Edukira joan

Iruñeko udaletxea

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 42°49′06″N 1°38′39″W / 42.818331°N 1.644169°W / 42.818331; -1.644169
Wikipedia, Entziklopedia askea

Iruñeko udaletxea
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Nafar bidea Nafar bidea
Iruñeko Alde Zaharra
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIruñea
Koordenatuak42°49′06″N 1°38′39″W / 42.818331°N 1.644169°W / 42.818331; -1.644169
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1423ko irailaren 8a
JabeaIruñeko Udala
ErabiltzaileaIruñeko Udala
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669-239
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
239
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Iruñeko Udaletxea Udalaren egoitza da Nafarroako hiriburuan, Iruñeko Udal Plazara ematen duen eraikina, Iruñeko Alde Zaharrean. 1750eko hamarkadan eraiki zen orain duen itxuran, baina aurrealdea salbu, 1951eko erreforma batek eraldatu egin zuen.

Udaletxearen aurrekari izan zen Jureria etxea lubanarro izandako toki batean eraiki zen, Iruñeko Erdi Aroko hiru burguek bat egiten zuten tokian. Hiriaren zatiketa Nafarroako errege Karlos III.a Nobleak bukarazi zuen Batasun Pribilegioa aldarrikatuz 1423an eta, harren segidan eraiki zen Jureria etxe hura[2].

Handik mende batzuetara eraikin hura oso zaharkitua zegoen, eta 1751 eta 1760 artean egungo udaletxea eraiki zen. Jose Zay Lorda arkitektoak egin zuen proiektua. Aurrealdeko apaingarri gehienak ere ordukoak dira, 18. mendekoak, Juan Lorenzo Catalan arkitektoarenak[3].

1951. urtean erreforma egin zen, José María eta Francisco Javier Yárnoz Orcoyen anaien proiektu baten gainean. 1953an berrireki zen ofizialki udaletxea.

Hiru solairu ditu udaletxeak.

Fatxada edo aurrealdea barrokoa da, kontraste askokoa, elementu neoklasikoekin, eta nahasten ditu arkitektura eta eskultura.

Beheko solairua doriarra da, erdian atea du, puntu erdikoa. Ate horren alde banatan harrizko bi estatua daude, Zuhurtzia eta Justizia, Jose Jimenezek 1754an egindakoak. Ateburuan hauxe dago idatzita: "Patet omnibus janva, cor valde magis" ("Atea denentzat dago zabalik, baina batez ere bihotzarentzat")[2].

Erdiko gorputza joniarra da, eta korintoarra goikoa. Aurrealdea hainbat zutabe-parez egituratua dago, eta balkoiak banatzen dituzte. Balkoietako barandetan urre koloreko lehoiak ageri dira, hiriaren udal ikurra.

Hiru solairuen gainean frontoi bat du, estilo puristakoa. Gainean ikusten da Fama edo Ospearen irudia, turuta jotzen, alde banatan Iruñeko eta Nafarroako armarriak, lehoiek eutsirik[3]. Bi alboetara, Herkulesen bi eskultura alegoriko.

Aurrealdeko balkoia inportantea da hiriko jaietan, Sanferminetan, Txupinazoa bertatik botata hasten da ofizialki jaia, eta Gaixoa ni ere bertatik abesten da itxieran.

Barnean, lehen solairua solairu noblea da. Han daude Harrera Aretoa, alkatetza bulegoa eta Batzar Aretoa. Harrera Aretoan hainbat erretratu daude - Elisabet II.a Espainiakoa, Pablo Sarasate, Julian Gaiarre-, San Ferminen margolan bat eta, aldameneko kaperan, San Fermin eta San Saturninoren erlikiak, eta zilarrezko gurutze bat, 16. mendekoa[2].

Batzar Aretoan beirate bat dago, Batasun Pribilegioa erakusten duena.

Alkatetzaren bulegoan hainbat gauza baliotsu daude: harresi zaharretako zazpi giltzak, bandera ofizial bordatua eta hiriko hiru mazo zilarrezkoak, prozesioetan ateratzen dituztenak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «1324 - 1423 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-13).
  2. a b c «Iruñeko Udaletxea - Turismo Nafarroa» www.turismo.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-09-13).
  3. a b «Arte barrokoa» www.euskadi.eus 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2018-09-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]