Gizarte estratifikazio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Soziologia

Gizarte zientziak

Aspektu orokorrak

Gizarte ikerkuntza
Gizarte teoria · Teoria soziologikoa
Praktika soziologikoa

Alorrak edo gertuko alorrak

Kriminologia · Demografia
Gizarte mugimenduak
Gizarte psikologia · Soziolinguistika
Soziologiaren arloak: Ekonomia
Erlijioa · Ezagutza · Generoa
Gizarte egitura · Hezkuntza
Hiria · Hizkuntza · Kultura
Legea · Politika · Zientzia

Kategoriak eta zerrendak
Soziologoak · Aldizkariak

Gizarte estratifikazioa gizabanakoen, haien kategoriaren arabera, klasifikazioa edo hierarkizazioa da. Mailaketa horretan eragiten duten aldagai nagusiak klase soziala, generoa, etnia eta adina dira. Estratifikazioaren oinarrizko printzipioak lau dira:[1]

  1. Estratifikazio soziala gizarte guztia daukan ezaugarri bat da, eta ez bakarrik bertako gizabanako batzuena. Sozietate industrialetan pentsatzen da posizio soziala esfortzuaren eta talentuaren ondorioa dela, eta modu honetan puztu egiten dugu gizabanakoa bere etorkizunaren gainean duen kontrola. Adibide bat jartzeko, Titanic barkuan bizi-iraun zuten pertsona gehienak lehenengo klasekoak izan ziren, baina hau ez zen azkarragoak zirelako edo igerilari hobeagoak zirelako, bere posizio sozialagatik baizik izan zen. Aberatsak eta pobreak ez dira estratifikazio sistema honen erantzule zuzenak, baina bere bizitzetan eragin handia dauka.
  2. Estratifikazio sistema belaunaldiz belaunaldi iraunarazten da. Gizarte guztietan gurasoek haien seme-alabei haien posizio soziala transmititu egiten diete, beraz ezberdintasunaren pautak belaunalditik belaunaldira iraunarazten da.
  3. Estratifikazio soziala unibertsala da, baina sozietate batetik bestera aldatu egiten da. Guztietan ezberdintasunak daude, baina desberdintasun horien gradua eta esanahia ez da berdina gizarte batean edo bestean.
  4. Estratifikazio soziala ez da bakarrik ezberdintasun kontua, kultura soziala ere sartu egiten da eta erlazionatuta dago indibiduoen sinesmen sistemarekin. Estratifikazio sistemaren alde dauden gehienek posizio pribilegiatukoak dira.

Ondorioz, estratifikazio sozialaren aldagai nagusi gisa klase soziala hartu izan da. Estratifikazio sistemak beste ezaugarri batzuen arabera ere antolatzen da, hala nola, generoa, adina eta etnia. Hauek maila ekonomikoarekin lotuta estratifikazioa sortzeko irizpide garrantzitsuenak dira, baina beste batzuk ere existitzen dira, adibidez, hizkuntza, orientazio sexuala, gutxitasunak...


Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Gizarte estratifikazioa» terminoa erabiltzen da soziologian gizarteetan eta gizarte taldeen artean dagoen desberdintasunaren araberako egitura iraunkorrak deskribatzeko.

Haren argitara aztertzen dira aberatsen eta pobreen arteko aldeak (sarrera ekonomikoetan eta bizi baldintzetan, esate baterako), pertsona langabeen pobretzea, emakumeek gizonen aldean jasan behar izaten dituzten eragozpenak, langile familian sorturiko gizabanako batek denboraren emanean klase ertaineko kide bihurtzeko dituen aukerak, eta abar.

«Gizarte estratifikazioa» terminoak iradokitzen duen legez, Lurrazaleko geruzak edo estratuak ordenatzen diren bezala sailka daitezke gizarte taldeak, mailaka alegia, eta gizarteko behe eta goi mailez, geruzez edo estratuez hitz egin ahal izango dugu, aintzat hartuz gero aberastasun, botere edo prestijioaren jabetzaren banaketa desberdina; eta mailak bereiziko dira halaber adin, sexu, arraza edo erlijioaren arabera. Maila edo geruza bakoitzeko kideek aukera batzuk izan ditzakete bizitzan, baita pentsatu, jardun eta sentitzeko modu berdin samarrak izateko joera ere, eta identitate eta kidetasun komuna dute beren estratuko gainerako kideekin. Ezaugarri horiek bereizten dute estratu bakoitza gainerako estratuetatik.

Gizartearen estratifikazio mota batzuk historian zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost gizarte estratifikazio mota nagusi bereizi ohi dira, hau da, bost multzo nagusitan sailkatu ohi da gizarte estratuen arteko desberdintasuna historia ingurune eta kultura desberdinen arabera. Halatan, bost gizarte eredu nagusi bereizten dira:

Antzin Aroko eredua dagokie lehen gizarte ehiztari-biltzaileei; haietan, funtzio magikoen titularitatea eta giza nortasunaren ezaugarri batzuk, ziren gizarte desberdintasunerako faktoreak, indarra eta trebetasuna esate baterako, ehizan eta gerran garrantzizko faktoreak ziren aldetik. Oinordekotzan oinarrituak ziren eragin handieneko estratuak, buruzagia eta xamana adibidez (sendatu, etorkizuna asmatu edo izpirituei deitzeko naturaz kanpoko ahalak dituen aztia da xamana). Gizarte konplexuagoetan, lanerako metalezko tresnak eta lurgintza teknikak ezagutzen zituzten gizarte laborarietan esate baterako, ugariago ziren gizarte desberdintasunak eta hiru estratu nagusitan banatzen ziren: – sistemaren erpinean zeuden gizabanako boteretsu eta pribilegiatu gutxi batzuk, gainerakoek ekoizten zuten soberakinez jabetzen zirenak; – haien azpian zegoen funtzionario eta espezialista klase jendetsuago bat, klase gobernariaren zerbitzupean ziharduena; – oinarrian herri xumea zegoen, gaineko estratuek ezinbesteko zuten soberakina ekoizten zuena.

Botere politikoa zen Ekialdeko despotismoaren araberako sistemaren oinarrizko estratifikazio elementua. Ekialdeko inperio handietan gorpuztu zen sistema hau (Txina, India, Egipto, Mongolia, eta abar), baita Colonen aurreko Ameriketan eta Afrika beltzean ere. Botere absolutu batek gidatzen zuen estatua, eta burokrazia boteretsu bat arduratzen zen administrazioaz: huraxe zen klase gobernaria. Lurralde zabalak administratzen zituen klase honek eta beharreko bitartekoak ezartzen zituen garapen ekonomikoari begira, herri lanen arloan bereziki. Azpian zeuden mendekoak, botereak inolako pribilejiorik ematen ez zien arren, estatuarentzako lanen bat egiteko prest egon behar zutenak beti.

Kasta sistema da gizarte hinduaren araberako desberdintasun sistema. XVI. mendean hasi ziren portugaldarrak kasta hitza erabiltzen gizarte hinduaren errealitate konplexua adierazteko, eta leinuaren, hau da, familia baten aurrekoak eta ondokoak kontuan hartzen dituen gizarte estratuaren ideia adierazi nahi zuten haren bidez. Oro har, lau varna ditu kasten araberako hierarkia sistemak, beste horrenbeste gizarte funtzioren ordaineko (varna hitzak hierarkia maila adierazten du sanskritoz): – brahmanak (apaizak), – txatriak (gudariak), – vaisiyak (merkatariak, negozio gizonak), – sudrak (laborariak, langileak, zerbitzariak). Halarik ere, jati da kastaren izen hindua, eta espeziea adierazten du, animalia eta landare espezieak esate baterako. Familia-talde diren aldetik, askoz murritzagoak dira kastak varnak baino eta etorkiak edo odolak zehazten ditu oroz gainetik: honako edo halako kastan sortua da bat; baditu beste bereizgarri batzuk ere: inor bizi den lurraldea; lanbidea; ahaidetasun erregimena, kasta bateko kidea beste kasta bateko zein kiderekin ezkon daitekeen zehazten duena; har dezaketen janari mota. Sistema honen araberako hierarkia zehazten duen irizpidea ez da dirua, ez boterea, baizik eta araztasuna eta zikintasuna bereizten dituen ideia erlijiosoa; halatan, kasta bateko kide izateak halako portaera kodeak eta erritoak betetzea eskatzen du ezinbestean, inor beste kastetako pertsonekiko harremanetan kutsatuko ez bada. Beren kastatik kanporaturiko gizabanakoek kastagabeen edo ukiezinen taldea osatzen dute, gizarte hierarkia hinduaren araberako postu beherenean daude, eta gehien gutxiesten diren lanak egiten dituzte. Bi mila urtetik gora dituen sistema guztiz estatiko honek berebiziko eragina du egun ere, eta Indiako jende gehienaren bizitza eta harremanak baldintzatzen ditu. Halarik ere, mendebaldeko bizimodua eta pentsamoldea errotzen ari dira arian-arian gizarte hinduan, hirietako klase ertainetan eta goi burgesian batez ere, eta gizarte aldaketa honek kolokan jar lezake sistema honen egonkortasuna.

Estamentu sistema Erdi Aroko Europan egokitu da batez ere (V. eta XVI. mendeen artean) eta gure garaiko industria estatuetako klase sistemaren aurrekoa da historian. Feudalismo deritzo estamentuen araberako erlazio sistemari, eta lurraren jabetza feudalaren araberako ordena da haren oinarria. Lur jabetza handia zen feudoa, eta jauna zen haren jabea; jaunaren mendekoak hertsiki lotuak ziren landu beharreko lurrari, eta kopuru jakin batzuk ordaindu behar izaten zizkioten jopu edo mendekoek jaunari –ondasun, zerbitzu edo diru bidez– lurra erabiltzeagatik eta jasotzen zuten babesagatik. Sistema feudalaren arabera, betebeharrak zituen gizartekide laiko orok mailaz gorago zegoen beste baten aurrean, eta erregea edo enperadorea zegoen erpinean. Halatan, mendekoek zerbitzuak eta ondasunak zor zizkioten beren jaunari; behe mailako jaunek, zaldunek, maila goragoko jaun bati (konde, baroi…) obeditu behar zioten, eta goi mailako jaunek leialtasunezko zina egin behar zioten erregeri. Gizarte feudaletan, bi oinarri nagusi zituen gizarte funtzioen banakuntzak: alde batetik, leialtasuna zin egin behar zion mendekoak maila goragoko jaunari eta, bestetik, aldi berean aitortu behar zuen mendekoak zinaren araberako obligazioak beteko zituela ezinbestean. Halatan, gizartekideen arteko kontratu loturen bidez itxuratzen zen gizarte feudalaren batasuna; maila behereenetik hasi eta goraino kateatzen ziren lotura haiek; ohitura zen oinarria, indarra zen arrazoia eta eliza zen sistemaren babesa. Gerokoan, faktore batzuen eraginez –hirien hazkundea, industria ekoizpen gero eta handiagoa, merkataritza gero eta zabalagoa, aldaketa ideologiko sakonak– urratu egin zuen gizarte feudalak kapitalismoranzko bidea, eta horrenbestez sortu zen gizarte estratifikazio sistema berri bat, klase sistema edo klase egitura.


Klase sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte estratifikazio sistema hau hertsiki lotua dago industria kapitalismoak XIX.. endetik egun arte mendebaldeko gizarteetan bideratu duen garapen, zabalkunde eta bilakaera prozesuarekin. XIX. mendean zabaldu zen klase hitza gizarte mota berria adierazteko, hitz horren etimologiak Erromako inperioaren garaietara garamatzan arren. Izan ere, estatuari ordaindu beharreko zerga kopuruaren arabera banatzen zuten erromatarrek populazioa, eta gizarte geruza bakoitza adierazteko erabiltzen zuten, hain zuzen ere, klase hitz latindarra.

Oro har, talde ekonomiko gisa definitzen dira klaseak eta, horrenbestez, aberastasuna, errenta, soldatak, etekinak, lanbide mota edo boterea banatzerakoan aintzat hartzen den desberdintasunaren araberako hierarkia eta ordena egitura dugu klase sistema.

Teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestelakoak izan dira soziologoek gizarte desberdintasuna sortzen duten eta, horrenbestez, gizarte kapitalistetako klase sistemak egituratzen dituzten faktoreen gainean eginiko interpretazioak. Klase sistemen azterketari dagokionez, Karl Marx (1818- 1883) eta Max Weber (1864-1920) izan dira tradizio teoriko nagusien aitzindariak.


Karl Marxen interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marx-en arabera bi gizarte klase dira funtsezkoak gizarte kapitalistan: burgesia edo klase kapitalista, alde batetik, eta langileria, bestetik. Ekoizpenerako bitartekoen jabea da burgesia, hau da, haren esku daude kapitala, lantegia edo enpresa, ekoizpenerako tresnak, eta abar; ekoizleek osatzen dute langileria, eta beren lan indarra saltzen dute soldata baten truke. Gizarte eredu hau ez da berdintasunean oinarritzen eta zapaltzailea da era berean, klase jabea ekoizpenerako bitartekoen gainean duen kontrolaz baliatzen baita ekoizle gehienek lanean sortu duten gainbalioa edo soberakina eskuratzeko. Gainera, ekoizpenerako bitartekoen kontrolaren eskutik dator menderatze politikoa. Halatan, klaseen arteko banakuntzak jabetzaren eta, aldi berean, boterearen banakuntza dakar ezinbestean, eta klaseek zapaltzaileen eta zapalduen arteko erlazioa deskribatzen dute.

Harreman hauetan, interes kontrajarriak sortzen dira klaseen artean, eta interes horien arabera sortzen da klaseen arteko gatazka.

Harreman horien ondorioz, eta Marx-ek kapitalismoaren barruan sumatu zituen kontradikzio ekonomikoek ere bultzatuta (kapitalaren kontzentrazio prozesuak eragiten ditu, batez ere, kontradikzio horiek.

Elkarte anonimo bihurturiko enpresen hazkundea da prozesu horren erakusgarri bat), kapitalismoaren estadio aurreratuenetan langileria bere egoeraren kontzientziaren jabe egingo da eta horrenbestez sortuko da klase borroka. Halatan sortuko da kapitalismotik berdintasunean oinarrituriko gizarte eredu bat, klaserik gabeko gizartea: komunismoa.

Erantsi beharra dago ekoizpenerako bitartekoen jabetza harremanetan oinarrituriko klase eredu dikotomiko hau gizarte mota historiko bakoitzean gertatu dela eta, Marx-ek berak aitortu zuen bezala (bere historia lanetan bereziki: Luis Bonaparteren 18 Brumarioa eta Klase borroka Frantzian 1848-1850 bitartean), klase menderatzailearen eta klase menderatuaren artean badira trantsizio-klase batzuk, gizarte gatazka larrietan disolbatu eta bi klase antagonikoetako baterantz lerratzen direnak. Kapitalismoaren kasuan, esate baterako, klase ertainen estratu beherenak –industrialari txikiak, dendariak, errentistak, eskulangileak eta nekazariak– langileriaren lerroetara makurtuko lirateke, ez bailukete merkatu kapitalistan lehiatzeko gaitasunik edukiko; izan ere, kapitalista handien esku egongo litzateke merkatua eta aukera izango lukete horrenbestez bitartekoetan, batez ere teknologikoetan, kapital inbertsio gero eta handiagoak egiteko, eta ekoizpena emendatuko litzatekeen heinean merketuko litzateke merkaturaturiko produktua.


Max Weberren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Max Weber-ek gizarte klaseen gainean bideratu zuen interpretazioak baldintza ekonomiko objektiboak ditu oinarri nagusia, Marx-enean bezala, baina aintzat hartu zituen era berean beste faktore batzuk, hala nola ezagutza teknikoak eta agiriak (tituluak edo diplomak) edo pertsonek irits ditzaketen lan moldeei eta, horrenbestez, soldata eta lan egoerari dagozkien kualifikazioak.

Lau klase bereizi zituen: – klase jabea, – intelligentsia edo administrazio eta gestio klasea, – burgesia txiki tradizionala edo negozio pertsona eta merkatari txikien klasea, eta – langileria.

Gizarte klaseez gainera, haiekin zuzeneko lotura ez duten oinarrizko bi alderdi bereizi zituen gizarte estratifikazioan: gizarte esparrua eta botere esparrua. Taldeek lanbide bakoitzari ematen dioten gizarte ohorea edo prestigioaren araberako aldea dago gizarte talde batetik bestera, eta alde horri dagokio gizarte estatusa. Arrazoi horrexegatik bereizten dira gizartean kontsiderazio maila handia bezain positiboa duten estatus pribilegiatu batzuk, hala nola sendagileak eta abokatuak, eta negatiboki pribilegiatuak,hau da, baztertu eta gehienetan aukerarik gabe uzten diren taldeak, hala nola juduak Erdi Aroko Europan (edo immigrante afrikar gehienak egungo Europan), lanbide batzuetarako eta kargu ofizialetarako sarrerarik gabe diharduten aldetik.

Gizarte modernoetan kontuan hartzekoa da, halaber, alderdi politikoek gizarte estratifikazioan eduki dezaketen eragina.

Definizioz, alderdi batera biltzen dira jatorri, asmo edo interes komun dituzten gizabanakoak, eta haien bidez adieraz daitezke desberdintasun ekonomikoak edo klaseak, ideia nazionalistak, erlijiosoak, eta abar.

Weber-en argudioaren arabera, estatusen edo alderdien arteko aldeak klase banaketaren adierazgarritzat har daitezke azken batean, baita klase bat estatusen eta alderdien eraginpean dagoenean ere; bestalde, eragina izan dezakete bi faktore horiek gizabanako eta giza taldeengan eta, horrenbestez, klase batengan. Marx-enean, ordea, klaseen arteko banaketaren ondorioak dira estatusen arteko aldeak eta alderdi politikoak.

XX. mendean zehar, industria gizarte aurreratuenen joeren arabera moldatu eta egokitu dira bi teoria klasiko hauek.


Teoria funtzionalista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940. eta 1950. urteetan plazaratu zen teoria funtzionalista marxismoak gizarte estratifikazioaren gainean egiten zuen interpretazioaren alternatiba gisa. Estatu Batuetako soziologiaren esparruan gorpuztu zen ikuspegi honen arabera, mailakatuak daude gizarte esparruak baina ez ordea elkarrekiko gatazkan, eta beti bat dirau horrenbestez indarrean dagoen gizarte ordenak.

Halatan, alde batera uzten dute funtzionalistek gizarte klasearen kontzeptua, hain zuzen ere soziologia marxistak oinarritzat erabiltzen duena, gizarte estratifikazioaren ikuspegi antagoniko gatazkatsua eta, beraz, indarrean dagoen gizarte ordenaren aurreko ikusmolde iraultzailea. Weber-en teoriari jarraiki, funtzionalisten iritziz prestigioan eta gizarte kontsiderazioan oinarrituriko gizarte posizioak zehazten dira estatusaren arabera.

Haien ustez, sari gisa egokitzen dira gizabanakoak eta gizarte taldeak estratifikazio sistema horretan, norberak dituen merezimenduen eta gizarteari bizirik iraun eta egokiro jarduteko eskaini dion laguntzaren arabera. Halatan, merezimenduetan oinarrituriko sistema honek gizabanakoen gizarte mugikortasun handia eragiten du gizarte hierarkiaren araberako mailetan zehar, aukera ematen baitie seme-alabei gurasoen gizarte maila gainditzeko (belaunaldien arteko mugikortasuna) edo gizarte mailak bizitza aktiboan zehar gainditzeko (belaunaldi barruko mugikortasuna). Izan ere, ikuspegi honek guztiz berresten du sistema kapitalistaren nagusitasuna, azken honek gizarte mugikortasun maila handia ziurtatzen duelakoan eta, horrenbestez, gizarte gatazka murrizten duelakoan.

Kritikatu izan da gizarte estratifikazioaren gaineko kontzepzio funtzionalista, aintzat hartu ez duelako, beste gizarte faktore batzuekin batean, gizabanakoek beren balioen araberako heziketa eta gizarte maila iristeko aukerarik ez izana, industria gizarteko estatuek lege alorrean eginiko ahalegin guztiengatik ere (hezkuntza erreformak, beka sistema, eta abar).


Egungo teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi dira industria gizarte aurreratuenetako klase sistemen gaineko interpretazio teoriko nagusi eraginkorrenak. M. Weber-ek eta K. Marx-ek aurkeztu zituzten eskemetan oinarritzen dira biak. Teoria eklektikoak dira, bi autoreen elementuak hartzen dituztelako, eta aintzat hartzen dituzten elementu marxisten edo webertarren ondoko joera gisa azaltzen dira oroz gainetik. II. Mundu Gerraz geroztik gizarte kapitalistetako klase sistemetan gertatu diren aldaketak dituzte bi joerek aztergai. Besteak beste, elkarrekiko harremanetan diharduten bi prozesuren garapenak sorrarazi dituzte aldaketa hauek. Alde batetik, Ongizate Estatuaren araberako gizarte politikak bideratu dira (1980. urteetan gertatu da hori Espainian); ekonomia kapitalistak eragiten dituen gizarte desberdintasunak murrizteko bideratzen diren neurri hauen bitartez, gizarte segurantza, zerbitzuak eta laguntzak ematen zaizkio biztanleen oinarrizko premiei (etxebizitza, osasuna, hezkuntza, errenta) erantzun ahal izateko. Horregatik dira gero eta beharrezkoagoak ongizatearen langile deiturikoak, hau da, gizarte zerbitzuetako langileak.Beste aldetik, kudeaketan oinarrituriko kapitalismoa garatu da; nagusi dira, beraz, enpresa eta elkarte anonimo handiak, haien gidaritzan dihardute esku langile ez diren enplegatuek, hala nola zuzendariek, administrazio buruek, marketing adituek eta, oro har, maila handiko profesionalek, eta enpresa jabeak ez diren arren, haien esku eta jarduerapean dago neurri handi batean ekoizpen sistemaren gaineko kontrola.

John Goldthorpe-k eta beste batzuek klase banakuntzaren gainean bideratu duten eskema teoriko «neowebertarrari» jarraiki, lanbide mailaren araberako taldeak hartzen dira kontuan, hau da, gizabanakoek dituzten diru-sarrerak, enplegu maila, segurtasun ekonomikoa eta baliabide ekonomikoetan aurrera egiteko gaitasuna hartzen dira kontuan gizarte taldeak bereizterakoan; banakuntza honetan eragina du, halaber, kide bakoitzak ekoizpen prozesuaren aginte eta kontrol sistemetan duen lanbide edo kokalekuaren estatusak. Ikuspegi honetatik, bestelako lanbideak dituzte «iturgin autonomo» batek, «maisu iturgin» batek eta «iturgin enplegatu» batek.

Talde horietan hiru maila edo klase bereizten dira: zerbitzu klaseak aginte jarduera eta kualifikazio autonomoa dituzten lanbideak hartzen ditu bere baitan; soldata eta promoziorako bide eta aukera bereziak ditu klase honek. Hauen artean daude profesionalak, administrazio langileak eta goi eta behe mailako funtzionarioak; enpresa handi eta txikietako zuzendariak; jabe handiak; goi mailako teknikariak; eta esku langile ez diren enplegatuen ikuskatzaileak.

Horien azpian daude eskulangile ez diren enplegatuak, lan arruntetan ari direnean, autonomoak eta behe mailako teknikariak.

Azkeneko klasean dago langileria, hau da, esku langileak.

Pentsamendu honen ildotik azpimarratu beharra dago Frank Parkin-en ekarpena. Haren ustez, jabetza da klase egituraren oinarria, baina berak gizarte itxitura deitu duenak har ditzakeen itxuretako bat baizik ez da hori. Zera da itxitura hori, gizarte taldeek baliabideen kontrol esklusiboari eusteko bideratzen duten prozesua itxia, guztiz mugatzen baitute haietarako sarrera. Jatorri etnikoa, hizkuntza edo erlijioa –Weber-ek estatusarekin lotu zituen aspektuak hirurak– erabil daitezke gizarte itxitura sortzeko.

Erik Olin Wright-ek klase banaketaren gainean diseinatu zuen eskema teoriko «neomarxistaren» arabera, hiru kontrol dimentsio bideratu ditu egungo ekoizpen kapitalistak baliabide ekonomikoen gainean: inbertsioen edo kapitalaren gaineko kontrola, ekoizpenerako bitarteko fisikoen gaineko kontrola (lurra, lantegiak, makinak edo bulegoak) eta lan indarraren gaineko kontrola, eta haien arabera zehazten diraegungo gizarte klaseak. Klase kapitalistak hiru dimentsioetan hedatzen du bere kontrola eta langileriak ez du inolako kontrolik bideratzen. Bien artean dago klase ertaina, kokaleku anbiguoan dauden lanbide taldeek osatua, kontradikziozko klase egoeretan dauden taldeak hain zuzen ere, Wright-en arabera, eragina izan baitezakete ekoizpenaren arlo batzuetan, kontramaisuek edo buruek langileen gainean adibidez, baina ukatu egiten baitzaie beste edozeren kontrola, makinen kontrola esate baterako.

Teoria horiez gainera, aipagarria da Pierre Bourdieu-ren ekarpena. Gizarte klasearen kontzeptua zehazterakoan, bereziki azpimarratzen ditu taldeen kontsumo ereduak, kultura eta bizimodua, jabetzaren eta ekoizpenerako bitartekoen kontrolaren aldean. Halatan, bizi baldintzen arabera bereizten diren gizarte taldeak dira Bourdieur-enean gizarte klaseak, eta osagai hauek bereizten ditu bizi baldintzen artean: gizabanako edo giza talde batek daukan kapital ekonomikoa, edo baliabide ekonomikoak –diru sarrerak, ondasunak–, eta kapital kulturala, batez ere heziketaren bidez hartua, kapital ekonomikoa ziurtatu edo hartarako sarrera erraz dezakeelako.

Adibidez, klase nagusiaren artean, burgesia –maila handia kapital ekonomikoan eta maila apala kapital kulturalean– eta intelektualak –maila handia kapital kulturalean eta maila apala kapital ekonomikoan– bereizten ditu. Hala ere, burges gazteenek kapital maila handia izan ohi dute ekonomian eta kulturan.


Gizarte desberdintasunerako joerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte polarizazioa eta dualizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970. urteetatik aurrera, hainbat ekonomia, politika eta gizarte prozesu ari dira gizarte desberdintasunerako joerak zehazten eta, horrenbestez, industria gizarte aurreratuenetako gizarte egitura aldarazten.

Prozesu horien artean, aipagarria dugu Ongizate Gizartea agintzen zuen ereduaren krisia, lan merkatuaren liberalizaziorantz zuzenduriko politikek argiro erakusten diguna: izan ere, neurri horien eraginez emendatu dira lanpostuen behin-behinekotasuna eta epe laburreko edo lanaldi partzialeko kontratuak, hazi da legez kanpoko ekonomiaren edo adierazi gabeko lanaren eremua, eta hedatu da azpienplegua edo behe mailako enplegua, maila goragoko pertsonek soldata apalak jasorik bideratzen dutena; arian-arian murriztu dira gizarte babeserako baliabideak –langabetuentzako prestazioak, jubilazioak, alargun pentsioak, eta abar– eta pribatizatuz joan dira zerbitzu publikoak. Kontuan hartu beharreko beste prozesu batzuk ditugu industria hustutzea eta ekoizpen sistemen eraberritze teknologikoa, enplegua galarazi eta pertsona langabetuen, eta batez ere luzaz lan gabe daudenen, kopurua emendarazi duena.

Prozesu hauen argitara suma daiteke, Pahl-en arabera, gizarte polarizaziorako prozesu bat, ondorioz bi familia mota sorrarazten duena. Alde batean daude gutxienez kide baten aldetik lan egonkorra eta diru sarrera finkoak dituzten familiak, eta bestean ezein kideren aldetik soldatapeko lanik ez duten familiak, hau da, diru sarrerarik ez duten familiak. Urritasuna eta pobrezia espiral negatibo baten barnean murgiltzen dira hauek, gizartetik kanpo bizi direlako eta erraz honda daitezkeelako.

Halatan, polarizazio giro honetan familia batzuek gero eta abantaila ekonomiko handiagoak dituzten bitartean, beste batzuek handiagoak dituzte desabantailak. Grafikoki, tipula itxura zuen gizarte egitura, hau da, oso erdigune lodia –klase ertaina– eta bi mutur oso txiki, antzekoak tamainan –goi klasea eta behe klasea–, hondar-erloju baten itxura hartzen ari da bere bilakaeran, muturrak gero eta lodiagoak eta, horrenbestez, erdigunea gero eta meheagoa. Prozesu hau deskribatzerakoan, kontuan hartu da batez ere klase ertaineko sektore batzuk langile bihurtu izana –proletarizazioa deitzen zaio prozesu honi–, giza balioetatik eta kualifikazio ereduetatik kanpo geratu baita eginiko lana, errepikatze lanetan aritzen ziren bulego langileen arloan gertatu den bezala. Bistan denez, prozesu hauek gizarte dual bat bultzatzen ari dira, eta gero eta handiagoak dira gizarte klaseen arteko bereizkuntzak. Pobrezia eta gizarte baztertzea dira gizartearen dualizazio prozesu honen ageriko ondorioak industria gizarte aurreratuetan.


Pobrezia, marjinazioa eta gizarte baztertzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobrezia nozioak gizabanako edo familia baten baliabide gabezia adierazten du, baliabide materialak gehienetan, baina baita kulturalak ere. Pobrezia erlatiboaren eta absolutuaren arteko bereizkuntza egin ohi da eskuarki. Pobrezia absolutuak gizabanako edo familia batek bizirik irauteko behar dituen ondasun eta zerbitzuetara (janaria, arropa, oinetakoak, etxebizitza) iritsi ezina adierazten du. Pobrezia erlatiboak gizabanako edo familia baten gabezia adierazten du, baina dagokion populazioaren batez bestekoa kontuan hartuta. Garaturiko herri gehienetan erabiltzen den irizpideari jarraiki, batez besteko diru sarrera eta gastu maila jakin batera iristen ez direnen kopurua hartzen da kontuan gizabanakoak edo familia pobreen kopurua zehazterakoan; pobrezia marra deitzen zaio gutxieneko maila horri eta estatuko batez bestekoa kontuan hartzen da zehazterakoan.

Areago, bi egoera bereizten dira familia pobreen barruan, batez besteko horretatik dauden aldeak kontuan harturik: pobrezia larria da pobrezia maila gorena, eta batez besteko sarreren eta gastuen %25ean zehazten da haren muga, eta pobrezia moderatua deitzen zaio beste mailari, muga hori %25 eta %50 balioen artekoa denean.

Maila honetan daude egoera ekonomiko egonkorrean izatetik behartasunean edo egonkortasun ezean bizi izatera igaro diren gizarte multzoak. Horien artekoak dira, besteak beste, langabezian luzaz dauden pertsonak, bere lehen enplegua edo lan egonkorrik aurkitu ez duten gazteak, familia guraso-bakarrak seme-alabaren bat edo batzuk beren kargupean dituztenean, eta abar. Egoera honek egungo gizartean duen munta handiagatik bereizi da talde hau pobrezia klasikoari loturiko taldeetatik (eskaleak, arloteak, ijituak, prostitutak, drogazaleak), lan merkatutik eta gizartean nagusiki onarturiko moduetatik kanpo egon baitira azken hauek tradizionalki. Pobrezia berri hau hiri handietan egokitu da batez ere –horregatik hitz egiten da hirietako pobrezia berriaz–, eta ahultasuna eta gabezia handiagoko egoeretan erortzeko arriskua ditu ezaugarri nagusi.

Pobrezia larriak jotzen ditu gizartean onartzen diren gutxieneko bizi baldintzetatik guztiz azpitik bizi diren familiak. Murrizpenak pairatzen dituzte janari, arropa eta oinetakoen hornikuntzan; ez dute etxebizitza batean bizitzeko bitartekorik (edo akats handiak ditu honek bere instalazio eta horniduretan: ur berorik gabe, berogailurik gabe…), ez dute heziketa, kultura, enplegu eta zerbitzu publiko nahiz pribatuetarako aukerarik.

Marjinazio kontzeptuaren bidez adierazten dira pobrezia larriko egoerak, gizabanakoak edo taldeak estigmatizatuak direnean («markatuak» eta identifikatuak, baztertuak izateko). Espazioan baztertuak ere izaten dira batzuetan, etorkinen edo ijitoen txabolen kasuetan gertatzen den bezala.

Bada haienganako gizarte mespretxu bat, xenofobia eta arrazakeria sentimenduak piztu ohi dituena.

1980. urteetako hamarraldian zabaldu zen marjinazio hitza soziologiaren literaturan.

Kontzeptu hau sustraitzen duen ideia nagusiaren arabera, gizabanako edo talde bati gizarte eskubideak ukatzen zaizkio eta komunitatetik kanpo uzten da horrenbestez.

Gizarte baztertzea kontzeptuak pobrezia eta marjinazio egoerak hartzen ditu bere baitan, baina urrunago ere jotzen du, desabantaila ekonomikoko egoerak ez ezik, gizarte bizitzan parte hartu ezina eta hiritarrek dituzten eskubideak eduki ezina ere aintzat hartzen dituelako.

Gizarte baztertzea dago gizabanako edo familia batek gizartean integraturiko pertsona baten bizitzaren funtsezko alderdiren baterako aukerarik ez duenean. Hona hemen alderdi horietako batzuk: legezko herritartasuna eta integrazio zibila bideratzen duen sistema demokratikoan esku hartzeko aukera; nork bere enplegua eta baliabideak edukitzeko aukera, integrazio ekonomikoari begira; gizarte ongizaterako sisteman esku hartzeko aukera, gizarte integrazioari begira; eta familia eta gizarte komunikaziorako aukera, gizarte harremanetan integratu ahal izateko. Halatan, hainbat alderdi dituen kontzeptua da gizarte baztertzea. Oro har, arazo honek eragin handiagoa du langabezia luzaz pairatzen ari diren pertsonengan, senideren baten ardura duten 65 urtetik gorako pertsona adindunengan, aterperik ez dutenengan, alkoholikoengan, eta senideen ardura partekatu gabe dituzten emakumeengan, pobreziaren eta gizarte baztertzearen feminizazio prozesuaren ondorioz. Baina gero eta eragin handiagoa du halaber haurrengan, pobreen artean gero eta nabarmenagoa baita haien presentzia.Azpiklasea dugu pobreziarekin lotzen den beste kontzeptu bat. Tradizio soziologiko anglo-saxoiak askotan erabili duen kontzeptu honek bereziki azpimarratzen du hiriguneetako pobreziaren etnia eta arraza izaera, Ipar Ameriketan batez ere. Lewisek plazaratu zuen pobreziaren kultura kontzeptuaren kasuan bezala, ez ditu bereziki aipatzen pobreziaren alderdi materialak, baizik eta, batez ere, pobreen arteko gutxiengo batek gizartearen aurka bideratzen dituen jokabide patologikoak. Gutxiengo horretan aurki daitezke gizonezko gazteak eta talde etnikoak eta, era berean, gaizkile drogazaleak, eskola porrota pairaturiko gazteak, aterperik gabeko pertsonak eta alkoholikoak. Hala ere, Wilson-en aburuz, gizonezko afroamerikar gazteen langabeziak sorrarazi du azpiklase berri hau, lanerako aukerarik gabe baitaude gazte horiek hirietako aldaketa ekonomikoengatik eta enplegu berri baterako kualifikazio ezagatik.

Depresioak jotako hiriguneetara biltzen dira nagusiki azpiklase horretako kideak, eta gizartetik kanpo bizi dira; modu horretan galdu dute gizartearen ordezkari diharduten pertsona eta erakundeekiko harremanetarako aukera. Robert Castel-ek bere Gizarte arazoaren metamorfosia obran adierazten duenez, gizarte baztertzeaz baino egokiagoa litzateke desafiliazioaz edo kidetasun galtzeaz hitz egitea, bereziki azpimarratu nahi baitu gizarte dual batera garamatzan eta, horrenbestez, herritasun kontzeptua baliorik gabe uzten ari den lotura galtze sakon baten presentzia. Langabezia eta behartasuna dira egungo gizartearen arazo nagusia, lana baita gizarteratze globalerako ezinbesteko bitartekoa; hura gabe, esparru politiko-zibiletik at geratzen dira gizabanakoak.

Azterketa horretan, hiru eremu bereizten ditu Castel-ek integraziotik baztertzera eraman gaitzakeen sekuentzian.

Integrazio eremua da lehena, hartan daude lan egonkorra eta familia, auzo eta abarretan harreman egokiak dituzten gizabanakoak, garrantzi txikiko arazo psikologikoak eta ekonomikoak ere badituzketenak. Aitzitik, bigarren eremuak, «eremu ahula» deituak, ez du egonkortasunik, behartasuna, lan txikiak, aldian behineko lana eta langabezia baititu ezaugarri. Harremanei dagokienez, oso hauskorrak dira askotan eremu honetako familia eta gizarte euskarriak. Azkenik, marjinazio edo baztertze eremua deitzen dio hirugarren eremuari; lan gabezia eta gizarte bakartzea dira haren ezaugarri nagusiak.

Ikuspegi honetatik, funtsezkoa da eremu honetan laguntza publikoaren parte hartzea eta gizarte harremanetako mundua zabaltzea, hartan bizi diren kideek gizarteratzeko estimuluak izan ditzaten.



Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Macionis, J.J. / Plummer, K. (2008): Sociología, Pearson Prentice-Hall, 238. orr.