Gizako Esfinge Handiaren ur higaduraren hipotesia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizako Esfinge Handiaren adina eztabaida kartsuen sortzaile da gaur ere. Babes gehien jaso duten datazioek K. a. 2500. urte ingurukoa dela diote, baina zenbait ebidentziak kolokan jarri dute datazio hori.

Gizako Esfinge Handiaren ur higaduraren hipotesia, edo laburtuta Esfingearen ur higaduraren hipotesia, Egiptoko Giza bailaran kokatua den Esfinge Handian ikus daitekeen higadura urak eragindakoa dela babesten duen hipotesia da. Hipotesi hau zuzena balitz, Esfingearen aire higaduraren hipotesiak egiturari egokitzen dion eraikitze-data okerra izango litzateke, ur-higadura gertatzeko klima desberdinak egon behar izan zukeelako Gizako bailaran. Klima horrek euritsuagoa izan beharko zukeen, eta Egiptoko lurralde hartan eurite jarrai eta sendoak zituen klima kristo aurretik seigarren eta bosgarren milurtekoetan egon zen azken aldiz. Hau da, hipotesi honek funtsean Esfingea hiru edo lau milurteko zaharragoa dela babesten du eta beraz, Kefren eta Dyedefra faraoiak esfingearen egileak izan ez zirela aldarrikatzen du.

Azken urteetan Robert Schoch estatubatuar geologoa nabarmendu da teoria honen alde egitean. Alabaina, teoria honek ez du babesik jaso egiptologo eta arkeologo gehienen aldetik eta eztabaidak sortzen jarraitzen duen arren, gaur egun arkeologoen gehiengoak aire higaduraren hipotesiari ematen dio oniritzia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Schoch geologoa Egipton, bertako antzinateko eraikinak behatzeko egin zituen bidaia ugaritako batean.

Ur higaduraren hipotesia planteatu zuen lehena Flinders Petrie arkeologo eta egiptologiaren aita izan zen XIX. mendean, zeinak Esfingea Erresuma Zaharra baino lehenagokoa dela irizten zuen.[1] 1900. urtean Gaston Maspero Kairoko Museoko Zaharkinen Saileko zuzendariak ere aintzat hartu zuen Esfingea Kefren faraoiak eraiki ez izanaren aukera eta hortaz, faraoiak soilik lurretik atera izanaren aukera.[1]

R. A. Schwaller de Lubicz (1887-1961) frantziar mistiko eta egiptologo alternatibista izan zen hipotesi honen beste babesle sutsuetako bat, zeinak 1950eko hamarkadan Esfingearen azaleko arroka landuak ur-higadura pairatu zuela babestu zuen. John Anthony West egiptologo alternatibistak Schwaller de Lubiczen ideia aztertu zuen eta ikerketak egiten hasi zen, harik eta 1989an Robert Schoch Bostongo Unibertsitateko Ikasketa Orokorren Eskolako natur zientzien irakasle eta geologoaren babesa jaso zuen arte.

Schochen azterlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esfingearen azala aztertu zuen Schochek eta ondorioztatu zuen Esfingeak azalean dituen higadura-lorratz nabarmenak eurite jarrai eta luzeek eragin zituztela, denboraren poderioz. Schochen azterlana jarraituz, Esfingea kokatzen den lurraldeak gutxi gorabehera 2,5 zentimetroko batez besteko euri-jasa pairatu du urtero Erresuma Zaharraz (K.a. 2686 - 2134) geroztik. Azken milurtekoetako euriteak ez dira nahikoak izan egun ikus daitekeen higadura eragiteko eta hortaz, klima euritsuagoa zuen Egiptora iritsi arte egin behar da atzera denboran, hau da, K. a. laugarren milurtekoaren amaiera edo hirugarren milurtekoaren hasierara arte. Garai haietan amaitu zen gaurko Egiptok antzina eduki zuen klima euritsua, baina klima hartan ere Esfingeak higadura hori pairatu zezan milurteko batzuk behar izan zirela babesten du Schochek, eta horregatik Esfingearen eraikitze-data K. a. bosgarren edo seigarren milurtekoan ezartzen du geologo estatubatuarrak.

Robet Schochek hipotesi berritzaile bat formulatu du Esfingearen historiaren inguruan. Esfingearen oinarriaren tamaina eta egituraren buruarena ikusita, proportzionaltasun falta nabaritu daitekeela dio, egiturak duen oinarriarentzat burua txikiegia delakoan. Proportzionaltasun falta azaltzeko Schochek Esfingearen adina uste baino zaharragoa dela proposatzen du, eta antzinako egiptoarrek eraiki beharrean lehenagoko zibilizazio batek eraiki zuela. Geologo estatubatuarrak uste du jatorrizko Esfingea (ziur aski hasieran esfinge itxurarik ez zuena) Antzinako Egipto existitu baino milurteko batzuk lehenago eraiki zela eta higadurak gogor kolpatu zuela klima euritsua zen garai haietan. Hala, Antzinako Egipto egituratu zenean jatorrizko egitura desitxuratuta zegoela babesten du eta Kefren faraoiaren Erresuma Zaharrak eraldatu zuela, kaltetuta egon beharko zatekeen burua zizelkatuz Esfinge itxura emateko eta horrela, haren hasierako tamaina txikiagotuz.

Robert Schochek adierazi zuen haren datazioak, zeinak Esfingearen eraikipena gutxienez K. a. 5000. urtean kokatzen duen, oso modu gordezalean egin zituela eta oso litekeena dela are zaharragoa izatea, hark aurkeztutako ebidentzia geologikoen interpretazioa jarraituz. Schochek dio baldintza errealistagoetan eginda, Esfingearen eraikipena K. a. 10000. urtean kokatuko litzatekeela.[2]

Aldeko argudioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harresian dauden zartadura bertikal horiek (askoz ugariagoak eta argiagoak direnak harresiaren beste alde batzuetan) ur higadurak sortuak izan daitezke.
Aire higadura garbia, arroka "jan" egiten du zilindroerdi horizontalak sortuz, ur higaduran ez bezala.

Ur higaduraren hipotesia XX. mendearen bigarren erdian hasi zen zabaltzen, baina 1990ko hamarkadan eman zion Robert Schochek hasieran falta zuen dimentsio zientifikoa. Geologoak hainbat zuzeneko behaketa egin zizkion Esfingeari eta Gizako bailarako gainerako egiturei eta aire higaduraren hipotesia erabat baztertzera iritsi zen. Haren arabera, Esfingearen oinarria ez da egiptoarrek eginikoa. Ondoko argudioak eman zituen haren tesia babesteko:

  • Ur arrastoak: Gizako Esfingea inguratzen duen harresiaren zenbait aldetan uraren higadurak soilik eragin ditzakeen arrastoak aurki daitezke. Aireak arroka bat higatzen duenean sortzen duen arrastoa borobil erdi formako sarrera horizontal luzeak dira. Euriak aldiz higadura-oinatz ezberdinak uzten ditu, bidexka irregular formako sarrera estuak, hain zuzen eta halako egiturak ikus daitezke Esfingea inguratzen duen harresiaren hegoaldeko aldean, besteak beste.
  • Proportzionaltasuna: Esfingearen oinarriaren tamaina buruarena baino nabarmenki handiagoa da eta horrek zizelkatze berantiar bat izan zela esan lezake. Hau da, hasieran beste buru bat izan zuela Esfingeak, euri-higadurak desitxuratu eta beranduago Antzinako Egiptoko faraoiek berritxuratu zutena.
  • Oinarriaren higadura: Schochen ikerketa-taldeak Esfingearen oinarriaren inguruan azterketa sismologikoak egin zituen oinarri hark pairatutako higaduraren sakonera jakiteko. Hori egiteko soinu-uhinak baliatu zituen eta kareharrizko ama-arrokaren ezaugarriei buruzko informazioa eskuratu zuten hala. Oinarri hartan higadurak duen sakonerak Esfingea zaharragoa dela aditzera ematen duela ondorioztatu zuen ikertaldeak. Azterketa horiek erakutsi zuten Esfingearen aurrealdeko oinarriaren higaduraren sakonera bi edo bi metro eta erdi ingurukoa dela eta aldiz, atzealdekoa soilik metro eta laurden ingurukoa. Horrek atzealdea aurrealdea baino askoz gazteagoa dela adierazten du. Thomas Dobecki geofisikari eta sismologo estatubatuarrak ontzat eman zuen ondorio hau.[3]
  • Esfingearen Tenpluko granitozko arroka: Esfingearen Tenpluko (zeina Esfingearen aurrealdean dagoen eraikina den) granitozko arroka nagusi batean Erresuma Zaharreko estiloa jarraitzen duen izkribu egiptoar bat aurkitu da, zeinak "betiko bizitzeagatik maitatua" dioen zuzenean itzuliz gero. Jakina da izkribu hori duen granitozko arroka baino zaharragoak direla tenpluaren oinarria osatzen dutenak eta hortaz, izkribudun arroka Erresuma Zaharraren garaikoa bada, derrigorrez oinarriko arrokak askoz zaharragoak izan behar dira.
  • Konponketen lorratzak: Schochen ikertaldeak Esfingea osatzen duten harresiak bi alditako eraikitze-lanen ondorio direla ondorioztatu du. Esfingeko arrokek dituzten higadura-arrasto ezohikoek antzinako egiptoarrek arroketan mantentze-lanak egin zituztela pentsaraztera bultzatu dute ikertaldea. Haien iritziz, antzinako egiptoarrek egitura zahar oso higatua leundu egin zuten azaleko geruza ebakiz eta gero, granitozko blokeak batu zizkioten sendotasuna emate aldera.
  • Esfingeko arroken lorratz ezberdinak: Esfingea irudikatzen duen estatua erraldoia eta hura inguratzen duen altuera nabarmeneko harresia mota bereko arrokez eginak daude. Alabaina, begi hutsez ikus daiteke Esfingearen egiturako arrokak askoz higatuagoak daudela harresikoak baino eta beraz, arrazoizkoa da pentsatzea bi arroka horiek adin desberdina dutela. Schochen iritziz, harresiko arrokak antzinako egiptoarrek eraikitakoak dira eta Esfingekoak zaharragoak.
  • Ez du sinadurarik: Egiptologo gehienek Esfingearen eraikuntza Kefren faraoiak agindu zuela babesten badute ere, gaur arte ez da aurkitu Esfingean bertan edo handik at egituraren eraikuntza faraoi horrek bideratu zuela adierazten duen izkribu, ikur edo sinadurarik. Faraoi horri aitortzen zaio egiletza erreferentzia egiten zaiolako Esfingearen magalean dagoen granitozko harlauzan. Hortaz, Kefren edo beste faraoi bat Esfingearen egilea izan zela ziurtatzen duen ebidentzia ukaezinik ez dago.[4][5]
  • Göbekli Tepeko aurrekaria: Egiptologoek sarritan esan izan dute lehen zibilizazioa Sumer izan zela eta hura baino lehen gizakiak ez zituela gurtzak egiteko toki konplexurik eraiki, ez eta tenplurik ere. Haatik, orain gutxi Turkian Göbekli Tepe izenez ezagutzen den antzinako tenplu bat aurkitu da, kultura oso garatua zuen giza-talde baten adierazgarri eta K. a. 9000. urtean datatu da. Giza-talde hark ez zuen ondorengotza ezagunik utzi eta Schochek adierazi du balitekeela berdina gertatu izana Esfingea ustez eraiki zuen zibilizazio galdu harekin.

Aurkako argudioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur Higaduraren Teoriak kritika gogorrenak egiptologo eta arkeologoen aldetik jaso ditu, baina geologo eta klimatologo ugarik ere aurkakotasunak azaleratu dituzte, hurrengo argudioak emanez:

  • Haloklastismoa: Schochen ikertaldeak aurkitutako ustezko ur arrastoak zenbait geologok haloklastismo izeneko fenomenoari egotzi dizkiote.[2][6] Fenomeno hori gatzen hazkuntzak eragiten duen higadura mota bat da, gatz disolbatua duen ura lurrundu eta gatza hauspeatu ondoren gertatzen dena, hauspeakina hanpatu egiten baita arrokaren baitako presioa areagotu eta hura hautsiz. Fenomeno hau oso ohikoa da Esfingean eta haren inguruko eraikinetan, baina ur higaduraren hipotesiaren babesleek gogorarazi izan dute fenomeno honek ez duela azaltzen ur arrastoak toki jakin batzuetan ugariagoak izatea beste batzuetan baino, haloklastismoa ezaugarri bereko eremuetan berdina eta orokorra izan behar baita.[2][7]
  • Oinarri geologikoa: Farouk Elbaz[8] eta beste hainbat geologok proposatu izan dute Esfingea jatorri naturaleko oinarri geologiko bat eraldatzetik eraikia izan zela, hau da, antzina jada bazela egitura geologiko natural bat higadura mota ezberdinek itxuraldatu zutena eta Esfingea eraikitzeko oinarri apropos bihurtu zena.[9] Hipotesi honen arabera egiptoarrek soilik zizelkatu eta itxura eman zioten egitura geologiko hari. Honek ur-arrastoak azalduko lituzke, oinarri geologiko hori klima heze eta euritsuko garaietan ere egon zelako. Hipotesiak baina baditu hutsuneak, izan ere, Schochen ikertaldeak Esfingea inguratzen duen harresiak dituen angelu zuzenak modu naturalean eratu zirela pentsatzea zaila dela dio eta Esfingearen Tenplua Esfingea inguratzen duen harresitik erauzitako harrizko blokeek osatzen dutela oroitarazten digu eta arroka horiek ere ur-arrasto berdinak dituztela.[8] Schochi erantzuteko asmoarekin, Jørn Christiansen geologoa Esfingea bisitatzera joan eta hura zizelkatu aurretik gutxienez zatiren batean higadura pairatu zuela ondorioztatzera iritsi zen. Horrek eraman zuen Esfingea oinarri geologiko nahiko garatu batean zizelkatua izan zela eta oinarri horrek lehendik higadura jasan izanak datazioak nahasgarri egiten zituela esatera.[10]
  • Putzuaren hipotesia: Robert Templek[11] Esfingea putzu batek inguratua egon zela proposatu du eta horrek azal litzakeela, antzinagoko garaiak aipatu gabe, egituran aurkitu diren ur-arrastoak. Robert Schochek luze eta zabal erantzun dio hipotesi honi eta besteak beste, adierazi du hipotesi horrek ez duela azaltzen Esfingearen zati batean bestean baino higadura handiagoa egotea, Esfingearen Tenpluko oinarriaren arroketan (Erresuma Zaharreko granitozko estaldura ez dutenetan) ere higadura mota hori egotea edo datu sismikoek aditzera eman duten higaduraren sakonera handia.[12]
  • Klima aldaketa berantiarra: Rudolph Kuper eta Stefan Kröpelin klimatologoek aditzera eman dute balitekeela K. a. 3000 eta 1500. urteen artera arte gaurko Egipton klima heze edo euritsuagoa egon izana.[13] Mark Lehner egiptologoa eta Judith Bunbury Cambridgeko Unibertsitateko geologoa iritzi berekoak dira. Honek azalduko luke ur arrastoen presentzia Esfingean eta haren tenpluan. Hala ere, Schochek gogorarazi du Esfingetik hogei kilometrora dagoen Sakkara lautadako lokatzezko adreiluzko mastabek (egitura horiek zalantzarik gabe datatuak izan dira) ez dutela kalte berdina jasan eta hortaz, ez dela klima hezerik izan Egiptoko Aro Dinastiko Goiztiarretik aurrera, hau da, K. a. 3100. urtetik.[14] Gainera, orokorki, paleoklimatologian Afrika Iparraldeko antzinako klima aldaketa K. a. 3000. urtean gertatu zela onartzen da eta aldaketa hori bi mende ingurutan bizkortasun ikaragarriz jazo zela.[15] Klima aldaketa berantiarraren hipotesiaren babesleek egitura horiek toki altuago batean kokatuta daudela eta horregatik halako higadura bortitzik pairatu ez dutela esanez erantzun diote.[10][16]
  • Atmosferaren kutsadura: Lambert Dolphin geofisikariak ur-higadurarenak diruditen arrasto horiek berez azken mende eta erdian izandako industrializazioak zeharka eraginak izan daitezkeela uste du. Atmosfera kutsatuta egoteak higadura prozesuak areagotu ditzake (ikus euri azidoa) eta hark utzitako lorratzak nabarmendu eta horixe bera gertatu izan da azken hamarkadotan Egiptoko eta munduko beste hainbat tokitako antzinako egiturekin.[17] Alabaina, 1930ko hamarkadan bukatu zuten Esfingea hondarpetik ateratzen eta beraz, Schochek aipatzen dituen arroken zati bat estaliak egon ziren hamarkada hartara arte.[5] Era berean, ezin uka daiteke 1950 eta 1960ko hamarkadetako argazkietan Schochek aipatutako pitzadura bertikalak ikusgarri direla.[18]
  • Antzinagoko zibilizazioaren aztarnen gabezia: Zahi Hawass Egiptoko Zaharkinen Estatu Ministerioko ministroak[19] eta hainbat egiptologoek[20][21] hipotesi honen aurka Egipton ustezko antzinagoko zibilizazio horren aztarnarik aurkitu ez dela gaineratu dute eta horrek zail egiten duela harengan sinistea. Aurkitu den egiptoar aztarnarik zaharrena K. a. 3000. urtekoa da. Argudio honek ez ditu ebidentzia geologikoak azaltzen, baina testuingurua sarritan lorratz garrantzitsua da. K. a. 9000. urtean datatutako kultura garatuen zantzuak atzeman dira, Göbekli Tepe kasu, baina ez Egipton.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihartzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipotesi hau zuzena bada, erantzunak baino galdera gehiago sortuko ditu. Hasieran sasiarkeologia gisa sailkatzen zen teoria honi dimentsio zientifikoa eman zion Robert Schoch geologoak eta gaur egun zaila da berak aditzera emandako behaketak mespretxatzea. Hala ere, bereziki egiptologoen artean mespretxuz eta gutxiespenez hartu da, zenbaitek ere sasiarkeologiatzat hartzen jarraitzen dute, ustez, zibilizazio zaharrago haren ebidentziak falta direlakoan.[22]

Hainbat geologok Schochek aurkeztutako ebidentziak aztertu dituzte eta euren hipotesiak plazaratu. Horren adibide da Max Lehner geologoa, zeinak Esfingearen aurpegia gorputzarekin alderatuta proportzionala ez dela onartu duen eta hori azaltzeko ama-arrokaren geologiara jo du. Luzeran ere proportzionala ez dela onartu du. Lehnerren iritziz, Esfingea Kefrenen garaiko egiptoarrek eraikia izan zen, baina zizelkatua izan zen arrokan akats bat aurkitu zutela irizten du eta horren ondorioz Esfingearen luzera handiagotu egin behar izan zutela.[23] Horrek ordea ez du azaltzen buruaren tamaina txikia.

Gaur arte komunitate zientifikoaren gehiengoak hipotesi tradizionala babesten du, aire higaduraren hipotesia hain zuzen, haien iritziz ur higaduraren hipotesiak ez dituelako Esfingean atzeman diren ebidentzia guztiak aintzat hartzen.[24] Hala ere, ur higaduraren hipotesiak harrera beroa izan zuen hedabideetan eta gizartean ere zeresana sortzen du oraindik ere, bereziki espekulazioen munduan.

Beste hipotesi eta espekulazioetan izandako eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki-ekaitzak izan ziren ustezko historiaurreko zibilizazioen desagerpenaren erantzule, Schochen arabera.

Ez dira gutxi izan hipotesi zientifiko hau oinarritzat hartuta espekulatzen hasi direnak, horretarako aukera ugari ematen baititu. Bestalde, hipotesi hau zuzena izateak indarra emango lieke zenbait ikerlariren iritziei eta are, sasiarkeologiako zenbait teoriari.

Geologo estatubatuarraren hipotesian oinarriturik edo haren babespean, hainbat ikerlarik agian existitu zen antzinako zibilizazio haren inguruan espekulatu dute. Horien artean dago Graham Hancock ikerlari eskoziarra, zeinak Orionen Korrelazioaren Hipotesia plazaratu zuen eta zientzialari gehienek sasiarkeologiatzat hartu zuten.[25] Teoria horrek dio Egiptoko Giza bailarako piramideak Orion konstelazioa lurrean irudikatzeko moduan eraiki zirela, gaur egun ordea ez daude zehazki konstelazio hori irudikatzeko moduan kokatuak. Hori dela eta, Hancock konturatu zen K.a. 10000. urte inguruan Lurretik ikusita konstelazio hartako izarrek piramideek zuten kokapenarekin bat zetozela eta hortaz, bere hipotesiak dio garai hartan existitutako zibilizazio batek eraikiak direla.[26][27][28] Data hori Schochen azterlanean Esfingeari ematen zaion eraikitze-datarekin bat badator ere, Schochek ez du inoiz esan piramideek antzinatasun hori izan lezaketenik.

Robert Schochek berak ustezko antzinako zibilizazio horren agerpen eta desagerpenaren inguruko hipotesi bat plazaratu zuen haren Forgotten Civilization: The Role of Solar Outbursts in Our Past and Future lanean, zeinetan Göbekli Tepe eta Rongorongo testuak aipatu zituen. Haren hipotesia da eguzki-ekaitzek ekarri zutela antzinateko zibilizazio multzoaren amaiera (guk ezagutzen ditugunei hasiera emanez, beranduago). Hau da, funtsean, eguzki-ekaitzak jo zituen bere lanean "zibilizazioen zikloen" hasiera eta amaieraren erantzuletzat.[29]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Is the Great Sphinx twice as old as Egyptologists and archaeologists think, based on recent geological evidence | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  2. a b c «Robert M. Schoch: Geological Evidence Pertaining to the Age of The Great Sphinx» web.archive.org 2017-03-19 (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  3. (Ingelesez) «The riddle of the Sphinx revisited: The American Association for the Advancement of Science met this week for its annual jamboree in Chicago. Topics ranged from Patriot missiles to Neanderthals and pawpaws with peculiar names» New Scientist (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
  4. (Gaztelaniaz) «10 Extrañas cosas que seguramente no sabías sobre la Gran Esfinge de Egipto» rolloid 2020-01-31 (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  5. a b (Ingelesez) Editors, History com. «The Sphinx» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  6. Lal Gauri, K.; Sinai, John J.; Bandyopadhyay, Jayanta K.. (1995-04). «Geologic weathering and its implications on the age of the sphinx» Geoarchaeology 10 (2): 119–133.  doi:10.1002/gea.3340100203. ISSN 0883-6353. (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  7. «Sphinx Geology» web.archive.org 2009-04-14 (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  8. a b The Mystery of The Sphinx dokumentala 1:01:00 minutua, Schochen erantzuna jarraian ematen da.
  9. «The Great Sphinx of Egypt: Nature’s Shabby-Chic Trick?» GEO ExPro 2015-01-09 (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  10. a b «'Further Considerations on the Age of the Sphinx' by Colin Reader» web.archive.org 2015-06-02 (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  11. «THE SPHINX MYSTERY - ROBERT TEMPLE with OLIVIA TEMPLE» sphinxmystery.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  12. «Robert M. Schoch: The Great Sphinx» www.robertschoch.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  13. «Secrets» Book of the Sphinx (UNP - Nebraska): 19–38. ISBN 978-0-8032-0526-0. (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  14. «REDATING THE GREAT SPHINX OF GIZA Dr. Robert M. Schoch Circular Times» www.robertschoch.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  15. (Gaztelaniaz) Márquez, William. (2017-03-23). «"Sabanas, praderas y bosques": cómo era el Sahara antes de convertirse en uno de los mayores desiertos del planeta» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  16. Dobecki, Thomas L.; Schoch, Robert M.. (2010-09-07). «Seismic investigations in the vicinity of the great Sphinx of Giza, Egypt» Geoarchaeology 7 (6): 527–544.  doi:10.1002/gea.3340070603. ISSN 0883-6353. (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  17. «Sphinx Erosion» www.catchpenny.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  18. «Digital Giza | Sphinx» giza.fas.harvard.edu (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  19. «NOVA Online/Pyramids/How Old Are the Pyramids?» www.pbs.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  20. «NOVA Online/Pyramids/How Old Are the Pyramids?» www.pbs.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  21. Feder, Kenneth L.. (2010). Encyclopedia of dubious archaeology : from Atlantis to the Walam Olum. Greenwood ISBN 978-0-313-37919-2. PMC 704275237. (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  22. (Ingelesez) Press, The Associated. (1992-02-09). «Scholars Dispute Claim That Sphinx Is Much Older» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
  23. (Ingelesez) «3 Profound Reasons why the Great Sphinx May be Older than Ancient Egypt» Curiosmos 2019-08-28 (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  24. (Ingelesez) Pruitt, Sarah. «How old is the Great Sphinx?» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  25. (Ingelesez) Fagan, Garrett G.. (2006). Archaeological Fantasies: How Pseudoarchaeology Misrepresents the Past and Misleads the Public. Psychology Press ISBN 978-0-415-30592-1. (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  26. (Ingelesez) Pahl, Larry. (2019-10-18). The Orion Correlation Theory Extended. Lulu Press, Inc ISBN 978-0-359-98841-9. (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  27. «BBC - Science & Nature - Horizon - Atlantis Reborn Again» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  28. Hancock, Graham.. (1998). Heaven's mirror : quest for the lost civilization. Michael Joseph ISBN 0-7181-4332-9. PMC 40874195. (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  29. «Robert M. Schoch: Publications» www.robertschoch.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Robert M. Schoch: The Great Sphinx 2020ko maiatzaren 16an kontsultatua.
  • Bill Cote: The Mystery of the Sphinx dokumentala, zeinetan Schoch, Anthony West, etab. ageri diren. Hemen eskuragarri.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]