Modernismoa Donostian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Modernismoa Donostian, modu herabe batean garatu, eta nagusiki, xehetasun dekoratiboetara mugatzen da. Dena den, badaude estilo honi berezko zaizkion zenbait ezaugarri. Oro har, Euskal Herrian, eklektizismoa izan zen XX. mendearen lehen erdian egindako obra gehienen estilo nagusia, eta jakina, Gipuzkoako hiriburuan ere halako ñabardurak antzematen dira. Hala ere, hizkera modernistaren sorrera izan zen aldi honetako ekarpenik garrantzitsuena eta erabakigarriena.[1]

Hiri berri bat. Testuinguru soziokultural eta ekonomikoa[2][3][4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran Donostiak gailur ekonomiko, sozial eta artistiko bat bizi zuen, hainbat gertakariren eraginez. Garai loratu horri Belle Époque deritzo.

1845ean, Isabel II erregina Donostiara heldu zen bere gortearekin, medikuaren gomendioz, Kantauriko itsasoko uretan bainatzeak on egingo ziolako. Hortaz, bere eraginez, aisialdi modu berri bat sustatu zen: Donostiako udaldia. Hamarkada askotan iraun zuen ohitura horrek, eta garrantzi handiko fenomenoa izan zen aurreragoko hirigintza proiektuetan.

Aldi berean, turismo-aisialdiaz gain, merkataritzak eta negozio berriek hiria berpiztu zuten, eta bere ekonomia maila areagotu. 1970ean industria eta portu salerosketa erdigunea Pasaiara mugitu zen, Donostia hiri atsegin eta burgesa bilakatu zedin. 1854an gune administratiboa ere Donostiara mugitu zen, Gipuzkoako behin betiko hiriburu bihurtu zelarik.

Donostiak bere komunikabide geografikoen egitura sendotu zuen XIX. mendeko bigarren erdian. Adibidez, 1850ean Andoain-Irun errepidea amaitu zen, Donostiatik pasatzen zena. Are garrantzitsuagoa izan zen 1864ko Madril-Paris trenbidearen inaugurazioa, Donostiako Iparraldeko Geltokian geldialdia zuena. Horri esker, bisitariak ez ziren Espainia mailara soilik mugatu, Pariseko goi burgesia eta noblezia ere hurbiltzen hasi baitzen uda pasatzera. Zabalguneko estilo arkitektonikoetan —eta batez ere bertako modernismoan—  eragin handia izan zuen kutsu frantsesak, aurrerago adieraziko den moduan.

Hazkunde demografiko nabaria gertatu zen arren, Donostia oraindik harresien baitan zegoen mugatuta. 1863an Isabel II erreginak hau onartu eta hiritarrek aspalditik eskatzen zutena bete zuen: harresia bota eta hirigintza zabalkunde planak egitea. Aurkeztu ziren plan guztien artetik, Antonio Cortázarren proiektuak irabazi zuen, Etorkizuna edo Porvenir izenekoa. Europako hiri handien zabalgune planak jarraituz (hala nola Madril, Bartzelona, Edinburgo, Berlin eta Lisboa), Donostiak era txukun eta ordenatuan hazteko aukera eduki zuen. Gaur egungo erdiguneak oraindik ere sistema honi eusten dio: diseinu erregularreko kaleak, patio handiko etxadiak eta altuera berdineko eraikinak, apainduretan urriak eta nobleak.

Boulevardeko Alameda

Laster Espainia mailako ospea lortu zuen hiri modernoaren adibide moduan, bai bere kaleen itxura garbiagatik (espaloi txukunekin eta zuhaitz errenkadekin), bai bere instalazio higienikoengatik. Donostia modako bainuetxe gune bilakatu zen, Madrilgo goi gizarteari ostatu emanez udako hilabeteetan. Horrela, zabalguneko eraikuntza handien inguruan, goi mailako turismoaren pare, lorategi ugariko txalet eta jauregitxoak eraiki ziren.

Garai honetan garatu ziren Alameda (gaur egungo Boulevard), Kasino Handia, Victoria Eugenia Antzokia eta Maria Cristina Hotela, Askatasunaren Etorbidea eta Santa Katalina zubiaren harrizko berreraikuntza. Berantiarragoa da Artzain Ona Katedrala, 1897an zabaldutakoa, Echave arkitektoaren lan neogotikoa. Eraikin hauek eta beste asko hainbat estilotan gauzatu ziren, XIX. mende amaieran Donostiaren berezko izan zen fin de siècle eklektizismoa jarraituz.

Donostiako modernismoa eta ezaugarriak[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modernismoan, era orokor batean, diseinu totalaren ideia betetzen zen; Donostian, ordea, beste estiloekin tartekatzen denez, ikusmolde hori alde batera uzten da. Horren adibide ditugu Maria Cristina hotelaren fatxada neoklasikoa, eta balkoien baranden zein sarreran dagoen aterpearen diseinu modernistak;  horiek Parisko Metropolitan metro sarrera gogorarazten dute. Azpimarratzekoa da Hector Guimardek diseinatutako eskudeletan ageri den “M” bihurritua eta Maria Cristinako  burdinazko diseinuaren arteko antzekotasuna.

Modernismoa mugimendu heterogeneo moduan sortzen da, material berriak erabiltzen ditu, eta askatasun osoz, masa eta espazio konposaketa ezberdinekin saiatzen da. Funtzioaren, egituraren eta modelo plastikoaren arteko guztizko integrazio grinaren bitartez, adierazpen ahalmen handiko lanak lortzen dira. Etengabeko erreferentziak naturan eta bere edertasunean bilatzen ditu, eta konposaketa geometrikoen bitartez adierazi.

Arteari bide berriak irekitzeko desio hau, ordea, neurriz agertzen da, bortizkeriarik gabe, hirian adierazgarria den historizismoari eusteko eta, aldi berean, aurrerapenaren zantzuekin janzteko. Pentsamolde hau nabarmena da Cortazarren hirigintza proiektuko irizpideetan:  

Fatxadetako dekorazioa librea da "harremanik eta izaerarik gabekoa ez den bitartean". Nolanahi ere, kale bakoitzeko fatxadetako xehetasunek batasun kutsua ematea lortzen dute, kale bakoitzari nortasun propioa emanez. (...) Bestalde, "hiri eder" bat sortzeko borondate kolektiboa dugu, eta zentzu horretan, figura funtsezko bat dugu, udal arkitektoarena, eraikuntzaren kontrolerako arbitro goren dena. Zabalgunea handitu ahala estilo arkitektoniko ezberdinak erabili ziren, aldi bakoitzari nortasun jakin bat emanez. Lehen aldiko neoklasiko berantiarretik (Etorbidera arte) eklektizismora arte eta Art Nouveaura arte. Aldeak alde, ezaugarri komun bat antzematen da, soiltasuna. [2]

Nahiz eta tradizioarekin jarraitzeko gogorik ez izan, aurrez erabiltzen ziren materialak mantendu zituzten, tradizio lokalarekin ahaidetuak (sillería harria); eta artisau teknikak berreskuratzearen alde ere egiten zuen modernismoak: adibidez, lauza beiraztatuen erabilpena. Aurrekari moduan, Kasino Handikoak aipatu daitezke.  Dekorazioan, etengabekoa da gai naturalisten erabilera. Horrez gain, lerroaren gaineko interesa ere nabarmentzekoa da, lerro uhintsuenak batez ere (modernismo uhintsuan). Lerro uhintsu horiek bultzatuta, naturatik eratorritako formak, lore eta animalien estilizazioak eta forma naturalen eskematizazioak ikusiko dira. “Latiguillo edo sigi-saga forma  izango da, estilo honen estilema. Kolore biziak erabiltzen dituzte, ikusgarritasuna baitute helburu, eta egiten dena ikuskizun bihurtzeko joera du estilo honek.

Erabilitako materialak, harria (Igeldoko harrobietatik erauzia), burdina eta egurra, erresistentzia handikoak izan arren, xehetasun handiko lan naturalistak lortu ziren. Flora klasikoari ematen zitzaion izaera geometrikoari esker, identifikagarriak diren obrak egin zituzten. Horiek hirian zehar aurki daitezkeen burdinazko balkoietan eta antzeman daitezke.

Aipatzekoa da Donostiako arkitekturan burdin forjatu eta burdindutua izan zela materialik erabiliena, lore eta landare morfologia anitz imitatzeko. Izan ere, merkea zen eta azkar egin zitekeen. Askotan, arkitektoek beraiek diseinatzen zituzten balkoiak eta barandak: Echevarria etxea da horren adibide, gaur egun jada existitzen ez dena.[5]

Azuleju eta beirateekin ere maiz ikusgai dira hiriburuko kaleetan. Prim 17 eta De Bilbao plazako eraikinak dira adibide.

Adibideak[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, Donostian modernismoa ikuskatzeko puntu nagusiak Boulevardeko kioskoa, Prim Kalea, De Bilbao Plaza,  eta Urbieta, Easo eta Garibai kaleko adibide bana dira.

Prim kalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1910 inguruan, Prim kalea eraikitzen amaitu zen. Urumea ibairantz jotzen zuen eraikinen aurrealdea, Antonio Cortazarrek erabat zehaztu gabe utzi zuena, Goicoa arkitektoak amaitu zuen: pasaleku bat ezarri zuen bertan, lau edo bost solairuko etxe handiak bertan kokatzeko, aurrealdeko lorategiekin eta burdinazko hesiekin. Abiapuntua frantses estiloko hotela zen, mehelin bitartez banatuta, fatxada oso zainduekin, lau edo bost solairurekin, eta solairu bakoitzeko etxebizitza batekin. Ibaiko aurrealde hori, Prim kalearen eta Urbieta kalearen amaiera, oso azkar eraiki ziren, horregatik, fatxaden portzentaje handi bat modernista da.

Prim 17[6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaki honek dauzka beharbada Donostian aurkitu daitezkeen fatxada modernistenak. Garaian tipikoak ziren behatoki eta burdin forjatuzko balkoiak, aldabak, marmolezko zurkaitzak, egur grabatu eta esmaltatua, beirate bilduma bikaina… dena da benetan aipagarria. Zenbaki honen berezitasun bisual nagusia kale honetako beste etxeekiko, baina, Daniel Zuloagaren azulejuak direla esan daiteke, bi fatxadetan kokatuak —Zuloagarenak dira Maria Cristina zubikoak ere—.

Etxebizitza hau Ramon Cortázar arkitektoaren enkargua izan zen 1905. urtean. Hainbat pisu dituen eraikuntza honek bigarren, hirugarren eta laugarren solairutan azuleju-muralak ditu. Hasiera batean, Daniel Zuloagak paumak gehitu zituen bere diseinuan, baina, Cortázarrek beste motibo batzuk eskatu zizkion:  “Zehaztasun bat egingo dut, zintzotasunez: pauma gehiegi erabili eta ikusi izan da, eta nahiago nuke emakume silueta modernista bat edo hegodun piztia zenbait; hau da, zerbait originalagoa...” [6]

Zeramikagileak bere proposamena Cortázarren eskakizunetara moldatu zuen: Prim kaleko fatxadan aurkitzen diren bigarren pisuko bi bao semi-zirkularretako azuleju muraletan, ninfa urtarrak gehitu zituen, igerian dabiltzanak biluzik, lore, hosto eta zurtoinez inguratuak. Emakumearen irudi modernistarekin bat datoz ninfa hauek, lerro uhintsuak sortzeko aitzakia bikaina den ile luzea lore motiboetan korapilatuz. Gorago dauden beste bi pisuetan, hiru azuleju-gainazal ikus daitezke, bakoitza, modernismo estiloko berezkoak diren landare eta lore motiboekin.

Gernikako Arbola Pasealekuko fatxadan, aldiz, hiru pisuen azuleju multzoek dituzte motibo begetal eta loredunak. Bigarren pisukoek bao zentrala eta albokoak markoztatzen dituzte.

Daniel Zuloagak 1900eko diseinu modernistak zituen Alemaniako album batera jo zuen, lan honen iturri ikonografikoa izan zena: Arnold Lyongrünen Neve Jdeen, diseinu modernista alemaniarren albumera, hain zuzen.

Zuloagaren zeramika modernistak ez dira, ordea, behar bezain ezagunak zenbait arrazoirengatik, besteak beste, zeramikagileak berak estilo honi uko egitea; moldeak eta bozetoak apurtu zituen. Horrez gain, Gaztelako paisaien estetika erregionalistara gerturatu zen, 98ko belaunaldiaren ideiekin bat zetorrena.

Prim 23[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adibide hau Prim kalean dagoela esan arren, apaindura modernistak Urumearen aldeko fatxadan daude kokatuta, Gernikako Arbola Pasealekuan, hain zuzen ere. Lan hau Dominguez Barros arkitektoarena da, eta modernismo katalanaren kutsua antzeman dezakegu.

Larramendi kalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larramendi 1 eta 3 zenbakiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxadi guztiz modernista, batez ere lehenengo pisua eta bi atariak. 1. zenbakiko ataria kareharrizko bi giza eskulturek zaintzen dute: landare motiboetan integratuta dauden gizonezko eta emakumezko bana. Badirudi etxea sorbalda gainean daramatela, eta bere espresioaren arabera, nekagarria eta pisutsua da. Aspektu horretan antzekotasunak dauzka Gasteizeko Casa de las Jaquecas-ekin, baita bi kariatide bidez zainduta ere. Eraikin bloke honen mendebaldeko fatxada ere (Errege Katolikoak, 10 zenbakia) diseinu berdinekoa da.[7]

Bilbo plazaren irudia, atzealdean Alfontso VIII.aren kalea eta Artzain Onaren katedrala.

De Bilbao plaza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

10 zenbakiko ataria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prim kalearekin izkinan.  Atari guztiz modernista, kutsu frantses handia duena: beira tintatuen erabilera eta intsektuekin antzekotasun nabarmenak formetan.

Donosti liburu denda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karteleko tipografia eta apaindurak guztiz modernistak dira, baina deigarriena kartel gaineko beiratea da, Simón Berasalucerena; loreak, kolore biziak eta forma bihurrituak dauzka, inguruko kaleetan ikus daitezkeen beirateekin bat eginez. 1980ean zabaldu zen liburu dendako jabeak, Santi Azurmendik, agindu zuen beiratea egitea. Ez da XX. mende hasierako lan bat, ezta aurreko denda batetik birziklatutakoa ere: 1982an espresuki erakusleiho hau osatzeko gauzatu zen. Bere diseinua, baina, ez da originala, metro gutxitara dagoen Prim kaleko 17. zenbakiari omenaldi bat baizik, Santi Azurmendiren eskariz egindakoa. Fatxadako azulejuetako mosaikoa, laugarren pisuan aurki dezakeguna, izan zen beiratearen inspirazio iturri.

2 zenbakiaren beiratea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu dendaren eskuinetara. Beirate berezi bat aurkitzen da, sarbidearen gainean, atariko zenbakia zaintzen duten bi lehoien atzean. Kaletik ikusita zaila da kolorerik antzematea, edo ideia konkreturen bat ikustea; atarira sartuz gero, ordea, kaleko argi naturalak jotzen dionean, beirateak Bigarren Errepublikako bandera ekartzen du gogora. Tonu berdinak dira — gorria, horia eta morea—, ordena ofiziala jarraituz. Azurmendiren arabera —eraikin blokera lotuta egon dena 1950etik aurrera—, beirate hau betidanik egon da hor, baita frankismoaren garaian ere.[8]

Urbieta Kalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urbieta 54[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1906koa da Elizalde arkitektoaren lan hau. Prim kaleaz gain, Urbieta kalean ikus daitezke modernismoaren arrasto gehienak. Malgutasun handia antzematen da fatxadan: ohikoak diren balkoi modernistez gain, harria ere forma uhintsu eta geometrikoetan dago landuta. Urte berean, Elizaldek Prim kaleko 37 zenbakiaren eraikuntza zuzendu zuen.

Garibai kalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garibai kaleko 21 zenbakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatzekoa da, ataria eta fatxadaz gain, kale mailan dauden hiru saltokiek erakusleiho guztiz modernistak dituztela, fatxada egin zen garai berekoak. Ramon Cortázarren lana da, art nouveauren adibide onenetako bat eta kontserbazio egoera bikainean.[9][2]

Maria Cristina Hotelaren fatxada

Maria Cristina Hotela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenago aipatu dira Maria Cristina Hotelaren hainbat ezaugarri dekoratibo, barandetako “M” modernista edo oraintxe erakutsitako estalkia, adibidez. Gehitzekoa da bai fatxadan, bai hotelaren inguruan landareentzat egindako harrizko loreontzi handietan ere, azuleju motibo berdina errepikatzen dela.

Boulevardeko kioskoa.

Boulevardeko kioskoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boulevardeko lorategien artean kokatzen da musika kiosko hau. Nabarmentzekoak dira burdinurtuzko kolomak, beirate koloretsuak eta osotasunaren kutsu frantsesa. Askok egilea Eiffel dela pentsatu arren, kioskoa Ricardo Magdalenak gauzatu zuen 1906an. Modernismo donostiarraren adibide onenetako bat da, serioa osotasunean eta neurritsua formen erabileran.[10]

Beste modernismoen eraginak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienako modernismoaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontxako pasealekuko baranda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baranda enblematiko hau hiriaren sinbolo bilakatu da denborarekin, bere forma eta kolore zuri bereizgarria dela medio. Donostiar gutxik jakin arren, diseinu honek, Vienako artista modernista baten lana du inspirazio iturri, Otto Wagnerrena, hain zuzen ere.

Kursaaleko edo Urumeako Zubia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Victor Arana ingeniariaren lan honek, 1921ean bukatua, metalezko baranda berdea eta farola esferikoak eusten dituzten obelisko handiak ditu aipagarri. Sezesio vienarraren eragin nabarmena dauka diseinuak. Berezitasun handiko zubia da, apainduran oinarritutako modernismo espresionistarekin bat datorrena, nahiz eta hasiera batean eklektizismoarekin lotu.

Maria Kristina Zubia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Eugenio de Rivera ingeniariaren eta Antonio Palacios Ramilo arkitektuaren proiektua da. Hormigoi armatuari harri margotu itxura eman zitzaion, Pariseko Alexandro III.a zubiaren antza lortu nahian. Erdigunea (De Bilbao Plazatik abiatuz) eta Iparraldeko Tren Geltokia lotzen ditu. Sezesio vienarraren eragina duen estilo eklektikoa baliatuz egin zen, monumentaltasun handikoa. Aurrez aipatu dira zubi honetako Daniel Zuloaga zeramikagilearen azulejuak, arkuak apaintzen dituztenak. Azulejuen ondoan, harri zizelkatuan modernistatzat har daitekeen xehetasun bat dago: ezpata bat eta bere inguruan kiribiltzen den zinta.

 Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Fernández Altuna, José Javier.. ([2003]). Euskal Herriko artea. Ibaizabal ISBN 8483257440. PMC 55030012. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  2. a b c d e Grandio, Yazmina.. (1987). Urbanismo y arquitectura eclectica en San Sebastián : 1890-1910. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones ISBN 8471731150. PMC 18093748. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  3. Martín Ramos, Ángel.. ([2004]). Los orígenes del ensanche Cortázar de San Sebastián. Fundación Caja de Arquitectos ISBN 8493370142. PMC 433560389. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  4. (Gaztelaniaz) «Modernismo y Art Nouveau en Donostia.» Euskádiz 2018-07-20 (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  5. (Frantsesez) comedurasdetarro. «LA CALLE OQUENDO. (Por Anna Arregui Barahona)» PONIENDO ROSTROS (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  6. a b Revisión del arte vasco entre 1875-1939 = 1875-1939 bitarteko Euskal artearen berrikusketa = Rèvisión de l'art basque entre 1875 et 1939.. Eusko Ikaskuntza [20--] ISBN 8484198804. PMC 57690427. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  7. «- Multimedia fondoa - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  8. (Gaztelaniaz) «Las vidrieras que hablan» El Diario Vasco 2011-01-29 (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  9. Amajaiak. (2013-01-12). «MI MUNDO AMAJAIAK: MODERNISMO EN DONOSTI» MI MUNDO AMAJAIAK (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  10. (Gaztelaniaz) Lantxabe. (2016-05-10). «El Art Nouveau en Donostia – San Sebastián» Aiete - Lantxabe - Katxola - Ayete (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]