Edukira joan

Gizarte klase

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizarte maila» orritik birbideratua)
Soziologia

Gizarte zientziak

Aspektu orokorrak

Gizarte ikerkuntza
Gizarte teoria · Teoria soziologikoa
Praktika soziologikoa

Alorrak edo gertuko alorrak

Kriminologia · Demografia
Gizarte mugimenduak
Gizarte psikologia · Soziolinguistika
Soziologiaren arloak: Ekonomia
Erlijioa · Ezagutza · Generoa
Gizarte egitura · Hezkuntza
Hiria · Hizkuntza · Kultura
Legea · Politika · Zientzia

Kategoriak eta zerrendak
Soziologoak · Aldizkariak

Gizarte klasea estratifikazio sozialaren mota bat da, zeinean gizabanakoen talde bat ezaugarri komun bat partekatzen duen, sozioekonomikoki elkarren artean erlazionatu egiten dituena. Harreman horiek interesa sortu edo interesagatik edo objektuengatik sortuak izan daitezke, zeinak komunak kontsideratzen diren eta gizabanakoen arteko elkartasuna indartzen duten.

Estratifikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gizarte estratifikazio»

Estratifikazio soziala gizabanakoen, haien kategoriaren arabera, klasifikazioa edo hierarkizazioa da. Estratifikazioaren oinarrizko ezaugarriak lau dira:[1]

  1. Estratifikazio soziala gizarte osoak daukan ezaugarri bat da, eta ez bakarrik bertako gizabanako batzuena. Sozietate industrialetan pentsatzen da posizio soziala esfortzuaren eta talentuaren ondorioa dela (meritokrazia), eta modu horretan puztu egiten dugu gizabanakoa bere etorkizunaren gainean duen kontrola. Adibide bat jartzeko, Titanic barkuan biziraun zuten pertsona gehienak lehenengo klasekoak izan ziren, baina hau ez zen azkarragoak zirelako edo igerilari hobeagoak zirelako, bere kokapen sozialagatik baizik. Aberatsak eta pobreak ez dira estratifikazio sistema honen erantzule zuzenak, baina mailaketa horrek beren bizitzetan eragin handia dauka.
  2. Estratifikazio sistemak belaunaldiz belaunaldi irauten du. Gizarte guztietan gurasoek haien seme-alabei haien posizio soziala transmititu egiten diete; beraz, ezberdintasunaren pautak belaunalditik belaunaldira iraunarazten du.
  3. Estratifikazio soziala unibertsala da, baina sozietate batetik bestera aldatu egiten da. Guztietan ezberdintasunak daude, baina desberdintasun horien gradua eta esanahia ez da berdina gizarte batean edo bestean.
  4. Estratifikazio soziala ez da bakarrik ezberdintasun kontua, kultura soziala ere sartu egiten da eta erlazionatuta dago indibiduoen sinesmen sistemarekin.

Estratifikazio sistemak beste ezaugarri batzuen arabera ere antolatzen da, klase sozialaz gain, hala nola, generoa, adina eta etnia. Hauek maila ekonomikoarekin lotuta, estratifikazioa antolatzeko irizpide garrantzitsuenak dira, baina beste batzuek ere eragina badute, adibidez: hizkuntza, orientazio sexuala, gutxitasunak, eta abar.

Gizarte klasearen kontzeptua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte klasearen definizio bat eman baino lehenago komenigarria da klasea beste estratifikazio motetatik desberdintzea:[2]

  • Klaseak ez dira talde itxiak, baizik eta indibiduo ezberdinetatik osatutako agregatu zehaztugabeak. Hau da, ez gara klase baten kideak legeak maila sozial zehatz batean kokatzen duen familia batean jaiotzeagatik. Sistema klasistak oso arinak dira eta batzuetan zaila izaten da klase baten eta beste bateko mugak ezartzea.
  • Klaseak ez dira gizabanakoei atxikitako ezaugarria, eskuratutakoa baizik. Honek esan nahi du jaiotzak ez duela beti indibiduo baten klasea zehaztuko. Klaseetan oinarritutako estratifikazioak gizabanakoen eta taldeen klase sozialen aldaketa ahalbidetu egiten du.
  • Klase sozialak ez ditu barneratzen faktore ez ekonomikoak, zeinak beste estratifikazio motetan agertzen diren.
  • Klase sozialak ez ditu harreman pertsonalak barneratzen zeinak beste estratifikazioen ezaugarriak dira. Klase partaideen arteko harremana merkatuen eremu anonimoan edo organizazio handietan argitzen dira. Beraz, klaseak ulertu daitezke harreman sozial ez-pertsonalen multzoa gisa.

Klase sozialak zer ez dira argituta, bere ezaugarri esanguratsuenak zehaztu eta definizio bat proposatu daiteke. Klase sozialen ezaugarri garrantzitsu batzuk, beraz, ondoko hauek dira:

  1. Talde irekiak dira, haien parte izatea ez da legearen edo ohituren bidez ezartzen.
  2. Klase sozialak oso estratu iragazkorrak dira, eta haien arteko zirkulazioa (mugikortasun soziala) gerta daiteke.
  3. Klase sozialak agregatu sozialak dira osagai ekonomikoarekin eta ezberdintasun ekonomikoek klaseen ezaugarritzean paper garrantzitsua jokatzen dute.
  4. Klase desberdineko partaideen arteko konexioak lotura ez-pertsonal eta anonimoaren forma hartzen du.

Beraz, klase sozialak horrela definitu ditzakegu: errekurtso ekonomiko berdinak dituzten pertsonen multzoa, zeinak haien bizimoduan eragina duen. Okupazioa edo lan mota adierazle nagusiena da zein klasekoak dira zehazteko.

Laburbilduz, klaseak talde sozioekonomikoak dira, zeinek desberdintasunak egituratu egiten dituzten gizarte industrializatuetan, lanbideetan oinarritzen direnak eta desberdindu egiten dira aberastasunaren ezberdintasunagatik.

Autore askorentzat, gehienbat marxistentzat, klase sozialak gizarte moderno kapitalistetan desberdintasuna egituratzen duen talde nagusia da. Baina desberdintasunaren beste forma batzuk ere existitzen dira, ekonomikoak ez direnak eta gizarte moderno kapitalistan bere pisua ere badutenak. Haien artean generoarekin eta adinarekin erlazionatutako ezberdintasunak daude, eta baita etniarekin lotutako ezberdintasunak ere.

Gizarte klaseen adierazleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakiteko zein klasekoa den pertsona bat ondorengo adierazleak erabili ditzakegu:

  • Adierazle subjektiboak: Pertsona baten iritziaren araberakoak dira, eskala batean kokatzen gaituena. Adibidez, ezagutzen gaituen norbait guri buruz zer pentsatzen duen edo gu geuk zer pentsatzen dugun.
  • Adierazle objektiboak: Ez dira iritzien araberakoak, baizik eta errealitatearen azterketa baten araberakoak direla. Garrantzitsuena diru-sarrera izan ohi da, familiaren diru-sarrera bereziki. Erabiltzen diren beste adierazle batzuk estratu sozial nahiz profesionala eta gastuak dira, baina asko gehiago daude: etxebizitzaren kalitatea, etxebizitzaren lekua, kotxea, eta abar.

Mugikortasun soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gizarte mugikortasun»

Mugikortasun sozialak erreferentzia egiten dio gizabanakoek eta taldeek posizio sozial batzuetatik besteetaraino egiten dituzten desplazamenduei. Kokapen sozialak hierarkizatuak daudenez, mugikortasun bertikala deritzo estratu batean dauden goranzko eta beheranzko mugimenduei. Logikoki, goranzkoa izango da mugimendua goi-mailako posizioetara zuzentzen denean, eta beheranzkoa behe-mailako posizioetara zuzentzen denean.

Desberdintzen den beste mugimendu bat mugimendu horizontala da, zeinak erreferentzia egiten dion estratuan aldaketarik sortzen ez duen mugimenduei, adibidez desplazamendu geografikoei; hau da, maila berdinaren baitan egiten diren aldaketak dira, adibidez: etxebizitzaz aldatu, hiriz aldatu, ata abar. Askotan bi mugimenduak batera gertatzen dira. Estratifikazioaren teoria mugikortasun bertikalean zentratzen da gehienbat eta, ikusita posizio sozialaren adierazle nagusienak lanbideak direla, mugikortasun soziala oinarritzen da gehienbat lanbide egoeraren aldaketen behaketan.

Beste aldetik, mugikortasuna aztertzerakoan bi modutan egin daiteke. Aztertu dezakegu lehendabizi gizabanakoen bizitzan zehar ematen diren desplazamenduak, kasu honetan belaunaldi barruko mugikortasuna aztertzen ariko gara. Baita ere aztertu dezakegu seme-alaben aldaketa soziala gurasoenarekin konparatuta; interesgarriena da-eta konprobatzea ea zein puntutaraino gurasoek eta semeek posizio sozial berdina partekatzen duten, eta horri belaunaldien arteko mugikortasuna deritzo.[3]

Estratifikazio soziala gizarte industrializatuan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte klasearen definizio argi bat ematea zaila izateak erakusten du eztabaida teorikoa dagoela soziologiako kategoria honetan:

Karl Marx.

Karl Marx bere ikuspuntu materialista historikotik klase sozialak definitu egin zituen kontzeptu guztiz ekonomikoetan, are gehiago, produkzio metodoen jabedun edo ez jabedun terminoetan. Marxismoaren arabera, klase sozialak ugariak dira, eta bi nabarmentzen dira: Burges kapitalistak eta langile industrialak. Klase hauek agertu egiten dira kapitalismo industrialean, produkzio modu horrek oinarri gisa daukalako gizabanakoak jabedun askeak izatea. Kapitalista ekoizpen mekanismoen jabeduna da, eta langilea, aldiz, lanaren indarraren jabeduna. Harreman horretan ematen da ustiatze kapitalista.

Klaseak bizirauteko mekanismoak partekatzen dituzten talde handiak dira Marxentzat. Marxek zioen klaseen arteko harremanak tirabiratsuak direla halabeharrez, ustiapen harremanak direlako. Kapitalismoan, enpresariek produkziorako mekanismoen jabetza erabiltzen dute produkzioaren prozesuan proletarioak ustiatzeko.

Truke hau da ezberdintasuna eragiten duena klase sozialen artean, kapitalista produkziorako mekanismoen jabea izatearen ondorioz helburu moduan daukalako lortzen duen kapitala inbertitzea kapital gehiago lortzeko. [4]

Max Weber.

Max Weberrentzat, klaseen definizioaz aparte, estamentuen definizioa ere badago. Weber Marxekin ados dago esaten duenean klaseak haien eskuratze ahalmenaren menpe daudela. Baina autore honek ez du definizioa soilik oinarritzen ondasunen jabetzan, zenbait irizpide erantsi egiten ditu-eta: 1) Subjektuaren kanpoko posizioa eta 2) honen patu pertsonala. Hauek kontuan hartuta soilik egin daiteke klaseen definizioa.

Weberrentzat klaseak bizitzeko aukera berdinak partekatzen dituzten pertsonen taldeak dira, zeintzuk merkatuek zehazten dituzten. Marxek zioen klaseen banaketa produkzio harremanek sortzen zutela, Weberrentzat, berriz, merkatuan lortzen diren irabaziek sortzen dute banaketa hori. [5]

Weberrek lau talde sozial proposatu zituen: langile klasea, burgesia txikia, maila txikiko teknikoak, espezialistak eta administrariak eta, azkenik, pribilegiatuak propietate eta hezkuntzari esker.

Weberrentzat klaseak ez dira ezberdintasun sozialaren irizpide bakarra. Weberrek estatusa eta boterea gehitzen ditu. Estatusak erreferentzia egiten dio talde batzuen ohoreari, eta batzuetan oinarrizko elementua da ordain materialak egozteko, eta ildo horretatik, oinarrizkoak bizitzako aukerentzako. Estatusa bizi-estiloarekin eta kontsumoarekin erlazionatuta dago, eta oso lotuta dago posizio sozialarekin ere bai.

Botereak erreferentzia egiten dio obedientzia eskatzeko ahalmenari, eta ezberdintasun sozialaren oinarrizko elementu gisa jokatu dezake.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Macionis, J.J. / Plummer, K. (2008): Sociología, Pearson Prentice-Hall, 238. orr.
  2. Fernandez Prados, J.S. (d-g) Clase social e indicadores de clase. La estratificación social. La movilidad social: sus clases. Socialización y clase social
  3. Vericat, J. (d-g) Clases sociales, Diccionario Crítico de Ciencias Sociales, Madrilgo Unibertsitate Complutensea (Gaztelaniaz)
  4. Garrido, L. (2009) Sobre el concepto de clase social en Marx y Weber
  5. Osborne, R. (2005): Sociología para todos. Bartzelona: Paidós, 55.orr.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]