Parisko metroa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Metro sarreretako seinale bat.

Parisko metroa Paris eta inguruko hiriak batzen dituen herri garraiobidea da. 16 linea ditu, batez ere lurpekoak, guztira 214 km luzekoak[1]. Parisko ikurretako bat da, hiriguneko sare trinkoa eta Art nouveau estiloak emandako arkitektura homogeneotasuna dela-eta.

Lehen metro linea, 1900ko erakusketa unibertsala ireki eta hilabete batzuk geroago inauguratu zen. Sarea hedatuz joan zen Paris barnean, Bigarren Mundu Gerra arte. 1950-1970ko etenaldiaren ondoren, linea ugari luzatu ziren aldirietako udalerrietaraino. Baina, egun luzapenak egitea oso mugatua dago, hasieran hartutako aukerak direla-eta (geltokien arteko distantzia laburrak, bagoien eduki txikia). Hala ere, aurreko mende amaieran linea berri oso bat inauguratu zen, 14 linea, RER A linea arintzeko.

Metroak 3,9 milioi bidaiari garraiatzen ditu egunean (1.473 milioi 2008 urte osoan). 300 geltoki ditu (384 geraleku), horietako 62 beste linea batekin lotura dutenak[1]. Parisko metroa, 4.a da munduan bidaiari kopuruaren arabera, Tokioko metroa (3.200 milioi), Moskukoa (2.400 milioi) eta Seulekoaren atzetik (2.000 milioi), 8.a lineen luzeraren arabera, Shanghai, New York, Londres, Madril, Seul, Tokio eta Moskuren atzetik eta 2.a geltoki kopuruan New Yorkekoaren atzetik (422 geltoki eta 468 geraleku[2])[3].

Metro sarea RATP erakundeak kudeatzen du. Honek, gainera, RER sarearen tarte batzuk ere kudeatzen ditu, Paris eta aldirietako bus linea batzuk eta Île-de-Franceko tranbiak ere bai (T1, T2 eta T3).

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metro izena jatorrizko konpainiaren laburdura da: Compagnie du chemin de fer métropolitain de Paris. Hasierako laburdura Métropolitain zen (geltoki sarrera batzuetan ikus daitekeenez), baina gutxira métro labur-laburdura erabiltzen hasi zen. Horrela, lurrazpiko hiri-trenen izen orokortzat erabili zen, bai frantsesez bai beste hizkuntzatan, euskara barne.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordutegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metro sarea

Tren bakoitza 5h30etan irteten da muturreko geltokietatik, nahiz eta linea batzuetan beste tren batzuk tarteko geltoki batetik ere irten ahal den. Azken trena, erratz-trena, 1h15etan iristen da azken geltokira, ostiraletan (2007ko abenduaren 7tik[4]), larunbatetan eta jai bezperetan izan ezik, 2h15etan amaitzen baitira.

Urtezaharrean eta beste gaueko jaietan (Fête de la Musique, Nuit Blanche) 1, 4, 6, 9 eta 14 lineetako geltoki batzuk gau osoan egoten dira irekiak.

Trenak erabiltzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tiketak kioskoetan eta geltoki sarreratan saltzen dira, saltokian edo makinetan. Nasetara sartzeko ataka automatikoak igaro behar dira, banakako tiketak edo kuota txartelak erabiliz. Atakek tiketa itzultzen du bidaiariak irten arte gorde dezan.

Europako beste metro ugarik bezala, tren ateak ez dira automatikoki irekitzen linea gehienetan. Atea irekitzeko hagatxoa igo behar da (1977 baino lehenagoko bagoietan) edo botoia sakatu (berriagoetan). Ateak automatikoki irekitzen dira bagoi berrienetan, 1 eta 14 lineetan (eta geroz eta gehiago 2, 5 eta 9 lineetan)

Tiketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko tiketa ticket "t+" da, bidaldi baterako baliozkoa ordu eta erdian. Tiket hau metro linea guztietan, busetan, tranbian eta Paris barneko RER sarean erabili daiteke. Tiketak nahi adina linea aldaketa ahalbidetzen du, beti ere garraio sistema berean bada (metro-metro eta bus-bus) edo bus-tranbia aldaketan. Metro-RER aldaketa posible da Paris barnean, beti ere tiketa gordez RER sarearen irteeran berriz erabili ahal izateko.

Kuota txartelak ere badira. Ohikoena Navigo izenekoa dago, urterako, hilabeterako edo asterako kuotaz bete daitekeena. Beste kuota txartelak hauek dira: Mobilis (oporretan dauden gazteentzat), Imagine R (ikasleentzat), Paris visite (bisitarientzat; bat, bi, hiru edo bost egunerako baliozkoak).

Geltokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohiko geltokiek bi trenbide dituzten erdian eta 4 metro zabaleko nasak alboetan. 50 geltoki inguru, amaierakoak direnak edo izandakoak, salbuespena dira: gehienek hiru trenbide eta bi nasa dituzte (Porte d'Orléans esaterako), besteek bi trenbide eta erdian nasa (Porte Dauphine esaterako). Geltoki gutxi batzuk trenbide bakarrekoak dira, orube zail edo estua dutelako (Liège esaterako) edo trenbide-begiztako norabide bakarrekoak direlako (Église d'Auteuil).

Jatorrian, geltoki luzera 75 m zen, baina 90 metrora luzatu ziren trafiko handiko lineatan (1 eta 4 lineak). Egun, geltoki batzuk 105 m luze dira.

Ohiko geltokiak lurrazaletik hurbil eraiki ziren, lubaki sistemarekin, eta gangadunak dira. Nord-Sud sare zaharreko geltokiak (12 eta 13 lineak) ganga goratuagoa dute, lehen katenaria baitzuten. Hala ere, badira salbuespen batzuk:

  • Geltoki batzuk, hain daude lurrazaletik hurbil, batez ere 1 linean, ezen metalezko sabai lauak dituzten (batez ere 1 (Champs-Élysées - Clemenceau).
  • Geltoki goratuak, kale maila baino gorago, batez ere 2 eta 6 linea periferikoetan, adreiluzkoak dira eta beirazko sabaia dute (Jaurès).
  • 14 linea berriko geltokiak, oso sakonak eta 120 metroko nasak dituztenak, sabai garaiak dituzte.

2008an, geltoki erabilienak (milioika bidaiari) honakoak izan ziren: Gare du Nord (47,8), Saint-Lazare (38,9), Gare de Lyon (35,9), Montparnasse - Bienvenüe (30,8), Gare de l'Est (17,7), République (16,9), Bibliothèque François Mitterrand (15,4), La Défense (14,5), Châtelet (14,5), Bastille (14,2)[5].

Dekorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko metroaren geltokiek nahiko dekorazio bateratua dute, 1900ean definitutako aukera estetikoei jarraikiz, eta dekorazio hori hein handi batean mantendu da geltoki berrietan eta berrikuntzetan. Hormak eta gangak faiantza lauza zuriz estaliak daude, garbitzeko erraztasunagatik eta XX. mende hasierako argiztapen teknika eskasa hobetzeko aukeratuak. Hasieratik, geltokiko hormak publizitate euskarritzat erabili ziren. Afixak kolorezko faiantza lauzez inguratuak zeuden eta goian kudeatzailearen siglak zituen (CMP edo Nord-Sud). Geltokiaren izena zuriz idazten zen metalezko xafla esmalteztatu urdinean, Nord-Sud linean izan ezik, non izena faiantza zuri-urdinezkoa zen. Oro har, Nord-Sud lineako geltokiak dekorazio zainduagoa zuten, bestek baino.

École Militaire geltokia (8 linea).

Jatorrizko dekorazio aukerak ez ziren kolokan jarri, Bigarren Mundu Gerra amaiera arte. Gerra ostean, neoizko argiztapena orokortzean, faiantzazko lauzan egoera txarra nabarmendu zuen. Horrela, zuritasunaren homogeneotasuna hausteko eta afixak balioesteko, RATP erakundeak kolorezko faiantza lauzak ezarri zituen 1948 eta 1967 artean: 73 geltoki itxuraldatu ziren. Harrezkeroztik, geltoki hauen erdiak jatorrizko dekorazioa berreskuratu dute.

Dekorazio hau modaz pasatzen da 1960ko hamarkada amaieran eta hogeiren bat geltokik dekorazio berriago bat jaso zuten: nasetako faiantza lauzak ordezkatu ziren eta bi koloreko berriak ezarri ziren 2 metroko garaieran (Mouton estiloa deritzo). Geltokia asko iluntzen duen dekorazio hau ez zen orokortu.

1975etik, RATPk jatorrizko faiantza zuriak balioestea erabakitzen du, argiztapena hobetuz eta altzarien koloreekin jokatuz. Hainbat estilo erabili ziren: Motte estiloa (argiztapen kutxa paralelepipedikoa), Ouï Dire estiloa (aluminiozko argiztapen itxura ausartak, neoizko uhinak...) eta New Néons.

Badira geltoki batzuk, "kulturalak" deritzenak, dekorazio tematiko bat jaso dutenak. Atondu zen lehena Louvre - Rivoli izan zen (1 linea), Louvre museoko artelanen kopiak erakusgai dituena. Honen ondoren beste hainbat atondu ziren, hala nola, Bastille, Hôtel de Ville eta Tuileries (1 linea), Parmentier (3 linea), Pont Neuf (7 linea), Cluny - La Sorbonne (10 linea) eta Arts et Métiers (11 linea).

14 linea, 1998an inauguratua, salbuespena da, dekorazio berezia baitu, mota askotako hormigoizko lauza handiak erabiltzen baita bertan.

Mamu geltokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metroaren historian zehar, badira geltoki batzuk ez direna inauguratu edo itxi egin direnak. Horrela, nahiz eta existitu, ez dira erabilgarri. Geltoki hauei "mamu geltokiak" deritze (station fantôme). Ezagunenak Arsenal (5 linea), Porte Molitor (9 eta 10 lineak) eta Haxo (3bis eta 7bis) dira. Batzuetan filmak egiteko erabiltzen dira.

Lineak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko metroaren lineak
Zenbakia Zabaldua Azken
luzapena
Geltokiak Luzera Geltokien arteko
tartea
Bidaiak
(urtero)
Hasiera eta amaiera geltokiak
Paris m 1 jms.svg 1900 1992 25 16,6 km 692 m 165.921.408 La Défense
Château de Vincennes
Paris m 2 jms.svg 1900 1903 25 12,3 km 513 m 95.945.503 Porte Dauphine
Nation
Paris m 3 jms.svg 1904 1971 25 11,7 km 488 m 91.655.659 Pont de Levallois
Gallieni
Paris m 3bis jms.svg 1971 1971 4 1,3 km 433 m Porte des Lilas
Gambetta
Paris m 4 jms.svg 1908 1910 26 10,6 km 424 m 155.348.608 Porte de Clignancourt
Porte d'Orléans
Paris m 5 jms.svg 1906 1985 22 14,6 km 695 m 92.778.870 Bobigny
Place d'Italie
Paris m 6 jms.svg 1909 1942 28 13,6 km 504 m 104.102.370 Charles de Gaulle - Étoile
Nation
Paris m 7 jms.svg 1910 1987 38 22,4 km 605 m 121.341.833 La Courneuve
Villejuif
Mairie d'Ivry
Paris m 7bis jms.svg 1967 1967 8 3,1 km 443 m Louis Blanc
Pré Saint-Gervais
Paris m 8 jms.svg 1913 1974 37 22,1 km 614 m 92.041.135 Balard
Créteil
Paris m 9 jms.svg 1922 1937 37 19,6 km 544 m 119.885.878 Pont de Sèvres
Mairie de Montreuil
Paris m 10 jms.svg 1923 1981 23 11,7 km 532 m 40.411.341 Boulogne
Gare d'Austerlitz
Paris m 11 jms.svg 1935 1937 13 6,3 km 525 m 46.854.797 Châtelet
Mairie des Lilas
Paris m 12 jms.svg 1910 1934 28 13,9 km 515 m 81.409.421 Porte de la Chapelle
Mairie d'Issy
Paris m 13 jms.svg 1911 2008 32 24,3 km 776 m 114.821.166 Châtillon - Montrouge
Saint-Denis
Les Courtilles
Paris m 14 jms.svg 1998 2007 9 9 km 1.129 m 62.469.502 Saint-Lazare
Olympiades

Argazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Statistiques STIF rapport 2005 [1] + prolongement jusqu'à Olympiades + prolongement jusqu'aux Courtilles (pdf)
  2. (Ingelesez) « New York » metrobits.org
  3. (Ingelesez) « Metro Features List » metrobits.org
  4. RATP prentsaurrekoa
  5. Les transports en commun, 3 or., paris.fr

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Parisko metroa Aldatu lotura Wikidatan