Gizako nekropolia
| Menfis eta bere Nekropolia - Piramideen Eremua Gizatik Dahshurrera1 | |
| Mota | Kulturala |
| Irizpideak | i, iii, vi |
| Erreferentzia | 86 |
| Kokalekua | |
| Eskualdea2 | Estatu arabiarrak |
| Izen ematea | 1979 (III. bilkura) |
| 1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena | |
Gizako nekropolia Egipton dagoen piramide eta hilobi multzo bat da, Giza hiriaren mendebaldean, ordoki batean, Egiptoko hiriburu den Kairotik 20 km ingurura.
Piramide handia eta Kefrenena Egiptoko piramideen artean handienak dira eta munduan eraiki izan diren egitura handienen artean daude.[1] Historian zehar, Antzinako Egiptoren ikur izan dira Mendebaldearen iruditerian.[2] Ospea hartu zuten garai helenistikoan, Antipatro Sidongoak munduko zazpi mirarien artean sartu zuenean piramide handia. Mirarien artean antzinakoena da eta egun zutik dirauen bakarra.
1979an, Menfisek bere nekropoli eta piramide zelaiekin (Giza, Abusir, Saqqara eta Dahshur) eratzen duen multzoa, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, «Menfis eta bere Nekropolia - Piramideen eremua Gizatik Dahshurrera» izenarekin.[3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako Egiptoko nekropoli honetan, Gizako piramide handia edo Keopsena, Kefrenen piramidea eta Mizerinoren piramidea eraiki zituzten, alboko piramide txikiagoekin, hil tenpluekin, haraneko ontziralekudun tenplu eta prozesio galtzadekin batera, eta eguzki txalupa zeremonialak bertan uzteko hobiak zulatu zituzten. Bertan, Gizako Esfinge Handia ere zizelkatu zuten.
Errege monumentu hauekin loturik, mastaba ugari dago, faraoiak bere gortetarrei emanak, baita arbasoen gurtzarekin zerikusia duten geroagoko garaietako monumentu batzuk ere.

Hiru piramide nagusietatik, «erdigunea» bakarrik kontserbatzen da, kareharrizko blokez osatua, baina estaldurari dagokionez, kareharri landu edo granito arrosakoa, arrasto batzuk baino ez dira geratzen, bloke haiek gertu dagoen Kairon eraikinak eraikitzeko erabili baitziren.[4]
Kefrenen piramideak dirudi handiena, baina itxura besterik ez da: ordokiko toki garaiago batean eraiki zelako gertatzen da hori. Benetan, Keopsena da garaiena eta bolumen handienekoa. Keopsen piramidea, antzinaroan, mundu zazpi mirarietako bat zen, eta zazpi horietatik, zutik dirauen bakarra da.[5]
Egiptoko lehen hiriburua, Menfis, Nilo ibaiaren deltaren erpinaren ondoan sortu zen, lau mila urte lehenago Egipto berriaren egungo hiriburua, Kairo, finkatu baino. Behe Egiptoko lehen nomoaren gune administratiboa izan zen, Ineb Hedj izenekoa, faraoien egoitza eta Antzinako Inperioan hiriburua izan zena. Handik Faiyumeraino, Nilo ibaiaren haraneko zerrenda luze eta estu batean, piramideen gunea ezarri zuten.[6] Egiptoko tradizio erlijiosoaren arabera, ehorzketak sartaldeari begira egin behar ziren ziren; horrela, basamortu garaiaren mendebaldea hileta eremu bihurtu zen faraoientzat, gortetarrentzat edo funtzionarioentzat, baita animalia sakratuentzat ere. Menfiseko nekropoli handia, Giza barne hartzen zuena, berrogei kilometro baino gehiagoz hedatzen zen; Antzinako Inperioan, Hernecher (nekropolia) edo Imentet (mendebaldea) izen orokorrarekin ezagutzen zen.[7]
Nekropoliko eraikinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
|
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizako piramide multzoa da Egiptoko piramideen artean ikusgarriena eta ezagunena, hantxe iritsi baitzuten perfekzioa Inperio Zaharreko arkitektoek.
Keopsen ehorzte multzoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
· horiz: piramide handia eta erreginen piramideak
· arrosaz: mendebaldeko hilerria
· urdinez: hegoaldeko hilerria
· berdez: ekialdeko hilerria
Khufu edo Keopsen (K.a. 2589-2566) multzoak eraikuntza hauek ditu: beheko tenplua, galtzada bat, hileta tenplua, piramidea bera, piramide osagarri bat, erreginen hiru piramide eta bost ehorzte ontzi.[8] Inguruan, ehorzketa gune edo hilerriak daude, hiru multzotan banatuak.
Piramidea da, ziur aski, historia guztian harriz eraikitako monumenturik handiena. Gisako mailan egon daitekeen bakarra Txinako Harresi Handia da, baina askoz geroagoko obra da.
Keopsen piramidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piramide handiaren oina karratu ia perfektu bat da, 230 m aldea duena (440 egiptoar besabete). Zorua, berriz, ia erabat horizontala da, gehieneko gorabehera 0,0021 m besterik ez baita. Oineko karratuaren aldeak lau puntu kardinalekiko guztiz perpendikularrak dira.[9] Eraikuntzak 146,59 m garaiera zuen amaitu zutenean (280 besabete), baina gaur egun 138,75 m-ra heltzen da. Kareharrizko 2.300.000 bloke handiz egina dago, milimetro erdi eskaseko igeltsuzko geruza tartean dutela. Blokeen batez besteko garaiera 0,69 m da, eta pisua 2,5 t, baina badira 1,5 m garai direnak eta 15 t pisu dutenak ere. Eraikin eskerga honen guztizko bolumena 2.600.000 m3 da eta 6.000.000 tona du zama, gutxi gorabehera. Gainazala estaltzen zuten harriak oinarriak ageri dira oraindik. Apaindurako harri hauek kareharri fin zuriak ziren, inguruetako harrobietatik atereak.[10]
Piramide arruntek baino barrualde konplexuagoa du, hiru hilobi ganbera baititu, maila desberdinetan. Hirugarren hilobira 8,46 m garai den korridore batetik heltzen da: «galeria handia» esaten zaio.[10]
Herodotok egotzi zion tirano fama beltza gorabehera, heriotzan lurralde aberatsa eta baketsua utzi zuen Khufu faraoiak. Hala, haren ondorengoek baliabide ugari izan zuten eskura piramide gehiago eraikitzeko.
Erreginen piramideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Keopsek beste hiru piramide eraikiarazi zituen, erreginen momiak gorde ahal izateko. Piramide handiaren ekialdean eraiki ziren. Egiptologian, eraikin hauek GIa, GIb eta GIc izendapenekin ezagutzen dira —Giza «G», Keops piramidearen «I» eta «a, b, c»—, hurrenkeraren arabera iparraldetik hegoaldera. Oinarri angeluzuzenekoak dira. Neurriei dagokienez, ertzak Keopsenaren bostenak dira eta malda 52°. Barruko nukleoa mailakatua zen, maila kopuru ezberdinekoak hiruak. Hiru piramideek estalduraren hondakinak dituzte, kareharri leunduzkoak, eta guztiek barneko pasabide bat dute, erdiko ardatzetik gertu, hil ganberara sartzeko.[11] Beste ehorzte eraikuntza bat ere nabarmendu behar da: Hetepheres I.aren hilobia.
- GIa piramidearen egitura
- GIb piramidearen egitura
- GIc piramidearen egitura
- GIa da iparralderago den piramidea. 49,50 m du oinarria eta jatorrizko garaiena 30 m zen; gaur egun heren bat baino ez da kontserbatzen. Ekialdeko partean plataforma txiki bat dago, ustez hil kaperari dagokiona. Ikertzaile batzuen ustez, Meritates erreginarena izan liteke, baina beste aditu batzuen iritziz, Keopsen ama Hetepheres I.a erreginarena izan liteke, haren hilobiaren hurbil baitago.[12][13]
- Hetepheres I.aren hilobia: 1925 eta 1926 artean, 27 m sakonerako hobi bat aurkitu zen, GIa piramidearekin lerrokatuta, harkaitzean moztutako eskala batetik jaitsiz irits zitekeena. Erabat estalia eta obra hondakinez betea zegoen. Gelaren barruan, objektu ugari aurkitu zituzten, hala nola aulkiak, garraio aulki bat, ohe bat, kutxa bat besokoak zituena, zeramikazko piezak eta lurrin flaskoak. Objektuen egurra ia erabat deseginda zegoen; urrez eta kobrez egindako plaken zatiekin bakarrik erreproduzitu ahal izan da. Hala ere, lapurreta zantzurik ez bazegoen ere, harzurizko sarkofagoan ez zegoen erreginaren gorpua. Testu batzuk berreskuratu ziren, «Hetepheres» izenaz eta «erregearen ama» eta «jainkoaren alaba» esaldiez.[14]
- GIb erreginen piramidea da; multzoaren erdian dago. 49 m oinarria eta 30 m garai du. Ikertzaile batzuen arabera, mastabe hurbilenetan lurperatutako gizonezkoen gorpuak erreginen seme-alabenak izan daitezke; hala balitz, piramide hori Meritates erreginarena izan liteke.[11]
- GIc da hegoalderago dagoen piramidea eta hobekien kontserbatua. 46,5 m oinarria du eta 29 m garaiera. Ekialdeko aurpegian, Isis jainkosari eskainitako tenplu baten aztarnak daude, XVIII. dinastiaren garaikoak. Antzinako hil kaperako elementuekin eraiki zen eta hilarri bat aurkitu zuten, Keopsen emazte eta Khefrenen ama Henutsen erreginari egozten zaiona.[11]
Tenpluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hileta tenpluaren hondakinak 1939an aurkitu zituzten. Tenplua mendetan zehar suntsituz joan zen; hala ere, oraindik ere igar daitezke basalto beltzezko zoladura bat —patio ireki baten aztarna—, eta laukia inguratzen zuten granitozko pilareen futsadura hutsak. Itxura guztiaren arabera, barnean santutegi bat eta biltegi batzuk zituen. Herodotok jada deskribatu zituen eraikin hori eta galtzada, «piramide bera bezain obra handia». Horma garaiez eraikia izan zen, ziurrenik 40 m garai eta 750 m luze. Halako garaiera bat behar zen, zeren beheko santutegitik egin baitzen irteera; bestela, ordokiaren mailaren azpitik geratuko zatekeen.[15] Galtzadatik, laurogei bat metro baino ez dira geratzen; tenplutik, basaltozko zoladuraren zati bat besterik ez. Eraikuntza materialak Nazlet el-Samman herrixka eraikitzeko erabili zirenez, tenplua bizkor suntsitu zen.[16]
Eguzki txalupak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1954an, Kamul el-Mallakh egiptoar arkeologoak hobi angeluzuzen bat aurkitu zuen piramidearen hego aurpegian. Bertan, txalupa bat aurkitu zuten, elementu guztiak desarmatuta zituena 1.224 piezatan, gehienak zedrozko zurezkoak. Erabat itxitako leku batean zegoenez, materiala egoera ezin hobean zegoen arren, hamalau urte behar izan ziren berreraikitzeko. Berrogei metro baino gehiagoko luzera du txalupak, eta berrogei bat tonako desplazamendua. Badirudi lana egina zela eta urarekin kontaktuan egona zela. Horregatik, adituek uste dute faraoiaren gorpua Menfisetik Gizara eramateko baliatu zutela, Nilo ibaian zehar.[17] 1982az geroztik, museo batean dago ikusgai, aurkitu zen lekuaren gainean, piramidearen hegoaldean. Keops konplexuaren barruan bost txalupa hobi gehiago aurkitu ziren, baina bakar batean frogatu zuten ontzi bat zegoela; hobia bera ireki gabe, kamera baten bitartez.[18]
Eguzki txalupak faraoiaren hilobiratze ostilamenduaren parte ziren; hiletaren parte ziren objektu guztiak ataldu eta lurperatu egiten ziren. Ez dago guztiz argi zertarako ziren txalupak, baina nabarmenena da harremana dutela faraoiaren hil osteko bidaiarekin edo gorpua piramidera eramateko azken bidaiarekin.[19]
Hilerriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizako piramide multzo bakoitzetik gertu, faraoien senideen, apaizen edo goi mailako langileen hilerriak daude. Askotan, halako hilobiak faraoi berberen opari ziren. Mastaba formako hilobiak dira eta hilerri zabalenak Keopsen piramidetik gertu daude.[20]
- Mendebaldeko hilerria: nekropoliko hilerri handiena da, eta IV. dinastiatik VI.era datatutako mastaba ugari ditu. Hiru zatitan banatuta, arkeologoek zati hauek bereizten dituzte:
- «Mailakatua», piramidearen ondoan dago eta, nagusiki, ehorzte gurtzaz arduratzen ziren apaizen hilobiez osatua dago.
- «Mastaben herria», mastaba onena du, Keopsen djaty[22] edo funtzionario gorenari zegokiona (G4000), eta mastaba guztietatik handiena ere bai (G2000).
- Azkenik, mastaba txikien gune bat dago mendebaldeko muturrean.
- Hegoaldeko hilerria: Keopsen piramide handiaren hegoaldean kokatua, bederatzi mastaba handi ditu, horietako batzuk Mizerinoren erregealdiko agintari nagusienak. Hilobi horien artean, V. eta VI. dinastiakoak ere badaude. Hilerri honen hego-ekialdean, V. dinastiako djaty Sexemnefer IV.a ofizialaren mastaba ikusgarria dago. Alboetan bi obelisko dituen arrapala baten bidez egiten da sarrera, bi zutaberen artean.[23]
- Ekialdeko hilerria: nekropoliaren zati hau errege familiakoen hilobietarako erreserbatuta zegoen, erreginen piramideen ondoan. Mastaben artean daude Keopsen semeenak, besteak beste: Kauab (G7120 eta G7110), Dyedefhor (G7220 eta G7210) eta Khufukhaf (G7140 eta G7130). G7340 mastaban kareharrizko sarkofago bat aurkitu zuten, jauregiko fatxada motiboekin apaindua. Ankhaf eta bere emazte Hetepheresen mastaba (G7510) da handiena, eta nekropoliaren ekialdeko muturra menderatzen du. Indusketan, Ankhafen bustoa aurkitu zuten, kareharri margotuz egina, Antzinako Inperioko estatuagintzaren maisulantzat hartzen dena.[24]
Kefrenen ehorzte multzoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Khaefre edo Kefrenen (K.a. 2558-2532) multzoa Keopsena baino askoz hobeki kontserbatua dago, eta Asuango granito arrosaz estalitako tenplu eder bat barne hartzen du, haraneko tenpluarekin lotua 495 m luzeko galtzada harlauzadun baten bidez.[25] Eraikuntza hauek hartzen ditu bere baitan: beheko tenplua, Esfingearen tenplua, galtzada bat, hileta tenplua, piramidea bera, piramide osagarri bat, serdab batekin, eta bost txalupa hobi.[8]
Kefrenen piramidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piramidea Keopsena baino zertxobait txikiagoa da : 215,25 m ditu aldeetan eta 143,50 m garaiera. Hortaz, oinarriak bi egiptoar hiruki sakraturen proportzio doiak ditu : 3-4-5, garaiera = 4 delarik. Egoera onean daude oraindik Kefrenen beheko tenplua eta piramidera heltzeko galtzada. Piramidearen gailurrak jatorrizko harrizko estaldura du, kareharri zurizkoa.[26]
Tenpluaren ondoan esfinge handia dago, harkaitzean landutako esfinge baten estatua, erdi lehoi erdi gizaki. Munduko eskultura monolitiko handiena da,[27] 14 m zabal, 73,5 m luze eta 20,22 m garai. Keopsen garaikoa da esfingea, eta beraz, Kefrenen tenplua baino antzinagokoa.
Iparraldeko aurpegian, bi sarrera daude, beheranzko korridore batekin: bata, oinarriaren mailatik 11,50 metrora hasten da; bestea, ia lurraren mailan da. Barne egitura aski desberdina da Keopsenarekin alderatuta, eta antza handiagoa du Dyedefrarenarekin, Abu Rawashen.[28] Beheko pasabideak aukera ematen du jaisteko eta 1,7 m garaiera duen korridore horizontal batera iristeko. Korridorean barrena, kantoian, eskaintzak gordetzeko omen zen ganbera bat dago, sabai aldapatsuaz. Korridorea igota, goiko sarrerako beste korridorearekiko elkargunera iristen da: puntu horretan, biek bat egiten dute hilobi ganbaran. Sabaia aldapan dago, harrizko habeekin, eta sarkofagoa granito beltzezkoa da, bi piezako estalkiarekin.[28] 1818an, ikertzaileak ganberan sartu ahal izan ziren, baina faraoiaren momia jada ez zegoen, idi baten hezurrekin ordezkatua zegoen. Egiptologo batzuen ustez, baliteke hezur horiek gero sarkofagoan utzitako eskaintza bat izatea, faraoiaren gorpua lapurtu ostean.[29]
Piramide osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kefrenen piramidearen hegoaldean, piramide satelite txiki bat dago, GIIa izendatzen dena. Kareharriz eraiki zen eta aurpegiek 53° eta 54° inklinazioa dute. Harri lapurreta tamalgarria pairatu zuelarik, gaur egun zimenduen aztarnak baino ezin dira ikusi.[30] Harkaitzean hondeatutako arrapala bat du, gela txiki batera iristen dena. Badirudi ez zela inoiz hilobi leku izan. Leku horretan animalien hezurrak, zigiluak eta zurezko pieza batzuk aurkitu ziren, horregatik egiptologo gehienek uste dute piramidea faraoiaren gurtzarako lekua izan zela. Hala ere, Zahi Hawass egiptologoaren iritziz, piramide hori Kefrenen emazteetako batena izan daiteke, nahiz eta hilobiak aurkitu gabe egon.[31]
Hilobi tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kefrenen hilobi tenplua, ordura arte eraikitako beste tenpluak baino handiagoa izateaz gain —111 m luze eta 48 m zabal—,[32] aurrerapen arkitektoniko garrantzitsu bat izan zen. Bost elementu nagusi zituen, halako eraikinetan eredu izan zirenak handik aurrera: sarrerako atarte bat, patio zutabedun bat, faraoiaren estatuak jartzeko bost nitxo, bost gela biltegi eta barne santutegi bat.[33]
Kanpoaldea kareharriz eraiki zuten, inguruan hartutako materialez, eta barruko hormak granito arrosaz estalita zeuden; galtzada, berriz, haraneko tenplutik datorrenez, sarrera aurrealdeko hego angelutik hurbil du. Ezkerrean, bi areto daude eta, korridorearen amaieran, alabastrozko piezaz estalkitako lau gela, baita zoladuran ere.[32] Atondoak bi areto ditu: solairu mailakatua duen areto bat —muturretatik korridore luze eta estu batzuk ateratzen dira, bertan faraoiaren estatuak zeudela ematen du—, eta laukizuzen formako beste areto bat. Granitozko zutabe monolitikoek eusten zituzten bi geletako sabaiak.[29]
Patio irekiak zutabe batzuk zituen, granitoz estaliak. Estatua bat zegoen, egiptologo batzuen ustez Osiris faraoia irudikatzen zuena, eta beste ikertzaile batzuen arabera, faraoiaren eserizko estatua zen. Ziurrenik, barruko hormak erliebez apainduak zeuden. Patioaren mendebaldean bost gune zeuden beste hainbeste estatua erakusteko eta, atzean, piramidearen ondoan, santutegia zegoen, apaizak bakarrik sar zitezkeena. Patiotik korridore bat irteten zen, piramidearen barrunbe zolatura ematen zuena. Hilobi tenpluaren kanpo aldean, harkaitzean zulatutako bost kanal daude, eguzki txalupak jartzeko.[33]
- Hilobi tenpluaren eskema.
- Hilobi tenpluko bost biltegi aretoen hondakinak.
- Haraneko tenpluaren eskema.
- Haraneko tenpluko granitozko zutabeen lerro bikoitzaren ikuspegia.
Haraneko tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Haraneko tenplua esfinge handiaren hegoaldean dago; kontserbazio egoera onean, zutabeak eta ateburuak oso-osorik dituela. Eraikina kareharrizko bloke handiz eraiki zuten, inguruko harrobi beretik hartua, eta granito arrosaz estali zuten, Aswanetik, zortziehun bat kilometrora, ekarria. Oinplano karratua du eta alde bakoitzak berrogei metro baino gehiago du.[34]
Tenpluko bi sarreretan lehoi itxura bina esfinge zeuden alboetan, bakoitza 8 m luze, eta ateetako orriak zedro zurezkoak izango ziren ziur aski.[30] Sarrera bakoitzak korridore bat zabaltzen zuen eta erdiko ate bat, handik sartzen baitzen atondora, hamar bat metroko garaiera eta alderantzizko T forma zuena. Granitozko hamasei zutabek eusten zioten sabaiari, horietako asko oraindik osorik dira. Hogeita hiru estatua eseri ziren faraoia irudikatzen zutenak, harzuriz, arbelez eta dioritaz eginak.[35] Mendebaldera bi sarbide daude: hegoaldekoa, hiru gela luzetara; iparraldekoa, bostehun metro inguruko luzerakoa, ondoko galtzadarekin lotzen dena eta Kefrenen piramidearen ondoan dagoen hileta tenplura daramana.[34]
1860. urtean Auguste Mariette frantses arkeologoak Kefren Horusen babespean izeneko estatua aurkitu zuen, diorita berdez egina eta gaur egun Kairoko Egiptoar Museoan gordetzen dena.[30] Eskultura 1,68 m garai da eta ia oso-osorik dago. Kefren «nemos» edo erege zapiarekin burua estalita ageri da, eta atzealdetik belatz bat agertzen da, Horus jainkoaren irudikapena, hegoekin babesten duena. Tronu batean eserita ageri da, eserlekuaren bi besoak lehoi baten itxurakoak direlarik; alboetan, Egipto Garaia eta Egipto Beherea bateratzearen ikurra agertzen da.[36]
Esfinge handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Esfingeak lehoi makurtu handi bat irudikatzen du, faraoiaren burua «nemos» errege zapi bereizgarriarekin estalita duela. Gizako goi lautadako harrobian bertan egin zen, handik aterean baitziren Keopsen piramiderako eta beste eraikuntza batzuk eraikitzeko harri blokeak.[37] K.a. 2500 inguruan zizelkatu zen eta antzinako Egiptoko lehen eskultura handia da. Gorpua 22:1 eskalan landu zuten, eta burua 30:1 eskalan, hogei bat metro garai, hirurogeita hamalau bat luze eta hamalau zabal.[30]
Eraikuntzaren oinarria egiteko, lurra U forman hondeatu zuten. Gero, lehoiaren gorputza lantzen joan ziren, indusketa handiaren erdian zegoen haitz bloke batean. Bloke handietan ateratzen zuten harri bera da, eskultura handiaren aurrean dagoen tenplua eraikitzeko erabilitakoa; tenplu hori ez zuten inoiz amaitu, kanpoko estaldura egin gabe gelditu baitzen. Tenpluak erdiko patio zutabedun bat du, eskulturak erakusteko xedez egina. Bi santutegi ditu: bata mendebaldean eta bestea ekialdean; biak oinplano mailakatukoak dira, Kefrenen hilobi tenplukoa bezalakoa.[30]
Tutmosis IV.a faraoiak (K.a. 1425 - K.a. 1417) zaharberritu egin zuen. Kapera bat eraikiarazi zuen lehoiaren hanken artean, eta granitozko izar handi bat gehitu zuen erdialdean, «loaren hilarria» esaten zaion hilarria. Tutmosis IV.aren historia kontatzen du, printze zela; ehiza espedizio batean esfingetik gertu lo egin zuen eta ametsetan esfingea agertu zitzaion eta Egipto Garai eta Behereko tronua eskaini zion, baina ordainetan monumentua zaharberritu behar zuen. Hilarrian Tuhmosis IV.ak esfingeari egindako eskaintzak eta libazioak ere ikus daitezke grabatuta.[38]
Esfingearen gurtza XVIII. dinastian berpiztu zen. Amenofis II.ak tenplu berri bat eraikiarazi zuen esfingearen ipar-ekialdean; esfingeari eta «Horemakheti» (Horus zeruertzean) eskainia. Dinastia hartan, eta geroago Inperio Berrian, erregetzaren bisitak zirela eta jarri ziren beste hilarrien artean, inskripzio batzuetan esfingearen santutegia «setepet» (aukeratua) izenarekin aipatzen da.[39]
Mizerinoren ehorzte multzoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Multzoak piramide gune baten osagai guztiak ditu: faraoiaren piramidea eta hileta tenplua, ekialdeko aurpegian kokatua; inguruan printzeen edo erreginen hilobi batzuk. Tenplua seiehun metroko galtzada batek lotzen du Haraneko tenpluarekin. Galtzada horrek lerro zuzen bat osatzen du piramidearen ardatzarekin, eta hori ez da gertatzen aurreko faraoien multzoak lotzen dituzten beste galtzadekin, galtzada zegokion piramidearen ardatzarekin angelu bat osatzen baitzuten.
Faraoiaren piramidearen hegoaldean eraikitako erreginen hiru piramideez gain, hileta tenpluaren hego-ekialdean nekropoli bat dago, bertan lurperatu baitzituzten faraoiaren gurtzaren ardura izan zuten apaizak. Eraikuntza materiala erauzteko erabili zen harrobiaren ondoan dago. Mizerinoren gurtzak Antzinako Inperio osoan iraun zuen.

Mizerinoren piramidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizako piramideetan berriena Menkaure edo Mizerinorena (K.a. 2532-2504) da eta multzoak eraikuntza hauek ditu bere baitan: beheko tenplua, galtzada bat, hileta-tenplua, piramidea bera eta erreginen hiru piramide.[8] Piramideak beste bien aldean txikia ematen du, aldea 105 m eta 66 m garai baita. Oinarriak egiptoar hiruki sakraturen proportzioak errespetatzen ditu.
Piramidearen tamaina txikiagoa bada ere, inguruko tenpluak handiagoak eta aberatsagoak dira proportzioan. Beste hiru piramide txiki ere eraiki zituzten Mizerinoren piramidearen ondoan, faraoiaren emazteen hilobitarako. Piramideen inguruko eraikinetan egindako lan horien guztien ondorioz, eraikuntza lanak pixka bat arrazionalizatu egin ziren eta, hala, V. dinastiatik aurrera, kareharrizko bloke txiki eta irregularrez eraiki zituzten piramideak. Kanpoko geruza baizik ez zen egiten kareharri landuz. Alabaina geruza horrek eraikin guztiz trinkoaren itxura ematen zion. Teknika berri horri esker, askoz lehenago amaitu zituzten eraikinak, baina behin kanpoko blokeak kenduz gero (Erdi Aroko harginek guztiz gogoko zituzten), berehalaxe hondatu ziren.[40]
Hiru erreginen piramideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mizerinoren piramidearen hegoaldean hiru piramide osagarri eraiki ziren, G3a, G3b eta G3c kodeekin identifikatzen direnak.[41] Ekialdekoena bakarrik diseinatu zuten benetako piramide gisa; besteak lau solairuko eraikuntza mailakatuak dira. Faraoiaren hiru emazteei egotzi zaizkien arren, aditu batzuek gurtzara emaniko piramidetzat hartzen dituzte. Nolanahi ere, argi dago ehorzleku gisa balio izan zutela, erreginentzat edo beste inorentzat, eta harrizko hormez mugatutako esparru baten barruan itxita geratu ziren.[40]
Ekialdekoena G3a da. Kanpoko egitura piramidal laua du eta hiruretan handiena da, 28 m garai eta oinarria alde bakoitzean 44 m. Sarrera iparraldeko aurpegitik du eta barne egiturak T forma du piramidearen erdian. Granito arrosaz egindako sarkofago bat aurkitu zuten hilobi ganbaran, nahiz eta hura aurkitu zutenerako arpilatua izan. Aditu batzuen ustez, Mizerinoren emazte Khamerernebti II.a lurperatua izan zen bertan. Beste ikertzaile batzuek, berriz, uste dute gurtzarako leku bezala soilik pentsatua izan zela, geroago egokitu eta hilobi gisa erabili bazen ere.[40][42]
- Khamerernebti II.a erreginaren piramidea (G3a).
- G3b piramidea.
- G3c piramidea.
Erdikoa, G3b izenekoa, txikiagoa da —oinarriak 31 metroko aldea du—, eta lau maila handi ditu. Beheranzko korridore batetik sartzen da bertara, eta barruko egitura eraikinaren erdiko lerroaren azpitik dago. Ehorzketa gelan, mendebaldeko hormatik hurbil, granito arrosazko sarkofago bat aurkitu zuten, emakume gazte baten gorpuzkiak gordetzen zituena. Eraikinak hileta tenplu bat ere badu, iparraldetik hegoaldera orientatua.[43]
G3c ez zen inoiz amaitu. Kanpoaldeak piramide egitura mailakatua badu ere, ez ziren inoiz estaltzera iritsi. Ehorzketa gela ipar-mendebaldean dago eta, besteak bezala, adreiluz egindako kapera txiki bat zuen. Daturik ezean, ikertzaileek uste dute Mizerinoren ezkontide bat ehorzteko eraiki zutela. IV. dinastiaren hondarretan amaitu zuten, hau da, haren seme Shepseskaf errege zela.[43]
Hilobi tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hileta tenplua Mizerinoren piramide nagusiaren ekialdean dago eta, Kefrenen tenplua bezala, inguru beretik ateratako kareharrizko bloke handiekin hasi ziren eraikitzen. Adituek egindako azterketak ageri jarri zuenaren arabera, bi fasetan eraiki zen: lehena, Mizerinoren garaian jatorrizko diseinua izan zen, granito arrosakoa, gainerako hilobi multzoa bezala; bigarrena, haren ondorengo Shepseskafek egin zuen, konplexua osatuz. Froga arkeologikoek erakutsi zuten obra bat-batean eten zutela, hain zuzen granitozko blokeak korridorean jartzen hasi zirenean —Aswanetik garraiatzen zituzten blokeak— eta dena prest zegoenean erdiko harrizko blokeak jartzeko.[40] Beraz, badirudi Mizerinoren seme Shepseskafek aitaren piramidearen konplexuaren eraikuntza osatu nahi izan zuela, baina material merkeagoekin egin behar izan zuela akabera azkartzeko, eta horregatik kanpoko granitoaren ordez adreilua eta adobea erabili zuela. Granitozko estaldura adreiluz estali eta igeltsatu edo kareztatu egin zuten. Ikerlariek adreiluak erauzi zituenean, harrizko blokeak aurkitu zituzten; margo gorriz markatuta zeuden sestra lerroak, eta langile taldeen izenak zein neurriak zehaztuta.[40]
Egiptologoen teoriaren arabera, tenplua oinplano laukizuzenekoa zen, ia karratua, zutabez betetako atari moduko patio batekin. Patio horretatik sartzen zen barruko geletara, non elikagaiak eskaini eta gurtzarako gauzak gordetzen baitziren, egiten ziren errituetarako. Iparraldean, korridore batek atzeko aldera joateko aukera ematen zuen. Han, kapera zegoen, faraoiaren hilarriarekin. Geroago, tenplua handitu egin zuten: areto berri bat eraiki zuten, bost ganbera edo kapera txikiren serie bateraino iristeko aukera ematen zuena, ziurrenik ondorengo dinastien gurtzara bideratuak.[44]
Khentkaus I.a erreginaren hilobia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Khentkawes edo Khentkaus I.a Gizan hilobiratu zuten. Haren hilobia (LG100 eta G8400) Erdiko Zelaian kokatua dago, Mizerinoren beheko tenplutik hurbil. Multzoan eraikin hauek ditu bere baitan: piramidea, txalupa hobi bat, beheko tenplua eta piramide herria.[8]
Bada beste nekropoli bat Mizerinoren galtzadaren iparraldean, Khentkaus I.a erreginaren hilobi nagusi dena, batzuetan Gizako laugarren piramide deitu izan dena. Hilobiaren ekialdean, hilobi tenplu txiki bat dago. Bertara sartzeko, Mizerinoren haraneko tenpluaren aztarnen ondoko ontziralekurantz doan galtzada erabili behar zen. Ez dago haraneko tenplu propio baten arrastorik, eta horrek iradokitzen du erreginak Mizerinorerna partekatu behar zuela. 1932an, ikertzaileek erreginaren izena idatzita aurkitu zuen hilobira sartzeko granitozko ate handi batean. Barrualdea, Mizerirenoren hilobiaren antzekoa zen: granitoz estalitako gela bat, pasabide txiki bat eta biltegi batzuk hilobi ganberaren ondoan. Gela hori ere granitozkoa zen, 3,95 m zabal eta 4,65 m luze.[45]
Hilobiaren multzoak herrixka bat zuen galtzadaren ondoan, apaizen hamar etxerekin; basamortuan zehar hedatzen zen eta soroz inguratua zegoen. Hilobiaren hego-mendebalderantz, txalupa zulo bat dago. Aurkitutako zeramikari esker, jakina da erreginak gurtza jaso zuela V. eta VI. dinastietan. Khentkausen garrantzia azpimarratzeko asmoa agerida multzoan, IV. dinastiako azken faraoien senidea eta V. dinastiako faraoiekin lotura baitzuen. Userkaf V. dinastiako lehen faraoiarekin ezkondu zenez, errege emazte handi bezala hartu zuen tronua. Haren hilobia Gizako haranaren uadi edo bai ibilguaren muturrean eraiki zen, era horretan nekropolia sinbolikoki ixteko. Abusirren beste piramide bat aurkitu zuten izen berarekin, baina hurrengo belaunaldiko izen bereko beste erregina batena da.[45]

Beste eraikinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]V. eta VI. dinastiako faraoiek metodo berria erabiliz eraiki zituzten Abusir eta Sakkarako piramideak.[46] Ia denak sartzen dira hiruki sakratuaren proportzio doietan, eta aurrekoak baino txikiagoak dira. V. dinastiako azken errege Unis (K.a. 2375-2345) piramidea egin zenez geroztik, Sakkaran, testuak agertzen dira sarkofagoa gordetzen zuen ganbaran, Piramideetako testuak, ezagutzen diren erlijio testu antzinakoenak.[47] Ganbararen sabaia ere apaintzen zuten: izar zuriak irudikatzen zituzten funtsa urdin ilunaren gainean.
Hileta eraikin multzoak ez ezik, V. dinastiako faraoiek Ra jainkoari eskainitako tenpluak ere eraiki zituzten. Eguzkiari eskainitako tenplu horiek atari bat zuten aurrean, eta berorretatik piramideetakoen antzeko aldapa bat igotzen zen tenpluraino.
Eguzki ontzi bat irudikatzen zuen adreiluzko patio karratu bat izaten zen tenplua bera, eta patioaren barruan obelisko bat egoten zen, idulki baten gainean ezarria.
Gizarte maila garaiko pertsonak, zerbitzatu zuten faraoiaren zenotafioaren ondoan eraikitako mastabetan hobiratzen zituzten. Era horretan, Ra beraren kide bihurtzen ziren, jainko harekin identifikatzen baitzen faraoia hil ondoan.[48]
Eraikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Adituek ez dakite zehazki nola eraiki zituzten Gizako piramideak eta gainerako eraikinak. Denboran zehar, zenbait ikerketa arkeologiko egin izan dira, eta lan aski zehatzak eraikuntza sistema nahiz metrologia aztertzeko. Piramideak harrobi batetik harri pieza handiak garraiatuz eraiki zirela argi dagoen arren, ezadostasunak sortzen dira hain harri handiak garraiatzeko eta kokatzeko balio izan zuten metodoak eta bideragarritasuna aztertzen direnean. Denetariko teoriak daude, Herodotoren antzinateko interpretazioetatik hasi eta beste hipotesi berriago batzuetara. Adibidez, hipotesi berriagoen arabera, harri blokeak leku berean egin ziren, «kareharrizko hormigoi» mota batekin.[49] Hipotesiak hipotesi, aditu gehienen iritziz arrapalak erabili zituzten harri blokeak kokatzeko. Litekeena da piramidearen neurri eta garaieraren araberako arrapalak erabiltzea, obraren beharretara egokitzeko. Behe mailatan, zabalagoak eta malda txikikoak izango ziren, eta, beraz, langile gehiagok parte hartzea lortuko zen; eraikuntzan gora egin ahala, arrapalak estuagoak eta mailakatuagoak izan behar zirenez, pisuak altxatzeko beste mekanismoren bat behar izango zuten. Zernahi gisaz, XXI. mende hasieran ez zegoen oraindik aho bateko adostasunik ikertzaileen artean.[50][51][52]
Keopsen piramide handiari dagokionez, badirudi barruko harri gehiena obraren hegoaldean zeuden gertuko harrobietatik atera zutela. Piramidearen kanpoko aldea, leunagoa, Nilo ibaian zehar garraiatu zuten kareharri zurizkoa zen. Kanpoko blokeak kontu handiz moztu behar izan zituzten, ibai ontzietan garraiatu Gizaraino, eta obrara sartzeko arrapaletaraino eraman. Kanpoko bloke gutxi batzuk baino ez ziren geratu bere lekuan, piramide handiaren behealdean, Erdi Aroan inguruan bizi zen jendeak material asko hartu baitzuen Kairoko hirian eraikinak egiteko.[4]
Denborak aurrera egin ahala, eraikuntza teknikak hobetuz joan ziren. Leku aski lau eta hareazko substratuko bat aukeratzen zuten, oinarri egonkorra lortzeko. Harrien lehen maila arreta handiz altxatu ondoren, piramideak eraikitzen zituzten maila desberdinak jasoz, bata bestearen gainean. Barrualdean, korridore eta arrapalen sistema zehazki aztertu izan dute arkeologoek, eta ondorioztatu izan dute premia tekniko bat zela. Adibidez, galeria nagusiak balio zezakeen harrizko blokeen biltegi izateko, hileta ganbara egin eta ixteko; arnasbideak faraoiaren espiritua beste mundura joan ahal izateko bidea izan zitezkeen.[53]
Piramidea simetrikoa izango zela ziurtatzeko, harri guztien kanpoaldeak garaiera eta zabalera bera izan behar zuen. Langileek bloke guztiak markatuta eduki zitzaketen piramidearen hormaren angelua adierazteko, eta azalera kontu handiz ebakitzen zen, blokeak bata bestearekin bat etor zitezen.[4]
Egiptoko Museo Nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piramide handitik 2 km iparraldera, Gizako eremu arkeologikoaren barnean, Egiptoko Museo Nagusia edo Gizako Museoa eraiki zen, 165.000 m2 azalerarekin. Kairoko erdigunean dagoen Tahrir plazako Egiptoko Museoa ordezten du. Zaharkinen Kontseilu Gorena 2002an hasi zen eraikitzen —nahiz proiektua 1992koa izan—, gehienbat Japoniaren finantzaketaren bitartez, Kontseilu Gorenak kostuen bostena baino zertxobait gutxiago hartu baitzuen bere gain.[54]
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kheopsen piramidea
- Khefrenen piramidea
- Mizerinoren piramidea
- Khentkaus I.aren piramidea
- Mastabak ekialdeko hilerrian
- Khufukhafen mastaba (G7140 eta G7130 ekialdeko hilerrian)
- Khufukhafen mastaba (xehetasuna)
- Ankhafen soina (G7510 mastaba)
- Imeriren mastabako gangadun kapera (G6020 mendebaldeko hilerria)
- Qaren mastaba (ekialdeko hilerrian)
- Qaren mastaba, irarlanak
- Iduren mastaba (ekialdeko hilerrian)
- Iduren mastaba, estatuak
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Watkin 2005, 14. orr. .
- ↑ (Ingelesez) «Pero Tafur: Travels and Adventures (1435-1439)» University of Washington (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-29).
- ↑ (Frantsesez) «Memphis et sa nécropole – les zones des pyramides de Guizeh à Dahchour» UNESCO Centre du patrimoine mondial (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-29).
- 1 2 3 Verner 2002, 64. orr. .
- ↑ Clayton & Price 1988, 4. orr. .
- ↑ Baines & Málek 1992, 134. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Park, H. D.; Shin, G. H. (2009-03-23). «Geotechnical and geological properties of Mokattam limestones: Implications for conservation strategies for ancient Egyptian stone monuments» Engineering Geology 104 (3): 190-199. or. doi:. ISSN 0013-7952. (kontsulta data: 2025-07-31).
- 1 2 3 4 (Ingelesez) Porter, Bertha; Moss, Rosalind. (1974). Topographical Bibliography of Ancient Egyptian Hieroglyphic Texts, Reliefs, and Paintings. Volume III, Memphis. Part I, Abû Rawâsh to Abûṣîr. Oxford: The Clarendon Press (web.archive.org) ISBN 978-0900416132. OCLC .381827 (kontsulta data: 2025-07-31).
- ↑ «Eraikin zerutiarrak» Elhuyar aldizkaria (web.archive.org) 2001-10-03 (kontsulta data: 2025-07-31).
- 1 2 Verner 2002, 189-217. orr. .
- 1 2 3 Lehner 2001, 116. orr. .
- ↑ Lehner 2001, 118. orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Soria, Teresa. «Tumba de Hetepheres I» www.egiptomania.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-31).
- ↑ Lehner 2001, 117. orr. .
- ↑ Lehner 2001, 109. orr. .
- ↑ Arnold 2003, 126. orr. .
- ↑ Baines & Málek 1992, 160. orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Rubin, Maria Jose. (2008-04-07). «La barca solar, viaje al más allá» Sobre Egipto (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-01).
- ↑ Lehner 2001, 119. orr. .
- ↑ Baines & Málek 1992, 163. orr. .
- ↑ Gunn 1925, 242-255. orr. .
- ↑ Djaty, chaty, tjati edo tjaty bisir mota bat zen, eta faraoiaren zerbitzura zegoen Antzinako Egiptoko funtzionariorik garrantzitsuena zen.[21]
- ↑ Aufrère, Goyon & Golvin 1997, 36. orr. .
- ↑ Dodson & Hilton 2004, 56. orr. .
- ↑ Maragioglio & Rinaldi 1966, 5. orr. .
- ↑ Wildung 1998, 52. orr. .
- ↑ Vintner 2014, 52. orr. .
- 1 2 Lehner 2001, 123. orr. .
- 1 2 Lehner 2001, 124. orr. .
- 1 2 3 4 5 Lehner 2001, 126. orr. .
- ↑ Hawass 2003, 145. orr. .
- 1 2 Edwards 1949, 166-167. orr. .
- 1 2 Lehner 2001, 125. orr. .
- 1 2 Vandier 1955, 51-54. orr. .
- ↑ Wildung 1998, 55. orr. .
- ↑ Sureda & Milicua 1987, 204-205. orr. .
- ↑ Lange & Hirmer 1957, 300. orr. .
- ↑ Lehner 2001, 131. orr. .
- ↑ Lehner 2001, 132. orr. .
- 1 2 3 4 5 Lehner 2001, 136. orr. .
- ↑ Egiptologoek erabiltzen dituzten kodeak dira. Hasierako «G» horrek Giza aipatzen du; 3 zenbakia Mizerinoren piramidea; eta erreginen hiru piramideak a, b, c dira, ekialdetik hasita.
- ↑ Verner 2002, 252. orr. .
- 1 2 Verner 2002, 253. orr. .
- ↑ Badawy 1954, 99. orr. .
- 1 2 Lehner 2001, 138. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Starr, Michelle. (2018-07-16). «Archaeologists Have Uncovered a Place Where The Ancient Egyptians Mummifed Their Dead» ScienceAlert (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-06).
- ↑ (Ingelesez) Allen, James P.; Der Manuelian, Peter. (2005). The ancient Egyptian pyramid texts. Atlanta: Society of Biblical Literature ISBN 978-1589833128. OCLC .191938109.
- ↑ (Ingelesez) «The Egyptian God Ra | Sun God of Egypt | Eye of Ra» Ancient Egypt Online (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-06).
- ↑ (Ingelesez) «Engineering the Pyramids Special Project» Drexel University College of Engineering (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-06).
- ↑ (Ingelesez) Wong, Kenneth. (2007-07-01). «French architect Houdin turns the pyramid theory inside out» Tech Trends - Cadalyst AEC (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-06).
- ↑ Brier, Bob. (2009). «Return to the Great Pyramid» Archaeology Magazine Archive (web.archive.org) 62.4 ISSN 0003-8113. (kontsulta data: 2025-08-06).
- ↑ (Ingelesez) «Secrets of a lost world» The Engineer (web.archive.org) 2007-05-08 (kontsulta data: 2025-08-06).
- ↑ Wildung 1998, 47. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Lomholt, Isabelle. (2008-06-18). «Grand Egyptian Museum Cairo» e-architect (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-06).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Arnold, Dieter. Itzulpena: Sabine H. Gardiner. (2003). The encyclopedia of ancient Egyptian architecture (archive.org). Princeton: Princeton University Press ISBN 978-0691114880. OCLC .51641562.
- (Frantsesez) Aufrère, Sydney; Goyon, Jean-Claude; Golvin, Jean-Claude. (1997). L'Égypte restituée. Paris: Errance ISBN 978-2877721486. OCLC .1180849616.
- (Ingelesez) Badawy, Alexander. (1954). A history of Egyptian architecture. Berkeley: University of California Press (archive.org) ISBN 978-1854170538. OCLC .1855798.
- (Gaztelaniaz) Baines, John; Málek, Jaromír. (1992). Egipto: dioses, templos y faraones. Barcelona: Folio ISBN 978-8478381623. OCLC .640044949.
- (Ingelesez) Clayton, Peter A.; Price, Martin. (1988). The seven wonders of the ancient world. London: Routledge ISBN 978-0415002790. OCLC .16684005.
- (Ingelesez) Dodson, Aidan; Hilton, Dyan. (2004). The Complete Royal Families of Ancient Egypt: A Genealogical Sourcebook of the Pharaohs. London: Thames & Hudson ISBN 978-0500051283. OCLC .1466570843.
- (Ingelesez) Edwards, I. E. S. (1949). The Pyramids of Egypt. London: Penguin Books (archive.org) OCLC .873754127.
- (Ingelesez) Gunn, Battiscombe George. (1925). A Sixth Dynasty Letter from Saqqara. Le Caire: Ifao OCLC .1119738276.
- (Frantsesez) Hawass, Zahi. Itzulpena: Denis-Armand Canal. (2003). Trésors des pyramides. Bagneux: Sélection du Reader's digest ISBN 978-2709814645. OCLC .469659349.
- (Ingelesez) Lange, Kurt; Hirmer, Max. (1957). Egypt; architecture, sculpture, painting in three thousand years. London: Phaidon Press (archive.org) ISBN 9780714813493. OCLC .229776 (kontsulta data: 2025-08-05).
- (Ingelesez) Lehner, Mark. (2001). The complete pyramids. New York: Thames & Hudson ISBN 978-0500050842. OCLC .1517520131.
- (Ingelesez) Manley, Bill. (2003). The seventy great mysteries of ancient Egypt. New York: Thames & Hudson ISBN 978-0500051238. OCLC .52695145.
- (Italieraz) Maragioglio, Vito; Rinaldi, Celeste. (1966). L'Architettura delle piramidi menfite. Parte V, Le Piramidi di Zedefrâ e di Chefren. Rapallo: Officine Grafiche Canessa (archive.org) OCLC .491134734.
- (Ingelesez) Schulz, Regine; Seidel, Matthias. (1998). Egypt: the world of the pharaohs. Cologne: Konemann Verlagsgesellschaft ISBN 978-3895089138. OCLC .1123836397.
- (Gaztelaniaz) Sureda, Joan; Milicua, José. (1987). Historia universal del arte. Barcelona: Planeta ISBN 978-8432066818. OCLC .644359930.
- (Frantsesez) Vandier, Jacques. (1955). Manuel d'archéologie égyptienne. Paris: Éd. A. et J. Picard et Cie ISBN 978-2708400207. OCLC .490099875.
- (Ingelesez) Verner, Miroslav. Itzulpena: Steven Rendall. (2002). The Pyramids The Mystery, Culture, and Science of Egypt's Great Monuments. New York: Grove Press (archive.org) ISBN 978-0802198631. OCLC .1206240292.
- (Ingelesez) Vintner, J. C. (2014). Ancient Earth Mysteries. AEM Publishing ISBN 978-0985944537. OCLC .1242958258.
- (Ingelesez) Watkin, David. (2005). A history of Western architecture. London: Laurence King ISBN 978-1856694599. OCLC .60668531.
- (Gaztelaniaz) Wildung, Dietrich. (1998). Egipto de la prehistoria a los romanos. Koln: Taschen ISBN 978-3822875629. OCLC .778990673.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) The Giza Project at Harvard University (web.archive.org)
- Nagore Irazustabarrena (2010-04-24) «Ez zituzten esklaboek eraiki» in Argia (web.archive.org)
| Gizateriaren Ondarea Egipton | ||
|---|---|---|
|
Abu Mena •
Islamiar Kairo •
Menfis eta bere Nekropolia - Piramideen Eremua Gizatik Dahshurrera | ||