Edukira joan

Karistiar

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Karistiarrak eta inguruko tribuak bizi ziren eremua erakusten duen mapa, gaur egungo Euskal Herria ere ageri dela.

Karistiarrak[1] (latinez: caristii edo carietes eta greziarrez: karistoi) antzinako erromatarrek Hispania lurraldearen iparraldean kokatu zuten tribu bat da, Deba ibaiaren mendebaldean eta Nerbioiren ekialdean, hau da, gaur egungo Bizkaian (Enkarterri izan ezik) eta Arabako mendebaldean.

Deba ibaitik ekialdeko lurraldetan auzo zituzten barduliarrak, eta Nerbioi ibaitik mendebalera autrigoiak. Hegoaldetik, karistiarrak, autrigoiak eta barduliarrak bizi ziren Trebiñu edo Uda aldera. Ptolomeok eta Pliniok eman zituzten karistiarrei buruzko berriak.[2] Estrabonek eta Ponponio Melak ez zuten haiei buruz idatzi. Pliniok carietes izena eman zien. Ptolomeok dioenez, karistiar hiriak ziren Suessatio edo Souestasion (egungo Arkaia, Gasteiztik hurbil, erromatarren Astorga-Bordele galtzadan), Tullica edo Toullika (egungo Tuyo) eta Beleia edo Oveldia (Veleia edo Iruña, Astorga-Bordele erromatar galtzadan.[3]). Veleia da, karistiar hirien artean, hobekien ezagutzen duguna[4].

Zalantzazkoa da ea kantabriei, zeltiberiarrei ala baskoiei loturik ziren (adibidez, baskoiekiko lotura baztertzen du baskoitze berantiarraren teoriak). Edonola ere, Goi Erdi Aroan inork ez zituen jada karistiarrak aipatzen, eta haien bizileku izandako lurretan Bizkaia eta Araba sortuko ziren. Aditu batzuen ustez, karistiar, autrigoi eta barduliarren arteko harreman etniko, politiko eta linguistikoek herrien batasuna bultzatu zuten.[5]

Adituek luze eztabaidatu dute ea euskarari lotutako hizkuntzaren bat hitz egiten zuten ala indoeuropar hizkuntzaren bat zuten, baina oraindik ez dute ondorio argirik atera. Karistiar jatorriko toponimoek indoeuropar, aurrezelta edo zelta itxura dute: Tullica (Tullo "haran"), Suessatio (" kokaleku on"). Barduliar jatorrikoek bezala, ez dute aitzineuskararekin loturiko aurrizkirik, baskoien Iltur-, -berri, -egi/-eki edo antzekorik.

Karistiarrak bizi ziren lurraldea bizkaieraren gaur egungo eremuarekin gutxi gorabehera bat datorren arren, egungo euskalkiaren eta erromatarren aurretiko tribu haren arteko harremanik ez da. Izan ere, bizkaiera askoz geroago sortu zen, VIII. mendearen inguruan.[6][7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]