Maltioko Natura Erreserba Hertsia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Maltioko Natura Erreserba Hertsia

Kokalekua Savukoski, Lappi
 Finlandia
Koordenatuak 67° 23′ 42″ N, 28° 43′ 23″ E / 67.39500°N,28.72306°E / 67.39500; 28.72306Koordenatuak: 67° 23′ 42″ N, 28° 43′ 23″ E / 67.39500°N,28.72306°E / 67.39500; 28.72306
Azalera 147,46 km²[1]
Sorrera 1956an
Arduraduna Metsähallitus[1]

Maltioko Natura Erreserba Hertsia (finlandieraz, Maltion luonnonpuisto) Savukoski udalerrian dagoen natura erreserba hertsia da. Guztira, 147,46 km²-ko azalera dauka eta 1956. urtean sortu zen bertako natura berezia babesteko asmoz. Gaur egun Metsähallitus erakundeak kudeatzen du. Maltiok Ekialdeko Lappiko lurraldearen bereizgarri nagusiak biltzen ditu: tamaina txikiko mendiak, ibai eta errekasto meharrak eta, batik bat, baso boreal eremu zabalak[2].

Babestutako eremua eskualdeko ibai askoren iturburua da. Besteak beste, Värriöjoki, Tenniöjoki eta izena zor dion Maltiojoki ibaiak natura erreserba hertsiko mendietatik jaisten diren errekastoetatik sortzen dira. Ingurune honetan itxura hartzen duten ibaiek, era berean, Lappiko Kemi ibai nagusia elikatzen dute, beraz, Maltiok Kemijokiren arroaren gune garrantzitsua hartzen du.

Bestalde, Salla udalerriaren mugatik hurbil, natura erreserba hertsiaren ekialdean, Peuratunturi, Kostertunturi eta Maltiotunturi mendiak daude. 500 metrora ere iristen ez diren hiru mendi horiek dira, hain zuzen ere, Savukoski ekialdeko mendi garrantzitsuenak eta babestetuko eremuaren ingurunea baldintzatzen dutenak; bertan daude Maltioko eremu alpino bakanak. Altuera baxuagoko beste tontor batzuk ere badira, hala nola, Pahavaara, Hongikkovaara, Palo-Reutuvaara, Kärppävaara, Kärppäauvakonlaki eta Linjavaara.

Hala eta guztiz ere, Maltioko Natura Erreserba Hertsiaren bereizgarri nagusia taiga da. Urmael eta errekastoek (%1), eremu alpinoek (%2) eta zohikaztegiek (%10) hartzen duten ingurunea kenduta, gainontzekoa zuhaixka subartikoek eta, batez ere, baso borealak hartzen dute. Bertako habitat basatia izan zen, hain zuzen, 1956. urtean adituek babestu nahi izan zutena eta gaur egun ikerketa zientifiko nagusien jomuga dena[1].

Bertan bizi diren animalien artean daude, esaterako, jatuna, elur-oreina, igaraba, ipar-katamotza, otsoa eta hartz arrea. Babestutako eremuan aurki daitezkeen hegaztien artean, aldiz, aipatzekoak dira, besteak beste, baso-berdantzak, basoilarrak, belatz txikiak, beltxarga oihulariak, borrokalariak, buztangorri argiak, buztanikara zuriak, buztanoriak, euli-txori grisak, hontz gabiraiak, hontz handiak, ipurzuriak, kuliska pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, laponiako urubiak, larre-buztanikarak, larreoiloak, mokokerrak eta mokoker papagaiak, mozolo txikiak, okil beltz eta hiruhatzak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, tarinak, Tengmalm hontzak, txoka txikiak, uda-txirtak eta urre-txirri arruntak daude. Azkenik, badira desagertzeko arriskuan dauden espezieak ere, belatz gorria eta bernagorri iluna tartean, zientzialariek arreta berezia eskaintzen dieten espezieak[1][3].

Babestutako natura eremuan zehar nahierara ibiltzea debekatua dago urtean zehar. Dena den, badaude salbuespenak: herriko abeltzainek elur-oreinak eremura eraman ditzakete, eta bertako basafruitu eta onddoak hartzeko baimena ere badute[2].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Airaksinen, O. & Karttunen, K. 2001: Natura 2000 -luontotyyppiopas. Ympäristöopas 46, 2. korj. painos, Suomen ympäristökeskus, Helsinki. 194 or.
  • Haapanen, A. ja Rassi, P. 1989: Luonnonsuojelulain nojalla rauhoitetut luonnonsuojelualueet ja luonnonmuistomerkit. Ympäristöministeriö, Ympäristönsuojeluosasto, Sarja B 19. 190 or.
  • Haikonen, V., Vuokko, S. ja Meriluoto, M. 1999: Metsäkasviopas: karhunruohosta sudenmarjaan, Keskusmetsälautakunta Tapio, Helsinki. 227 or.
  • Kuuluvainen, Timo 2004 (toim.): Metsän kätköissä: Suomen metsäluonnon monimuotoisuus. Helsinki, Edita. 381 or.
  • Kuusipalo, Jussi 1996: Suomen metsätyypit. Helsinki. Kirjayhtymä. 144 or.
  • Lappalainen, Iiris 1999: Taigametsiä. Teoksessa: Lappalainen, Iiris (toim.) Suomen luonnon monimuotoisuus. Suomen ympäristökeskus, Helsinki. 36-46 or.
  • Leivo, Mauri et.al. 2002: Suomen tärkeät lintualueet FINIBA. Bird Life Suomen julkaisuja no 4. Kuopio. Suomen graafiset palvelut. 142 or.
  • Linkola, Martti 1966: Viimeiset erämaat: Suomen luonnon- ja kansallispuistot. Helsinki, Weilin + Göös. 216 or.
  • Sarin, Osmo & Kumpulainen, Kimmo 1998. Vanhaa metsää etsimässä. Metsähallitus, luonnonsuojelu, Edita, Helsinki. 96 or.
  • Suomen kansainvälisesti tärkeät lintualueet > IBA-alueet ja tiedot kohteittain > Maltion tunturit
  • Vuokko, Seppo 2005: Metsien yleiset kasvit: opas kasvupaikkojen tunnistamiseen. Metsätalouden kehittämiskeskus Tapio, Helsinki. 160 or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Maltion luonnonpuisto. Ymparisto. 2018.07.24
  2. a b Maltion luonnonpuiston järjestyssääntö 2018.07.25
  3. IBA-tiedot 2018.07.25

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]