Jonathan Powell

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jonathan Nicholas Powell
Jonathan Powell

Erresuma Batuko Lehen Ministroaren Kabinete Burua
1997ko maiatzaren 2 – 2007ko ekainaren 27
Lehen ministroa   Tony Blair
Aurrekoa Lehena
Ondorengoa Tom Scholar

Jaiotza 1956ko abuztuaren 14a
Alderdi Politikoa Alderdi Laborista
Ezkontidea Sarah Helm
Seme-alabak Lau[1].
Lanbidea Morgan Stanleyn[2]

Jonathan Nicholas Powell (1956ko abuztuaren 14 -) Tony Blair Erresuma Batuko Lehen Ministroa izan zen bitartean (1997tik 2007ra) bere kabineteko burua izan zen.

2010eko martxoan Euskal Herriko egoera politikoari buruz publiko egin zen Bruselako Adierazpena sinatu zutenen artean dago.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Frederick Powell Royal Air Forceko goi kargua izan zenaren seme, botere handiko familia batean jaio zen; Charles Powell bere anaia Margaret Thatcherren kanpo politikarako aholkularia izan zen.

Ikasketak Canterburyko Cathedral Choir School eta hiri bereko King's School delakoan hasita, geroago Historia Oxfordeko Unibertsitatean eta Pennsylvaniako Unibertsitatean egin zituen. BBC eta Granada Television telebistetan lan egin zuen 1979an Foreign Officen sartu baino lehen[3].

Diplomazian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batuko Kanpo Harremanetarako ministerioan Hirugarren idazkari eta 1981ean Lisboarako Bigarren idazkari postua eman zioten. Bere hurrengo ardurak Estokolmon (1986, UKDEL CDE) eta Vienan (urte bereko irailean, UKDEL CSCE) bete zituen[4].

Tony Blairrekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Washingtonen zebilela zerbitzua diplomatikoa utzi eta 1995ean orduko Oposizioaren liderra zen Tony Blairrek deituta berarekin lanean hasi zen. 1997an Alderdi Laboristak hauteskundeak irabazi eta gero goi mailako ardurak hartu zituen Alastair Campbellekin batera.

Agintean egondako lehen urteetan burutu zituen funtsezko lanen artean Irlandako bake prozesua izan zen; Ostiral Santuko Hitzarmena lortzeko bidean kolaboratu zuen. Gobernu autonomoaren eraketa posible egin zuen bilakaeraz liburu bat idatzi zuen 2007an, Great Hatred, Little Room: Making Peace in Northern Ireland, Random House argitaletxeko adarra den The Bodley Headek Londresen aterata; liburuan aurreko urteetan porrot egin zuen Euskal Herrian bizi den gatazkarako negoziazio saiakera ere aztertzen du; Jesus Egigurenekin adibidez harreman zuzenak izan ditu[5].

Blair Lehen Ministroa izan zen denbora osoan[6] gai oso desberdinetan bere aholkularirik preziatuenetakoa izan zen[7]. Cash for Honours ("Sosak ohoreentzat") deitu zen eskandalu politikoaz poliziak birritan galdekatu zuela uste da[8].

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008ko martxoan IRArekin egin bezala Al Kaida eta talibanekin negoziatzeko aholkua eman zien zenbait gobernuri. Foreign Office ideia horren aurka atera zen[9].

2010eko urtarrilaren 18an Erresuma Batuak Irakeko Gerran izan zuen ardurak ikertzeko batzordearen aurrean deklaratu zuen[10]; bi hilabete geroago Euskal Herrian bizi den gatazka politikoari irtenbide baketsua eman nahian argitaratutako Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetako bat izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bi alaba Sarah Helm emaztearekin eta bi seme Karen Drayne aurreko bikotekidearekin: ikus The Independent.
  2. Albistea BBCn.
  3. Powellen soslaia BBCn 2004an.
  4. The Diplomatic Service List 1989, 278.or., HMSO, ISBN 0-11-591707-1.
  5. Berria, 2010eko apirilaren 4a.
  6. Alastair Campbell eta beste batzuek lehenago utzi zuten kabinetea.
  7. Balorapena The Guardianen 2007an.
  8. Who's who: Cash for honours row BBCn 2007ko uztailean.
  9. Powell says government "should talk to al Qaeda", Reuters 2008.
  10. Iraq inquiry: No deal in blood, says Jonathan Powell BBCn.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]