Lankide:Aitzibergoi/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Erregai fosila Lurraren litosferan aurkitutako hidrokarburoak dira, erregai gisa erabiliak. Gaur egun, erregai fosilak energia sortzeko lehengai nagusia dira, munduko energia premien %90 betetzen dute eta.

Erregai hauek bukatzeko arriskuak beste energi mota batzuk bilatzera bultzatu gaitu. Erabiltzen ditugun lehengaien zati handi erregai fosilak dira: ikatza, petrolioa eta gasa. Erretzean karbono dioxidoa eratzen dute

Eguzkia da gure planetan dagoen energiaren zatirik handienaren iturria. Bera da haizeen arduraduna, gainazaleko uren lurrintzearena, hodeiak sortu eta hodeien eta eurien eragitearena. Eguzkiaren beroa eta argia dira zelula bakarreko landare eta animalien garapenerako beharrezko diren erreakzio kimiko ugarietarako oinarriak. Eta landare eta animalia horiek dira, mendeen poderioz, gaur egun erabiltzen ditugun erregai fosilak sortu zituztenak.

Energia-sortze prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energiaren kontserbazio-printzipioak dioenez, energia ez da sortzen ez deuseztatzen; eraldatu egiten da soilik. Ingurune naturalak funtzionatzen baldin badu, energia eraldatu eta izaki bizidun batzuetatik besteetara igaroko da. Landareek eguzki-energia energia kimiko bihurtzen dute, eta hori beren zeluletan metatzen da. Animalia belarjaleek, jatorri begetala duten elikagaien bidez, energia kimikoa erdiesten dute, beren molekuletan gordetzen dute, eta gerora animalia haragijaleenganaino iritsiko da energia hori. Horrek esan nahi du energia lortzeko, energia gordeta duen gorputz batetik hartu behar dugula, eta gero eraldatu. Gorputz horiei energia-iturriak deitzen zaie.

Erregai fosil motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau erregai fosil mota aurki ditzakegu: petrolioa, ikatza, gas naturala eta petrolio-gas likidotua (PGL). Landare eta animalietatik eratorritako hondakin organikoen pilaketa handietatik osatzen joan dira urteetan zehar. Hondakin horiek itsas hondoko eta aintzira hondoko depresio-guneetan pilatuz joan ziren, eta, honela, mikroorganismo deskonposatzaile aerobioen eskuetatik urrun mantendu ziren. Bertan sedimentu-geruzek lurperatu zituzten. Presio eta tenperatura altuen ondorioz, hondakin organiko horiek petrolio, ikatz eta gas bilakatu ziren, eta in situ mantendu edo arroken bitartez migratu, banandu, pilatu ziren edo atmosferara ihes egin zuten. Jatorri biologikoa duten errekurtsoak –egurra, egur-ikatza eta biodiesela– ez bezala, erregai fosilak iturri berriztaezinak dira, ezin direlako epe laburrean berritu.

Petrolioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolioa karbonoz eta hidrogenoz osaturiko likido oliotsua da. 600-5000 metro arteko sakoneran aurki daiteke. Errekurtso hau Antzinarotik erabili izan du  gizakiak: egiptoarrek petrolioa erabiltzen zuten momien kontserbazioa egiteko, eta erromatarrek, aldiz, argiztapenerako erregai gisa.

Petrolioak eta bere deribatuek aplikazio ugari dituzte. Gehien erabiltzen den erregaia izateaz gain, industrian funtsezkoa den lehengaia da halaber, petroliotik sortzen baita fibra, kautxu artifiziala, plastikoa, xaboia, asfaltoa, inprentetako tinta, pneumatikoen fabrikaziorako kautxua, nafta, gasolina eta esparru bereko beste hainbeste produktu ere.

Ikatza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikatza jatorri ezberdineko landare hondakinetatik sortu den minerala da. Hondakin horiek, sedimentuek lurperatuak, presio eta tenperatura altuetan eta etengabeko anoxia-egoeran egotearen ondorioz, mineral ezberdinetan bilakatu ziren; ikatzek osatutako mazeraletan, hain zuzen ere. Ustiagarriak diren ikatzen gehiengoa Karboniferoan zehar hazitako iratze zuhaizkaratik edo Kretazeoan zehar hazitako gimnospermoetatik datorren arren –hobi gehien aurkitutako bi periodoak dira–, Devoniar garaiaz geroztik, periodo geologiko guztietan zehar aurkitutako formazioetan agertu da ikatza.

Ikatzaren garrantzia bere bero-ahalmenean oinarritzen da, eta erregai gisa erabiltzea eta ikatzaren kimikaren industriarako lehengaiak lortzea ahalbidetzen du. Azken horretatik lortutako lehengaiak bestelako gaiak egiteko erabil daitezke: itsasontzietan, trenetan eta industriako makinerian erabilitako lehen lurrun-makinak material honek hornitutako energiari esker mugitu ziren. Geroago petrolioak ordezkatu zuen; hala eta guztiz ere, plastikoa, koloratzaileeak, perfumeak eta olioak sortzeko erabiltzen diren produktuen lehengai nagusia izaten jarraitzen du.

Gas naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gas naturala nagusiki metanoz osaturik dago, karbono- eta hidrogeno-atomoz osaturik dagoen konposatu kimikoaz. Lur azpian aurki dezakegu, gehienetan petrolioa metaturik egon ohi den hobi beretan. Hodien bitartez erauzten da eta aluminiozko edukiontzi handietan biltegiratzen da. Ondotik erabiltzaileen artean banatzen da, gasbideak erabiliz. Usaingabea eta koloregabea denez, banaketa egin aurretik metanotiolarekin edo metil merkaptanoarekin nahasten da, eta usain sendo eta desatsegina ematen dio. Horrela, edozein gas-ihes atzematea errazagoa da.

Petrolio-gas likidotua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolio-gas likidotua, propanoaren eta butanoaren arteko nahasketa bat da, eta petrolioa fintzean edo gas naturala erauztean lortzen da. Gehienetan gas-tankeetan banatzen da eta etxeen berokuntzan, motorizatutako ibilgailuetan eta prozesu industrialetan erabiltzen da.

Erregai fosilaren abantailak eta desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Oso energetikoak dira.
  • Biltegiratzeko eta garraiatzeko errazak.

Desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Errekuntzan eta prozesaketan atmosferara doazen elementu toxikoak askatzen dira; horien artean, artsenikoa eta merkurioa. Biomasatik lortzen diren erregaiekin ez da gauza bera gertatzen, ordea.
  • Erregai fosilak ez dira berriztagarriak, erreserbak etengabe amaitzen dira, eta horrek erauzketa zaildu eta prezioan eragiten du.
  • Balio ekonomiko handiko errekurtsoak dira, baina banaketa geografikoa ez da homogeneoa, eta, ondorioz, ustiatzeko orduan gatazkak sor daitezke.