Mari Domingi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Mari Domingi, Olentzerorekin. Tolosa, 2012.

Mari Domingi euskal abesti tradizional batean ageri den emakumea da. 1990eko hamarkadatik aurrera, Euskal Herriko eguberrietako hainbat ekitalditan, Olentzeroren gizonezko pertsonaiaren alboko emakumezko irudi bilakatu izan da.

Abestia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mari Domingi abestiaren hitzak Resurreccion Maria Azkuek jaso zituen lehen aldiz XX. mendearen hasieran. 1970eko hamarkadan berriz, Viejas canciones donostiarras liburuan agertu zen abestia, Olentzeroren abestiaren ondoan, bien artean harreman zuzenik izan gabe.

Honako hauek dira kantuaren hitzak:

«

Horra Mari Domingi
begira horri
gurekin nahi duela
Belena etorri.

Gurekin nahi badezu
Belena etorri
atera beharko dezu
gona zahar hori.

Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori,
Haurtxo eder hori.

Irrintzi eta poza,
algararekin
hori behar dinagu
guk elkarrekin.

Pozez adora (de)zagun
Jesus haur ona
berak ekar d(i)ezagun
gaur zoriona.

Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori
Haurtxo eder hori.

»

Olentzeroren ondoko pertsonaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olentzerorekin lotuta agertu zen Mari Domingi lehen aldiz Donostian 1990eko hamarkadan. Bertako Bagera Elkartearen Antigua auzoko adarrak sustatu zuen ekimena, beste herri batean (Lasarte-Orian), Olentzerorentzako gutunak biltzeko pertsonaia bat sortu zutelakoan (Xixuko izenekoa), ikastetxeetan ibiltzen zena gutunak jasotzen haurrengandik, oporren haurreko egunetan. Antiguan ere antzeko zerbait egin zitekeelakoan, Mari Domingi bilakatu zuten 1994an gutun-biltzailea, baina "genero aldetik halako gogoets bat egin gabe", ekimenaren sustatzaile batek, Josi Oiarbide irakasleak 2015ean kontatu zuen gisan.[1]

Ondoren, Ikastolen Elkarteak, Antiguako irakasle eta guraso hauek sustatuta, ipuin-liburuxka kaleratu zuen, Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiak lotzen zituena. Irudia Edorta Murua marrazkilariak eman zion Mari Domingiri, eta ipuinaren testua Mitxel Muruak idatzi zuen.[1]

Olentzeroren pertsonaiaren alboko laguntzaile izatetik, Mari Domingiri lehenaren emazte edo neska-lagunaren rolean sartu dute hainbat ekitalditan.[2][3] Hainbatek kritikatu egin du emakumeari bigarren mailako rola ematearren tradizioa horrela aldatzea.[4][5][6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Euskaraz)Oiarbide, Josi () Olentzeroren "bikotearena", Mari Domingirena, kasualitatez hasi zen ia ia... Facebook . Noiz kontsultatua: 2017-12-25.
  2. «Berriz incorpora a Mari Domingi para dar protagonismo a la mujer en el desfile del Olentzero», El Correo, 2007-12-22.
  3. Oier Araolaza: «Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin?», Argia, 2066. zenbakia, 2006-12-10.
  4. «Mari Domingi, sra. de Olentzero», 2008-01-03.
  5. «Durangoko kartel matxista», Eibartarrak eztabaidagunea, 2008-11-12.
  6. Araolaza, Oier Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mari Domingi Aldatu lotura Wikidatan