Euri azido

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euri azidoa pairatu duen basoa, Jizera mendiak, Txekia

Euri azidoa ohikoa baino azidoagoa den euria da. Kalteak sortzen ditu landare, uretako animalia eta eraikinetan. Euri azidoa gizakiaren eraginez gertatzen da gehien bat, honek eginiko sufre eta nitrogeno isuriengatik, eguratsean nahastean azidoa sortzen baita. Arazoa konpondu nahian, azken urteotan gobernu askok gas isuri hauek gutxitzeko legeak egin dituzte.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euri azidoa, zentral termikoek eta ibilgailuek sortutakoa da batez ere. Hauek erregai fosilak erretzean, tximinietatik edo ihesbideetatik, batez ere sufre eta nitrogeno oxidoa atmosferara isurtzen dituzte. Poluitzaile hauetako zati bat lurreratu egiten da eta beste zatia aireak eramaten ditu, ur-lurrinaz konbinatu eta azidoak sortuz.

Bi mekanismo daude SO2 atmosferan SO3ra oxidatzeko:

  • Heterogeneoa: hautsa eta hezetasun handia dagoenean ematen da.
  • Homogeneoa: hezetasunik ez dagoenean ematen da.

Mekanismo biak atmosferako kutsatzaileen bidez katalizatuta daude.

Atmosferako ur lurrunekin erreakzioa egiten dutenean, SO2 eta NO emisioek H2SO3 eta HNO3 sortzen dute, hurrenez hurren, eta lurrera eta izaki bizidunen gainera erortzen dira. Konposatu horiek atmosferan higitzen dira aerosol moduan, eta gas forman lurrean edo uretan ezartzen direnean (ezarpen lehorra), ekosistemak azidotzen dituzte.

Gas kutsatzaileak mugitzen ari diren eguratseko aire masetan sartzen direnean, sortutako lekutik ehunka kilometrora eror daitezke kaltea bertan eraginez. Orokorrean tximiniak oso altuak izaten direnez, hauek botatako gasak lainoek harrapatzen dituzte. Laino hauek haizearen eraginez mugitu egiten dira eta handik bizpahiru egunera euri kutsatua botatzen dute.

Euri normalak berez badauka azidotasun gradu bat, bertan azido karbonikoa sortzen delako airearen karbono dioxidoa jausten den urarekin disolbatzen denean. Bere pH 5 eta 6 artean egoten da normalean. Baina substantzia azidifikatzaile hauengatik kutsaturiko zonaldetan ordea, euriak dituen pH balioak 3 eta 4 artean egon daitezke eta laino azidoa gertatzen den zonaldeetan pH-a 2.3 baliora ere hel daiteke, hau limoi zukuaren edo ozpinaren antzeko balioak direlarik, honen garrantziaren neurri bat hartzeko.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euri azidoa sortzen duen kutsadura iturria ez da kaltetzen dituen eremuetan bertan egoten beti, gasak hara eta hona ibiltzen direlako atmosferan eta baldintza meteorologiko egokiak dauden edozein lekutan ezartzen direlako. Horregatik, kutsadura eragile gehien aireratzen duten herrialde industrializatuek kontuan hartu behar lukete beren jarduerek herrialde garatu gabeei ere eragiten dietela, eta, joera axolagabe horrekin, hango baliabide naturalak suntsitzen dituztela.

Euri azidoak hainbat ondorio izaten ditu eta garrantzitsua da hauen artean ezberdintzea:

Ur ekosistemak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur ingurunetan lakuak dira ondorio larrienak jasaten dituztenak. Euriak utzitako azidoak errekek eta ibaiek eramaten dituzte. Ur horiek lakuetara isurtzen dira, eta hango animalia eta landaredia, kalteturik edo hilik geratzen dira.

Ekosistema hauetan, azidifikazioaren eragin kaltegarria guztiz frogaturik dago. Jatorri edo era honetako kutsaduraz konturatu ziren ikerlariak, 1960 eta 1970 urteen artean Suediako eta Norvegiako laku eta ibai ugarietako arrain eta anfibioen kantitatea murrizten ari zela era oso arin eta arriskutsu batean ohartuz lortu zuten. Honen ondorioz uretako animalia askoren ugalketa prozesua eraldatzen eta hondatzen da, espezie batzuk ezin baitira bizi pH 5.5 mailatik berako ur ingurunetan. Euri azido honen eragina askoz nabarmenagoa da gainera harri ez karetsuko lurraldetako lakuetan, lurraldea karetsua denean, ioi alkalinoak ugariak dira lurrean eta neurri handian azidifikazioa neutralizatzen dute. Baina harriak granitoak edo kantoietan urriak diren azidoak direnean, lakuak eta ibaiak jasaten duten eragin kaltegarria askoz nabarmenagoa da ezarpen azidoen aurrean, hau ezin delako neutralizatua izan lurraren konposizioagatik.

Lur ekosistemak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehorrean, basoak dira kalteturik handienak. Zenbait lekutan zuhaitzek hostoak galtzen dituzte, eta, euri azidoa lurreko konposizioa aldatzen duenez, aurreko oreka apurtu egiten da. Lur azidoan hasitako zuhaitzak, izozte edo lehorte garaian ez dute behar adinako defentsarik. Ondorioz, ahulezia honen eraginez basoetan dauden birus, onddo edo intsektuen erasoz galtzeko posibilitatea besterik ez dute.

Landareengan eta beste zenbait lurrazaleko gorpuzkerengan duen eragina ez dago hain argi, baina susmatzen da deituriko “basoen hilketa”-ren, mundu osoko baso gainazal handienengan eragina duena, arrazoietariko bat dela hau. Era beran badirudi ere lurrazaleko ekosisteman kalteak sortzen dituela lurrazalean eragiten dituen aldaketak direla eta, baina hauen ikasketan jarraitu beharra dago, benetan dituen eraginak aztertu ahal izateko.

Eraikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euri azidoak kaltetutako estatuak

Euri azidoa gizakien etxebizitzei ere kalte eragiten die, margoetako eta eraikuntzetako materialak ukituz, ondorioz kaltetu ez ezik apurtu ditzakeelako. Arnastutako hautsak, gasak eta partikulak substantzia kantzerigenoak izan daitezke.

Metal eta eraikuntzen korrosioa da euri azidoak sorturiko beste kalteetariko bat. Aire librean kokaturiko arte obra eta eraikuntzak narritzen ari dira industrializazio aroaren aurretik degradatzen ziren baino askoz abiadura handiagoan, eta hau kutsadura atmosferikoaren ondorioz, ezarpen azidoa dela eta bereziki, gertatzen ari da. Aktibitate komertzialek, industrialek eta etxeko jarduerek era askotako hondakin eta azpiproduktuak sortzen dituzte, eta hauek ingurugirorako itzeleko karga suposatzen dute, uretan eta atmosferan dutelarik eraginik nabarmenena. Aurreko kalteak sortzen dituen eragilerik nabarmenetariko bat, dudarik gabe, euri azidoa da, honen bidez atmosferara jariaturiko sufre eta nitrogenoaren ondorioz hain zuzen ere. Aipaturiko sufre eta nitrogeno ziklo hauek industria kutsatzaileen, zentral elektrikoen eta autoen jariaketek, ingurugirora jarraitzen duten ibilbidea erakusten dute, hauek, euri azidoarekin jausiko diren azido sulfuriko eta nitriko tantak bilakatzen diren arte, animaliengan, zuhaitzengan eta landareengan eragin kaltegarriak sortuz.

Konponbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak zenbait teknika garatu ditu ingurumenaren babeserako eta era berean zenbait disposizio legal eta nazioarteko hitzarmen sortu dira produktu arriskutsu eta erasokorren kontzentrazioak kontrolatzeko. Era honetan, enpresa askok teknologia berri hauek aplikatzen ari dira eta baimenduriko emisio mailen azpitik dihardute.

Espainian, industrializazioaren eta kontsumo energetikoaren kontzentrazioaren ondoriozko efektuen ardurak, 1972-ko ingurumen atmosferikoaren babeserako legea argitaratzea ekarri zuen. Honek aurrera pauso garrantzitsu bat suposatu zuen mugaz gaindiko eremuetan, 1982ko Genevako hitzarmenean aztertu zelarik eta ondorengo Helsinki 1985, Sofia 1988, Geneva 1991, Oslo 1994, Aarhus 1998ko ingurumenaren babeserako protokoloetan. Bertan teknologia oso kutsatzaileen eta zaharkituen erabilera debekatu zen.

Euri azidoaren ondoriozko arduretariko bat beraz, atmosferara isuritako nitrogeno eta sufre partikulak dira, azido sulfuriko eta azido nitriko tanta moduan bukatuko direlarik.

Neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat neurri hartuz konpon daiteke euri azidoaren arazoa:

  • Uren azidotasuna neutralizatzeko teknikak baliatzea: base gisa diharduten substantziak eranstea edo iragazkiak ipintzea, adibidez. Teknika horiek, dena den, garestiak dira eta arazoa epe motzean konpontzeko bakar-bakarrik erabil daitezke.
  • Teknologiak hobetzea. Energia eraginkortasun eta zentzu handiagoz erabiltzeak eta igorritako gasei garbitasun sistema hobeak aplikatzeak arazoa konpontzen lagunduko lukete.
  • Ibilgailuen ihes-tutuetatik botatako gasen kantitatea, txikiagoa egin behar da. Horretarako katalizatzaileen bidea da egokiena.
  • Ibilgailu partikularrak gutxiago erabili behar da eta garraio publikoak edo bizikleta gehiago erabili behar dira.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euri azido Aldatu lotura Wikidatan