Edukira joan

Iruña-Veleia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 42°50′28″N 2°47′13″W / 42.841°N 2.787°W / 42.841; -2.787
Artikulu hau erdi-babestua dago. Erabiltzaile anonimoek ezin dute aldatu.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Iruña-Veleia
Kultura ondasuna
Aztarnategi arkeologikoa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaIruña Oka
Koordenatuak42°50′28″N 2°47′13″W / 42.841°N 2.787°W / 42.841; -2.787
Map
Historia
GaraiaBurdin Aroa, Antzinaroa, Erdi Aroa eta Brontze Aroa
Garaia(k)Brontze Aroa-Erdi Aroa
KulturaKaristiar, erromatar
Indusketa
Indusketa datakXIX. mendea-egun
ZuzendariakFlorencio Janer, Jaime Berastegi, Gratiniano Nieto, Juan Carlos Elorza, Eliseo Gil
Zaldunaren estela, Burdin Arokoa.

Iruña-Veleia Euskal Herriko mendebaldeko Iruña Oka udalerrian kokatutako aztarnategia da, Araban dagoen zabalena, Erromatar Inperioaren garaikoa. Zadorra ibaiak sortzen duen bihurgune baten erdiko muinoan kokatuta dago, Arkiz adarrean, ingurunearen baliabide topografikoak baliatuz,[1] Tresponde eta Biloda herrien artean, Gasteiztik 11 kilometro mendebaldera. Arkiz izena eman zaion Burdin Aroko herri handia aztarnategitik gertu dago, hegoaldera.[2][3]

Arabako aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetako bat da, batez ere protohistoriari eta erromatarren ondorengo garaiari dagokienez. Izan ere, jakin badakigu leku horretan, kokalekuaren ezaugarri topografikoak eta inguruko baliabideak aprobetxatuz, populazio egonkorrak finkatu zela K.a. lehen milurtekoaren hasieran, eta lurralde horretako populazio indartsu eta zabalenetako bat izatera iritsi zirela.

Hiria erromanizazioa zabaltzeko gune bihurtu zen bere ingurunearentzat, penintsulako iparraldeko komunikazioetarako lehorreko bide nagusia izan zenarekin, Ab Asturica Burdigalam zuen loturak indartuta, zeinak Tarrakonense iparraldeko barnealdeko lurrak Europako gainerako probintziekin komunikatzen zituen, edo beste modu batean esanda, Iberiar penintsulako iparraldea, gainerako Europako lurraldeekin, eta lehen mailako Bordeleko itsas portuarekin. Veleia herrigune indartsua izatera iritsi zen Aroaren lehen bi mendeetan, dozenaka hektareako hedadurarekin, bere eremuko kontsumo eta merkatu gune nagusia zen. Hirugarren mendeko krisia gainditu ondoren, goraldi garai berri bati ekin zion, non harresi indartsu baten eraikuntza nabarmentzen den, barruan 11 Ha baino gehiago babesteko. Mendebaldeko erromatarr inperioa desagertu zenean, V. mendearen amaieraren eta VI. artean, Veleia hustu egin zen.[4]

Bertako harresien hondarrak kontserbazio egoera onean daude, mosaiko, upeltegi, silo eta abarrez zolatutako gelak. Material arkeologikoen artean zeramika ugari dago ("sigillata", arrunta, margotua), beira, eskulturak, zilarrezko txanpon iberikoak eta brontzezko erromatarrak eta boto eta hileta inskripzioak.

Aztarnategi osoak 126 hektarea baino gehiago hartzen ditu dokumentazio ofizialaren arabera, eta 250 hektarea baino gehiago, 2024tik aurrera egindako gainazaleko prospekzioen arabera, eta induskatutako zatia arkeologia-teknikaz ikertu daitekeen azalera osoaren zati txiki bat da. Kalkuluen arabera, gaur egun % 1 eta % 3 artean baino ez da induskatu.[5]

Italian erromatar garaiko beste Veleia bat dago gaur egungo Emilia-Romagna eskualdean, Augusto enperadorearen garaian Regio VIII Aemilia zena.[6]

2006an aurkikuntza epigrafiko harrigarri batzuk egin ziren, aitzineuskarari, hasierako kristautasunaren sinboloei eta egiptoar hieroglifoei buruz zientzialariek ordu arte ezarritakoa irauliko luketenak, antza. Polemika bizia piztu zen. Ofizialki eratutako aditu taldearen ebazpenak aurkikuntzok faltsutzat hartu zituen, eta aitzineuskarako aditu guztiak bat etorri dira ebazpen horrekin; baina beste arlo batzuetako aditu batzuek eta zenbait herritarrek babestu egin dute Iruña-Veleiako aurkikuntza horien egiazkotasuna.

Gunea mendeetan zehar

Iruña-Veleiako aztarnategiak 1.500 urteko historia biltzen du.

Brontze eta Burdin Aroak (K. a. I. milurtekoa)

Iruña guneko lehen finkamendua Brontze Arokoa omen da, K. a. I. milurteko osoan hedatu zena. Arkiz aztarnategian topatutako etxeak laukizuzen eta zirkulu erakoak dira, gertuko Atxako herrixkan aurkitutakoen antzerakoak. Erromatarren garai aurreko Zaldizkoaren estela aurkikuntza nabarmentzekoa da.

Erromatar garaia (K. o. I-V. mendeak)

Iruña-Veleiako aztarnategiaren XIX. mendeko planoa, Lorenzo Prestamerok egina. «Mendoza» jartzen duen tokian, Tresponde dago egiaz; eta «TresPuentes» dioen lekuan, berriz, Billoda.

Iruña-Veleiak kokapen garrantzitsua izan zuen Ab Asturica Burdigalam erromatar bidean. Horixe uste izan da, gutxienez, hiria Antoninoren Ibilbideko Veleia zelakoan, horren froga irmorik topatu ez bada ere. Zirku erromatarra ere bazuen hiriak.

Erromatar oppiduma IV. mendekoak omen diren harresiez gotortuta dago. 1.200 metroko luzerako harresiek antzinako hiriaren zati bat ixten zuten, 11 hektareako azalerakoa. Harresiak eraikitzeko lehenagoko beste eraikin batzuen osagaiak probestu ziren (zutabe-zatiak, esaterako). Aipatzekoak dira arrosa-leihodun mosaikoaren domusa eta Pompeya Valentinaren domusa.

Hiria okupatuta egon zen K.o. I mendetik V. mendera arte. Une horretatik aurrera, gainbehera hasten da, azkenean desagertzen den arte. Garapen handieneko aldia I. eta II. mendeetan izan zen.

Antzinate berantiarra

Barbaroen erasoaldien arriskua zela eta, nukleoa IV. mendean harresitu zen eta "Cohors I Gallica" ren egoitza bihurtu zen.[7]

Arkeologia frogek aditzera ematen dutenez, hiribilduak Goi Erdi Aroaren hasieran bigarren loraldia izan zuen, eta gero abandonatu zuten. Zenbait historialariren iritziz, Iruña Veleia Leovigildo errege godoak sortutako Victoriacum izan liteke (batzuetan, egungo Gasteiz dela pentsatu izan da).[8] Artean, izan ere, hiribilduaren zati handi baten indusketak egitea falta da.

Erdi Aroa

Erdi Aroan berriro bete zen, San Joanen Ospitaleko Ordenaren enkomienda ezarri baitzen orube batean. Billoda eta Tresponteseko zubi bikainek islatzen dute komunikazio lotune garrantzitsua izan zela. Lehenengoaren egungo fabrika[oh 1] Erdi Arokoa da eta bigarrenarena garaikidea.

Alfontso errege asturiarrak 743 aldera Ebro inguruan egindako kanpainan Velegia bat baino gehiago aipatzen da. Hurrengo hamarkadetan, halaber, Velegia Alabense oppidum bat aipatzen da Kordobako armadak egindako sarraldi batean.

Aro Modernoa eta garaikidea

Iruña-Veleia, gainera, Europako gerra garrantzitsuenen agertokia izan da: Ehun Urteko Gerratik hasi eta Gasteizko gudua eta, XIX. mendean, karlistaldia gertatu zen arte.[4]

Iturri klasikoetan

Veleia "oppidum" karistiarra izan zen. Pliniok (Nat. Hist., III, 26)aipatzen ditu veleiatarrak Conventus Cluniensesen zeudela. Tradizionalki, Iruñarekin (Araba) identifikatu izan zen, eta aurkikuntza epigrafiakoek behin betiko baieztatu zuten uste hori. "Antoninoren Ibilbidean" (454, 8), "Beleia" izenez aipatzen den "mansioa" XXXIV bidean kokatzen du, eta Ravennate edo Ravenako kosmografia liburuan (218, 7) "Belegia" gisa agertzen da.[7]

Indusketen historia

Iruña-Veleia aztarnategiaren gainaldeko zulatze lana, hondeamakinaz egina (1 metro inguru sakon) 2024ko azaroan

Aurkikuntzak jada XVI. mendean hasi ziren, 1585ean Arkaia doktoreak «hantxe aurkitutako estatuak» aipatu baitzituen. Urte hartan aurkitu zuen aztarnategia Diego Salvatierrak. Iturri klasikoetatik ere ezagutzen zen, Antoninoren ibilbidean agertzen baitzen, hori bai, Beleia izenarekin.

Arabako Monumentuen Batzordeak XIX. mendean egiten hasi zen ikerketak, eta, Verastegui presbiteroak XX. mendearen hasieran, eta geroago, Arabako Foru Aldundiak ikerketak sustatu zituen: Gratiniano Nieto Gallo, 1949-54an, Juan Carlos Elorza 1975ean eta Eliseo Gil 1994-2000an. Milurteko berriak Veleiako lanei bultzada berria ekarri zien "Iruña-Veleia III. Milurtekoa" izeneko proiektua abian jarri baitzen. Eusko Trenbideak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saila izan zirela proiektuaren babesleak, AFAren eta beste erakunde batzuen lankidetzarekin.[4] 2006an Foru Aldundiak Eliseo Gil eta bere taldeari aztarnategian lan egiteko baimena kendu zion eta aztarnategia itxirik egon zen 2010 arte. 2009an, Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitateari eman zion ikerketaren ardura eta Julio Nuñez Marcen izan zen lehen zuzendaria etapa berrian.

Erromatar hiria

Pompeia Valentinaren domuseko mosaikoa

Aztarnategian harresi berantiarraren hondakinak nabarmentzen dira, kanpoko aldearen 500 metro baino gehiago ikusgai baitaude. Paramentuen zabalerak (4,5-5 m bitarteko lodiera) eta dorreen zimenduek (oin karratua eta erdizirkularra dute) gotortutako eremuak garai batean izan zuen itxura adierazten digute.

Erromatar garaiko Veleiako oligarkiaren domus edo hiriko bizileku handi batzuk nahiko ondo ezagutzen ditugu, baita harresiaren barruko aldeari atxikitako bizileku xumeagoak ere. Aipatzekoak dira Errosetoidun mosaikoen Domusa eta Pompeya Valentinaren domusa, 1.000 m² baino gehiago dituena eta bere egituren artean toscanar atrioa eta lur lauzatua duen peristiloa dituena.[4]

Komertzioarko plaza (Macelluma) ere nabarendu behar da eta kaletik bertara sartzeko aurkitu den 65 m²ko areto bat. Trapezoide forma zuen eta alde zehiar bat, ekialdetik Iter XXXIV (Ab Asturica Burdigalam) galtzadara ateratzeko aurrean zuen trazadurara egokitzen zena.[9]

Tenplu monumentalaren oinarriak, partzialki berreraikita. Tenplu erromatar kanonikoa, greziarra ez bezala, plataforma garai baten gainean eraikitzen zen.

Plaza publikoa eta Goi Inperioaren hasieran eraikitako tenplu monumentala era aurkitu zituzten.[9]

2006ko aurkikuntzak

Sakontzeko, irakurri: «Veleia afera»

2006an, Pompeia Valentina etxean, I. mendean eraikia eta V. mende arte etengabe erabilia, multzo epigrafiko bat aurkitu omen zen, gela hertsi batean. Oihartzun handia izan zuen hedabideetan: «munduan parekorik ez duena», «erromatar garaiko garrantzitsuenetakoa» zela zioten. Hasierako une haietan ere, zenbait arkeologo eta euskaltzain mesfidati agertu ziren.[10] Ondorengo hauek aurkitu omen ziren, besteak beste:

  • 270 idazkun eta marrazki, ostraka zeramika zatietan eginak. Batzuek Egiptoko historiaren hainbat pasarte adierazten zuten, horietako zenbait idazkera hieroglifikoan. Ikertzaileen arabera, hieroglifiko horiek ere «anakronikoak» eta «faltsukeria» dira.[11]
  • Egiazkoa izan balitz, mundu osoan aurkitutako kalbarioaren (Jesusen gurutziltzatzea) lehen irudikapen izango litzatekeena, hori ere faltsua adituen esanetan.[12]

Multzo epigrafiko horren garrantzia Ponpeia, Erroma edo Vindolanda (Ingalaterra) aztarnategietan egindakoekin alderatu zuten ikerlari batzuek, hainbat espezialistak faltsutzat jo baino lehen. Hala ere, auzia bizirik dago, eta zenbait adituk laidotzat jo dute aurkeztutako ustezko 400 froga arkeologikoen koherentzia estratigrafikoa zalantzan jarri izana, eta sinestezintzat jo dute «faltsugileek» horrelako ustezko faltsuketa kopuruak egin ahal izatea.[13]

Herrian ere, ezinegona sortu du auziaren egungo egoerak, eragile instituzionalek auzia orain arte ondo ebatzi ez dutelakoan, eta 2018ko ekainean babes zabala lortu zuen Euskal Herrian auzia argitzearen aldeko manifestuak.[14]

2024ko aurkikuntza: Zirku erromatarra

2024an, aztarnategiaren gainazalaren analisi zehatz bat egin zen, 251 hektareako azalera batean, eta lur azpian kronologia erromatarreko eraikin eta azpiegiturak zeudela ikusi zen. Aurkitutakoen artean, kaleak (batzuetan arkupedunak), espazio publikoak, etxebizitza auzoak, ustez gurtza kolektiborako ziren eraikinak, eta ur hornidurarekin edo hiri bilbearen saneamenduarekin lotutako azpiegiturak bazeuden, eta aurkikuntza handiena gisa aurkeztu zena, zirku erromatarra. Hala ere, indusketak egin bitartean, eraikinen aztarnak agertuko diren edo bakarrik lurrean utzitako arrastoa, hori ezin dela argitu eta zuhurtzia eskatu zuren aztarnategiko lanen arduradunek.[15]

Oharrak

  1. Obra, eraikuntza, edo haren zati bat, adreilu edo harri natural edo artifizialez egina, elkarren artean morteroz lotutako edo lehorrean elkarrekin jarritako harlanduak horma bat egiteko.

Erreferentziak

  1. Iruña Veleiako arkeologi gunea. Iruña Okako Udala.
  2. Llanos Ortiz de Landaluze, Armando. (1990). «La Edad del Hierro y sus precedentes, en Alava y Navarra.» Munibe (Donostia) 42: 167 -179. ISSN (Antropologia - Arkeologia) 42 MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) 42. (kontsulta data: 2025-05-28).
  3. Llanos Ortiz de Landaluze, Armando. (1974). «Urbanismo y Arquitectura en poblados alaveses de la Edad del Hierro» Estudios de Arqueología Alavesa (Ejemplar dedicado a: Homenaje a Domingo Fernández 6: 103. ISSN 0425-3507..
  4. a b c d (Gaztelaniaz) «Iruña-Veleiako multzo arkeologikoa» Euskaonews & Media 2007-07-27 (kontsulta data: 2025-05-28).
  5. (Ingelesez) «Iruña-Veleiako jarduerak planifikatzeko Plan Zuzentzailea eskatuko du EH Bilduk» ehbildu.eus (kontsulta data: 2025-05-28).
  6. (Italieraz) «Veleia» Complesso Monumentale della Pilotta (kontsulta data: 2020-05-03).
  7. a b «Tesauros - Diccionarios del patrimonio cultural de España - Veleia» tesauros.cultura.gob.es (kontsulta data: 2025-05-28).
  8. «Victoriacum- Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2019-04-01).
  9. a b Ortiz de Urbina, Montoya, Carlos; Martínez, Montecelo, Ángel; López Arberas, Beatriz. (2023). Iruña-Veleia. Gida arkeologikoa. Arabako Foru Aldundia, 80-17 or. ISBN 9788412698589..
  10. «Erromatar garaiko aztarnarik garrantzitsuenetakoak aurkitu dituzte Veleian», Argia, 2006-06-09.
  11. «Veleia: disparateen zerrenda», Sustatu, 2008-11-20.
  12. «Iruña-Veleiako aurkikuntzak faltsuak direla baieztatu dute zientzialariek»[Betiko hautsitako esteka], EITB.com, 2008-11-20.
  13. (Ingelesez) Berria.eus. «Ezinezkoa da Iruña-Veleiako 400 grafitoak faltsifikatzea» Berria (kontsulta data: 2019-03-31).
  14. «Babes zabala lortu du Veleia auzia argitzearen aldeko manifestuak» Argia (kontsulta data: 2019-03-31).
  15. Arabako Foru Aldundia, Prentsa. (2024-07-17). «Ikerketa baten ondorioz Arabako hiri erromatar baten zirku eta hiri eremu ezezagunak aurkitu dira» prentsa.araba.eus (kontsulta data: 2024-07-18).

Ikus, gainera

Bibliografia gehigarria

Kanpo estekak