Lettice Fisher

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lettice Fisher

Bizitza
JaiotzaKensington1875eko ekainaren 14a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaThursley (en) Itzuli1956ko otsailaren 14a (80 urte)
Familia
AitaCourtenay Ilbert
AmaJessie Bradley
Ezkontidea(k)Herbert Fisher (en) Itzuli  (1899 -  ezezaguna)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaFrancis Holland School (en) Itzuli 1894)
Somerville College
(1894 - 1897)
London School of Economics
(1897 - 1898)
Jarduerak
Jarduerakgizarte-langilea, ekonomialaria eta sufragista
Enplegatzailea(k)National Council for the Unmarried Mother and Her Child (en) Itzuli  (1918 -
KidetzaNational Union of Women's Suffrage Societies (en) Itzuli

Lettice Fisher, jaiotzaz Lettice Ilbert (1875eko ekainaren 14a - 1956ko otsailaren 14a) britainiar sufragista, historialari eta gizarte-ekintzailea izan zen. National Council for the Unmarried Mother and her Child-en (Ama Ezkongabeen eta haien Haurren Kontseilu Nazionala) sortzailea eta lehen lehendakaria izan zen.[1][2][3]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prestakuntza eta irakaskuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lettice Ilbert 1875ean jaio zen, Kensingtonen (Londres), Courtenay Peregrine Ilbert legelariaren eta Jessie haren emaztearen alaba zaharrena zen.

Bigarren hezkuntza Londresko Francis Holland School-en ikasi zuen, eta, gero, Oxfordeko Somerville Collegen, non oso aipamen on eta guziko nota lortu baitzuen 1897an, historia modernoan. London School of Economicsen jardun zuen ikertzaile gisa, 1897tik 1898ra. 1899ko uztailean ezkondu zen Herbert Fisherrekin, Oxfordeko New Collegeko tutorearekin. Alaba bat izan zuten, Mary Bennett (pedagogoa) (1913-2005), Oxfordeko St Hilda's Collegeko zuzendaria izan zena, 1965etik 1980ra.

Oxfordeko St Hugh's Collegeko historia modernoko irakaslea izan zen, 1902tik 1913ra, eta ekonomia ere irakatsi zuen Association for the Higher Education of Womenen (Oxfordeko Emakumearen Goi Mailako Hezkuntzarako Elkartea).

Gizarte jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oxforden zegoen bitartean, Fisherrek borondatezko lan soziala egiten zuen. 1902an, Oxfordeko elkarte bat sortzen parte hartu zuen, etxebizitza- eta osasun-baldintzak hobetzeko. Elkarte hori Infant Welfare Association bihurtu zen, eta amei laguntzen zien, klubak eta klinikak sortuta. Oxford Health and Housing Association (1912an sortua) elkarteko batzorde betearazleko kide ere zen.

Oxfordetik alde egin zuen 1913an, senarra Sheffieldeko Unibertsitateko lehendakariorde exekutibo izendatu zutenean.

Sufragista zen, Oxfordeko elkarte sufragistan parte hartzen zuen, eta, 1916tik 1918ra, National Union of Women's Suffrage Societies (NUWSS) erakundearen tokiko adarreko lehendakaria izan zen. NUWSSko lehendakari gisa aurkeztu zen 1919an, Millicent Garret Fawcett ordezkatzeko, hark dimisioa eman ondoren, baina Eleanor Rathbone hautatu zuten.

Lehen Mundu Gerran, Lettice Fisherrek lan soziala egin zuen munizioetako emakume langileen artean, Sheffielden. Gerran, Londresek aurre egin behar izan zien ama bakartuek eta seme-alaba ez legitimoek zituzten zailtasunei. 1916ko txosten batean azpimarratzen da 1907 eta 1916 artean haur ez-legitimoen heriotza-tasa handitu egin zela. Egiaztapen horiek batzorde bat sortzera eraman zuten, eta, ondoren, 1918an, National Council for the Unmarried Mother and her Child Child sortzera. Guraso bakarreko familiei lotutako estigmaren kontra borrokatzen zen elkarte hori, eta behar zuten laguntza ematen saiatzen zen. Batez ere, haurrak amagandik banandu ez zitzaten. Lettice Fisher izan zen elkarteko lehen lehendakaria, 1918tik 1950era bitartean. Bestalde, Sybil Neville-Rolfe izendatu zuten lehendakariorde. Lettice Fisherren agintaldian, elkarteak parte hartu zuen bikote ezkongabeen seme-alaben aitortzari, adopzioari eta aiten finantza-erantzukizunei buruzko legeetan. Elkartea existitzen da oraindik, Gingerbread (en) izenarekin, eta J. K. Rowling da buru.[4]

Argitalpen-jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lettice Fisher 1920-1930 urteetako sufragio unibertsalaren erronkei buruz ere arduratu zen, eta haur eta helduentzako historia- eta ekonomia-liburuak idatzi zituen. Then and Now (1925) liburuak gerra napoleonikoen desafioen eta Lehen Mundu Gerraren ondorioen arteko paraleloa ezartzen du. The Housewife and the townhall: A brief description of what is done by our local councils and public services (1934) irrati-programa batzuen jarraipena da, emakumeei gobernuari buruzko informazioa emateko. Liburu horretan, Lettice Fisherrek emakumeei eskatzen zien bizitza zibikoan parte har zezatela, boto-emaile gisa eta hauteskundeetarako hautagai gisa.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere senarra Oxfordeko New Collegeko zuzendari izendatu zuten, 1925ean. Senarra 1940an hil zen, eta Lettice Fisher landa-etxean jarri zen bizitzen, Thursleyn (Surrey). 1956ko otsailaren 14an hil zen bertan, garun-hodietako istripu baten ondorioz. Haren errautsak New Collegen ehortzita daude.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Fisher [née Ilbert, Lettice (1875–1956), social worker»] Oxford Dictionary of National Biography  doi:10.1093/ref:odnb/9780198614128.001.0001/odnb-9780198614128-e-41132. (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  2. Fisher, Lettice (Ilbert) Mrs. (1922). Getting and spending; an introduction to economics. London [etc.] W. Collins sons & co. ltd (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  3. (Ingelesez) Fisher, Lettice. (1925). Then and Now: Economic Problems After the War a Hundred Years Ago. Oxford University Press, H. Milford (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  4. About Gingerbread. .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]