Genero ekitaterako politikak Europar Batasunean

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasuna Europar Batasunaren funtsezko printzipioa da, eta aldi berean demokraziaren funtsezko printzipioa ere bada. Hau da oinarrizko premisa 1957ko martxoan Erromako Tratatua sinatu zenetik, Europako Ekonomia Erkidegoa eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratu zirenetik, Ikatzaren eta Altzairuaren Europar Erkidegoari dagokion Parisko Tratatua sinatu zuten Estatuen artean.[1]

Sortu zenetik, Europar Batasunak apurka-apurka zabaldu du zuzentarauen, ekimenen, gomendioen eta legedien aplikazio-eremua, gizonen eta emakumeen giza eskubideetan funtsezkoa den printzipio demokratiko hau garatzeko.

Nabarmentzekoa da Europar Batasunean genero-berdintasunaren arloan izandako aurrerapena, gutxienez nazioz gaindiko problematika onartzeari dagokionez. Izan ere, problematika horrek bide estua egin du nazioz gaindiko lege eta zuzentarau konplexuak burutzeko, betiere gomendio sendoak emanez lege eta zuzentarau hauek herrialde kideen barnean aplika daitezen, eta aitortuz ezinbestekoa dela emakumeak gizarteetan erabat integratzea eskubide ororekin, garapen ekonomiko, sozial eta kultural osoa lortzeko, demokrazia, gizarte-kohesio eta giza eskubide unibertsalen erabileraranzko bidean aurrera pausuak emateko.

Aipatu bezala, aurrera pausu hauek emateko ezinbestekoa izango da, emakumeen gizarteratzea. Alde batetik, emakumeen gaitasunen hezkuntzak eta gaikuntzak gero eta gehiago eramango dute emakumea komunitateetan duen eginkizunaren kontzientzia osoaz jabetzera, gizarte osoari dagozkion alderdi guztietan oreka eta garapena lortzeko. Bestetik, emakumeak politika munduan sartzeak berdintasun sozial, eta historian zehar gizonei atxikiak izan diren ondasun material eta sozialen berdintasunaren errekonozimenduan ekitate gehiago izatea ahalbidetuko litzateke. Horrez gain, emakumeak zientzia eta teknologia arloan nagusitasun handiagoa lortzeak munduaren ikuspegi berri bat ekarriko luke, orain arte gizonena izan dena. Modu honetan, garapen ekonomikorako iturri berriak irekiko lirateke.

Demokrazia berri honetaranzko trantsizioan, ikuspegiak aldatzen ari dira eta gizonen aldetik kontrola galtzearen beldurrak areagotzen doaz, indarkeria, traba eta diskurtso antifeminista berriak azaleratzea eragiten dutenak. Aintzat hartu beharrekoa baita aldaketa ekonomiko eta legei dagozkienak arin eman daitezkeela, baina aldaketa kulturalak oso mantsoak dira, eta sistema zis-heteropatriarkalean bizi den gizarte baten oso zaila da sozialki sexu bakoitzari ezarritako sakonki errotuak dauden rolak aldatzea. [1]

Araudi eta politika nagusiak printzipioari lotuta Europar Batasunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batasunak hainbat politika garatu ditu printzipio honi estuki lotuta, Europar Batasuneko kideen arteko konbergentzia politika gisa planteatuta daudenak; hurrengo gaietan esaterako: independentzia ekonomikoan, lan munduan, bizitza pribatu eta familiarraren eta lanaren arteko bateragarritasunean, partaidetzan erabakiak hartzeari dagokienez, genero indarkerian, estereotipo sexistetan, etab.

Hauetaz gaindi, Batasunak araudiak ere burutu ditu lan munduari, hezkuntzari, familiarteko bizitzari, eta beste zenbait politika komunitariori dagozkien aspektuei buruz ere. [1]

Genero ekitaterako printzipioaren garapena Europar Batasunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Erkidegoa, Erromako Tratatua sinatzearekin batera 1957an, gizartearen baitan emakumearen berariazkotasunak antzematen hasi zen. Baina, Amsterdameko Tratatuarekin, 1997an sinatua, hasiko da modu sistemikoan etorkizunerantz begira, estrategia, neurri eta akzioak burutzen gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen deuseztapenerako; eta hauek, atribuzio printzipioaren bidez Batasuneko estatukideek ere hartuko dituzte.

Beijingeko Adierazpena, Lisboako Konferentzia eta Giza Eskubideen Aldarrikapena, dokumentu inspiratzaileak izan dira Europar markoan emakumeen eskubideak kontutan hartze aldera. [1]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amsterdameko Tratatuarekin 1997an, oinarri normatibo berri bat eman zen gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunari dagokionez, zehazki lan merkatuko aukerei eta lan munduko tratu berdintasunari lotuta.

Elementu oso garrantzitsua, Tratatuan txertatu zena, mainstreaming edo zeharkakotasuna da, berdintasunaren dimentsioa Batasuneko politika orokorretan integratzeko. Zeharkakotasunaren kontzeptu hau, modu sistemikoan politika eta akzio komunitarioetan gizon eta emakumeen egoera sozialean aurki daitezkeen desberdintasunak kontutan hartzean oinarritzen da. Honen bidez, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzea lortzen da, erabakiak hartzeko postuetan emakumeen inklusio eta partaidetza orekatua ere sustatuz, kohesio sozialerantz bidean. [1]

Tratu berdintasunari dagokionez, hurrengoetan aurreikusten da: enplegu sarbidean, ordainsari berdintasunean, gizarte segurantza eta erregimen legalen berdintasunean, bizitza profesional eta pribatu edota familiartekoaren arteko uztartzean, osasungintzan arreta berezia sexuarengatiko desberdintasunetan (emakume haurdunak, seme-alaben zaintzan...).

Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Lan Plana 2006-2010[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Generoen arteko diskriminazio eza ezinbestekoa da Europar Batasunaren barruan, hazkundea, garapena eta enplegua bultzatzeko, eta honetan emakumeek aktore sozial garrantzitsu gisa jokatzen dute Batasunean. Honi begira Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Lan Plana 2006-2010 garatzen da, zeinak genero berdintasuna lortze aldera sei eremu lehenesten dituen: independentzia ekonomikoa emakumeentzat, emakumeen lan pribatu eta publikoaren arteko bitartekaritza, partaidetza erabakiak hartzen, genero indarkeriaren eta estereotipo sexisten erauztea, eta genero berdintasunaren sustapena.

Hala ere, genero ekitateari dagokionez EBen desberdintasunak ageri dira oraindik, ondorioz, emakumeek beraien bizitza pribatu eta laboralaren arteko aukeraketaren aurrean aurkitzen dira. Horregatik, Estatukideei lan hitzarmen malguagoak burutzea eskatzen zaie.

EB genero berdintasuna bultzatzeko indar positibo gisa jotzen da. Modu honetan pobrezia feminizatuari aurre egiteko; genero ikuspegia esparru publiko denetan eta aipatutako eremuetan txertatzearen beharra azpimarratzen du.

Plan hau indartze aldera, gender budgeting izeneko genero ikuspegidun aurrekontua sortu izan da beste gauza batzuen artean. [1]

Genero berdintasuna eta europar instituzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Parlamentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Parlamentua

Urteek aurrera egin ahala, printzipio hau sendotzen eta Europar Batasunean aplikatzen lagundu dute legediak, jurisprudentziak eta Tratatuen aldaketek. Europako Parlamentua beti izan da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-printzipioaren babestzaile sutsua.[2]

Oinarri juridikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan bera egiteko gizonen eta emakumeen arteko ordainsari-berdintasunaren printzipioa Tratatuetan jasota dago 1957tik [gaur egun Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT[3]) 157. artikuluan jasota dago]. EBFTren 153. artikuluak aukera ematen dio Batasunari enpleguaren arloan aukera- eta tratu-berdintasunaren eremurik zabalenean jarduteko, eta, esparru horren barruan, EBFTren 157. artikuluak ekintza positiboa baimentzen du emakumeak ahalduntzeko. Gainera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 19. artikuluan, diskriminazio-mota guztien aurka —baita sexu-arrazoiengatik ere— borrokatzeko legediak aurreikusten dira. Gizakien salerosketaren aurka borrokatzera zuzendutako legeria, bereziki emakume eta haurrena, EBFTren 79. eta 83. artikuluetan oinarrituta onartu da. «Eskubideak, Berdintasuna eta Herritartasuna» programak, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten laguntzen duten neurriak finantzatzen ditu, EBFTren 168. artikuluan oinarrituta.

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasuna balio multzo batean oinarritzen da, eta horien artean berdintasuna dago; horregatik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen du [Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikulua eta 3. artikuluaren 3. paragrafoa]. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 21. artikuluan ere jasotzen dira helburu horiek. Gainera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 8. artikuluak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta haien berdintasuna sustatzeko zeregina ere ematen dio Batasunari (kontzeptu horri «genero-dimentsioaren integrazioa» ere esaten zaio). Lisboako Tratatuak onartutako Gobernu arteko Konferentziaren Azken Aktari erantsitako 19. Adierazpenean, Batasunak eta estatu kideek konpromisoa hartu zuten «etxeko indarkeriari bere forma guztietan aurre egiteko […] […], delitu-egintza horiek prebenitu eta zigortzeko eta biktimei babesa eta babesa emateko».[2]

Emaitzak[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egintza legegile nagusiak Zuzentarauen bidez burutu izan dira:

  • Kontseiluaren 79/7/EEE Zuzentaraua, 1978ko abenduaren 19koa, gizarte-segurantzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa arian-arian aplikatzeari buruzkoa
  • Kontseiluaren 92/85/EEE Zuzentaraua, 1992ko urriaren 19koa, erditu den edo edoskitze-aldian dagoen langile haurdunaren lanean segurtasuna eta osasuna hobetzeko neurriak aplikatzeari buruzkoa
  • Kontseiluaren 97/81/EE Zuzentaraua, 1997ko abenduaren 15ekoa, UNICEk, CEEPek eta ESK-k lanaldi partzialerako egindako esparru-akordioari buruzkoa.
  • Kontseiluaren 2000/43/EE Zuzentaraua, 2000ko ekainaren 29koa, arraza- edo etnia-jatorria edozein dela ere pertsonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa. Arraza-berdintasunari buruzko zuzentarauak debekatu egiten du arraza- edo etnia-arrazoiengatiko diskriminazioa esparru askotan, hala nola enpleguan, gizarte-babesean eta gizarte-abantailetan, hezkuntzan eta herritarrentzat eskuragarri dauden ondasun eta zerbitzuetan, etxebizitza barne;
  • ....

2006an, egintza legegile batzuk derogatu ziren, eta hurrengoek ordezkatuz:

  • 2006/54/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2006ko uztailaren 5ekoa, enplegu- eta okupazio-gaietan gizonen eta emakumeen arteko aukera- eta tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa
  • Kontseiluaren 2010/18/EB Zuzentaraua, 2010eko martxoaren 8koa, guraso-baimenari buruzko esparru-akordio berrikusia aplikatu eta 96/34/EE Zuzentaraua indargabetzen duena.
  • 2010/41/EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2010eko uztailaren 7koa, jarduera autonomoa duten gizonezkoen eta emakumezkoen tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa, Kontseiluaren 86/613/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena;
  • 2011/36/EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2011ko apirilaren 5ekoa, gizakien salerosketa prebenitzeari, horren aurka borrokatzeari eta biktimak babesteari buruzkoa, Kontseiluaren 2002/629/JAI Esparru Erabakia ordezten duena;
  • 2012/29/EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2012ko urriaren 25ekoa, delituen biktimen eskubideei, laguntzari eta babesari buruzko gutxieneko arauak ezartzen dituena, eta Kontseiluaren 2001/220/JAI Esparru Erabakia ordezten duena;
  • 2019/1158 (EB) Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2019ko ekainaren 20koa, Gurasoen eta zaintzaileen familia-bizitza eta lanbide-bizitza bateratzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 2010/18/EB Zuzentaraua indargabetzen duena.
  • ....

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren bitartez ere asko garatu da eremu hau:

  • Defrenne II, 1976ko apirilak 8ko sententzia[4], zeinetan EBJAk aitortu zuen gizonen eta emakumeen ordainsari-berdintasunaren printzipioak zuzeneko eragina duela, eta adierazi zuen hori aplikagarria dela, ez soilik agintari publikoen jardueran, baita besteren konturako lana arautzeko hitzarmen kolektibo guztietan ere.
  • 1997ko azaroaren 11ko Marschall epaia[5], zeinetan EBJAk adierazi zuen erkidegoko legeria ez zegoela arau nazional baten aurka, emakumezko hautagaiak lehentasunez sustatzera behartzen zituena jarduera-sektore batean emakumeak baino gutxiago zirenean («diskriminazio positiboa»), betiere abantaila automatikoa ez bazen eta gizonezko hautagaiei beren hautagai-zerrendaren azterketa bermatzen bazitzaien, a priori baztertu gabe.
  • 2019ko ekainaren 20ko Hakelbracht epaia[6], zeinetan EBJAk ebatzi zuen ezen, sexuagatik diskriminatua izan dela alegatzen duen pertsona batek erreklamazio bat aurkezten duenean, sexuagatik diskriminatutako pertsonaz besteko langileak babestu egin behar direla, enpresaburuak kalte egin baitiezaieke ustezko diskriminazioaren biktimari formalki edo informalki emandako laguntzagatik.
  • EBJAren 1/19 Irizpena, 2021eko urriaren 6koa[7], Emakumearen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta horien aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena (Istanbulgo Hitzarmena) sinatzeari buruzkoa. EBk Istanbulgo Hitzarmenari atxikitzeko moduak eta oinarri juridikoa argitzen ditu EBJAren irizpenak.
  • ....

Batasunaren urte anitzeko finantza esparrua (MFP) 2021-2027rako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako Parlamentuak onartu ondoren, Kontseiluak 2020ko abenduaren 17an Europar Batasunaren 2021-2027ko aldirako urte anitzeko finantza-esparrua (MFP[8]) ezartzen duen Erregelamendua onartu zuen. MFP berriak lehentasun handiagoa ematen dio genero-ikuspegia Batasunaren aurrekontuan integratzeari.

Batasuna atxikitzea Europako Kontseiluak emakumeen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurrea hartzeko eta haien aurka borrokatzeko egindako hitzarmenari (Istanbuleko hitzarmena)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istanbulgo Hitzarmena 2014an jarri zen indarrean, eta nazioarteko lehen tresna loteslea da emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko eta haren aurka borrokatzeko. Bertan, indarkeria hori prebenitzeko, biktimei laguntzeko eta egileak zigortzeko neurri juridiko eta estrategikoen esparru globala ezartzen da.

Europar Batzordea

Europar Batzordea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzordeak erantzukizun berezi bat duen heinean, honen aurrean zenbait estrategia jarraitu izan ditu genero berdintasuna lortzeari begira, eta esan daiteke nahiz eta desberdintasunak egoten jarraitzen duten, azken hamarkadetan Europar Batasunak aurrerapen azpimarragarriak burutu izan dituela genero berdintasunaren inguruan, hurrengoek bultzatuta:[9]

  • Tratu berdintasunaren gaineko araudia
  • Politiken osotasunean genero perspektibaren txertatzea
  • Emakumearen sustapenerako neurri zehatzak

Genero Berdintasunerako Estrategia 2020-2025[9][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ursula Von der Leyen

Genero-berdintasunerako Europako Estrategiak Berdintasunaren Batasuna lortzeko Von der Leyen Batzordearen konpromisoari erantzuten dio. Estrategiak jarduketak eta helburu politikoak aurkezten ditu, genero-berdintasun handiagoa izango duen Europarantz aurrera egiteko, hemendik eta 2025era. Helburua Batasun bat da, non emakumeek, gizonek eta haurrek, bere aniztasun osoan, bizitzan aukeratzen duten bideari jarraitzeko askatasuna izango duten, aurrera egiteko aukera berberak izango dituzten eta bizi garen Europako gizartea berdintasunez osatu eta zuzendu ahal izango duten.

Funtsezko helburuak honako hauek dira: genero-indarkeriari amaiera ematea, genero-estereotipoei aurre egitea, lan-merkatuan genero-arrakalak betetzea, ekonomia-sektore guztietan berdintasunean parte hartzea lortzea, gizonen eta emakumeen arteko soldata- eta pentsio-arrakalari heltzea, laguntza-erantzukizunetan genero-arrakala murriztea eta erabakiak hartzean eta jarduera politikoan emakumeen eta gizonen arteko oreka lortzea. Estrategiak genero-ikuspegia integratzeko planteamendu duala hartzen du, jarduketa espezifikoekin batera, eta intersekzionalitatean oinarritzen da, hura aplikatzeko printzipio horizontal gisa. Estrategia EBren barruko jardueran oinarritzen bada ere, bat dator EBk genero-berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen arloan duen kanpo-politikarekin.

Intersekzionalitatea

Estrategiaren lehen emaitzen artean, Batzordeak lansarien gardentasunerako neurri lotesleak[10] proposatu zituen 2021eko martxoaren 4an.

2022ko martxoaren 8an, Europako Batzordeak beste zuzentarau proposamen bat onartu zuen EB osorako, emakumeen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurre egiteko[11]. Proposamenak delituen biktimen talde horren eskubideei buruzko gutxieneko arau espezifikoak ezarri nahi ditu, eta delitu gisa tipifikatu emakumeen aurkako indarkeria eta ziber-indarkeria modu larrienak.

Mugarri bat izan da genero-orekari buruzko zuzentaraua administrazio-kontseiluetan sartzea. Zuzentarau horren helburua da genero-oreka handiagoa izatea burtsako kotizazioa duten Batasuneko sozietate handien erabakiak hartzeko postuetan. Hamar urteko negoziazioen ondoren, Zuzentaraua azkenean 2022ko azaroaren 22an onartu zen.

Europar Batzordeak genero-estereotipoak zalantzan jartzeko kanpaina[12] bat abiatu zuen 2023ko martxoaren 8an. EB osoko kanpaina honek aurre egiten die gizonei zein emakumeei eragiten dieten estereotipoei, bizitzako hainbat esparrutan; besteak beste, aukera profesionalak, senideak zaintzeko arduren banaketa eta erabakiak hartzea. Genero Berdintasunerako 2020-2025 Estrategiaren emaitza garbietako bat da.

Genero-berdintasunari buruzko urteko txostena

EBko genero-berdintasunari buruzko 2023ko txostena hirugarren txostena da, Genero Berdintasunerako 2020-2025 Estrategia berriaren esparruan. Txostenak genero-berdintasunaren arloan EBn eta estatu kideetan dagoen egoeraren balantzea egiten du. Estrategiak barne hartzen dituen funtsezko bost esparruetan EBk egindako aurrerapenak nabarmentzen ditu, eta adibide iradokitzaileak eskaintzen ditu, bai estatu kideetatik datozenak, bai EBk arlo horietan finantzatutako proiektuetatik datozenak.[9]

Konpromiso estrategikoa genero berdintasunaren materian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016-2019 Genero-berdintasunaren arloko konpromiso estrategikoak esparru bat ezarri zuen Europako Batzordeak genero-berdintasunaren alde aipatutako aldian jarduteko.

Konpromiso estrategikoa lehentasunezko bost eremu hauetan oinarritzen da:

  • Emakumearen lan munduko partaidetzaren handipena, eta gizon eta emakumeen independentzia ekonomikoaren sustapena
  • Soldata arrakalaren, genero arrazoiengatiko sarrera eta pentsioen txikitzea, emakumeen pobretzearen aurkako borroka
  • Erabakiak hartzeari dagokionez, emakume eta gizonen berdintasunaren sustapena
  • Genero indarkeriaren aurkako borroka eta biktimentzako sostengu eta babesa
  • Genero eta eskubideen berdintasunaren sustapena mundu osoan

Lehentasunezko eremu horietako bakoitzean helburuak ezartzen ditu konpromiso estrategikoak, eta 30 ekintza zehatz baino gehiago adierazten ditu. Gainera, berretsi egiten da genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzen dela, zeina EBko finantzaketa-programa eta politika guztietan integratuko baita.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Políticas de equidad de género: Unión Europea, http://biblioteca.clacso.edu.ar/clacso/gt/20140611043136/13arro.pdf..
  2. a b c (Gaztelaniaz) «La igualdad entre hombres y mujeres | Fichas temáticas sobre la Unión Europea | Parlamento Europeo» www.europarl.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  3. Tratado de Funcionamiento de la Unión Europea, https://www.boe.es/doue/2010/083/Z00047-00199.pdf..
  4. (Ingelesez) «EUR-Lex - 61975CJ0043 - EN - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  5. (Ingelesez) «EUR-Lex - 61995CJ0409 - EN - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  6. «CURIA - List of results» curia.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  7. (Ingelesez) «EUR-Lex - 62019CV0001(02) - EN - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  8. (Gaztelaniaz) «Adoptado el marco financiero plurianual para 2021-2027» www.consilium.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  9. a b c d (Gaztelaniaz) «Estrategia para la igualdad de género» commission.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  10. (Ingelesez) «EU action for equal pay» commission.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  11. (Ingelesez) «EUR-Lex - 52022PC0105 - EN - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  12. (Gaztelaniaz) «End Gender Stereotypes» end-gender-stereotypes.campaign.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]