Maite Gezala Legorburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maite Gezala Legorburu

Bizitza
JaiotzaOiartzun1948ko urriaren 3a (75 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaOiartzun
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria eta ekintzaile soziala
KidetzaLartaun abesbatza
Ikastola

Maite Gezala Legorburu (Oiartzun, Gipuzkoa, 1948ko urriaren 3a) 24 urtez Haurtzaro ikastolako  dantza taldeko arima izan da. Dantza, musika eta kantu zalea, herrigintzan dihardu hainbat esparru desberdinetan.

Bizialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo Arragua auzoan jaioa da, Gezala etxean. Bere gurasoak Luix Gezala eta Joxepa Legorburu ziren, biak lezoarrak. Hiru senideko familia, bera da zaharrena. Ondorengoak dira Koldo eta Joxe Mari. Miguel Mari Bergaretxe oiartzuarrarekin ezkondua da eta bi seme-alaba ditu: Axier eta Alaitz. Egun Elizalde auzoan bizi da.

Oinarrizko ikasketak Errenteriako Hijas de la Cruz izeneko eskolan egin zituen eta 17 urte zituela hasi zen lanean Oiartzungo Catelsa enpresan, bertan 2008an jubilatu zen arte.[1]

Kantaria eta kantu zalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekoz datorkio Maiteri musika eta kanturako zaletasuna. Aitaren senide guztiak, -bederatzi ziren- egin zuten musikako karrera, tartean, Polentxi, txistulariak. Pianoa denek jotzen zuten eta aitona Xixilio Lezoko bandako zuzendaria izan zen. Aitak 12 urterekin jada tronpeta jotzen zuen eta bera izan zen senideei solfeoa erakutsi ziena. Izebak antzerki eta dantza mundukoak. Maite haurtzaroan giro horretan hazia izan zen eta piano, kantu eta dantza aukerak ez zituen falta izan.[1] Belarri oneko kantaria zen eta etxean bertan izan zituen lehen kantu irakasleak Miren, Luke eta Polentzi izeba-osabaren eskutik. Askotariko artistak izan ziren familian eta orohar, Lezon arrastoa utzitakoak. Euren omenez jarri zioten Gezala izena Lezoko auditorium-ari.[2]

Lartaun abesbatza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lartaun abesbatza, 1964an sortu zen Jon Oñatibia zuzendariaren eskutik, 80 abeslariekin osatuta. Maite 1982an hasi zen eta bertan jarraitzen du jubilatu ondoren ere. Soprano kantaria da. Bere kantu ibilbide luzean zuzendari asko ezagutzeko aukera izan ditu: Jon Oñatibia, Periko Mitxelena, Iñaki Altuna, Agustin Mendizabal, Alaitz Guridi, Fernando Boto eta Maddalen Dorronsoro. Entseguak astean bitan egiten dituzte. Zuzendaritza batzordeko kide da Maite.[3]

Lartaun abesbatza eta Oiartzungo Doneztebe elizako kontzertuan.

Jon Oñatibiarekin Euskal Show[4] eta Euskal Sena ikuskizunak egin zituzten. Azkenekoan baserriko bi ahizpetako baten papera egiten zuen, Karmele Lekuonarekin batera bi abotsetara abestuz. Hurrengo proiektua euskaratutako El Caserio zarzuela prestatzea zen, bainan horretan ari zirela hil zen Oñatibia eta proiketua bertan behera geratu zen. Solista kantuan Haendel-en Mesias edo abesbatzaren 50. urteurrenean organoaren laguntzaz Panis Angelicus kantatu zuenekoak ditu bereziki gogoko.

Konta ezin adina emanaldi ditu koroarekin eginak. Oiartzunen aritzen dira batez ere, eta herriko kultur bizitzan eta ekitaldietan aktiboki parte hartzen dute. Gainera, beste euskal abesbatza batzuekin trukeak egin dituzte eta herrian ematen dituzten kontzertu fijoaz gain, programazio bereziak egiten dituzte.  Horrela Asturias, Errioxa edo Kataluniako herrietan aritu izan dira.[5]

Bartzelonako Espigol taldearekin[6] daude senidetuak eta urtero aukeratzen dute Euskal Herriko herriren bat, harremanak sendotu eta elkarrekin jarduteko. Bere errepertorioan hainbat estilo eta garaitako obra erlijioso eta profanoak daude.

Abesbatzarekin egindakoetan, jasota geratu dira, besteak beste:

  • 1998an argitaratu zen "Oiartzungo Kantu Zaharrak" diskoan lau kanta ziren Lartaun abesbatzarenak.
  • 2009an argitaratu zen "Asko maite zaitut, nik" diskoan Ikusi nuenian abestiaren bertsio bat ere grabatu zuten Alaitz eta Maiderekin.[7]
  • 2014ean Lartaungo 50. urteurrena zelako, Xanisteban jaietako suziria jaurtitzeko ohorea izan zuen Moises Gonzalez eta Maddalen Dorronsororekin batera. Horrez gain eta abesbatzako lagunekin batera, korporazioarekin soka-dantzan ateratzeko ohorea.[8] 
  • 2015ean 'Lartaun Abesbatza. Oiartzunen kanta-soinua' Liburua. Esteban Agirre Lazkanok taldekideak idatzi zuen.[9][10]
  • 2019an ETBko Ahotsak leihaketan parte hartu zuten. Azken abestia, Lartaunek 50 urte bete zituenean abesbatzarentzat propio idatzitako ‘Blonda Xarmanta’ izan zen.[11]

Iñaki Altunak eskatuta, Errenteriako Kaxkabeltz taldean[12] ere ibili zen kantuan 20 urtez, Ereintza elkarteak antolatzen zituen gabon-kantako leihaketan. Lehenengo sari asko jaso zituzten. Azken urteak Donostiako Orfeoiko zuzendaria den Jose Antonio Sainz Alfarok zuzendu zituen.

Dantzaria eta dantza zalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lartaun abesbatzaren 50. urteurrenean

Kantuan bezala dantzarako zaletasuna izeba-osabei zor die. Jaunartzea Lezon egin zuen eta dotrinako taldean ibili zen euskal dantzak ikasten. Euskal-dantzen sustatzaile nekaezina da. Bera dantzaria izateak baino gehiago eragin dio txikitatik ekarri duen zaletasunak eta zaletasun horrek eraman du hainbeste urtetan Haurtzaro ikastolan eta herriko jaietan euskal-dantza sustatzen ibiltzea. Seme-alabari zaletasuna transmititzea lortu du eta lan hauetan lehenengo lerroa utzi duenean, Alaitz alaba izan da bere oinordeko.[1]

Haurtzaro ikastolako kolaboratzaile. [aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikastolarekin harremanak seme zaharrena eskolatu zenean hasi zituen. Laister bihurtuko zen bertako eragile. Kilometroak egin ziren bi alditan (1992 eta 2006) egon zen protokoloko batzordean integraturik lanean. Baina bere benetako kolaborazio luzea dantza taldeko arduraduna izatea izan zen. Bere dantzako zaletasunak bultzatuta berehala heldu zion, 1984ean, ikastolako dantza taldean laguntza emateari. Aurretik Martxel Ansak hasitako bidea jarraituz hasi ziren Kontxi Arruabarrena eta biak. Maitek 24 urte eman ditu bertan, zuzendaritza alaba Alaitzek hartu duen arte.[1]

Haurtzaro dantza taldean[13] urtero 80-100 haur ibiltzen dira eta hainbeste urteren buruan talde asko ezagutu ditu Maitek. Pasatako irakasleak ere asko izan dira. Berez hasiera Jon Oñatibiak eman zion eta geroago, 1982-1983 ikasturtean hasi zen Martxel Ansa fandango eta arin-arina ikasteko zenbait haur prestatzen. Juanito Santxiz ere aritu zen lan horretan. Maite eta Kontxiren garaian hasi ziren euskal dantzen arloan gauza sendoagoa egin asmotan eta arin-arin eta fandangoaz gain beste zenbait dantzak ikasteari ekin zioten. Hernanitik Carlos Sarriegi dantzaria ekarri zen ikastolako haurrak dantzan prestatzeko. Garai hartan haur mordoa ibiltzen zenez gero, berehala Maixabel Oroz lezoarra deitu zen eta 1989tik irakasle lanetan aritu zen 18 bat urtez. Geroztik asko dira dantza irakasle ibilitakoak. Bere alaba Alaitz Bergaretxe, Garbiñe Sanroman, Olatz Mitxelena, Lorena Zalakain, Xabin Lasa, Oroitz Saldias, Imanol Etxebeste, Aritz Salamanka, Eñaut Fernandez...[1]

Euren beste helburuetakoa dantza taldeak herrian proiekzioa izatea zen. Hor hasi ziren, jaiak aprobetxatuz, agerraldiak ematen eta zenbait ospakizunetan saioak eskaintzen. Testuinguru horretan kokatzen du Maitek San Juan dantza egitearena. Inguruko herrietan ez bezala, Oiartzunen ez zen dantza hori egiten eta benetako erronka modura hartu zuten dantza egitera iristea. Haurtzaro dantza taldeak lortu du herriko ospakizun guztietan erdigunean kokatzea. Emanaldi askoren artean Xanisteban bezperan udalbatzak dantzatzen duen sokadantzeko partaide izaten da.[1]

Herri ekintzaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzoko jaietako batzordekide iraunkorra da Maite. 16-17 urterekin sartu zen jai batzordean eta geroztik jarraitzen du bilera guztietan parte hartuz. Tartean lehendakari izatea egokitu izan zaio. Bere ekarpen nagusia dantza eta kantu saioak antolatzea izaten da[14][15] 

Urtero hartzen duen beste ardura, Xanistebanetan egiten den dantza emankizuna antolatzea da. Haurtzaro dantza taldearen izenean antolatzen du eta abuztuaren 4ean eskaintzen da herrian. Modu batera edo bestera, esan daiteke urte osoko ardura hartzen duela.[1] Eskarmentua badu eta dantza mundua ederki ezagutzen badu ere, merkatuan zer dagoen jakin behar du, taldeen jarraipena egin, egiten dituzten emanaldiak ikusi, baloratu, aurrekontuak eskatu, udalarekin gauzatu etab. luzeak, lan iraunkorra eskatzen dion arren, asko asebetetzen du. Oro har dantza munduak aberastasun handia eman dio eta gustura jarraitzen du lan horretan.[16] Maiteri pena bakar bat geratu zaio: Juan Antonio Urbeltzek, Argia taldearekin eskaini zuen Martin Zalakain lana[17] Oiartzuna ezin ekarri izana.

Jubilatua egon arren jarraitzen du betiko eginkizunetan eta herriaren alde egiten diren ekintzetan laguntzen. Jai batzordeko omenaldian idatziz eman zioten Joxemi Zumalaberen leloa, berea egin du:

"Dabilen harriari goroldiorik ez"

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g Ugaldebere, Jaione. (2007). «Maite Gezala Legorburu» Xanistebanak Oiartzun (Oiartzun: Oiartzungo udala): 37-40. ISSN SS-531/77..
  2. «Gezala Auditorium | Lezo.eus» www.lezo.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  3. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  4. Euskal Show – Pasaiako fototeka. (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  5. «Lartaun Abesbatza - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  6. (Katalanez) «Coral Espígol» www.coralespigol.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  7. Lartaun abesbatza. 2023-06-29 (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  8. «Lartaun Abesbatza bidelagun, hasi dira xanistebanak» El Diario Vasco 2014-08-02 (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  9. «Mugarri bildumako ale berria Oiartzungo Lartaun Abesbatzari eskainia» El Diario Vasco 2015-08-21 (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  10. «2015 Lartaun Abesbatza - Oiartzunen kanta-soinua» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  11. «Abesbatzarentzat propio idatzitako ‘Blonda Xarmanta’, Lartaunen azken abestia» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  12. Zeruko Aingeruak ,Kaxkabeltz abesbatza 1991. (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  13. HISTORIA. (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  14. «Arragua auzoko Aldeguna elkarteak Bazkidearen Eguna ospatu du» El Diario Vasco 2013-03-27 (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  15. «Oiartzun 2018 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2018-09-03 (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  16. Gerendiain, Olaia. (2022-08-02). «Herriaren sostengu direnak omendu dituzte Xanistebanen atarian» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  17. «AZALA» www.martinzalakain.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]