Luigi Boccherini

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Luigi Boccherini
LBoccherini.jpg
Bizitza
Jaiotza Lucca1743ko otsailaren 19a
Heriotza Madril1805eko maiatzaren 28a (62 urte)
Heriotza modua berezko heriotza (tuberkulosia)
Hezkuntza
Hizkuntzak italiera
Lanbidea
Lanbidea musikagilea eta biolontxelista
Genero artistikoa Sinfonia
Musika instrumentua Txeloa
IMDb nm0090530

Luigi Boccherini edo Luigi Rodolfo Boccherini (Lucca, 1743ko otsailaren 19a - Madril, 1805eko maiatzaren 28a) konpositore eta txelo-jotzaile italiarra izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luccan, Toskanan, jaio zen artisten familia batean. Aita kontrabaxu-jotzailea eta txelo-jotzailea zuen, eta arreba balleteko dantzaria. Anaiak, besteak beste, Antonio Salierirentzat eta Joseph Haydnentzat libretoak idatzi zituen.

Oso ume zela hasi zen Boccherini biolontxeloa jotzen, eta aitak eman zizkion lehen eskolak. Gero, Domenico Vannucci apaiza izan zuen irakasle. Badirudi, 13-14 urte zituela, Luccako jaietan biolontxeloa joz parte hartu zuela.

Boccheriniri egindako bustoa, Madrilen (1966)

Bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitak, Luigiren gaitasuna ikusita, Erromara bidali zuen, garai horretan konpositore ospetsua zen Giovanni Battista Costanzi-rekin ikastera. Han Palestrina eta Allegriren lanekin trebatu zen. 1757an, Erromako San Petri basilikan ikasketak amaitu ondoren, aitak Austriako gorte inperialean postua lortu zuela eta, harekin eta senideekin batera Vienara joan zen.

Boccherini Luccara itzuli zen, bere jaioterrian ospea izateko ilusioarekin. Baina arrakasta gutxi —eta soldata baxua— zuela ikusita, 1765ean Milanera joan eta han Pietro Nardini eta Filipo Manfredi biolin-jotzaileekin eta Giuseppe Cambini biola-jotzailearekin batera osatutako hari-laukote batean kontzertu-bira bati eman zion hasiera. Haydnen, Boccherini beraren eta beste konpositore garaikide batzuen lanek osatzen zuten haien errepertorioa. 1764 eta 1768 bitartean bi oratorio osatu zituen: Giuseppe riconosciuto eta Gioas re di Giudea.

1768an Parisen jarri zen bizitzen Filipo Manfredirekin batera. Gutxika-gutxika Boccherini geroz eta ezagunago eta ospetsuago egin zen. Espainiako enbaxadore zen Joakin Anastasio Pignatelli ezagutu zuten, eta hark Madrilera joateko konbentzitu zituen, Luis Antonio Borboikoa eta Farneseren —Karlos III.aren anaiaren— babespean. Baina egonaldia ez zen espero bezain onuragarri gertatu, Madrilen bizi ziren musikari italiar askok Boccheriniren talentuari inbidia baitzioten, eta, gainera, gortean gehien preziatzen zuten generoa opera baitzen.

Luis Antonio Borboikoa Avilako Arenas de San Pedro herrira bidali zuten, eta orkestra osoa eraman zuen berarekin. Han eta Candeleda izeneko herrian idatzi zituen Boccherinik bere lan ederrenetako asko.

Gainbehera eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luziano Bonaparte kontsul frantziarra izan zen haren azken mezenasetako bat, baita Frederiko Gilen II.a erregea ere. Bere bizitzako azken urteak latzak izan zituen, Espainiako mezenasak galtzeaz gain, bi emazteak eta bi alaba ere hil baitzitzaizkion. Madrilen hil zen, 1805ean, nahiko egoera pobrean.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Luigi Boccherini Aldatu lotura Wikidatan