Gilberte Serfaty

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gilberte Serfaty
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFanny Gilberte Serfati
JaiotzaOran eta Mostaganem1921eko martxoaren 11
HeriotzaOrsay2011ko apirilaren 17a (90 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Henri Alleg
Seme-alabak
Jarduerak
Jarduerakirakaslea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaAljeriako Alderdi Komunista
Frantziako Alderdi Komunista

Gilberte Serfaty (Mostaganem, 1921 - Orsay, 2011) aljeriar ekintzaile komunista, irakasle eta itzultzaile bat izan zen. Aljeriaren independentziaren alde borrokatu zelarik, 1963an aljeriar naziotasuna eman zioten. 1965az geroztik Frantzian bizi izan zen; Frantziako Alderdi Komunistaren kide izan zen.

Jatorria eta haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilberte Serfaty[oh 1] 1921eko martxoaren 11n sortu zen, Mostaganem herrian, gaur egungo Aljerian, judu familia batean. Gazte zela hil zitzaion aita, 1939an; gizon hezi eta ikuspegi zabalekoa zen, musikazale porrokatua. Moda saltoki baten etekinez atera zituen amak aurrera Gilberte eta haren ahizpa Andrée, gazteagoa.[1]

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, 1930eko urteetan, Frantziako botere kolonialaren mende, Mostaganemen eta eskualde guztian juduen aurkako greba eta oldarraldi ugari gertatu ziren ziren. Urte batzuk geroago, Vichyko gobernuak ezarriko zituen arau antisemiten iragarle ziren.[2]

Faxismoaren eta kolonialismoaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitatetik kanporatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gogoan izan behar da Aljeria Frantziaren kolonia bat izan zela, 1871etik 1962ra bitarte; beraz, Serfatyren gaztaro urteetan, Vichyko gobernuak zeukan lurraldearen agintea. Gobernu kolaborazionistak emandako lege arrazisten —bereziki, juduen aurkakoak— eraginez, 1941ean, Aljerko unibertsitatean ingeles ikasketak jarraitzea debekatu zioten; Andrée ahizpa gazteagoak ere institutuko ikasketak utzi behar izan zituen.[3] Judu izate hutsagatik jasandako zigorrak, baina, ez zuen sionismoa besarkatzera bultzatu, baizik, aitzitik, faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako borrokara eraman zuen.[3]

Armada kolonialarentzat lanean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljerren, 1942an tropa aliatuak Iparraldeko Afrikan lehorreratu ondoren, Frantziako armadarentzat lan egin zuen Gilberte Serfatyk, itzultzaile gisa, Estatu Batuetatik zetozen informazioen galbahea egiten zuen unitate militar batean. Unibertsitatean ezagutu zuen Lucette Larribère bere lagun mina, berriz, Afrique-Press albiste agentziara sartu zen lanera, gerora France-Presse agentzian integratuko zena. Han topatu zuen Henry Salem (Henri Alleg izenen ezaguna), baita ere ingelesez iritsitako albisteen itzultzaile lanak egiten; 1946an ezkonduko ziren Serfaty eta Salem.[1]

Alderdi komunistako kide[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henry Allegek 1944an antolatutako informazio bilkura baten ostean, Aljeriako Alderdi Komunistaren kide izatea erabaki zuen Gilberte Serfatyk. Urte eta erdi geroago, 1946ko ekainean, ezkondu egin ziran biak; bi seme eduki zituzten elkarrekin, André (1946) eta Jean (1952).[4] Handik aurrera, kolonialismoaren aurkako borrokan murgildu zen Serfaty, Union des Femmes d’Algérie (Aljeriako Emakumeen Batasuna) erakundearen bitartez, batik bat.

Botere kolonialaren oldarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeriako herriaren eskubideen aldeko aktibismoak arazoak ekarri zizkion Gilberte Serfatyri: administrazio kolonialaren zigor baten eraginez, hezkuntza publikoa utzi behar izan zuen, eta ikastetxe pribatuetan bilatu behar izan zuen bizibidea.[5]

Egoera asko zaildu zitzaien berari eta senarrari 1954an, Aljeriako Alderdi Komunista debekatu zuenean Frantziako administrazio kolonialak, militante gehienak klandestinitatean bizi izatera behartuta gelditu baitziren. Etxea aldatzeaz gain, bi semeak Frantziara bidali zituzten.[5][oh 2]

Senarra atxilotu zutenean, 1957ko ekainean, Serfatyk agerpen publiko eta bilera ugari egin zituen, zapalkuntza egoera salatzeko. Horren ondorioz, administrazio kolonialak Frantziara kanporatu zuen.[5] Han, Frantziako Alderdi Komunistaren babesa jaso zuen, bai senarrak jasandako torturak salatzeko, bai Aljeriaren askatasunaren aldeko borrokan jarraitzeko.[1]

Aljeriaren independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri bozketa baten bitartez Aljeriak burujabetasuna lortu eta berehala, Gilberte Serfaty Aljerrera itzuli zen, 1962ko abuztuan. Bai berak, bai senarrak, aljeriar naziotasuna eskuratu zuten 1963an, baina ez hala seme biek.[1] Houari Boumedienek 1965eko ekainaren 19an zuzenduriko estatu kolpearen ondoren, Frantziara itzuli zen, 1965eko uztailean.[3]

Hil arteko aktibismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian, berehala sartu zen berriro PCFn, askatasunaren aldeko eta kolonialismoaren edo gerraren aurkako borrokari jarraitzeko. Udal liburutegi bateko zuzendari lanetan aritu izan zen, eta postu horretatik lagundu zuen, besteak beste, behar adinako dokumentazioa lortzen haren senar Henri Allegek, beste zenbait idazlerekin batera, argitaratu zuen La guerre d'Algérie libururako.[1][oh 3]

Gilberte Serfaty Orsayn, Essonneko departamentuan hil zen, 2011ko apirilaren 17an, 90 urte zituela.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Serfaty deitura judu sefardiek maiz edukitzen duten patronimiko bat da. Dirudienez, sefardiak Iberiar penintsulatik kanporatuak izan zirenean, 1492-1496 bitarte, leinu batzuek Iparraldeko Afrikara jo zuten. Ikus Alexander Beider (2017) Dictionary of Jewish Surnames from Maghreb, Gibraltar, and Malta. New Haven, Avotaynu, ISBN 978-0998057118.
  2. Iturri batzuetan irakur daiteke Gilberte Sefartyren bi semeak SESBera bidali zituztela; besteak beste, ikus SERFATY Gilberte, épouse SALEM (Henri Alleg*) [Dictionnaire Algérie] Alabaina, iturri gehienek baieztatzen dute Frantziara eraman zituztela, familiartekoen eskuetara.
  3. Aljeriaren independentzia ekarri zuen gatazkaren historia xehakatu bat izan zen, hiru liburukitan eta ilustrazio ugariz argitaratua. Ikus Henri Alleg, Jacques de Bonis, Henri J. Douzon, Jean Freire et al. (1981) La guerre d'Algérie. Paris, Ed. Temps Actuels. ISBN 978-2720700764. Ikus BnFko fitxa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e (Frantsesez) «SERFATY Gilberte, épouse SALEM (Henri Alleg*) [Dictionnaire Algérie - Maitron»] web.archive.org 2022-10-21 (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
  2. (Frantsesez) Cole, Joshua. (2010). «Antisémitisme et situation coloniale pendant l'entre-deux-guerres en Algérie: Les émeutes antijuives de Constantine (août 1934)» Vingtième Siècle. Revue d'histoire 108 (4): 3.  doi:10.3917/ving.108.0003. ISSN 0294-1759. (Noiz kontsultatua: 2022-10-23).
  3. a b c (Frantsesez) «Biographie de Gilberte Serfaty, épouse Salem (Henri Alleg) - Alger républicain» www.alger-republicain.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  4. (Frantsesez) Ajma, par. «Les acteurs» Association Josette et Maurice Audin (Noiz kontsultatua: 2022-10-23).
  5. a b c (Frantsesez) «Décès de Gilberte Serfaty, épouse de Henri Alleg | El Watan» www.elwatan.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]