Joanes Jatsu
| Joanes Jatsu | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Donibane Garazi, 1445 |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Xabier, 1515eko urriaren 16a (69/70 urte) |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Maria Azpilkueta |
| Seme-alabak | |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Boloniako Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | euskara latina nafar erromantzea |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | legelaria, diplomazialaria, politikaria eta Hofrata |
Joanes Jatsu Atondo (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea, ? – Bearno, 1515) nafar legelaria izan zen, Nafarroako Erresumako Errege Kontseiluko buru. Goi karguak bete zituen nafar monarkiaren administrazioan, erresumaren garai kritiko batean. Erresumako borroka politikoan, agaramontarren bandokoa zen.
Xabierko jauna bihurtu zen Maria Azpilkueta emaztearen familiatik. Nafarroaren 1512ko inbasioaren ondotik, nekez eutsi zion bere ondareari, eta monarkiaren administraziotik baztertua izaten joan zen. Frantses Xabier izan zuen seme.
Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroa Behereko agaramontar familia batean sortu zen. Arnalt Peritz Jatsukoa aita, familia kaparetik etorria, Karlos IV.a Vianako printzearen alde borrokatu zen Nafarroako Gerra Zibilean.[1] Gaztetan, familiarekin ihes egin zuen Iruñetik Tafallara, beaumontar bandoa Nafarroako hiri buruzagian gailendu zenean.[1] Boloniara joan zen ikastera. Bertako Unibertsitatean zuzenbidean doktoretza lortu zuen 1470ean.[2]
Nafarroako koroaren goi funtzionario
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1476an, Nafarroako Erresumako Errege Kontseiluko buru aukeratu zuten.[3] 1483an, nafar koroaren aliantza sistema jokoan zelarik, Katalina Foixkoa Nafarroako erregina Fernando II.a Aragoikoaren ondorengo batekin ezkontzearen aldeko agertu zen. Horixe zen, izan ere, garai hartako noblezia gehienaren hautu lehenetsia, Gaztelarekin zebilen etengabeko borroka bukatzearren.[4]
1494an, Katalina Foixkoa eta Joanes Labritekoa errege-erreginen koroatzean parte hartu zuen, zina hartu baitzien Nafarroako Gorteen ordezkari gisa.[5] 1498an, Petri Nafarroakoarekin batera, Nafarroako Erresumaren enbaxadorea izan zen Aulki Santuan, eta 1507an Frantziako Gortean.[6] 1502an, Maria Azpilkueta emaztearen aita hil zenean, Joanes bihurtu zen Xabierko jaun ezkontidea.
1510ean, aliantza bat negoziatu zuen Biarno, Bigorra eta Foix Nafarroarekin osoki bateratzeko, Frantziako errege Luis XII.aren asmoen kontra: Nafarroako Erresuma eta lurralde horiek bereganatzea.[1]
Nafarroaren konkistaren garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako zuhurtasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fernando II.a Aragoikoak nahi zuen Nafarroako koroak Frantziarekiko neutraltasuna haustea eta Erresuman zehar espainiar tropak igarotzen uztea. Hala Joanes Jatsu nola Petri Nafarroako mariskala Fernandorekin bildu ziren negoziazio biziki zailetan hitzarmen batera heltzeko. Errege arrotzak bilkura utzi zuen, adieraziz:
| « | Indarrez hartuko dut onean ukatzen didazuena. | » |
Gaztelako Erresumako armadak Nafarroa Garaia inbaditu zuenean (1512), Erresumako kargurik garrantzitsuenetariko bat zen. Errege-erregina legitimoen aldeko posizioa hartu zuen eta, adierazi izan denez, Xabierko gazteluan hartu zuten aterpe. Luze gabe, Bortuz iparraldera, Biarnora, erbesteratu zen familiarekin batera.
Hala ere, Joanes erregeak nafar administrazioko goi funtzionarioei agindu zien itzul zitezela Erriberrira, esperantzaz laster itzuliko zela eta administrazioa lehengo horretan utziko zuela eta, aldi berean, hura guztiz ez paralizatzeko. Fernando espainiar erregeak ez zuen hori eragotzi.[4]
Gizarte posizioa kolokan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gauzak zertxobait aldatu ziren 1512ko udazkeneko birkonkista ahaleginean: Nafarroako Errege Kontseiluko hainbat kidek ez zituzten Fernandoren gustuko posizioak hartu, eta pixkanaka haiek baztertzen joan zen: Joanes Jatsukoa bera, Kontseiluko presidentea, kargugabetu zuen, eta trukean Leringo kondea jarri. Hala ere, ez zuen Joanes guztiz baztertu errege administraziotik.[4]
Ez dago argi leialtasuna zin egin ote zion Fernando Katolikoari (edo Iruzurtiari), baina baliteke hala izatea. Nolanahi ere, pentsatzen da hala egin zuenean zirkunstantziek guztiz behartuta egin zuela, dena galtzearen beldurrez, Petri Nafarroako mariskalak berak egin zuen bezala.[4] Fernando erregearekin zituen harremanak ez dirudite onak. Izan ere, luze gabe, espainiar erregeak kendu egin zizkion Xabier eta Zangozaren arteko larreen gainean zituen zenbait eskubide, Nafarroako Gorteek jada berretsiak.[4]
Joanesek Miguel eta Joan semeak izan zituen ondorengo eta oinordeko. Frantses edo Frantzisko Xabierrek 9 urte zituen orduan, eta familia kinka gaizto batean zen.[4] Jada hilik, 1517an, Xabierren zegoen familiaren gaztelua eraitsia izan zen Cisneros kardinalaren agindupean.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joanesek Nafarroako errege-erreginen kronika idatzi zuen, erdaraz.[7]
Ezkontza eta seme-alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baztan ibarreko leinu batekoa zen Maria Azpilikuetarekin ezkondu zuen eta, haren bitartez, Xabierko gaztelua izan zuten etxe. 1502an Mariari aita hil zitzaionean, Azpilikuetako jaurerria jaso zuen.
Sei seme-alaba izan zituzten:
- Maria Jatsu Azpilikueta.
- Maddalen Jatsu Azpilikueta (1485 inguru - 1533), klaratar moja Gandian.
- Ana Jatsu Azpilikueta (1492- ?) 1513an gaztelua utzi eta Leireko jauna zen Diego Ezpeletakoa ezkondu zen.
- Mikel Jatsu Azpilikueta (1495 inguru - 1542), Xabierko jauna, 1521ean Erresuma berreskuratzeko hirugarren saiakeran parte hartu zuena.
- Joanes Jatsu Azpilikueta (1497 inguru - ?) anaia Mikel bezala, 1521ean Erresuma berreskuratzeko hirugarren saiakeran parte hartu zuena.
- Frantzisko Jatsu Azpilikueta edo Frantzisko Xabierkoa (1506-1552), Eliza Katoliko Erromatarraren santua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Alda, por Iñigo Saldise. (2014-10-13). «Doctor Jaso» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2025-10-11).
- ↑ Tamburri, Pascual. (1997). Juan de Jaso: estudios universitarios y posterior vinculación con Italia. Vianako printze erakundea ISSN 0032-8472..
- ↑ .
- ↑ a b c d e f Pescador, Aitor. (2006). Francisco de Xabier. Nacimiento de un mito, muerte de una nación. Tafalla: Txalaparta, 87-94 or. ISBN 84-8136-346-4..
- ↑ www.noticiasdenavarra.com
- ↑ Fernández Martín, Luis. (1991). Un pleito palentino del doctor Juan de Jaso, padre de S. Francisco Javier. Tello Téllez de Meneses erakundea ISSN 0210-7317..
- ↑ Fidel Fitak azalduta