Marcel Loubens

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marcel Loubens

Bizitza
JaiotzaMazères-sur-Salat1923ko ekainaren 30a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaLa Verna1952ko abuztuaren 14a (29 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakespeleologoa

Marcel Loubens (Mazères-sur-Salat, 1923La Verna, 1952ko abuztuaren 14a) okzitandarra bere garaiko espeleologo nabarmenetakoa izan zen, harik eta istripu batean Lepineux leizean (Izaba, Nafarroa Garaia)hil arte.[1]

Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loubens gazterik hasi zen espeleologian, eta 13 urterekin Norbert Casteret ezagutzea zuen amets: 1940ean lortuko zuen, eta honek Arbast eskualdean prospekzioan hastea gomendatu zion; bertan Henne Morte izeneko leizea aurkitu zuen, laster Frantziako sakonena bihurtuko zena.

II Mundu Gerran makiarentzat mugalari lanak egin zituen. Ogibidez enpresaria zen, bulegoko materialaren lantegi txiki bat zuelarik.[2][3]

San Martin Harria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945etik aurrera, Loubens Pirinio Atlantikoen esplorazioetan interesa agertu zuen; Saran Jose Miguel Barandiaran bisitatu zuen,[4] eta Larran aspalditik lanean ziharduen Max Cosynsen taldera bildu zen. Okzitaniera hiztuna zenez, San Martin Harriko artzainekin –bearnera hiztunak- harreman estua egin zuen.[3]

Urteroko kanpainetan, batez ere San Martin Harriko inguruen prospekzioan aritu ziren; elur askoko urteak izan ziren (udan oraindik leizeak elurrez beterik aurkitzen zituzten), baina haietako batzuetara jeisteko aukera izan zuten, hala nola Fertel leizea (Martelek “Grand Gouffre de la Pierre Saint Martin” izendatu zuena, eta Geoffrey Fertel espediziokidea zendu ostean berrizendatua), eta Lepineux leizea. Azken hau 1950eko kanpainaren azken egunean aurkitu zen, eta zundaketan sakonera harrigarria eman zuen; 1951ean jeitsi zuten, pedalezko gindaxa erabiliz, munduko putzurik sakonena zela baieztatuz. Urte horretan Gibraltar eta Elisabeth Casteret gelak aurkitu zituzten; baita sistemako ibai nagusia ere; Henne Morte leizearen sakonera ere gainditu zuten.[3][5]

1950an bertan Loubensek Etxeberriko Karbia (Kanpañaga auzoa, Gamere-Zihiga) bisitatu zuen, Max Cosyns eta Robert Levi Larrako espediziokideekin batera; bertan labar-artearen degradazioaren lekuko izan ziren –pintura faltsuekin-, eta grabatu berriak ere aurkitu zituzten, Georges Laplace-Jauretxe arduradunari horren berri emanez.

1952ko kanpainan, Max Cosynsek egindako gindaxa elektriko berria erabili zuten Lepineux leizean sartu-irteteko. Urte horretako esplorazioetan fluoreszeina isuri zuten barruko errekan, nondik ateratzen zen jakite aldera; gainera, Loubens eta Jacques Labeyrie pasabide estu batetik sartu ziren Elisabeth Casteret gelan: han gela handi berri bat aurkitu zuten, eskisto arrosaz estalitako lur lauarekin, eta kaltzitazko monokristal erraldoiarekin; hurrengo esploratzaileek ezin izan dute pasabide estu hori berriro aurkitu, eta beraz gaur egunean “Gela Galdu” honen kokapena ezezaguna da.[3]

Istripua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Max Cosyns gindaxaren kontroletan, Marcel Loubensen istripuaren egunean.
Max Cosyns gindaxaren kontroletan, Marcel Loubensen istripuaren egunean.

1952ko kanpaina honetan, Loubens beste espediziokideak baino lehenago irten behar zen leizetik, hilaren 15ean Parisen egon beharra baitzuen langileen nominak ordaintzeko. Horretara, abuztuaren 13an gindaxa elektrikoaren kablea erabiliz igotzen hasi zen; baina haren puntako lotura ustekabean askatu zen, eta 10 metrotako altueratik erori zen.

Lesio larriak zituela antzemanda, bere lagunek immobilizatu zuten eta kanpora abisua pasatu zuten. Erreskate operazioa martxan jartzen zen bitartean, gindaxaren kablea konpondu eta André Mairey espediziokidea jeitsi zen (ogibidez medikua). Loubens erreskatatzeko lanak neketsuak izan ziren, artean espeleolaguntza teknikak oraindik garatu barik baitzeuden.  Bi egunez iraun zuen koma egoeran; baina azkenean, odol transfusioa prestatzen ari ziren unean, hil egin zen. Gorpua ateratzea arriskutsuegia iritzita, Loubensen senideekin batera hura bertan lurperatzea adostu zen.[6][3]

Heriotz honek oihartzun handia izan zuen; horren seinalea da espeleologiaren munduan Marcel Loubensen izena duten gauzen zerrenda luzea, adibidez: Aranzadi Zientzia Elkarteak Gesaltzako kobazuloan aurkitutako galeria; Larrako leize batean aurkitutako intsektu espezie berria (Aphoenops loubensi);[7]  Deux Sevres departamenduan sortutako espeleologia taldea;[8]  Italiako leize bat[9]  baita San Martin Harriko Sisteman bertan gela bat ere.

Gorpuaren ateratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953ko udako espedizioan (La Verna aurkitu zen urtean) gorpua ateratzea aztertu zen, baina orduko baliabideekin ezinezkotzat jo zen. Neguan, baina, komunikabideetan espeleologoen kontrako kanpaina bat elikatu zen, Loubensen gorpua ateratzeko presioa eginez. Horren ondorioz, 1954ko udarako espedizio berezia prestatu zen helburu horrekin; abuztuaren 14ean burutu zuten, eta gorpua bere senideei eman zitzaien Mazeres sur Salat herrian (Garona Garaia). [10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Elosegi Irazusta, Jesus. (1952). «La Sima Lépineux. Comentarios a la expedición Max Cosyns (Agosto de 1952). (Resumen de la conferencia).» Munibe (Donostia) 4 (4): 250-254..
  2. Casteret. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-21).
  3. a b c d e Labeyrie, Jacques. (2012). Les découvreurs du Gouffre de la Pierre Saint-Martin. Cairn.
  4. Barandiaran Aierbe, Jose Miguel. (2009). Diario Personal. Volumen II (1936-1953). Durante los años de su exilio en el País Vasco Continental.. José Miguel de Barandiaran Fundazioa, 812 or..
  5. Cabidoche, Madeleine; Douat, Michel. «Ils ont fait la Pierre... Georges Lépineux 1920-2005» Bulletin ARSIP (Santa Grazi) 18: 286-287..
  6. Tazieff, Haroun. (1952). Le gouffre de la Pierre Saint-Martin. Arthaud.
  7. Vives, E.. (1980). «Coleoptera, Carabidae (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco).» Kobie (Bilbo) 10 (II).
  8. CDS Deux-Sèvres. Sous les Deux-Sèvres.. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-21).
  9. Abisso Marcel Loubens. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-21).
  10. Queffelec, Corentin. (1994). Jusqu’au fond du gouffre. Record du monde à la Pierre Saint-Martin. Tome 1.. Spéléo Éditions.