Kanbodiako geografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kanbodiako geografia
Cambodia Geographic map en.svg
Azalera
Osoa 181.035 km²
Lehorra 176.515 km²
Ura 4.520 km²
Latitudea 13°0' N
Longitudea 105°0' E
Mugak
Laos 555 km
Thailandia 817 km
Vietnam 1.158 km
Itsas erreklamazioak
Ondoko eremua 24 itsas milia
Jurisdikziopeko urak 12 itsas milia
Muturreko garaierak
Puntu beherena 0 m (Thailandiako golkoa)
Puntu gorena 1.810 m (Phnum Aoral)

Kanbodia hego-ekialdeko Asiako estatua da. 181.040 kilometro koadro da luze-zabalean, alegia, munduko herrialdeetan 90.a.[1]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indotxina penintsulako hego-mendebaldean dago, ipar latitudeko 10° eta 15° artean, eta ekialdeko longitudeko 102° eta 108° artean. Iparraldean eta mendebaldean Thailandia du, Laos ipar-ekialdean, eta Vietnam ekialdean eta hego-ekialdean. Hego-mendebaldean 443 kilometroko itsasertza du Thailandiako golkoan.[1]

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tonlé Sapen arroak eta Mekong ibaiaren ordokiak hartzen dute herrialdearen erdialdea, eta azalera osoaren % 75 inguru. Eskualde horren zatirik handiena 100 metro baino gutxiagoko garaieran dago, eta arroza lantzen da bereziki. Arro handi horren hego-ekialdean Mekongen delta dago, Vietnamen barna Hego Txinako itsasoraino hedatzen dena. Arroaren eta deltaren inguruan mendilerroak daude: Kardamomo mendiak eta Damrei mendiak hego-mendebaldean, eta Dangrek mendiak iparraldean. Ipar-ekialdeko eta ekialdeko lur garaiak, berriz, hegoaldeko Vietnamgo mendiguneekin batzen dira.[2]

Hego-mendebaldean Kardamomo mendiak daude, ipar-mendebalde hego-ekialde norabidean orientaturik. 1.500 metrotik gorako gailurrak dauzkate, eta bertan dago Kanbodiako mendirik garaiena: Phnom Aural (1.813 metro).[2][3] Kardamomo mendietatik hegoalderantz eta hego-ekialderantz Damrei mendiak hedatzen dira, 500 eta 1.000 metro bitarteko altuerakoak. Bi mendilerro horien mendebaldean kostaldeko lautada estu bat dago, Thailandiako golkoaren ertzean.[2]

Dangrek mendigunea, Tonlé Sap arroaren iparraldean, Thailandiako Khorat goi-ordokiaren hegoaldeko ertza da. 500 metro inguruko garaiera du, eta punturik altuenak 700 metrotik gorakoak dira.[2]

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tonlé Sapeko arroz sailak.

Hego-ekialdeko erreka batzuk izan ezik, Kanbodiako ibai eta ibai-sistema nagusiak Tonlé Sap aintzirarantz edo Mekong ibairantz isurtzen dira. Kardamomo eta Damrei mendiak uren banalerro garrantzitsua dira: ekialdeko ibaiak Tonlé Sap alderantz isurtzen dira, eta mendebaldekoak Thailandiako golkora.[2]

Ibai nagusia Mekong (khmereraz: Tonle Thom, "Ibai Handia") da, herrialdea ipar-hego zeharkatzen duena. Arrantza gune handia da, batez ere uholde garaian, ibai-ibilgua alderanzten baita. Erdialdean Tonlé Sap aintzira dago, hego-ekialdeko Asiako ur gezako lakurik handiena. Euri garaian, ur biltegi moduan funtzionatzen du, Mekong ibaiaren emaria erregulatuz: urtaro lehorrean 2.590 kilometro koadro hartzen ditu, eta 24.605 kilometro koadro irail eta urriko montzoi-euriteen ondoren.[2]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanbodiako klimak Köppen sailkapenaren arabera.

Montzoiek agintzen dute Kanbodiako klima. Bi urtaro daude: euritsua, maiatzetik urrira, eta lehorra, azarotik martxora. Udan hego-mendebaldeko haizeek Thailandiako golkoko eta Indiako ozeanoko hezetasuna daramate, eta euri jasa bortitzak izaten dira irailetik urrira. Neguko montzoiak, berriz, barnealdeko haize idorra dakar; urtarrila eta otsaila dira hilabeterik lehorrenak.

Tonlé Sapen urteko batez besteko tenperatura 25 ºC ingurukoa da, batez besteko maximoa 28 °C ingurukoa, eta batez besteko minimoa 22 °C ingurukoa. Hala ere, 32 °C-tik gorako tenperatura maximoak arruntak dira eta, euriteen sasoia hasi baino lehentxeago, 38 °C-tik gora irits daitezke. Gutxieneko tenperaturak ez dira inoiz 10 °C-tik behera jaisten. Urtarrila da hilabeterik hotzena, eta apirila beroena. Sarritan Vietnamgo kostaldea suntsitzen duten zikloi tropikalek oso gutxitan egiten dute kalte Kanbodian.[2]


  Gnome-weather-few-clouds.svg   Datu klimatikoak (Phnom Penh)   WPTC Meteo task force.svg  
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 31.6 33.2 34.6 35.3 34.8 33.8 32.9 32.7 32.2 31.4 31.1 30.8 32.9
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 21.8 22.8 24.3 25.5 25.6 24.9 24.8 24.6 24.4 24.2 23.2 21.9 24.0
Euria (mm) 12.1 6.6 34.8 78.8 118.2 145.0 162.1 182.7 270.9 248.1 120.5 32.1 1411.9
Iturria: Deutscher Wetterdienst[4]

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena: Hego-ekialdeko Asian, Thailandiako golkoak, Thailandiak, Vietnamek eta Laosek inguraturik.

Koordenatu geografikoak: 13°00′N 105°00′E / 13.000°N 105.000°E / 13.000; 105.000

Azalera:

  • osoa: 181.035 km²
  • lehorra: 176.515 km²
  • ura: 4.520 km²

Herrialdearen mugak:

denera: 2.530 km

Erresuma mugakideak:

Itsasbazterra: 443 km

Lurraldea: garaiera txikiko zabaldiak, batez ere; mendiak hego-mendebaldean eta iparraldean.

Muturreko garaierak:

Baliabide naturalak: petrolioa eta gas naturala, zura, harribitxiak, burdina, manganesoa, fosfatoak, hidroelektrizitatea, laborantza lurrak.

Lurren erabilera: (2018)

  • laborantza lurrak: % 32,1
  • baso lurrak: % 56,5
  • beste: % 11,4

Lur ureztatua: (2012) 3.540 km²

Arrisku naturalak: Montzoi-euriteak (ekainetik azarora), uholdeak, noizbehinkako lehorteak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Cambodia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2022-2-12).
  2. a b c d e f g Cambodia: Geography. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2022-2-12).
  3. Phnom Aural. peakbook.org (Noiz kontsultatua: 2022-2-20).
  4. Klimatafel von Phnom Penh / Kambodscha. Baseline climate means (1961–1990) from stations all over the world, Deutscher Wetterdienst, dwd.de (Noiz kontsultatua: 2016-01-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]