Nafarroa Behereko Gorteak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Estatu Orokorra» orritik birbideratua)

Nafarroa Behereko gorteak herrialde hartako erakunde historikoa dira. Nafarroako Gorteetara biltzen ziren gaur egungo Nafarroa Behereko hiru estatuetako ordezkariak. Bi erakunde-molde bereizi ziren Nafarroa Beherean historian zehar: gaur egungo Nafarroa Beherea osatu zuten eskualde bakoitzeko Gorte Nagusiak eta Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak.

Eskualdeetako Gorte Nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mende arte Lapurdiko bizkondeen mendean egon ziren eskualde batzuek osatu zuten geroago Nafarroa Beherea. Zazpi eskualde nagusi bereizten ziren: Garazi, Donibaneko hiria nagusi; Baigorri, gaur egungo Baigorri, Orzaize izan ezik; Orzaize, Orzaize eta Arrosako herriak; Oztibarreko eskualdea; Irisarri, Iholdi eta Armendaritze; Arberoa; eta Amikuze.

Garruze, Donapaleu, Larzabale, Donibane Garazi eta Bastida ziren Nafarroa Behereko hiriak. Baziren baroi-herriak ere: Landibarre eta Behorlegi. Eskualde horietan guztietan biltzen ziren Gorte Nagusiak; herri bakoitzeko biltzarren eta erreinu osoko estatuen arteko erakunde politikoa ziren. 1611ko Foru Berriak berretsi zuen herri eta eskualde bakoitzeko biztanleek Gorte Nagusietara biltzeko zuten eskubidea.

Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polverelek ondutako Tableau..., Gorteek Parisen defendatzeko agindurik

1523an bildu ziren lehenengoz Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak, Nafarroa Garaiko Gorteetatik bereiz. Honela banatzen zen estatuetako ordezkaritza: aitoren semeak (100-150 etxe nobletako ordezkariak), Erromatar Eliza Katolikoko hierarkia (Baiona eta Akizeko apezpikuak, Garaziko artzapezpikua, Haranbeltz, Utziat eta Donapaleuko prioreak) eta burgesak (hirietako hogeita sei ordezkari).

1611. urtean idatzi zen Nafarroa Behereko Foru Berria (Fors et coutumes deu Royaume de Navarre deça-ports, 1611. urtean idatzia eta 1644an argitara emana) eta 1620. urtean bildu ziren errege bakar batera Frantziako eta Nafarroako koroak. 1632. urtean saiatu zen Luis XIII.a Frantziakoa Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak deuseztatzen. Ez zuen horrelakorik lortu, baina izugarri ahuldu ziren handik aurrera Nafarroa Behereko erakundeak, eta gero eta nabarmenago hasi ziren noble frantsesak politika- eta ekonomia-eremu guztietan agintzen.

Nafarroako Gorteek 1789. urtean Pariseko Estatu Nagusietan egin zuten azken ekintza garrantzitsua, Étienne Polverel beren sindikoa hara bidalita, Nafarroaren berezitasuna eta subiranotasuna defendatzeko. Gorteok agindu bezala, Polverelek Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre et de ses rapports avec la France aurkeztu zuen Parisen. Alferrik izan zen, baina: Parisko Biltzar Konstituziogileak Nafarroa Behereko Gorteak deuseztatu zituen 1789ko udan, Lapurdi eta Zuberoko biltzarrak bezala.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]