Edukira joan

Jean Prouvé

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jean Prouvé

mayor of Nancy (en) Itzuli

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJean Émile Victor Prouvé
JaiotzaParisko 14. barrutia eta New York1901eko apirilaren 8a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaNancy1984ko martxoaren 23a (82 urte)
Hobiratze lekuaCimetière de Préville (en) Itzuli
Familia
AitaVictor Prouvé
AmaMarie Prouvé
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Irakaslea(k)Émile Robert
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa, diseinatzailea, artista, politikaria eta ingeniaria
Jasotako sariak
Jean Prouvéren gasolindegi aurrefabrikatua..
La Benauge suhiltzaile etxea, aluminiozko fatxada (Bordele)

Jean Prouvé (Paris, 1901eko apirilaren 8a - Nancy, Lorrena, 1984ko martxoaren 23a) frantziar arkitekto eta diseinatzaile autodidakta zen. Haren lorpen handiena manufaktura teknologia, kalitate estetikoak galdu gabe, industriatik arkitekturara eramatea izan zen.

Victor Prouvé Art Nouveau estiloko margolariaren semea zen eta Claude Prouvé arkitektoaren aita.

Metalaren eskulangilea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919an, Jean Prouvé burdingintza ikastera joan zen Émile Robert-en lantegira, Enghien herrira. 1924an sortu zuen lehen lantegia, Nancyn, familiaren sorterrian. Lehenengo egitekoak eraikin pribatuentzako burdinlanak izan ziren: Nancyko Thiers hotela, Parisko hainbat saltokiren aterpeak, Donibane Lohizuneko kasinoaren burdin hesiak. Garai honetatik datorkio bizitza osoan zehar detailearekiko zuen estimua.

Lantegitik marrazki-mahaira

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930ko hamarkadan zehar, Eugène Beaudouin eta Marcel Lods arkitektoekin elkarlanean aritu zen, Frantzian aitzindaritzat jotzen diren eraikinen arotzeria marraztuz: La cité de la Muette Drancyn eta La Maison du Peuple ("Herriaren Etxea") Clichyn.

1954an, Jean Prouvé eta Charlotte Perriand lehiaketa publiko batera aurkeztu ziren, Jean Zay unibertsitate egoitzako altzariak diseinatzeko (Antony herrian). Bizigelak, jangelak eta logela batzuk altzariz hornitzeko aukeratu zituzten. Altzari hauek (apalategiak, aulkiak, Antony oheak, Compas lan mahaiak) eredugarriak dira eta gaur egun XX. mendeko altzari estimatuenetakoak dira[1].

Habitat industrialaren esperientzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950an, Jean Prouvék elkarte bat sortu zuen M. Bataille arkitekto-idazlearekin batera, les Ateliers Jean Prouvé izenekoa eta egitura metalikoen enpresa bati lotua. Helburua etxe industrializatu ugari ekoiztea zen, Berreraikuntza garaiko larritasun ekonomikoari aurre egin ahal izateko. Lehenengo modeloak Berreraikuntza ministerioak eskatu zituen, baina epeltasun administratiboak jatorrizko handinahia murriztu zuten. Azkenean, hogei etxe baino ez ziren fabrikatu. Batzuk Meudon herrian eraiki ziren[2], eta besteak Frantzian barrena sakabanatu. Esperientzia 1952an amaitu zen, Aluminium français enpresaren kapitalean sartu zenean. Zuzendaritzatik egotzia, Jean Prouvék enpresaren kontrola galdu zuen[3].

Hala ere, garai nahasi honetan eraikin bikain ugari egin zituen: 5 square Mozart eraikineko fatxadak (Paris, 1954), Aluminioaren Mendeurreneko Pabilioia M. Hugonet ingeniariarekin (1955), Cachat txosna M. Novarina arkitektoarekin (Evian, 1956) eta beste hainbat egintza aintzindari, agiri ofizialak eskuratu ez zituztenak eta prototipo fasean geratu zirenak (Abbé Pierre apaizaren etxea, 1956; makulu-eskola Villejuif herrian, S. Ketoff ingeniariarekin, 1957). 1957an CIMT enpresako "Eraikuntza" saileko arduraduna bihurtu zen eta, ekoizpen lekuetara hurbiltzean, fatxada arin sistema garatu zuen. Eraikuntza teknika berrituek (estrusioa...) eta exekuzio sistema hobeek bukalan eta isolamendu arazoak konpondu zituzten (Orly-Sud aireportua, Vicariot arkitektoarekin, 1959).

Enpresatik kanpo hainbat lan ere egiten zituen: ikerlanak (saharar etxea Charlotte Perriand-ekin, 1958), kontsultak (CNITeko beirateak, La Défense, Bernard Zehrfuss arkitektoarekin, 1957) eta lehiaketak (J. Belmont eta M. Silvy arkitektoekin: GEEP eskolak, 1960; CCC lizeoak, 1963).

CIMT utzi eta ingeniaritza-aholkularitza bulego txiki bat ireki zuen 1966an. Itzal handiko arkitekto ugarirekin elkarlanean aritu zen, haren eragina nabarmen utziz (Nobel dorrea La Défense auzoan, J. de Mailly arkitektoarekin, 1967; V hegala Unesco etxean, Paris, Bernard Zehrfuss arkitektoarekin, 1969; Frantziako Alderdi Komunistaren egoitza nagusia, Paris, Oscar Niemeyer arkitektoarekin, 1970).

1957tik 1970era, Parisko Conservatoire national des arts et métiers delakoan arte aplikatuen katedra hartu zuen. Betidanik irakasteko interesa zuenez, eraikuntzaren alde industriala garatzen zuen ikastaro bat antolatu zuen, "gauzaki teknikoen" analisian oinarritua, automobiletatik eraikuntzaraino.

Prouvéren lanbide amaieran materialekin saiakerak egin zituen, material berriak (Total gasolindegia zilindrikoak) edo konposatuak (Lyon-Bron unibertsitateko fatxada panelak) erabiliz. Garai honetan ere hainbat proiektu ausartegi ere garatu zituen, eraiki ez zirenak, baina bere lanari hirigintza maila eman ziotenak (Hezkuntza Nazionalaren Ministerioaren egoitza, Belmont eta Swetchine arkitektoekin, 1970; Station d'Arc 2000, Hayama eta Binottorekin, 1970).

Garai honetan ere jaso zuen nazioarteko ospe eta ezagutza, eta lorpen tekniko eder batzuk: Palais omnisports de Paris-Bercy kiroldegiaren egitura (Andrault eta Parat arkitektoekin, 1978) edo Ouessanteko radar-dorrea (Jacquin arkitektoarekin, 1981). Lorpen "morala" ere eskuratu zuen, Georges-Pompidou Zentroa eraikitzeko lehiaketa epaimahaiburu izendatu zutenean (1971). Renzo Piano eta Richard Rogers arkitektoen proiektuak irabaztean, hein batean Prouvéren "ondare kulturalak" irabazi zuen, arkitektura teknologikoari egindako ekarpenak agerikoak baitira bertan.

  • 1935-1939 Herriaren Etxea (Maison du Peuple), Clichy
  • 1935-1936 Roland Garros boleibol kluba, Paris.
  • 1950 Meudongo etxeak, 83 route des Gardes, Meudon (André Sive arkitekto, Jean Prouvé eraikitzaile eta Henri Prouvé ingeniari)
  • 1951 Erakusketa jauregia, Lille.
  • 1952-1963 Geisendorf parkeko eskola, Geneva
  • 1953-1954 La Benauge suhiltzaile etxeko aluminiozko fatxada, Bordele
  • 1954 Mame irarkola, Tours (Grand prix d'architecture industrielle)
  • 1954 Etxebizitzak, square Mozart, Paris (altzairuzko elementu aurrefabrikatuekin)
  • 1954-1955 Prouvé etxea, Nancy
  • 1956-1958 CNIT (Centre National des Industries Techniques) La Défense auzoan, Nanterre (Robert Edouard Camelot eta Bernard Louis Zehrfuss-ekin batera).
  • 1966 Nobel dorrea, La Défense, Nanterre.
  • 1967 La Foire eraikina, Grenoble
  • 1967 Japoniako enbaxada, 31 rue du Faubourg-Saint-Honoré, Paris
  • 1969 Centre de loisirs Gérard Philipe, Orly (J. Deroche-kin).
  • 1979-1987 Palais omnisports de Paris-Bercy, Paris.
Xafla tolestuzko altzariak.

Prouvéren metalezko altzariak garaiko Bauhaus altzarietatik aldentzen dira, ez baitu erabiltzen altzairuzko hodien teknika. Prouvék uste osoa zuen altzairuzko xaflaren iraunkortasun eta itxuran, "tolestua, zapaldua edo konprimitua; urtua baino". Arkitektura nomadaren garapenean eragin handia izan zuen Prouvék, aulki bat eta etxe bat alderatuz, biak diseinatzerakoan eramankortasunean pentsatuz.

Altzari lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1931: Cité Universitaire de Nancy altzariak (adibidez Cité sofa)
  • 1934: Standard No 4 aulkia
  • 1936: Eskola mahaia bi aulkirekin
  • 1948: Standard aulkia
  • 1949: Compas mahaia
  • 1950: Gueridon mahaia, Granito mahaia, Potence lanpara
  • 1952: Trapez mahaia
  • 1953: Bahut arasa
  • 1954: jarlekuak (Cité Universitaire, Antony)

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Jean Prouvé - Une architecture par l'industrie, Les éditions d'Architecture Artemis Zurich, 1971, Jean Prouvéren hitzaldiak eta elkarrizketak.
  • François Moulin, Jean Prouvé. Le Maître du métal, La Nuée Bleue, Estrasburgo, 2001.
  • Christian Enjolras, Jean Prouvé. Les maisons de Meudon, Éditions de la Villette, Paris, 2003
  • Jean Prouvé, la poétique de l'objet , erakusketako katalogoa, Vitra Design Museum, 2006.
  • Jean Prouvé, Les Maisons Tropicales, Eric Touchaleaume, Ed. Galerie54, Paris 2006.
  • Jean Prouvé, Édition Galerie Patrick Seguin, Paris & Sonnabend Gallery, New York 2007.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Antony aulki baten jatorrizko edizio bat 40.000€ inguru balio ditu, Kangourou jarleku bat 152.449 eurotan saldu zen 2001eko martxoan, apalategi bat 160.000 eurotara irits daiteke
  2. Christian Enjolras, Jean Prouvé. Les maisons de Meudon, éd. de la Villette, Paris, 2003 ISBN 2903539693
  3. L’utopie est-elle soluble dans le patronat ?, France 3 katean 2006ko maiatzaren 2an telebistaratutako dokumentala.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Prouvé