Julia Balbila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Julia Balbila
Bizitza
Jaiotza Erroma, I. mendea
Herrialdea Antzinako Erroma
Heriotza II. mendea ( urte)
Familia
Aita Gaius Julius Archelaus Antiochus Epiphanes
Ama Claudia Capitolina
Leinua Orontid Dynasty (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzak italiera
Jarduerak
Jarduerak poeta eta idazlea

Julia Balbila (antzinako grezieraz: Ἰουλία Βαλβίλλα; K.o. 72 - K.o. 130) erromatar emakume noblea eta poeta izan zen.[1] Tebasen, Hadrianoren gorte inperialaren kide gisa Egipton barrena bidaian zela, orain arte iraun duten hiru epigrama ezagun idatzi zituen.[2]

Familia eta bere bizitzaren lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balbilaren familia Komagene Erresumako errege familiako kide zen, Erromatar Inperioak anexionatutako erresuma zen, gaur egungo Turkian.[3] Balbilaren arbasoak egiptiarrak, greziarrak, armeniarrak, mediarrak, siriarrak eta seleukotarrak ziren.

Gaio Julio Arkelao Antioko Epifanesen eta Klaudia Kapitolinaren bigarren umea izan zen Julia Balbila. Bere neba nagusia Gaio Julio Antioko Epifanes Filopapo izan zen, ekialdeko jatorria izanda Erromako kontsul bihurtu zen lehen gizonetako bat.

Balbilaren gurasoak urruneko lehengusuak ziren haien artean. Klaudia Kapitolina Alexandrian jaiotako emakume greziarra zen, eta Aka II.a Komenekoa bere aitaren aldeko amona zuen, Antioko I.a Teos Komagene-ren biloba. Balbilaren aita, berriz, Antioko IV.a Komagenekoaren eta Julia Iotapa Komagenekoaren lehen semea izan zen. Bai Antioko IV.a bai eta Iotapa, biak, Antioko I. Teos Komagenekoaren ondorengoak ziren baita ere.

Julia Balbilaren amaren aldeko aitona, Tiberio Klaudio Balbilo, egiptoar jatorriko greziarra zen eta haren omenez jarri zioten izena. Astrologoa eta jakintsua zen. Zaldun ordenako magistratu gorenetakoa zen eta prefektua izan zen Egipton K.o. 55etik 59ra arte.[4] Bai Balbilo bai eta bere aita, Trasilo Mendeskoa (Tiberio Klaudio Trasilo) —gramatikaria eta astrologoa—, erromatar lehen enperadoreen lagunak izan ziren: Tiberio, Klaudio eta Vespasianorenak, besteak beste.

Julia Balbilaren aitaren aldeko aiton-amonak, Antioko IV.a Komagenekoa eta Julia Iotapa erregina ziren, esan bezala, Erromaren menpeko txotxongilo agintariak. Julia Balbila Erroman jaio eta hazi zen haien etxean. Julia Balbilaren jaiotza baino lehen baina, Vespasianok Antioko IV.ari Komageneko tronutik abdikatzeko agindu zion, Erromarekiko ustezko desleialtasuna zela eta. Antioko IV.ari eta bere anaia Kalinikori leporatu zieten Partiako Erresumarekin bat egitea Erromaren aurka. Ez dago jakiterik salaketa horiek egiazkoak ziren ala ez. Dena den, Vespasianok Antioko IV.ari nahikoa diru sarrera eman zizkion Erroman luxuzko bizitza egin ahal izateko. Diru horrekin Julia Balbilak eta bere anaiak greziar hezkuntza tradizionala jaso ahal izan zuten.

Familia aurrerago Atenasera joan zen bizitzera, eta han hil zen Julia Balbilaren aita, Epifanes, 92 urterekin. Ondorioz, Klaudia Kapitolina, Julia Balbilaren ama, Alexandriara itzuli zen eta han Marko Junio Rufo erromatar politikariaekin ezkondu zen. Klaudia Kapitolinak Alexandrian egin zituen gainerako urteak. Julia Balbila amarekin bizi izan zen denbora batez, nahiz, handik denbora batera, bere anaia Filopaporen etxera itzuli zen Atenasera.

Bere bizitza aristokratikoa izan arren, Julia Balbilak ez zeukan bere estatusa ziurra Erroman, bere aita ez zelako senataria. Ostera, Filopapok lortu zuen senatari bihurtzea, eta kontsul gisa aritu zen K.o. 109 urtera arte.[5] Filopapo hil zenean, 116. urtean, Julia Balbilak hilobi monumentala eraikiarazi zuen bere omenez, Filopapo Monumentua, Atenasko Akropoliaren hego-mendebaldean dagoen Musaios mendian.

Geroago, Balbilla Atenasko aristokrata batekin ezkondu zela.

Epigramak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julia Balbila Hadriano enperadorearen gorteko poeta eta laguna zen eta haren emazte Vibia Sabinaren gorteko dama. K.o. 129an, Egiptora joan zen haiekin, Erregeen Haranera.[6] Julia Balbilari eskatu zitzaion taldearen itzulera bidaia idatziz kontatuta jasotzeko 130eko azaroaren 19tik 21era.[7] Balbilak hiru epigrama idatzi zituen ere eoliar grezieran, 'epigrammata' bezala ezagunak direnak, Memnon kolosoen hanketan.[8] Baliteke, estatua haiek Balbilari gogoraraztea Nemrut mendiko eskulturak eta Antioko I Teos Komagenekoa bere arbasoaren mausoleoa, poemetan aipatzen baitu. Epigrama haiek erromatar familia inperialaren omenezko inskripzio publiko gisa onartu baziren ere, egitan grafiti antzekoak dira.[9] Asmamen, historia eta mitologiako elementuak dituzte eta tonu homerikoan idatziak. Metaforak, hitzezko eta soinu jokoak erakusten dituzte ere hiru poemek. Saforen lanetan inspiratuta, Julia Balbilak gai liriko tradizionalak ere erabili zituen: maitasun abestiak eta Musekiko zaletasuna.

Lehen eta bigarren epigramak Memnon Etiopiako errege mitikoaren istorioaren kontakizuna dira. Memnon Akilesek hil zuen Troian eta Zeus jainkoak hilezkor bihurtu zuen. Baina, Julia Balbila ez dago Memnoni buruz hizketan berez, baizik eta Hadriano eta Sabina goraipatzea da bere helburua.

Hadriano Augustoak Memnon entzun zuenean

Memnon egipziarrak, jakin nuen, eguzkiaren errainuek berotzen dutenean,

Tebasko harritik hitz egiten du.

Hadriano, guztiaren erregea, ikusi zuenean, eguzki errainuak baino lehen

agurtu egin zuen, ahal izan zuen moduan.

Baina titana zeruetatik igaro zenean bere zaldi zuriekin,

ilundu egin zuen bere itzalarekin bigarren ordua,

eta brontze soinu gisa Memnonek berriro egin zuen hitz.

Tonu altuan, bere agurra egin zuen eta hirugarren aldiz orroa indartsu bat.

Hadriano enperadoreak orduan, agurra egin zion Memnoni eta hurrengo belaunaldientzat harrian idatzita laga zuen

inskripzio hau, ikusi eta entzun zuen guztia jasotzen duena.

Argi geratu zitzaien guztiei, Jainkoek maite zutela.


Sabina Augustoarekin Memnon aurrean izan nintzenean

Memnon, Aurora eta Titon sakratuaren semea,

Tebas Zeusen hiriaren aurrean eserita

edo Amenoth, Egiptoko errege, jakin zen moduan.

Apaizek antzinako istorioetatik kontatzen dituzte

agurrak eta kantuak, bada, ongietorria eman goxoki,

Hadriano enperadorearen emazte augustoari.

Barbaro batek zure mihia eta belarriak moztu zituen:

Kambises, fedegabeak; baina ordaindu egin zuen kaltea,

Apis jainkotiarra kupidagabe hil zuen ezpata beraren puntarekin jasotako heriotza txarraren bidez.

Ez dut uste zure estatua hau desagertuko denik,

Zure izpiritu hilezkorra betiko gorde dut nire buruan.

Nire gurasoak nobleak zirenez, bai eta nire aiton-amonak,

Balbilo jakintsua eta Antioko erregea.

Lehen egunean

ez genuenean Memnon entzun,

Atzo Memnonek [Hadrianoren] emaztea isiltasunarekin agurtu zuenean,

Sabina ederra berriro itzul zedin izan zen.

Gure erreginaren itxura ederra atsegin baituzu.

Iristen denean, bidali oihu jainkotiar bat,

erregea ez dadin zurekin haserretu. Orain dagoen moduan,

bere emazte noblea denbora gehiegiz eduki baituzu beldurrik gabe zure ondoan.

Eta Memnonek, Hadrianoren botearekin dardarka,

bat-batean hitz egin zuen, eta erregina entzuteaz poztu zen.

Julia Balbilak hirugarren epigrama bere gurasoei, aiton-amonei eta bere odol arbaso nobleei eskaini zien.

Fededunak ziren nire gurasoak eta aiton-amonak:

Balbilo Jakintsua eta Antioko erregea;

Balbilo, nire amaren aita, errege odolekoa eta

Antioko erregea, nire aitaren aita. Haien lerrotik

dator nire odol noblea ere,

eta bertso hauek nireak dira, Balbila fededunarenak.

Ondoren, ez dakigu gehiago Julia Balbilaz.


Laugarren epigrama bat dago, kopla elegiarretan egina, "Demo" edo "Damo" izenburua duena eta agian egilearen izena ere badena, Musen omenez idatzia. Olerkia Julia Balbilaren lanekin argitaratu izan da tradizionalki, nahiz eta aztarnek beste egile bat iradokitzen duten.[10] Poeman, Demok azaltzen du Memnonek errespetu berezia erakutsi diola. Horren truke, Demok poesiazko oparia eskaintzen dio, heroiari opari gisa. Epigrama honen amaieran, Memnonen jainkozko izaera nabarmentzen du, bere indarra eta sakratutasunari dei eginez.[11] Aldiz, Memnonen hankaren barneko aztarnek iradokitzen dute poema hau 196. urtean edo geroago idatzi zela.[12]

Demo

Auroraren seme, agurtzen zaitut! Atseginez niregana zuzendu zarenez,

Memnon, ni zaintzen nauten Pierideen izenean,

Demo abestizalea. Eta opari atsegina daroat,

nire lirak beti abestuko du zure indarra, zu sakratu hori.

Fikziozko lanetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ebers, Georg (1880): The Emperor. [13]
  • Codex Regious (2014): Opus Gemini (Romanike telesailaren zati bat). [14]
  • The Glass Ball Game irratsaioa (Mike Walkerren Caesar! seriearen atala). [15]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Plant I. M. Women Writers of Ancient Greece and Rome: An Anthology University of Oklahoma Press, 2004, chapter 43. ISBN 0806136219, 9780806136219
  2. Pomeroy S. B. Spartan Women Oxford University Press, USA, 2002. p128. ISBN 0198030002, 9780198030003
  3. Rowlandson J. Women and Society in Greek and Roman Egypt: A Sourcebook. Cambridge University Press, 1998 p310 ISBN 0521588154, 9780521588157
  4. Lamour D. H. J. and Wilson K. (ed.) An Encyclopedia of Continental Women Writers, Volume 1 Taylor & Francis, 1991, p 74 ISBN 0824085477, 9780824085476.
  5. Boatwright M. T. Peoples of the Roman World. Cambridge University Press, 2012, p87. ISBN 0521840627, 9780521840620.
  6. Opper T. Hadrian: Empire and Conflict. Harvard University Press, 2008 p204. ISBN 0674030958, 9780674030954.
  7. Stevenson J. Women Latin Poets: Language, Gender, and Authority, from Antiquity to the Eighteenth Century. Oxford University Press, 2005, p56. ISBN 0198185022, 9780198185024
  8. Speller E. Following Hadrian: A Second-Century Journey Through the Roman Empire. Oxford University Press, USA, 2004, pXV. ISBN 0195176138, 9780195176131.
  9. Keegan P. Graffiti in Antiquity. Routledge, 2014, p58. ISBN 1317591275, 9781317591276.
  10. Brennan, T. C.. (1998). «The Poets Julia Balbilla and Damo at the Colossus of Memnon» The Classical World 91 (4): 215–234. ISBN 0009-8418...
  11. Plant, Ian Michael. (2004). Women writers of ancient Greece and Rome: an anthology. University of Oklahoma Press ISBN 0-8061-3621-9..
  12. A List of Women Authors from the Ancient World. .
  13. Ebers G. The Emperor Wildside Press LLC, 2010, p29. ISBN 1434412644, 9781434412645.
  14. Codex Regius. Opus Gemini. CreateSpace Independent Publishing Platform, 2014. ISBN 1502542374, 9781502542373.
  15. Caesar BBC Radio 4 website. Accessed 15 August 2015.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]