Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

XVIII. mendea

Wikipedia, Entziklopedia askea
XVIII. mende» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Mendeak: XVII.a - XVIII.a - XIX.a
Hamarkadak: 1700koa 1710koa 1720koa 1730koa 1740koa
1750koa 1760koa 1770koa 1780koa 1790koa
Kategoriak: Jaiotakoak - Hildakoak
XVIII. mendearen taula
Munduaren banaketa 1700. urtean.
Munduaren banaketa 1800. urtean.

XVIII. mendea 1701. urtetik 1800. urtera bitarteko aldia da (bi urte horiek barne). XVIII. mendean zehar Argien Garaiaren ideietako batzuek Frantziako, Amerikako eta Haitiko Iraultzetan garatu ziren. Esklabotza bortitzaren eta giza-trafiko globalaren aroa izan zen. Pobrezia eta aberastasunaren arteko aldea handitzen joan zen mende osoan zehar[1]. Monarkia eta aristokraziaren boterearen aurkako erreakzioak hainbat erantzun iraultzaile eta matxinada sortu zituen mende osoan zehar. Antzinako Erregimenaren eta sortzen ari zen burgesia berriaren arteko talka areagotu zen urte hauetan[2].

Europa kontinentalean filosofoek mundu berri bat amesten zuten, eta batzuen ametsa Frantziako Iraultzan egia bilakatu zen 1789an, nahiz eta beranduago Maximilien Robespierrek Izu Garaia piztu zuen 1793-1794 tartean[3]. Hasiera batean, Europako monarkia ugarik Argien Garaiko idealak bereganatu zituzten, baina Frantziako Iraultzaren garaipenarekin euren boterea galtzeko arriskua ikusi zuten eta koalizio kontrairaultzaileak sortu zituzten. Otomandar Inperioak inoiz ez bezalako bake eta hedapen ekonomiko garaia bizi zuen, eta ez zuen Europan gerra batean ere parte hartu 1740 eta 1768 artean. Ondorioz, inperioak ez zituen bizi izan Zazpi Urteko Gerran (1756-1763) emandako garapen militar guztiak, eta Errusiar Inperioaren aurka galdu zituzten hainbat gudu mendearen bigarren erdian[4]. Mende honetan ere Polonia eta Lituaniaren arteko Bi Nazioen Errepublika amaitu zen; behinola erresuma handi eta boteretsua izan zena, Mosku eta otomandarrak garaitu zituena, inbasioen ondorioz erori zen. Bere gobernu erdi-demokratikoa ez zen nahikoa izan inguruan zituen monarkiekin lehiatzeko, izan ere Prusiako Erresumak, Errusiar Inperioak eta Habsburgotar monarkiak lurraldea zatitu eta bereganatu zuten, hurrengo ehun urteetako Europa erdialdeko mapa eraldatuz.

Ameriketako europar kolonizazioak eta munduko beste hainbat lekuetakoak aurrera jarraitu zuen, migrazio masiboak ugaritu eta tamainaz handitu ziren eta Nabigazioaren Aroak jarraitu zuen. Erresuma Batua mundu mailako potentzia bilakatu zen, Frantsesen eta Indiarren Gerraren ostean 1760eko hamarkadan, eta Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren agintearekin Indiaren gaineko agintea eskuratu zuen. Hala ere, laster galdu zituen kolonietako batzuk Ameriketako Iraultzaren ondorioz: Ameriketako Estatu Batuak sortu ziren. Industria Iraultza ere hasi zen Britainia Handian 1770eko hamarkadan, lurrun-makinaren asmakuntzaren ondorioz[5]. XVIII. mendean oraindik industria txikia bazen ere, mundua eta ingurumena erradikalki eraldatuko zen prozesua hasi zen. Txinak hedatzen jarraitu zuen, 1759an bere hedadurarik handiena lortu zuen arte. Inperio erraldoi honek egoera ekonomiko ona izan zuen eta demografia hazkuntza oso handia. Japoniak isolamendua praktikatzen jarraitu zuen mende osoan zehar, eta Asiako hego-ekialdeko estatuek independentzia defendatu zuten Europaren kolonialismoaren eta Txinaren hazkuntzaren aurrean.

XVIII. mendeak aldaketa izan zuen ere artean. Musikan barrokoa, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händelekin, eta musika klasikoa garatu ziren, Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozartekin. Margolaritzan rokoko estiloa egon zen modan mende hasieran, eta neoklasizismoa amaieran. Erretratua izan zen margolaritzan gehien garatu zen estiloa, patrono aberatsen enkarguz sortutako artelanak.

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe V.aren koroatzea.

Karlos II.a Espainiakoak ez zuen utzi ondorengorik, beraz bere lehengusu bigarrena zen Filipe V.a Espainiakoak eskuratu zuen Espainiako koroa, 1700ean; Filipe Frantziako printzea zen. Luis Frantziakoaren eta Maria Ana Viktoria Bavariakoaren semea eta Luis XIV.a Frantziakoaren biloba zen. 1700ean errege egitean, Ondorengotzaren Gerra piztu zen, Europako beste potentziek ez zutelako ondo ikusten Borboi etxeak Espainia eta Frantzian, aldi berean, boterea izatea, eta Filipe V.a Frantziako errege izan zitekeelako ere etorkizunean. Ingalaterra, Probintzia Batuak eta Inperio Santua Karlos artxidukearen alde jarri ziren. Madrildik birritan bota zuten arren, Utrechteko bakean (1713) bere eskubideak onartu zitzaizkion. Baina gerra horren ondorioz, Espainiak Napoli, Sardinia, Toskanako Presondegiak, Espainiar Herbehereak eta Milanerria galdu zituen, eta Gibraltar eta Menorca Ingalaterraren esku geratu ziren.[6]

Aragoiko Koroaren lurraldeek bat egin zuten Karlos VI.arekin eta, zigor gisa, Filipe V.ak Oin Berriko Dekretuak sinatu zituen 1715ean. Dekretu berri honek Aragoiko Erresuma, Valentziako Erresuma, Mallorcako Erresuma eta Kataluniako Printzerriaren eskumenak eta foruak deuseztatu zituen, guztiak Gaztelaren legeen pean jarriz.[7] Aragoiko Koroaren desagertu zen, baina Nafarroak, euskal lurraldeek eta Arango haranak foruak mantendu zituzten,[8] Espainiak Frantziaren absolutismoa hartu zuen eredutzat. Espainia eta Frantziaren arteko interes gatazkak zeudenean, Filipe V.a Frantziaren alde jarri zen.[9]

Elisabet Parmakoak, Filipe V.aren emazteak, eragin handia izan zuen kanpo politikan. Bere helburu nagusia Italian galdutako lurraldeak berreskuratzea zen. 1717an Filipe V.ak Sardinia inbaditu zuen, Utrechteko Itunean Austriari eman zitzaiona. Ondoren, Sizilia inbaditu zuten. Erasoaren ondorioz Germaniako Erromatar Inperio Santuak Aliantza Hirukoitzarekin akordioa egin zuen, 1718ko Aliantza Laukoitza sortuz. Kide guztiek Espainiari eskatu zioten Sardinia eta Sizilia uzteko, eta gerran sartu ziren 1718ko abenduan. Gerrak bi urte iraun zituen, Espainiaren porrotarekin. Hagako Itunarekin amaitu ziren erasoak, eta Espainiak Italiaren gaineko aldarrikapenak egiteari uko egin zion[10]. Hala ere, Poloniako Ondorengotza Gerran Espainiak Napoli eta Siziliako Erresumak konkistatu zituen. 1748an, Austriako Ondorengotza Gerraren ondoren, Espainiaren esku geratu ziren Parmako Dukerria, Piacenza eta Guastalla[11].

Borboien botereak jarraitu zuen Fernando VI.a Espainiakoa eta Karlos III.a Espainiakoarekin. Azken honek Ilustrazioaren defendatzaile ziren ministroak hartu zituen: Leopoldo Esquilache eta Floridablancako Kondea, ekonomia nabarmen hobetuz. Britainia Handiak Frantzia Zazpi Urteko Gerran (1756-63) garaituko zuenaren beldur, Espainia Frantziarekin aliatu zen eta Portugal inbaditu zuten, Britainiar aliatua. Porrot militar segida baten ostean Parisko Ituna (1763) sinatu zuten, Florida britainiarrei emanez eta Louisiana eskuratuz Frantziatik. 1783ko Parisko Itunaren ondorioz Espainiak berriro eskuratu zuen Florida, Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerraren amaieran. Tarte honetan hainbat altxamendu eta matxinada izan ziren, nabarmena Esquilacheren aurkako matxinada. Karlos IV.aren erregetzan ez ziren egon aldaketa nabarmenak, eta askok uste zuten ez zela agintzeko gai ere. Bere emaztearen maitalea zein Manuel de Godoyren eraginpean Karlos III.aren erreforma asko ezeztatu zituen. Frantziako Iraultzaren aurka Frantziako Iraultzako Gerratan parte hartu ustean, aliantza zaila egin zuen ondoren Frantziarekin, Britainiar blokeoa lortuz. Gertakari hauek Iberiar Penintsulako Gerran amaitu zuten XIX. mendearen hasieran.

Gerra hauek guztiek eta erreforma ekonomikorik eza Espainia atzean utzi zuten Industria Iraultzaren esparruan. Argien Garaia berandu eta leun iritsi zen Espainiara, 1750 inguruan. Medikuntza eta fisikan aurrerapausoak eman ziren, eta gutxi batzuk filosofian. Katolizismoak pisu handia zuen gizartean eta zaila zen bere boterea zalantzan jartzea. Benito Feijóo bezalako monjeek paper garrantzitsua izan zuten mito eta superstizioen deseraikuntzan. 1770eko hamarkadan Inkisizioa martxan jarri zuten kontserbadoreek Argien Garaiaren ideiak deusezteko[12].

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Erregimenaren krisia Hego Euskal Herrian»
Hego Euskal Herriko burdinolen mapa (XVII-XVIII. mendeak)

XVIII. mendean, XVII. mende bigarren erdialdetik aurrera politikan eta ekonomian sendotutako joerak nagusitu ziren. Erresumen zentralizazioa eta merkantilismoa eta, ondorioz, bertako lege eta erakundeak indargabetu edo ahultzen zituzten neurriak ezarri ziren. Hego Euskal Herrian, Filipe Anjoukoaren etorrerak ekarri zuen aldaketa hori; Ipar Euskal Herrian, berriz, lehenago sentitu zuten Borboi erregeen eragina. Pirinioez bi aldeetako merkataritzaren isuria handia zen, baita itsas merkataritza eta arrantza ere. Hego Euskal Herriko aldundiek onuragarritzat jo zuten Filipe Anjoukoa Gaztelako Koroako errege bihurtzea, eta babestu egin zuten (1702-1704), era horretan Frantziako Erresumaren eta Gaztelako Koroen arteko bakea (eta beren merkataritza eta arrantza) bermatuko zutelakoan. Nafarrek, gainera, beren auzi dinastikoa konpontzeko bidea ikusten zuten, errege berria Henrike III.a Nafarroakoaren (eta, aldi berean, Henrike II.aren) oinordekoa baitzen.

Hala ere, Giulio Alberoni ministro buruak xaxatuta, Filipe V.a Hego Euskal Herriko aduanak Ebrotik itsasora eta Pirinioetara eramaten saiatu zen (1717); hori, baina, ez zen euskal herritar askoren gustukoa izan, eta matxinada piztu zen Bizkaian eta Gipuzkoaren zati batean. Luze gabe, baina, frantses armada batek okupatu zituen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba. Aduanek, azkenean, Ebrora egin zuten atzera 1722ko abenduan, baina Gaztelako (Espainiako) errege absolutistak bere asmo merkantilista hezurmamitzeko aukera ikusi zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiekin Madrilen negoziatu ondoren, 1728an Caracasko Gipuzkoar Konpainia sortuz.[13] Kakaoak eta hainbat produktu kolonialek ez zuten ere aduanarik ordainduko Gaztelara bidean. Aldi berean, euskal arrantzaleak galduz joan ziren Ternuan eta Labradorren mendetan irabazitako eskubideak, batez ere Ingalaterraren onuran. Versaillesko Itunerako (1783), bukatua zen Kanadako kostaldeko uretako balea eta bakailao arrantza.

Euskaldunek Hegoaldeko eta Erdialdeko Ameriketara bideratu zuten beren ekimena. Jesusen Lagundiak indar handia hartu zuen, eta Ameriketara hedatu zen euskal itsasontzi azpiegitura baliatuz, Paraguai, Brasil eta Argentinako misioetara, adibidez. 1749an, altxamendu bat izan zen Venezuelan Konpainiako euskaldunen kontra. Euskaldunak garaile atera ziren Espainiako erregea lagun hartuta, baina berehala errege horrek euskal Konpainiaren botere politikoa ahuldu zuen, egoitza nagusia Donostiatik Madrilera eramanez, besteak beste. Aldundien eta Madrilgo errege gorteko ministroen arteko tentsioa areagotzen joan zen. Nafarroa Behereko eta Zuberoko biltzarrek (Estatu Nagusiak eta Zinbideta) eskumen garrantzitsuak galdu zituzten 1733an eta 1743an, hurrenez hurren.[oh 1] Lapurdik eutsi egin zion lurralde franko izateari, autonomia oso handiaz, Lapurtarren Biltzarraren gidaritzapean.

Ilustrazioa indar handiz sartu zen Uztaritzetik Donostiara eta Hego Euskal Herri osora. 1760ko hamarkadan goseteak izan ziren,[14] baina Ilustrazioak neurri liberalizatzaileak hartu zituen gariaren inguruan,[15] gosetea handitu zuena. Madrilgo Esquilacheren aurkako matxinada gertatzean, tokiko jauntxoen boterearen eta gosetearen aurkako 1766ko matxinada piztu zen Gipuzkoan.[16][oh 2] Jauntxo eta ilustratuek Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten Caracasko Gipuzkoar Konpainiak ekarritako aberastasunaren epelean (1765), baita Bergarako Mintegia ere, 1766ko matxinadaren harira kanporatutako Jesusen Lagundiaren azpiegitura baliatuz.[17][18] Ekonomia, zientzia eta kultura jasoaren garapena sustatu zuten, eta Bergara zentro intelektual bilakatu.[19] Hala ere, Espainiako koroak susmoz ikusten zuen euskaldunen boterea. Karlos III.ak merkatua liberalizatzeko ediktua eman zuen 1778an, euskal lurraldeen kaltetan interpretatua. Aurrerantzean, Probintzia Salbuetsiak atzerritartzat hartuak izan ziren Venezuelako eta Ameriketako portuetan, zergapetuak. Espainiako Koroak Ebroko aduanak kentzeko presioa areagotu zuen. Aldi berean, euskara, erresuma horretako beste hizkuntzak bezala, baztertua izan zen giro formal eta idatzietatik Karlos III.a Borboik gaztelania "Inperioko hizkuntza nazional" izendatu zuenean (1766, 1768).[20]

Ilustrazioaren ideien lorratzean, baina, Frantziako Iraultzak eztanda egin zuen (1789). Horrek errotik aldatu zuen ordu arteko politika, ekonomia eta gizartearen egoera. Nafar, lapurtar eta zuberotarren protestak protesta, Pirinioez iparraldeko euskal herritarrek osoki galdu zituzten beren lege eta instituzioak, eta departamendu bat jaso zuten trukean, bearnesen gehiengo batekin partekatua. Konbentzioko Gerran (1793), izuz, deportazioz eta zapalkuntza gogor batez ordaindu zuten lapurtarrek Frantses Errepublikaren neurrien kontra agertu izana.[21][22][oh 3] Erregimen berriaren biktima eta disidente askok erbestera jo zuten.[23] Agintari berrien asmo estua eta baztertzailea agerian geratu zen aldundiko agintariek Gipuzkoaren independentzia aldarrikatu zutenean: Pinet eta Cavaignac mandatari iraultzaileek gogor egin zieten, eta atxilotu. Godoy Espainiako ministro berriak pozez ikusi zuen frantses iraultzaileen jokaera hori. Beste batzuk, ordea, Fernando VII.a Borboi espainiarraren alde jarri ziren Hego Euskal Herriko lurraldeetan; absolutista eta tradizionalista zen, baina foruak errespetatzearen aldekoa.

Portugal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako erdialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otomandar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdialdeko eta Mendebaldeko Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

India[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japonia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzia eta teknologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrerapen zientifikoa handitzen eta garatzen joan zen, izugarri gainera. Hauek dira adibide batzuk: meridiano lurtarra neurtzen da, airearen konposizioa aztertzen da, sistema metriko hamartarra ezartzen da, izaki bizidunak klasifikatzen dira eta zenbait txerto aurkitzen dira.

Asmakizun ugari egiten dira, abantaila askorekin eta aurrerapen teknikoekin, adibidez: lurrun makina, lurrunez hornitutako itsasontziak eta tximistorratza. Garai industrialerako bidearen prestakuntzak eta lehen urratsak egiten dira mende honetan.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. eta XVIII. mendeetako kultura higikundea izan zen, arrazoia hartzen zuena gizonaren funts eta oinarritzat. Europan sortu eta mamitu zen, Frantzia, Alemania, Espainia eta Erresuma Batuan bereziki. Euskal Herrian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea da garai hartako emaitzarik nabarmenena.

Eragin handia izan zuen garaiko alderdi zientifiko, ekonomiko, politiko eta sozialetan. Ildo horretatik, arrazoia nagusitu zen arlo guztietan, hala zientzietan nola gizarteko harremanetan eta mundua ikusteko moduan. Argien Garaian sortu eta egin ziren Europako lehenengo entziklopediak, hala nola, Diderotek eta D’Alembertek egin zuten Encyclopédie ospetsua.

Pertsona nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aldi berean, Zuberoak Frantziako Koroari egin beharreko zerga ekarpena 8.000 libera izatetik 30.000 libera izatera 1742tik 1762ra bakarrik; ikus Watson, C. 2003, 39. or.
  2. Frantzian Irinen Gerra (fr) arrazoi bertsuagatik izan ziren 1774an; ikus José Carlos Rodríguez. Turgot, in Club de Libertad Digital
  3. Hegoaldeko lapurtar herritarren deportazio handia 1794ko martxoan hasi zen, agintari frantses iraultzaileek hainbat herri infâmes izendatu zituztenean. Biktimak milaka batzuk izan ziren, etxetik gutxienez 80 kilometrora kanporatuak, Landetara, Capbreton eta Tyrosse ingurura; bost hilabeteren buruan, horietako 1.600 hilik ziren, 600 Sarakoak; ikus Etxegoien, Juan Carlos. 2009, 23. or. Watsonen kalkuluan, 3,000 herritarrek osatu zuten deportatuen ilara.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Gonzalo,, Pontón, La lucha por la desigualdad : una historia del mundo occidental en el siglo XVIII (1a. edición, 3a. reimpresión. argitaraldia) ISBN 9788494769429 PMC 1013725800 . Noiz kontsultatua: 2019-02-16 .
  2.   La transición del feudalismo al capitalismo Crítica D.L.1977 ISBN 8474230179 PMC 628811005 . Noiz kontsultatua: 2019-02-16 .
  3.   «Robespierre and the Terror | History Today» www.historytoday.com . Noiz kontsultatua: 2019-02-16 .
  4.   1970-, Marston, Daniel, (2001) The Seven Years' War Osprey ISBN 1841761915 PMC 59550463 . Noiz kontsultatua: 2019-02-16 .
  5.   Reconceptualizing the Industrial Revolution ISBN 9780262289504 PMC 698105701 . Noiz kontsultatua: 2019-02-16 .
  6. (Ingelesez)  Wolf, John Baptiste; Wolf, John Berchmans (1951) The Emergence of the Great Powers, 1685-1715 Harper . Noiz kontsultatua: 2019-02-17 .
  7.   Henry., Kamen, (2005) Spain, 1469-1714 : a society of conflict (3rd ed. argitaraldia) Pearson/Longman ISBN 0582784646 PMC 57754021 . Noiz kontsultatua: 2019-02-17 .
  8. (Ingelesez)  «A broken taboo» The New Federalist 2013-10-11 . Noiz kontsultatua: 2019-02-17 .
  9.   1927-, Lynch, John, (1989) Bourbon Spain, 1700-1808 Basil Blackwell Ltd ISBN 0631145761 PMC 19352228 . Noiz kontsultatua: 2019-02-17 .
  10.   María., Capel Martínez, Rosa (2006) El siglo de la luces : política y sociedad Editorial Síntesis ISBN 8497564146 PMC 190532427 . Noiz kontsultatua: 2019-02-17 .
  11. (Ingelesez)  «Treaty of Aix-la-Chapelle | European history [1748»] Encyclopedia Britannica . Noiz kontsultatua: 2019-02-17 .
  12.   G., Payne, Stanley A history of Spain and Portugal ISBN 0299062708 PMC 588925 . Noiz kontsultatua: 2019-02-17 .
  13.   Tercer Centenario del Traslado Aduanero de 1717 y de la Matxinada de 1718, . Noiz kontsultatua: 2018-11-03 .
  14. (Gaztelaniaz)  Andrés Gallego, José (2003) El motín de Esquilache, América y Europa Fundación Mapfre Tavera : Consejo Superior de Investigaciones Científicas ISBN 8400081331 . Noiz kontsultatua: 2018-10-31 .
  15. (Gaztelaniaz)  Real Pragmatica por la qual su magestad se sirve abolir la tasa de granos, y permitir el libre comercio de ellos en estos reynos 2010-01-29 . Noiz kontsultatua: 2018-10-31 .
  16.   Aranbarri, Iñigo (2016) Txanton Garrote: agertokitik jaitsi zen eguna Pamiela Argitaletxea ISBN 9788476819326 . Noiz kontsultatua: 2018-10-31 .
  17. (Gaztelaniaz)  Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de «Desde Guipúzcoa hacia el exilio. El viaje de los jesuitas desterrados (1767) / Inmaculada Fernández Arrillaga | Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes» www.cervantesvirtual.com . Noiz kontsultatua: 2018-10-31 .
  18. (Gaztelaniaz)  «La Machinada contra "los caballeritos" | España Fascinante» España Fascinante . Noiz kontsultatua: 2018-10-31 .
  19.   «Zientziaren 'Leku Historiko' izendatuko dute Bergara urriaren 20an - Goiena.eus» Goiena.eus . Noiz kontsultatua: 2018-10-31 .
  20.   Madariaga, Álvaro; Madariaga, Juan (koord.) (2014) Jornadas Internacionales - Nazioarteko Jardunaldiak "El euskera en las altas instituciones de gobierno a través de la historia" / "Euskara gobernuko goi erakundeetan historian zehar" Pamiela 81. orrialdea ISBN 978-84-7681-867-1 . Roldan Jimenoren artikulua.
  21. Watson, C. 2003, 51-59. or.
  22.   Etxegoien (Xamar), Juan Carlos (2009) The Country of Basque Pamiela 23. orrialdea ISBN 978-84-7681-478-9 .
  23. Watson, C. 2003, 130. or.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: XVIII. mendea Aldatu lotura Wikidatan