Juri Zitsar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Juri Zitsar
Juri Zitsar
Juri Zitsar
Datu pertsonalak
Izen osoa Juri Vladimirovitx Zitsar
Ю́рий Влади́мирович Зы́царь
Jaio 1928ko apirilaren 14a
Kuibixev (Errusia)
Hil 2009ko ekainaren 23a
(Errusia)

Juri Vladimirovitx Zitsar, errusieraz Ю́рий Влади́мирович Зы́царь, (Kuibixev, Errusia, 1928ko apirilaren 14a - Errusia, 2009ko ekainaren 23a) errusiar hizkuntzalaria eta euskalaria zen. 1992ko otsailaren 1etik, ohorezko euskaltzaina zen.

Jurik frantsesa, alemana eta ingelesa ikasi zituen. Ondoren, Sobietar Batasuneko gobernuak Vietnamen errusiera irakasteko enkargua bidali zion. Han, Vietnamgo Akademiak ohorezko kide egin zuen.

Hainbat urtez, bere jaioterriko Institutuaren zuzendaria izan zen. Lehendabizi Siberiako leinuek erabiltzen zituzten zenbaki-sistemak aztertzen aritu zen baina euskararen berri izan zuenean, hau ikasteari ekin zion. 1955ean euskarari buruzko tesia plazaratu zuen 1955ean Leningradon.

Euskararekiko zuen interesa zela-eta, Tbilisira bidali zuten euskara ikasteko eta berpizteko. Georgiako Errepublika Sozialista Sobietarreko Hizkuntza Akademiak euskara-saila baitzuen. Garai horretan, Gabriel Aresti euskal idazlearen Nire aitaren etxea errusierara itzuli zuen eta bere ikasleek kaukasiar hizkuntza batzuetara itzuli zituzten. Tamara Makharoblidzek georgierara itzuli zuen.

Tbilisin Xabier Kintana euskaltzain osoarekin harremanetan jarri zen eta hango unibertsitatean euskarari buruzko klaseak eman zituen.

Koldo Mitxelenarekin harreman luzea izan zuen gutun bidez. Koldo Mitxelenak Euskera eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan artikuluak argitaratzen zizkion.

1982an Euskaltzaindiak antolatutako Biltzarrera gonbidatu zuen Shota Dzidzigurirekin batera. Zitsar Sobietar Batasuneko ordezkaria izan zen.

1990ean, Georgian gerra piztu zen eta San Petersburgora alde egin behar izan zuen. San Petersburgon Tekhnitxiski Universitet unibertsitateko irakaslea izan zen erretiroa hartu zuen arte, 1995era arte hain zuzen. Bertan euskara irakasten eta doktoregoak eta tesiak zuzentzen ibili zen batez ere.

Ukrainako Akademiaren ohorezko kide ere bazen.

2009ko ekainaren 23an hil zen gaixotasun luze baten ondorioz.