Leeuwingo itsaslasterra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Leeuwingo itsaslasterra[1] Australiako mendebaldeko kostatik hurbil ekialderantz higitzen den itsaslaster epel bat da. Leeuwin lurmuturra inguratzen du, eta Australiako hegoaldeko uretara iristen da. Han, Tasmaniaraino iristen da haren eragina. Mendebaldeko Australiako itsaslasterrak, eta Hego Australiako kontralasterrak (biak Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoak sortuak Indiako ozeanoaren hegoaldean eta Tasmanian, hurrenez hurren) kontrako noranzkoarekin igarotzen dira, eta munduko itsaslaster-sistemarik interesgarrienetako bat sortzen dute.

Itsaslasterraren indarra aldatu egiten da urtean zehar: udako hilabeteetan (alegia, Europan neguan denean), azarotik martxora, ahulagoa da, haizeek hego-mendebaldetik iparralderantz jotzen baitute indartsu. Udazkenean eta neguan, berriz, (martxotik azarora), fluxu handiagoa du, kontrako haizeak ahulagoak baitira orduan. Sasoi horretan lurruntzen den Leeuwingo itsaslasterraren urari zor zaio, neurri handi batean, Mendebaldeko Australia estatuko hego-mendebaldeko euria.

Leeuwingo itsaslasterraren ohiko abiadura 50 cm/s da, baina 1 m/s-ko abiadura ere izaten du maiz. Inoiz neurtu zaion abiadurarik handiena 6,5 km/h izan zen, satelitez jarraitutako buia baten bidez lortua. Leeuwingo itsaslasterra aski azala da, 300 bat metroko sakoneran higitzen baita.

Itsaslasterraren existentziaren berri 1897an eman zuen William Saville-Kent-ek, ohartu baitzen ur tropikal epela zegoela Houtman Abrolhos uharteetan, Australiako mendebaldean, eta, ondorioz, neguan, inguru haietako ura inguruko kostetakoa baino nabarmen epelagoa zela. Itsaslasterraren existentzia berretsi egin zen hurrengo urteetan, baina haren ezaugarriak ez ziren lortu 1980ko hamarkada arte (Cresswell eta Golding ikertzaileen lanari esker); izena ere orduan eman zitzaion.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]