Luz Zalduegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Luz Zalduegi
Bizitza
Jaiotza Mallabia1914ko ekainaren  1a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Madril2003ko uztailaren  15a (89 urte)
Jarduerak
Jarduerak albaitaria

Luz Zalduegi Gabilondo (Mallabia, Bizkaia, 1914ko ekainaren 1aMadril, 2003ko uztailaren 15a) bizkaitar albaitaria izan zen.

Albaitaritza ikasketak amaitu zituen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen. Estatuko hirugarrena.[1]

Kargu eta izendapen esanguratsu ugari izan zituen bizitzan zehar.[2]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luz Zalduegi Mallabiko Osma baserrian jaio zen.[3] Txikitan Zengoitteko auzo-eskolara joaten zen, oinez. Mallabian hasitako prestakuntza Gasteizen eta Madrilen jarraitu zuen. Batxiler ikasketak Madrilgo Cardenal Cisneros Institutuan egin zituen, errebalida frogak arrakasta handiz gainditu eta ikasturte horretatik aurrera, ikasle ofiziala izan zen. Ondoren, 1930eko urrian, albaitaritza ikasketak hasi zituen, Madrilgo Enbaxadoreen kaleko antzinako Albaitaritza Eskola Gorenean.1935eko uztailaren 18an bukatu zituen ikasketak.[4] Urte hartan, Kimika Inorganikoa eta Organikoa eta Analisi Klinikoen Katedran ikasle laguntzailearen plaza lortu zuen oposizioen bidez eta bertan egin zituen praktikak. Ikasketak amaitu eta gero, udal-ikuskatzaile izateko oposizioak prestatu zituen. 1936ko uztailean gainditu zituen.

Gerra garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra Zibila hasi berria zen eta herrira bueltatu zen, Mallabira. Herrian zegoela, Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintzako zuzendariak, Martiniano Alkorta Saez de Buruagak, beragana jo zuen Gipuzkoatik ihesi zetozenei jaten emateko gizarte-laguntzak sortu zituen jangelen ikuskaritzaz arduratzeko. Horretan ibili zen Bizkaia frankisten esku geratu zen arte.Handik hilabete batzuetara udal-ikuskatzaile plaza eskuratu zuen Bermeon. Portuan, azokan eta kontserba fabriketan arrainen eta esnearen bromatologia azterketak egiten ibili zen. 1939. urteko abenduan ikuskatzaile plaza eskatu zuen Eibarko udalean eta onartu ondoren, bertara joan zen lanera, baina 1940ko uztailean, dimisioa aurkeztu zuen ezkontzeko.Ikaskidea izan zuen Leandro Carbonero Bravorekin ezkondu zen.

Gerrostean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra amaitu ondoren, bikotea Marokoko Protektoratuan sortu ziren lanpostuetarako prestatu zen eta oposizioetan parte hartu zuten. Baina Luzek ezin izan zituen frogak egin. Oposizio egunean bertan, deialdiko zerbitzu buruak esan zion lan hura ez zela emakumeentzako aproposa eta erretiratzeko eskatu zion. Urte bete beranduago, debekatu egin zuten emakumeen izen-ematea oposizio hartan.Marokon bost urte eman zituen bikoteak. Ostean, 1945ean Estatuko Albaitarien Kidegorako oposizioak prestatu eta gainditu zituen. Plaza lortu ondoren Animalien Biologia Institutuan lan egin zuen. Bertan, sukar aftosoa ikertu zuen. Handik gutxira Abelazkuntzarako Zuzendaritza Nagusiaren Zerbitzu Zentraletara bidali zuten.

Animalien Biologia Institututik, Abeltzaintzako Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara joan zen ikerketaren eta hezkuntzaren sailaz arduratzeko. Bertan, ikerketarekin jarraitu zuen eta ikuskaritza lanetan ere murgildu zen.[5] Adibidez, Barajasko aduanan hegaztien inportazioaren zaintzaz arduratu zen. 1955etik erretiratu arte Nekazaritzako Ministerioko Abeltzaintzako Estatistika Sailean egin zuen lan. 1982-1984 tartean Nekazaritzako Kontseilu Goreneko lehendakaria izan zen. Jubilatu zenean, 1984an, Madrilgo Albaitaritzaren Historiarako Sozietateko Lurralde Zuzendaritzako Kidea izan zen.

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1995. urtean Gipuzkoako Albaitarien Elkargoak omenaldi bat eskaini zion eta harrezkero Gipuzkoako Ohorezko Kolegiatua izan zen.
  • 2014ko ekainean, Mallabia eta Zaldibarko udalek ekitaldi publiko baten oroitu zuten Euskal Herriko lehen emakume albaitariaren lana eta figura.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]