Hiri ideal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hiri ideala, Fra Carnevale, 1480–1484 inguru.

Hiri ideala helburu arrazional edo moral jakin baten arabera sortu den hirigintza kontzeptu utopikoa da. Antzinatean asmatutako ideia da, hiriak izan behar dituen ezaugarriak zehazten dituena, gizakiaren garapen onerako, bere ongizate fisikoa eta gizarte beharrak kontuan hartuta.

Hiri horren izaera "idealak" herritarren nolakotasun moral, espiritual eta juridikoak barne har ditzake, baita horiek hiri-egituren bidez gauzatzeko moduak ere, eraikinak, kaleen trazadura eta abar barne. Hiri idealen planoak askotan irudi geometrikoetan oinarritzen da, maiz laukian, erromatar hirigintza imitatuz.

"Hiri ideal" asko beren sortzaileen gogoetan bakarrik geratu badira ere, gutxi batzuk gauzatu egin dira hein batean. Horien artean sailka ahal dira Palmanova Italian edo Brasilia Brasilen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miletoko plan hipodamikoa (Hipodamo Miletokoa).

Antzinatik, gizakiek hiri ideala eraikitzearekin amets egin dute, Babelgo dorrearen mitoak erakusten duen bezala. Gaia greziar filosofoen artean agertzen da hiri-estatuen testuinguruan, batez ere Platonen Errepublika lanean (K.a. 427tik 348ra). Izan ere, K.a. VII. mendetik aurrera, hiriaren antolaketa espaziala arrazionalizatzeko zenbait asmo agertu ziren, bereziki hiri berrietan. Plano hipodamiko izeneko trazadura ortogonala ezarri zen zenbait greziar koloniatan, Selinonten kasu.

Arrazionalizazio honen aitatasuna Hipodamo Miletokoa hirigileari (K.a. V. mendea) egozten zaio. Bereak omen dira Pireo hiriko planoa eta, noski, Miletoren berreraikuntza (K.a. 479), persiarrek erre ondoren.

Pizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sforzinda hiriko planoa

Humanismo pizkundetarren arora iritsita, hiri-forma idealetarako asmoak proiektu komun, utopiko eta, aldi berean, eskuraezin bat elikatu zuen, non arkitekto eta artista pizkundetarrek beren indar sortzaile onenak egin zituzten. XVI. mendean bereziki, eztabaida teoriko sutsu bati eman zion bizia, kulturaren ikuspegitik garrantzitsua, nahiz eta emaitza zehatz gutxi sortu.

Italiar Pizkundeko humanismoan eragin handia izan zuen hiri-estatuaren itzulerak. Hiri-antolaketaren eta gizarte idealaren auzia hausnarketarako gai nagusi bihurtu ziren. Kale oker eta deserosoak zituzten Erdi Aroko hiriak antzinako forma endekatu gisa erakusten ziren, hiribide zabal eta perspektiba zuzenekin alderatuta. Harrezkero ez zituzten betetzen beren garaiko betebehar estrategiko eta ekonomikoak. Gobernu onaren gaia filosofo, legelari eta artisten artean hedatu zen, bereziki arkitektoen artean, Filarete kasu, zeinak 25 liburukiko arkitektura tratatuan Sforzinda hiri idealaren planoak aurkeztu zituen.

Hiri idealaren kontzeptu pizkundetarra Leon Battista Alberti (1404-1472) italiar polimatak garatu zuen, De re aedificatoria arkitektura tratatuko hamar liburuetan, 1450 inguruan idatziak, 1472an hil zen arte egindako gehikuntzekin. Bertan, hiri oso baten plangintza eta eraikuntzaren alde egiten zuen, sustatzaile pribatu edo eraikin eklesiastiko indibidualak alboratuz. Albertik, lehenik eta behin, hiriaren kokapena aukeratu behar zela zioen, ondoren kaleen tamainaren eta norabidearen konfigurazio arduratsua, gero zubi eta sarreren kokapena eta, azkenik, simetria perfektuz diseinatutako eraikuntza-antolamendua [1].

Aro garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mende erdialdean, Industria Iraultzaren hasierarekin, halaber iraultza liberala eragin zuen mugimendu sozial eta ideologikoekin, hainbat gertakari zirkunstantzial gertatu ziren, hiriaren ideia ulertzeko modua aldatzen lagundu zutenak. Napoliko erresuman Ponpeiako hondakinak aurkitu ziren (1748), benetako moda neoklasikoa sortuz. 1751n Diderot eta d'Alembert frantsesen "Entziklopedia" argitaratzen hasi zen, defendatzen zituena arrazoiaren nagusitasuna, balio zibikoak eta erakunde tradizionalen aurkako kritika. 1755eko Lisboako lurrikararen ondoren, egungo Lisboako hirigunea libreki marraztu ahal izan ziren. Ondorengo arkitekto eta hirigileek askatasun handiagoa ere izango zuren, beren proiektu ameslarietan behintzat[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Anthony Blunt, From "Artistic Theory in Italy, 1450‐1660". Chapter 1: Alberti. PDF file, direct download 192 KB. NEHAWU Archives.
  2. (Gaztelaniaz)Carlos Sambricio, Rafael Moneo, La arquitectura española de la Ilustración, Consejo Superior de los Colegios de Arquitectos de España, 1986, ISBN 8470884336, 25 or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]