Ipar-katamotz

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Life

Ipar-katamotz
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Carnivora
Familia: Felidae
Generoa: Lynx
Espeziea: Lynx lynx
Linnaeus
Hedapen mapa
Ipar-katamotzaren hedapena.
Ipar-katamotzaren hedapena.

Ipar-katamotza (Lynx lynx) Europa eta Siberiako tamaina ertaineko katu basatia da. Europako felidorik handiena da ipar-katamotza, basakatua baina hiru-lau handiz handiagoa. Europako hirugarren harrapari handiena da, otsoa eta hartz arrearen atzetik.

XIX. mendearen erdi aldera banaketa zabala zuen Europa osoan, baina giza jardueraren eraginez, leku ezkutu eta helezinenetara baztertua izan da. Egiaztatutako datuen arabera, Euskal Herrian 1936an ehizatu zen azken katamotza. Nafarroako Alaitz mendi-multzoan harrapatu zuten hain zuzen. Hala ere, badirudi oraindik Euskal Herriko Pirinioetan, Nafarroan zein Zuberoan katamotzak geratzen omen direla, azken urteetan arrasto-behaketak eta behaketa zuzenak aipatu baitira Iratin, Santa Grazin eta Pirinioetako beste hainbat lekutan. Ez bakarrik Euskal Pirinioetan, baizik eta mendi multzo osoan barrena. Edonola ere, oraindik baleude, Pirinioetara erabat mugatuta leudeke eta galtzeko arrisku larrian. Pirinioetako balizko katamotz hauen iraupenak eztabaida bizia pizten du oraindik ere adituen artean. Batzuek erabat defenditzen dute presentzia hau eta beste hainbatek berriz zeharo ukatu.[2]

Ipar katamotzaren azpiespezie ugari dago, eta haren ondorioz aldakortasun handia dago kolore zein tamainetan.

Kondaira eta sinesmen askoren protagonista erdi arotik, egun bere berreskurapenak eztabaida bizia pizten du ehiztari, artzain eta naturzaleen artean Europan barrena.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu mailan, Asian eta Europan agertzen da. Asian, Himalaiaren iparraldeko isurialdean aurki daiteke, sastrakadi itxietan eta basoen mugatik gorako trokarteetan. Himalaiaren hegoaldeko isurialdean, Nepaleko Dhaulagiri eskualdean bakarrik ikusi da, tundra alpetarrean. Tibeteko goi-ordokia osoan, eta erdialdeko Asiako basamortuetako mendietan eta muinoetan aurki daiteke[3]. Antzina Europa osoan bizi zen eta arrunta zen Euskal Herrian, baina egun, desagertuta dago Europa mendebaldeko leku gehienetan; halere, badirudi Pirinioetan aleren batzuk geratzen direla[4].

Banaketa-mapetan katamotzaren presentzia jarri dugu Pirinioetan, baina, zantzuak badiren arren, presentzia ez dago erabat frogatuta.

Espeziearen banaketa historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zantzu guztien arabera, ipar-katamotza izan zen garai historikoetan Euskal Herrian hedatuta egon zen katamotz espezie nagusia. Ipar-katamotza Iberiar penintsularen iparraldeko isurialdean zabalduta egon zen, baita Pirinioetan ere, baina hau bere banaketa eremuaren muga izan zen. Inguru honetan espezieari buruz izandako aurkikuntza arkeologiko gehienak Euskal Herrikoak dira. Aipatu daitezke Pagolusietako leizea, Rascaño, Santimamiñeko harpea eta Urratxa.

Hala ere katamotz iberiarraren zenbait aztarna aurkitu dituzte indusketa arkeologikoetan. Hau dela eta, ezin da baztertu zenbait adituek mantentzen dutena, hau da, garai batean bi katamotz espezia elkarrekin bizi omen zirela euskal lurraldean[5].

Ipar-katamotza kontinentearen hainbat uhartean sekulan ez da izan, hala nola Sizilia edota Irlanda. Basoak urri diren zenbait eskualdetatik ere betidanik falta izan da.

Gizakiaren eraginez jatorrizko banaketa eremuetako hainbat lekuetatik desagertua, azken urtetan zenbait berreskurapen programa burutu dira, bereziki Europan, espeziea berreskuratzeko.

Espeziearen atzerakadarik handiena, gizakiak eraginda, mendebaldeko eta hegoaldeko Europatik eman da[6].

Ipar-katamotza Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugari dira katamotzari buruzko testigantza eta datu historikoak Euskal Herrian. Urte askotan eztabaida egon da adituen artean ea gure arteko katamotza Iberiar katamotza, ipar-katamotza edota bion arteko azpiespeziea izan ote zen. Egun adituek bildutako datuen arabera garai historikoaren euskal katamotzak ipar-katamotz espeziekoak izan omen ziren, baina iberiar katamotzaren presentzia hegoaldean zeharo baztertu gabe. Iberiar-katamotza Iberiar Penintsulako hego-mendebaldean hedatzen da bereziki.

Testigantza historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-katamotza elurretan

XVI. eta XIX. mende arteko agirietan katamotza "tiguere", "pantera", "leopardo", "tigre", "gato cerval" zein "onza" izenekin agertzen da. Euskal izena betidanik katamotza izan da.

Agiri hauetan uztez kaltegarriak ziren basapiztiak akabatzearen truke udalek zein aldundiek ordaindutako diru sariak aipatzen dira. Katamotzen zenbait kasuan 60 erreal buruko.

Esate baterako Arabako Antoñanako agirietan sarri agertzen da aipatuta katamotza izen ezberdinekin. Bertako katamotz baten lehendabiziko aipamena 1645. urtekoa da. Hala ere, antza, pizti harrapatzaile batek Oñatin harrapatu eta bertan saria kobratzeko eramandako piztia izan zen. Hau ez da harrigarria, eta antza ohiko ohitura zen garai hartako pizti harrapatzaileen artean.

Antoñanan 1693., 1694. eta 1708. urtean ordaindutako "tigreen" aipamenak badauzkagu, baina ezin zehaztu non harrapatutakoak diren.

Antoñanan 1645. urtetik 1806. urtera arte 13 piztien truke saria ordaindu zuten. Este baterako 1803. urtean Orbison harrapatutako "tigre" baten truke ordaindu zuten diru saria.

Hala ere ez du ematen katamotza beste zenbait piztiekin konparatuz oso ugari izan zenik, zeren eta otso edota hartzen kasuan ez bezala, ez zituzten ehizaldi berezirik antolatzen animali hauek harrapatzeko[7].

Gerardo López de Gereñu arabar etnografoak 1786. urteko Kontrastako agiri batean bai jasotzen du Arabako Mendialdean harrapatutako katamotz baten berri. Lau erreal ordaindu zizkioten Iturrietako ermitauari menditik "tigre" izeneko piztia ekarri zuelako.

Araban espeziearen aurreneko aipamena agiri batean 1572. urtean egiten dute, Bernedon[7].

XIX. mendean katamotzak arruntak ziren oraindik Gorbeia aldean. 1762tik 1777. arte 5 pizti ehizatu zituzten bertan. Gorbeia aldean burututako azken katamotza harrapaketak, dokumentaturik daudenak behintzat, 1801. urtean Baranbion eta 1820. urtean Urkabustaizen izan ziren.

Garai haietako beste zenbait testigantza Gipuzkoan topatu daitezke. Aipatutako udal agirietan, Gipuzkoako azken katamotzaren berri Lizartza inguruan aurkitu daiteke 1820. urtean.

Joan Ignazio Iztuetak "Guipuzcoaco provinciaren condaira" bere liburuan 1776. urtean Arantzazuko mendian ehizatutako katamotz bat aipatzen du.

Lizartzako eskribauak 1782ko urtarrilaren 15ko agiri batean bertako zenbait herritarrek arte baten bidez harrapatutako tamaina handiko "tigre" baten berri ematen du. Azpimarratzen zuen aipatutako piztia buztan-motza zela (Izagirre, 1934).

Ipar katamotzaren katakumea

Badago beste testigantza bat nahiko esanguratsua Mutrikun. Bertan 1777. urtean "leopardo" bat ehizatu omen zuten. Ez bakarrik ehizatu, baizik eta disekatu eta Madrilgo Natur Historiaren museora bidali zuten.

1837. urtean Arabako Villanañen herritar batek "pantera" bat (hau da, katamotza) ehizatu zuen Gaubea aldeko mendietan.

Euskal Herrian ehizatutako azken katamotza Nafarroako Alaitz mendi-multzoan harrapatu zuten 1936. urtean.

Harez gain badaude beste zenbait testigantza katamotzei buruz ez hain ondo dokumentaturik. Esate baterako Arabako naturalista ezaguna izan zen Jose Ignazio Arestiri zenbait pizti-harrapatzaileek 36ko gerra ondorengo urtetan, Izkiko basoan irauten zuten katamotzen berri ematen zioten.

Testigantza berrienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badira ikusitako katamotzei buruzko nahiko testigantza berriak Erroibarren, Gorbeian, Izkin zein euskal Pirinioetan, baina baieztapen zientifikorik gabe. Hau ez da hain harrigarria, kontutan hartuz iberiar-katamotzaren kasuan, hainbat populazio isolatu azken hamarkadetan hedapen eremuetatik at agertu omen direla eta "berraurkituak" izan direla zientifikoen aldetik. Hau dela eta, ezin da erabat baztertu ipar-katamotzaren ale batzuek Pirinio aldean egun arte irautea.

Lynx spelaea Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketen arabera Euskal lurraldean beste katamotz mota bat egon zen azken glaziazioaren garaian. Haitzuloetako katamotza edo Lynx spelaea izenekoa hain zuzen (Boulek, 1919.). Katamotza mota honen hainbat aztarna Euskal Herriko Pirinioetako ipar isurialdean aurkitu dituzte, eta Goi Paleolito garaikoak dira, baita Arabako Arrillor harpean ere (Ruiz eta Laurino, 1986).

Edozein moduan ere baliteke etorkizunean espeziearen aztarna gehiago agertzea Euskal Herrian barrena.

Katamotza hau iberiar eta europar katamotzen tarteko tamainakoa omen zen. Zenbait adituen arabera haitzuloetako katamotza azken Izotz Aroari aurre egiteko iberiar katamotzaren egokitze bat izan zen.

Ipar-katamotzaren aztarnen aurkikuntzak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerlariek Euskal Herrian garai ezberdinetako ipar-katamotzaren zenbait hondakin topatu dituzte

1980. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteko zenbait espeleologoek ipar-katamotz heldu baten hezurdura ia osoa Gorbeiako Pagolusietako leizean aurkitu zuten. Antza hezurdura Neolito aldekoa da, hau da K.A. 3.500 urtekoa.

2007. urtean Nafarroako Mezkiritzen, Zerpenteko Leizean, bi katamotz buru-hezur aurkitu zituzten. Ustez XIX. mendekoak, nahiz eta datua erabat zehazteko ikerketak oraindik ez dira amaitu.

Geratzen al da ipar-katamotzik Pirinioetan edo Euskal Herrian?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-katamotzak 100 kilometro karratu inguruko lurraldean bizi dira, oso dentsitate gutxiko populazioak osatzen dituzte beraz. Hau dela eta, eta kontutan hartzen gaur egungo Euskal Herriaren baso naturalen murrizketa zein fragmentazioa, baiezta daiteke egun oso gune gutxi direla aproposak espezie hau gure artean bizitzeko.

Gaur egun ezagunak dira (eta ez dira gutxi) Erroibarren, Gorbeialdean zein Arabako zenbait mendietan (Gasteizko mendiak, Izkiz) katamotzak ikusi omen dituzten pertsonen testigantzak. Hala ere ustezko katamotz ikuskatze hauek ez dute orain arte baieztapen zientifikorik.

Pirinioetako katamotzen marrazkia Gaston Phoebusen XIV. mendeko "Livre de chasse" liburuan

2000an ikerketa bat egin zuten Pirinio aldeko testigantza hauek zein dauden ustezko aztarnak aztertzeko. Ikerketarako dauden lekukotasunak aldez aurretik iragazi egin zuten sinesgarrienak aukeratzeko. Beste aldetik faunaren ikerketan ohikoak diren argazkiak egiteko tranpak paratu zituzten katamotzak egon daitezkeen parajetan. Ikerketarako beste bide bat ustez katamotzek artaldeei egindako erasoak ikertzea izan zen, eta zenbait gorotza ere genetikoki aztertu zuten ea katamotzenak ote ziren zehazteko.

Orotara sinesgarritasun maila minimoa ematen zuten 43 kasuek bildu zituzten, haietatik 10 oso sinesgarri eta hiru segurutzat jo zituzten. Kasu hauetan ipar-katamotzak ziren.

Argazki tranpek ez zuten emaitzarik eman. Artaldeen kontra egindako erasoen kasuan batek ematen du katamotzak eginda zela, eragindako zauriengatik eta inguruan jasotako katamotzei buruzko lekukotasunak direla eta. Gorotzen azterketak berriz argi utzi zuten ez zirela katamotzenak.

Hau dela eta baieztatu daiteke, zantzuak egon arren, ezin dela zientifikoki baieztatu Pirinioetan ipar-katamotza geratzen denik, nahiz eta zenbait aditu iraupen honetaz ziur egon.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaugarri orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-katamotza tamainaz handiena da katamotz espezien artean. Ar helduek 21,6 kg-ko bataz besteko pisua dute, eta emeek, zertxobait txikiagoak, 18,1 kg-koa. Hanka erlatiboki luzeak ditu eta oin handiak, “elurretako erraketa efektua” egiten diotenak, horrela errazago ibil daiteke elur asko dagoenean. Neguan, ilaje dentsoa hazten zaio oinean. Ilajea grisaxka du, herdoiletik horixkarako tonuarekin. Ile-motots luze eta beltzak ditu belarrietan, eta punta belztun buztan motza[8].

Pisua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ar helduek 21,6 kg-ko bataz besteko pisua dute, eta emeek, zertxobait txikiagoak, 18,1 kg-koa; Siberia ekialdekoak dira munduko handienak.
  • Aurrerago aipatzen denez, Joan Ignazio Iztueta euskal musikologo eta idazleak, Arantzatzun ehizatutako 78 librako katamotz baten berri ematen du XVIII. mendean, hau da, 36 kiloko piztia.

Luzera eta tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

80 eta 130 zentimetro arteko luzera dauka, haietatik 21-24 artean isatsa da. Altuera berriz 60-70 arteko zentimetro. Isatsa oso motza da, zerbait arraroa katukien artean. Hanka erlatiboki luzeak ditu eta oin handiak, “elurretako erraketa efektua” egiten diotenak, horrela errazago ibili daiteke elur asko dagoenean. Neguan, ilaje dentsoa hazten zaio oinean. Ilajea grisaxka du, herdoiletik horixkarako tonuarekin. Ile-motots luze eta beltzak ditu belarrietan, eta punta belztun buztan motza[3].

Azpiespezieak eta egoera munduan barrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta sailkapenean zalantzak izan, hona hemen onarturiko azpiespezieak:[9]

Egoera munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espeziearen gaur egungo egoera: Ehizatzen dituen ungulatuen suntsipenak asko eragiten dio, negu gogorreko lekutan ezin baitu harrapakin txikiekin bakarrik biziraun. Basoen soiltzea ere mehatxu esanguratsua da katamotzarentzat. Larrua eskuratzeko ehizatzen diren katamotz kopuruari buruz ez dago informazio asko, beraz, zaila da jarduera honek katamotz-populazioetan duen inpaktua estimatzea[3].

IUCN-ko zerrendetan ipar-katamotza kezka txikiko egoeran agertzen da. Hau horrela da katamotz mota hau oso zabalduta dagoelako, populazio ugari eta pizti askorekin. Hala ere bere larruen komertzioa eta kontrolik gabeko ehiza arriskutsuak izan daitezke etorkizunari begira[6]. Dena den, zenbait populazio isolatu desagertzeko arriskuan daude, bereziki Europako hegoaldean. Espezie bezala ez dago arriskuan baina hainbat populazio eta azpiespezie arriskuan daude beraz.

Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 Txina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar katamotza Txinako honako probintzietan aurkitu daiteke: Gansu, Qinghai, Sichuan eta Shaanxi.

 Errusia. Siberiako populazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Populazioaren %90 Siberiako basoetan bizi da, Errusiako mendebaldeko mugetatik Pazifikoaren Sakhalin uharteraino.

 Turkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espeziearen kontserbazioaren inguruan hainbat arazo daude. Ez dago gestio plangintgza taxuzko bat. Ez dago zehaztuta ea zenbat katamotz dauden Turkian. Gainera katuki honen ehiza legala da Turkian martxotik abuztura.

Indian Ladakh eskualdea aurki daitezke ipar katamotzak. Pakistanekin liskarrean dagoen Jammu eta Kaxmir estatuan hain zuzen ere.

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldian espeziea ugari zen Europa guztian barrena, baina XIX. mendean etengabeko gainbehera hasi zen. Espezieak Europan garai historikoetan izandako bere hedapen eremurik txikiena izan zuen XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan[12]. Egun Ipar-katamotza berreskuratzeko zenbait saiakera egin dira herrialde ezberdinetan, arrakastaz batzuetan.

Karpato eta Balkanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karpato eta Balkanetan: 2.800 animali inguru daude. Txekian, Polonian, Errumania eta Eslovakian. Balkanetan Bosnian, Herzegovinan eta Serbian[13]. Populaziorik handiena da Errusiako mugatik mendebalera.

Errumaniako Karpatoetan pilatzen da mendi-multzo haren populazioaren zatirik handiena. Hainbat zentsuen arabera 2.000 pizti inguru zenbatzen dira, nahiz eta beste iturriek kopurua dezente txikiagoa dela esaten duten[14]. Populazioa handia denez, Errumanian baimenduta dago katuki honen ehiza, beti kontrolpean.

Mazedoniako katamotzen populazioa arriskuan dago. 2006. urtean 100 pizti baino besterrik ez zen geratzen.[16] Mazedoniako mendebaldeko populazioak. Balkanetako katamotza Mazedonia ikur nazionala da. 1993. urtean txanpondutako 5 dinarreko txanponetan agertzen da[17] Mazedoniako antzinako Lincestis tribuaren izenak "katamotzen lurra" esan nahi du. Mazedonian hala ere katamotza oso egoera larrian egon da iza mende oso batean, egun ehun ale inguru daude bertan[18]. Beraien arazo nagusia ezkutuko ehiza da.

Dinariar Alpeak eta Juliar Alpeak: Eskualde hauetan 130 eta 200 ale artean dago[19][20]. Herrialde hauetan, XX. mendearen hasieran, katamotza iraungitzat jotzen zen. 1973. urtean ordea, espeziea berreskuratzeko programa bat abiatu zen Eslovenian. Bertan, Kočevskiko basoan, Eslovakiatik ekarritako hiru eme eta hiru ar askatu zituzten. Egun espeziearen banaketa eremuak hartzen ditu Juliar Alpeak, Kroaziako Gorski Kotar eta Velebit eskualdeak. Baita Dinariar Alpeak eta Dinara mendiak, mendia Bosnia-Herzegovinatik mendebaldera. Kroaziako Plitvice Lakuetako Parke Nazionalean katamotzaren hainbat bikote daude. Kroazian, Bosnia-Herzegovinan eta Eslovenian espeziea arriskuan dagoenez, babestutzat jotzen dute bertako legeriek. Eslovenian uste dute 40 ale inguru dagoela, 40-60 Kroazian eta Bosnia-Herzegovinako populazioa 50 animali inguruko dela uste da.

Britaniar uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditu batzuentzat Bretaniar Irletan katamotza duela 10.000 urte galdu omen zen. Azken Izotz Aroa eta gero izotza urtzerakoan. Beste hainbatek iraungitze data duela 4.000 urten ezartzen dute, orduan eguraldi aldaketa gogorra eman zen eta eguraldia hotzago eta hezeago bilakatu zen uhartetan. Dena den Karbono-14 bidezko datazioa erabiliz Eskoziako Museo Nazionalaren hainbat katamotzen buruhezurren azterketaren bidez, baita North Yorkshire eskualdeko Craven leizean aurkitutako buruhezurretan egindako datazioen bidez, frogatu ahal izan da Eskozian eta Ingalaterran katamotza gure aroko 80. eta 425. urteren bitartean galdu omen zela[21]. Natura babesteko Bretainia Handiko erakundeek ez dute orain arte, Europako hainbat erakunde ez bezala, katamotza berreskuratzeko inolako ekimenik abiatu.

Anglosaxoieraz bazegoen hitz bat katamotza izendatzeko, "Lox"[22].

Erdialdeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bohemian, katamotza XIX. mendean galdu zuten (1830–1890 artean) eta Moravian seguraski XX. mendearen bukaeran. 1945. urtea eta gero, Eslovakiatik migratutako hainbat katamotzek populazio txiki eta ez egonkorra sortu zuten Moravian. 80. hamarkadan 20 katamotz inguru ekarri zituzten Eslovakiatik Bohemiako oihanean askatzeko. 2006. urteko hasieran Txekiako katamotzen populazioa 65-105 animali artekoa zen. Hemen katamotzen ehiza debekatuta egon arren, eskutuko ehiza badago eta espeziearen iraupenerako arazoa izan daiteke.

Ipar-katamotza 1850.en urtean iraungi zuten Alemanian. Harez geroztik Bavariar basoan eta Hars mendietan bersartu zuten joan den mendeko 90en hamarkadan. Beste zenbait gune Frantziatik zein Txekiatik etorritako piztiek berpopulatu zuten. Saxonian Suizatik etorritako animaliak finkatu dira, Palatiniar basoan zein Fichtelgebirge mendietan.

Poloniako Zientzien Akademiako "Mammal Research Institutek" 128 piztietan ezartzen du Poloniako populazioa. Baina antza zenbaki hau oso beheti hartua dago, eta populazioa desente handigoa litzateke[23].

 Herbehereak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katamotza desagertu omen zen Herbehereetatik ertaroan. Handik aurrera egun arte bertan agertutako piztiak edo apropos askatutakoak edota kaiolatik askatutakoak izan dira. Baliteke ere kasu batean edo bestean alemaniatik etorritako animaliak izatea.

 Belgika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katamotza duela 300 urte inguru galdu egin zen Belgikan. Azken hamarkadan berreskurapen txiki bat eman da herrialdearen ekialdea Vielsalm eta Voeren aldean. Antza Piztiak, aldebatetik, Alemaniako populazioetatik datoz. Eifel-ek uste du Alemaniako ehiztarien askatze ez legal bat egon daiteke tartean ere. Beste aldetik Frantziako Vosges aldetik hainbat animalia gerturatu dira ere.

Fennoskandia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Fennoskandia: Hemen katamotza ia desagertu zen 1930-50 urteren artean. Erakunde ezberdinek ezarritako babes neurrien esker ordea espeziea berreskuratu egin da, eta nahiz eta kontrolatutako ehiza legala izan zenbait eskualdetan, populazioaren tamaina goraka doa apurka. Eskandinavian basakaturik ez dagoenez, katamotza da etxekoturik gabeko felino bakarra.

2009. urtean egindako kontaketaren arabera, 2.200 eta 2.300 pizti inguru zeuden Finlandian. Bertako ipar-katamotzaren populazioa etengabe hazten ari da 1991. urtetik aurrera egindako kontaketetan, eta antza garai historikoak kontutan hartuz, egun inoiz izandako handiena da. Haren ondorioz, 2009. urtean Finlandiako Gobernuak 340 pizti ehizatzeko baimena eman zuen[24].

Ipar-Katamotzak ez dauka populazio egonkor handirik herrialdean, hegomendebalean izan ezik. Bertan pizti gutxi batzuk kumatzen dira, noizean behinka bada ere. Fauna babesteko bertako erakundeek helburu bezala jarri zuten behintza 65 katamotz kopurura heltzea, eta 2007. urtean lortu zuten. Egun popuilazioa 409 eta 439 pizti artean kokatzen da.

Egindako kontaketen arabera, Suedian 2006. urtean 1.400 pizti inguruko populazioa bazegoen. Ehiza baimenduta dago, beti Gobernuko Agentzien kontrolpean. Katamotzak ehizatu nahi dituzten ehiztariak "ehiza babeslea" delakoan aritzeko espreski erregistratu beharra daukate. Piztiak martxoan ehizatzen dira. Eskualde bakoitzean pizti bakar batzuk baina ezin dira ehizatu, eta kopurua zehazterakoan kontutan hartzen da katamotzak elur-oreinen populazioengan duten eragina. Tirokatzen den animali guztia kontrolatzen da, baita tirokatzen den leku bakoitza. Hilotza Suediako Albaitaritza Institutu Nazionalera bidaltzen da bertan analizatzeko. Ehiztaria pizti larruaren jabe egin daiteke, baina horretarako bertako agintzariek kontrolerako txip bat ezarri behar diote. Gero ehiztariak piztiaren buruhezurra berreskuratu dezake 70 euro inguru ordaindu eta gero. 2007.en urtean 75 pizti tirokatu zituzten 20 eskualde ezberdinetan, hau da, 2006.en urtean baino 51 gehiago. Beti, eta askoz jota, populazioaren guztiaren %5. 2006.en urtean 41 katamotz hilda zenbatu ziren, ehizean hildakoaz gain. Haietatik 31 trafiko istripuetan.


Herrialde Baltikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  •  Estonia. 2001.urtean egindako kalkuloen arabera, Estonian 900 pizti inguru zeuden. 2010. urtean zehar 180 pizti ehizatu zituzten legalki bertan. Herrialde honetan, ipar-katamotzaren dentsitatea Europako handiena da.[25]

2005en urtean egindako zenbaketa batean, 700 pizti zeuden Curlàndia eta Vidzeme eskualdetan[26].

Hegoaldeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 Frantzia Ipar-Katamotza 1900en urtean galduarazi zuten Frantziatik. Batzuen ustez ez erabat, Pirinioetan hainbat piztiek iraun dutelako[27][28]. Geroztik berpopulazioen bidez Vosgeak mendietan berreskuratu da espeziea. Harrez gain, hainbat pizti sartzen dira noizean behinka Alpeetako populazioetatik Frantziar Alpeetara.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar katamotza koniferen baso batean bere habitatean

Europan eta Siberian, ipar-katamotza ungulatu populazio onak dituzten baso-ingurunetan bizi ohi da . Halere, beste hainbat lekutan habitat ugaritara moldatu da: baso irekiagotara Asia erdialdean, Himalaiako sastrakadi itxietara, Dhaulagiriko mendietako tundrara, Asia erdialdeko basamortuetako muino eta mendi harritsuetara, Tibeteko goi-ordokira...[3]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere harrapakinik ohikoenak ungulatu txikiak dira, eta, horien eskasiarik ezean, ez ditu harrapakin txikiak ehizatzen. Populazioaren bizilekuaren arabera, tokiko ungulatuak dira bere harrapakinak. Siberia iparraldean, dentsitate baxuagoko ipar-katamotz populazioak bizi dira, ez baitago ungulaturik, baina bai, ordea, erbiak; katamotzaren eta erbi artikoaren (Lepus arcticus) populazioek gora-behera ziklikoak izaten dituzte. Beren banaketaren zenbait puntutan, ungulatu handiak ere ehizatzen ditu (emeak eta kumeak bereziki), hala nola, oreina (Cervus elaphus), elur-oreina (Rangifer tarandus) eta argalia (Ovis ammon). Ipar-katamotza bera baino 3 - 4 aldiz handiagoko harrapakinak ehizatzeko gai da[3].

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araldian otsailetik apirilaren erdialdera egoten dira, eta kumeak maiatza eta ekaina artean jaiotzen dira. Emea hiru egun inguru egoten da harkor, beraz arra emearen atzetik ibiltzen da. Ernaldia 69 egun ingurukoa izaten da eta 2 - 3 kume jaiotzen dira bataz beste kumaldiko[3].

10 hilabete ingururekin independizatzen dira. Emeak 20-24 hilabeterekin ugaltzen dira lehen aldiz, eta arrak 30 hilabete ingururekin. Aske 17 urtetik gora bizi daitezke eta gatibutasunean 24 urtetik gora[3].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrak 264 km2 inguruko azaleran mugitzen dira eta emeak 168 km2 ingurukoan. Emeak beren eremuaren erdialdean ibili ohi dira, baina arrek gehiago bisitatzen dituzte euren eremuen ertzak. Emeen eremuen %86 ar baten eremuak estaltzen du. Hainbat ikerketatan ikusi da, ar baten eremua, eme bakar baten eta bere kumeen eremuarekin gainezartzen dela. Arrek emeen eremuen erdialdea saihesten dute, baina horren ingurutik gainontzeko arrak eta beste espezieak bidaltzen dituzte. Eremuak gorotzekin, gernuarekin edo aurpegiko eta oinetako guruinetatik jariatutako eskrezioekin markatzen dituzte. Gauez, ilunsentian eta egunsentian egon ohi dira aktibo, eta egunean zehar atseden hartzen dute[3].

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katamotzaren populazioak txikiagoak izaten dira otso populazio handiko gunetan. Errusiako basoetan otsoa (Canis lupus) eta azkonar jatuna (Gulo gulo) dira bere harrapari nagusiak. Siberiar tigreak (Panthera tigris altaica) ere jaten du, urdaileko azterketetan ikusi denez.

Elikagaiengatik lehiatu ere egiten du aurretik esandakoekin eta, baita azeria (Vulpes vulpes), basurdea (Sus scrofa) eta hontza hainbat espeziekin ere.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2. Le retour des seigneurs de nos forêst d´Europe.Egilea, Christian Kempf. Editions Sang de la terre, Paris. 1987. ISBN:84-87334-05-9 (Gaztelerazko argitalpena)
  3. a b c d e f g h   Nowell, K.; Jackson, P. (1996), Wild cats: Status Survey and Conservation Action Plan .
  4.   Larrañaga, J. (1996), Euskal Herriko fauna: (ornodun lehortarrak) : anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak, Elhuyar Kultur Elkartea .
  5.   Ruiz de Azúa Pérez de Luco, Nerea; Fernández García, José María (2002), «Presencia histórica del lince o "tigre" en el País Vasco», Aunia .
  6. a b IUCN
  7. a b   González de Viñaspre, Roberto; Uribarrena, Pedro (2009), «Osos y tigres en la montaña alavesa», Herria (4): 10-11, http://www.acoa-ake.org/sitio/files/revistas/11_archivopdf.pdf?PHPSESSID=h6k83o2d7jj5l5bj557ffd1207 .
  8. Nowell eta Jackson, 1996
  9.   Kora.ch, ELOIS - Eurasian Lynx Online Information System, http://www.kora.ch/en/proj/elois/online/index.html .
  10. Le retour des seigneurs de nos forêst d´Europe.Egilea, Christian Kempf. Editions Sang de la terre, Paris. 1987. ISBN 84-87334-05-9 (Gaztelerazko argitalpena)
  11. Le retour des seigneurs de nos forêst d´Europe.Egilea, Christian Kempf. Editions Sang de la terre, Paris. 1987. ISBN 84-87334-05-9 (Gaztelerazko argitalpena) Commons-logo.svg
  12. http://www.kora.ch/en/proj/elois/online/index.html
  13. http://www.lcie.org/lcie_lc_lynx.htm
  14. http://www.lcie.org/Docs/LCIE%20IUCN/Arx%20KORA%20ELOIS.pdf
  15.   ELOIS - Populations - Balkan population, Kora.ch, http://www.kora.ch/en/proj/elois/online/populations/balkan/survey. Noiz kontsultatua: 2010-12-29 .
  16. http://news.bbc.co.uk/2/hi/europe/6114962.stm
  17. (Ingelesez) National Bank of the Republic of Macedonia. Macedonian currency: Coins in circulation. – Retrieved on 30 March 2009.
  18. http://www.google.com/hostednews/afp/article/ALeqM5gCUfrwwb5eN7JJ0377S-HyP-WQcA
  19. http://www.lcie.org/lcie_lc_lynx.htm
  20. http://www.np-plitvicka-jezera.hr/hrv/
  21. "The bone-man's legacy"; New Scientist 11 August 2007; pp48-49
  22. (Ingelesez) Online Etymology Dictionary» . Etymonline.com. [Consulta: 2010-12-29].
  23. http://www.zbs.bialowieza.pl/?en
  24. http://www.metsastajaliitto.fi/?q=node/446
  25. http://www.epl.ee/news/eesti/eestist-asustatakse-poola-metsadesse-umber-kuni-40-ilvest.d?id=51289490
  26. http://www.kora.ch/en/proj/elois/online/countries/latvia/survey.htm
  27. Le retour des seigneurs de nos forêst d´Europe.Egilea, Christian Kempf. Editions Sang de la terre, Paris. 1987. ISBN 84-87334-05-9 (Gaztelerazko argitalpena)
  28. [1]
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ipar-katamotz Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Lynx_lynx