztabaida bat margolanen «akaberaz» eta gainazalaren kalitateaz. Garaikide batzuek gaitzespena erakutsi zuten Rembrandten pintzelkadaren zakarkeriagatik, eta badirudi artistak berak gomendatu ziela bisitariei margolanei hurbilegitik ez begiratzeko.[38] Pinturaren ukipenezko manipulazioan eragina izan zuen Erdi Aroko margolaritzak. Azken emaitza pinturaren manipulazio aberats eta askotariko bat da, askotan, itxuraz ausaz egindako geruza sakonak dituena; forma eta espazioa iradokitzen dituena, ilusionista baten modura eta oso estilo indibidualean.[39]

Azken urteetan, Bibliako gaiak maiz margotu zituen, baina enfasi dramatikoa aldatu egin zen taldetik irudien eszena intimoetara (Saint James the Greater, 1661). Azken etapa honetan, Rembrandtek bere autorretratu sakonenak margotu zituen (1652tik 1669ra, hamabost margotu zituen),[40] baita mugimenduan zeuden zenbait irudi ere, gizonezkoenak zein emakumezkoenak (Het Joodse bruidje, c. 1666).[41]

Kristo gaixoak sendatzen (1647-1649), akuafortea.

Rembrandtek bere ibilbide artistiko osoan zehar sortu zituen akuaforteak, 1626tik 1660ra, bere inprenta eta grabatu prentsa saltzera behartua egon zen arte, eta ordutik aurrera ia-ia utzi egin zion akuaforteak egiteari. 1649ko urte arazotsuan bakarrik ez zuen akuaforterik batere egin.[42]

Grabatua aise menperatu zuen eta, gubia erabiltzen ere ikasi zuen arren, grabatuaren teknikan askatasuna izan zen bere lanaren funtsezko ezaugarria. Hurbiletik jarraitzen zuen grabaketa prozesu osoa, eta, ziur aski, berak inprimatu zituen akuaforteen lehen ale batzuk. Hasieran, marrazkian oinarritutako estiloa erabiltzen zuen, baina laster pinturatik gertuago dagoen estilo baterantz jo zuen, lerro masa eta azido bat erabiliz lerro lodiera ezberdinak lortzeko. 1630eko hamarkadaren amaiera aldera, berriz, atzera egin zuen joera horretatik, eta estilo soilago bat erabiltzen hasi zen.[43] Kristo gaixoak sendatzenEhun florinen grabatua ere esaten zaio, grabatuaren inpresioetako batengatik ordaindu zen kopuru handiagatik— lanean aritu zen 1640ko hamarkadan, plantxa behin eta berriz aldatuz. Ibilbide artistikoaren erdian, hura izan zen lan nagusia, eta hortik aurrera bere grabatu estiloa sortzen hasi zen.[44] Nahiz eta matrizearen bi egoeratan bakarrik iraun duten inpresioek, lehenengoaren kopia urrietan, azken inpresioetan eta kontserbatu diren obraren zatietarako zenbait marrazkitan, nabari da zenbat aldiz berregin zuen konposizioa.[45]

Hiru gurutzeak, Rembrandten 1653ko akuafortea. Matrizearen hirugarren egoeraren inprimaketa.

Heldutasun garaian, 1650eko hamarkadan, Rembrandt prest zegoen plakaren gainean inprobisatzeko, eta inpresio handiek egoera gehiagotan iraun ohi dute jada (hamaika arte), sarritan emaitzan errotiko aldaketak eginez. Ordurako, tramatzearen teknika erabiltzen zuen eremu ilunak sortzeko, plakaren zati handi bat okupatu ohi zutenak. Era berean, zenbait paper motarekin egindako inprimaketa efektuekin esperimentatzen zuen, besteak beste paper japoniarra, sarritan erabiltzen zuena, eta pergamino mota bat, bitela papera. «Gainazal tonua» erabiltzen hasi zen, hau da, tinta geruza bat uzten zuen plaka zatien gainean, erabat garbi utzi beharrean inprimatu aurretik. Punta lehorra gehiago erabiltzen zuen, teknika horrek lehen inpresioetan sortzen duen aberastasun lausoaz baliatuz, paisaietan batez ere.[46]

Grabatuetan, pinturen antzeko gaiak agertzen dira, baina hogeita zazpi autorretratuetan grabatu gehiago dago, beste pertsonen erretratuetan baino. Berrogeita sei paisaia daude, txikiak gehienak, eta, neurri handi batean, paisaiaren tratamendu grafikorako erreferente garrantzitsua izango dira XIX. mendearen amaierara arte. Grabatuen herena gai erlijiosokoak dira, soiltasun handikoak; beste batzuk, berriz, inpresio monumentalenak dira. Gai erotikoak agertzen dira kasu batzuek, margolanetan ez bezala.[47] Grabatuak bereak izan ziren, saltzera behartua izan zen arte, eta beste artista batzuek egindako grabatuen bilduma bikaina zuen. Izan ere, bere obran ikusten diren eraginetako asko artista oso desberdinetatik datoz, hala nola Mantegna, Rafael, Hercules Seghers eta Castiglione.

Izena eta sinadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Rembrandt» artistaren izenaren ortografiaren aldaketa bat da,1633an erabiltzen hasi zena. Oro har, haren lehen sinadurak (c. 1625) ziren lehen «R» bat, edo «RH» monograma (Rembrant Harmenszoon, hau da, «Rembrant, Harmenen semea») eta, 1629tik aurrera, «RHL» («L» hori Leiden adierazteko, ziurrenik). 1632ko urte hasieran, oraindik monograma hori erabiltzen zuen, eta bere patronimikoa gehitu zion, «RHL-van Rijn»; baina urte hartan bertan forma hura alboratu eta bere lehen izena bakarrik erabiltzen hasi zen, bere jatorrizko ortografiarekin, «Rembrant».

1633an, «d» bat erantsi zuen, eta, ordutik aurrera, modu koherentean mantendu zuen forma hori. Horrek erakusten du aldaketa txiki hura behin betikoa zela berarentzat. Egia esateko, aldaketa grafikoa besterik ez zen, ez baitzuen deusetan aldatzen izena ahoskatzeko modua. Bitxia bada ere, izen aldaketa honekin sinatutako pintura eta grabatu kopuru handia izan arren, dokumentu gehienetan, bizitzan zehar, «Rembrant» jatorrizko ortografia mantendu zuen.[48] Vincent van Goghek geroago egin zuen bezala, margolanak lehen izenarekin sinatzeko ohitura, ziurrenik, Rafael, Leonardo da Vinci eta Michelangelo artisten eredutik hartua zen, izenarekin soilik aipatuak baitziren, deiturarik gabe.[49]

Esleitutako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran, adituek uste zuten Rembrandtek 600 margolan baino gehiago, 400 grabatu inguru eta 2.000 bat marrazki egin zituela.[50] 1960ko hamarkadaz geroztik Rembrandt Ikerketa Proiektuaren barruan egindako estimazioetan 300 bat margolan aipatzen dira, nahiz halako kalkuluak auzitan jarriak diren maiz.[51] Grabatu edo akuaforteak aski ongi identifikatuta eta zenbakituta daude, 300 izenburutara iritsi gabe.[52][53] Litekeena da, bere bizitzan zehar, 2.000 marrazki baino gehiago egitea, baina benetan gordetzen direnak gutxiago dira.[54]

Urte luzez, laurogeita hamar bat margolan Rembrandten autorretratutzat jotzen ziren, baina gerora jakin zen haren ikasleek kopiak egin behar izaten zituztela prestakuntzaren barruan. Kalkulu zehatzagoen arabera, autorretratuen atalean berrogei bat margolan, marrazki batzuk eta hogeita hamaika grabatu jasotzen dira, Rembrandtek egindako irudi nabarmenetako asko.[55] Autorretratu askotan, mozorro historikoekin agertzen da, edo keinuak eta aurpegiera harrigarriak eginez.

Rembrandt Ikerketa Proiektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Poloniar zalduna (c. 1655), «lisowczycy» bat zaldi gainean. Gaia eztabaidatua da; litekeena da erretratatutakoa Lituaniako kantziler nagusia izatea, Marcjan Aleksander Ogiński (1632-1690).

1968an, Rembrandt Ikerketa Proiektua abiatu zen, Herbehereetako Ikerketa Zientifikoa Sustatzeko Erakundearen babespean, hastapenean, hamar bat urteko egutegi batez. Artearen historialariak beste arlo batzuetako adituekin elkartu ziren, Rembrandti egotzitako obren benetakotasuna berraztertzeko, eskura zeuden metodo guztiak erabiliz, diagnostikorako teknikarik aurreratuenak barne, eta bere pinturen katalogo arrazoitu («catalogue raisonné») berri bat josteko. Egindako ikerkuntzaren ondorioz, Rembrandti egozten zitzaizkion margolan asko zerrendatik ezabatu ziren, beste batzuk gehitu ziren arren.[56] Deskatalogatu ziren obra asko haren ikasleek egindakotzat jotzen dira.

Dena dela, Rembrandten margolanen egiletza eztabaida iturri izaten jarraitzen du. Horren adibide da Poloniar zalduna izenburua duen margolana. XIX. mendean Rembrandten lanak aztertu eta sailkatzen saiatu ziren aditu guztiek aho batez aitortzen bazuten ere haren egiletza, 1980ko hamarkadan Rembrandt Ikerketa Proiektuko ikerlariek iradoki zuten haren ikasle izandako Willem Drost margolariaren lana zela.[57] Hala ere, XX. mendearen amaieran, ikerlari adituek ostera Rembrandten eskua argi ikusi bazuten ere, Rembrandt Ikerketa Proiektuak egindako azterketa zehatzagoek erakutsi zuten Rembrandtek agian 1650eko hamarkadan hasi zuela margolana, baina ziurrenik bukatu gabe utzi zuela eta beste norbaitek osatu zuela.[58]

Rembrandten egiletzak eztabaidagai izaten jarraitu zuen XXI. mendearen hasieran.[59] Izan ere, Rembrandten lantegian egiten zen praktika bera faktore garrantzitsua da, egiletzaren egozpena zailtzen duena. Berak baino lehenago maisu askok bezala, bere koadroak kopiatzera animatzen zituen ikasleak. Haiek, batzuetan, bukaerez arduratzen ziren edo zenbait ukitu egiten zituzten, batzuetan jatorrizko lan gisa saltzen ziren margolanen gainean; edo, beste batzuetan, baimendutako kopia gisa saltzen ziren obretan. Gainera, haren estiloa oso erraz imitatzen zuten talentuko ikasle gehienek. Gauzak are gehiago korapilatzeko, kontuan hartu behar dira Rembrandten obretan badirela kalitate desberdinak, estilo aldaketa ugariak eta esperimentazio tekniko etengabea.[61] Gainera, bere lanaren ondorengo imitazioak daude, baita jatorrizko lanak larriki kaltetu zituzten zaharberritzeak ere, orain ezagutzen zailak diren lanak.[62] Oso litekeena da inoiz ez adostea zer obra den eta zer ez den benetako Rembrandt bat.

Bildumak museoetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rembrandtek egindako lanari buruzko bildumarik garrantzitsuena, Herbehereetan, Amsterdamgo Rijksmuseum museoak dauka, eta bertan daude, besteak beste, De Nachtwacht (Gaueko erronda) eta De joodse bruid (Andregai judua).[63] Haren autorretratu asko Hagako Mauritshuis museoan daude, eta haren antzinako etxea, gaur egun Amsterdameko Rembrandten Etxearen Museoa bihurtua denez, haren grabatu askoren erakustokia da. Inprimaketa areto handi guztiek dituzte haren obra asko, nahiz eta haietako asko kopiak besterik ez diren. Herbeheretatik at, haren margolan bildumarik onenak Londresko National Gallery, Berlingo Gemäldegalerie, San Petersburgoko Hermitage Museoa, Dresdengo Gemäldegalerie Alte Meister, Parisko Louvre, New York, Washington eta Kasselen aurki daitezke.[64][66] Gainera, Rembrandten zenbait margo agertzen dira Rembrandt in Southern California proiektu kolaboratiboan, artistaren margoen erakusketa birtual batean.[67]

400. urteurrena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rembrandt erakusketaren horma irudia, haren jaiotzaren 400. urteurrenean.

Margolaria jaio zeneko 400. urteurrena goraki ospatu zuten Herbeheretan, 2006. urtean. Jarduera artistikoak izan ziren, hala nola hitzaldiak, kultur ibilbideak eta erakusketak. Munduko zenbait museok Rembrandten obrak laga zizkieten Amsterdamgo hiriko museoei, eta han bildu ziren margolari horren obrak, inoiz batera erakutsi ez zirenak. Rijksmuseum museoan «Rembrandt 400» erakusketa antolatu zuten, XVII. mendearen margolaritza biltzen zuena, Rembrandten eta beste margolari batzuen laurehun margolan adierazgarriren bitartez. Erakusketaren buruak hala azaldu zuen:

« Aise esan genezake hau izan dela gure herrialdek inoiz egindako ekintza kultural garrantzitsuena.[68] »

Rembrandten jaioterrian, Leidenen, udal museoan grabatu eta marrazki sail batzuk erakutsi zituzten.[69]

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Mujika, Alfontso; Goenaga, Ane; Alberdi, Andres; Arregi, Manuel. (2005). Onomastika: irizpideak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzu nagusia ISBN 978-8445722978. OCLC .907365692.
  2. 1 2 Gombrich 1990, 420. or. .
  3. Gombrich 1990, 427. or. .
  4. Clark 1969, 203. or. .
  5. Clark 1969, 203-204. or. .
  6. Clark 1969, 205. or. .
  7. 1 2 3 4 Bull 2006, 28. or. .
  8. Slive 1995, 55. or. .
  9. Slive 1995, 60-65. or. .
  10. Slive 1995, 60-61. or. .
  11. Clark 1978, 26-27, 76, 102. or. .
  12. Adams 2002, 660. or. .
  13. 1 2 Slive 1995, 71. or. .
  14. Slive 1995, 82. or. .
  15. Slive 1995, 84. or. .
  16. Schwartz 1988, 12. or. .
  17. Etxea 1658an saldu zuen, baina bi urteko epea ezarri zuten etxea husteko.[16]
  18. Clark 1978, 105. or. .
  19. Clark 1978, 60-61. or. .
  20. Bull 2006, 29. or. .
  21. Clark 1978, 34. or. .
  22. Slive 1995, 83. or. .
  23. Hughes 2006, 6. or. .
  24. van de Wetering 2000, 290. or. .
  25. Bull 2006, 11-13. or. .
  26. Clough 1975, 23. or. .
  27. van de Wetering 2000, 268. or. .
  28. van de Wetering 2000, 160, 190. or. .
  29. Ackley 2003, 14. or. .
  30. 1 2 3 van de Wetering 2000, 284. or. .
  31. Pintura flamenkoko erretratu tipiko bat da, pertsonaren bustoaren zati bat bakarrik erakusten duena, aurpegi adierazpen guztiz handizkatu edo gehiegizkoekin.
  32. 1 2 van de Wetering 2000, 286. or. .
  33. van de Wetering 2000, 287. or. .
  34. van de Wetering 2000, 288. or. .
  35. van de Wetering 2000, 163-165. or. .
  36. van de Wetering 2000, 289. or. .
  37. Clark 1978, 28. or. .
  38. van de Wetering 2000, 155-165. or. .
  39. van de Wetering 2000, 157-158, 190. or. .
  40. Gombrich 1990, 423. or. .
  41. Clark º 1978, 206. or. .
  42. Schwartz 1988, 8-12. or. .
  43. White 1969, 5-6. or. .
  44. White 1969, 6. or. .
  45. White 1969, 6, 9-10. or. .
  46. White 1969, 6-7. or. .
  47. Schwartz 1988.
  48. (Ingelesez) Clarke, Jean-Marie. (2022). «The Rembrandt Search Party: Overlooking an Elementary Particle of Meaning» ResearchGate.
  49. Slive 1995, 60. or. .
  50. (Ingelesez) «Attribution» Rembrandt Database (web.archive.org) 2023-12-15 (kontsulta data: 2025-05-19).
  51. (Ingelesez) «Complete Rembrandt Catalogue» Rembrandt Catalogueweb.archive.org (web.archive.org) 2025-03-16 (kontsulta data: 2025-05-19).
  52. Schwartz 1988, 289. or. .
  53. (Ingelesez) «The Index to Catalogues Raisonnés of Works on Paper: Rembrandt» Print Council of America (web.archive.org) 2025-05-19 (kontsulta data: 2025-05-19).
  54. (Alemanez) Staatliche Museen zu Berlin - Preussischer Kulturbesitz. (2006). Rembrandt: die Zeichnungen im Berliner Kupferstichkabinett. Berlin: Kupferstichkabinett ISBN 978-3886095346. OCLC .71792574.
  55. White & Buvelot 1999, 10. or. .
  56. (Ingelesez) «The Rembrandt Research Project: Past, Present, Future - Preface» The Rembrandt Research Project (web.archive.org).
  57. (Ingelesez) Vogel, Carol. (1997-10-24). «Inside Art» The New York Times (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-19).
  58. (Ingelesez) Żygulski, Zdzisław. (2000). «Further Battles for the "Lisowczyk" (Polish Rider) by Rembrandt» Artibus et Historiae 21 (41): 197-205. or.  doi:10.2307/1483642. ISSN 0391-9064. (kontsulta data: 2025-05-19).
  59. (Ingelesez) «Lost Rembrandt works discovered» BBC News (web.archive.org) 2005-09-23 (kontsulta data: 2025-05-19).
  60. Ackley 2003, 13. or. .
  61. Rembrandt ez zen beti izan hastapenetan nahi izan zuen holandar perfektu, logiko eta koherentea.[60]
  62. van de Wetering 2000, x. or. .
  63. (Ingelesez) «Rijksmuseum Amsterdam, home of Dutch master pieces» Rijksmuseum (Rijksmuseum.nl) (kontsulta data: 2025-05-22).
  64. Clark 1978, 147-150. or. .
  65. Bruyn, 1982; Bruyn, 1986; Bruyn, 1989; Bruyn, 2005.
  66. Rembrandti egotzitako lanen kokapenaren berri jakiteko, ikus Corpus of Rembrandt Paintings bildumaren lau liburukiak [65]
  67. (Ingelesez) «Virtual Exhibition - RSC» Rembrandt in Southern California (kontsulta data: 2025-05-22).
  68. (Ingelesez) Dickey, Stephanie. (2006). «Rembrandt at 400» Smithsonian (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-22).
  69. (Gaztelaniaz) González García-Pando, Carmen. (2006). «Cuatrocientos aniversario del nacimiento de Rembrandt van Rijn - Holanda festeja al maestro pintor del Siglo de Oro» ArtesHoy.com (web.archive.org) 8 ISSN 1887-0503. (kontsulta data: 2025-05-22).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]