Nuku'alofa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nuku'alofa
Nukuʻalofa
hiria
Royal Palace, Nuku'alofa, Nov 18.jpg
Administrazioa
Izen ofizialaNukuʻalofa
Jatorrizko izenaNukuʻalofa
Posta kodea00196-8000
Geografia
Koordenatuak21°08′05″S 175°12′30″W / 21.1347°S 175.2083°W / -21.1347; -175.208321°08′05″S 175°12′30″W / 21.1347°S 175.2083°W / -21.1347; -175.2083
Azalera11.41 km²
Altuera3 m
Demografia
Biztanleria23.221 (2016)
Red Arrow Down.svg−1.350 (2012)
Dentsitatea2.035,14 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1795
Telefono aurrizkia676
Ordu eremuaUTC+13:00

Nuku'alofa Tongako hiriburua da, Tongatapu uhartean kokatua dagoena. 23.221 biztanle ditu 2016ko erroldaren arabera, herrialdearen biztanleriaren %25a.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tongako Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. 950. urtearen inguruan Tongako Inperioa (Tuʻi Tonga) sortzen hasi zen eta 1200 eta 1500 artean izan zuen hedadura handiena. Uharte ugari hartzen zituen bere baitan eta hegoalderen zegoen Tongatapu uhartean zuen egoitza enperadoreak. Orduan Mu'a zen hiriburua eta Nuku'alofaren orduko aipamenik ez dago. Mu'a hiria Nuku'alofaren hego-ekialdean dago, badiako beste ertzean[1].

XVII. mendean inperioaren gainbehera etorri zen eta samoarren hedapena hasi zen.

Aurreneko europarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1777ko ekainaren 10ean ritsi zen James Cook kapitain britainiarra Nuku'alofaren parera. Hark ere ez zuen Nuku'alofa aipatu, alboan dagoen Pangaimodoo (Pangaimotu) uhartea baizik, haren ondoan baitzegoen ainguratua. Kanoa bidez Mu'a hiriburura joan zen Paulaho eta beste gizon handi batzuk bizi ziren tokira hain zuzen ere[2].

Nuku'alofa izena George Vason misiolari britainiarrak idatzi zuen aurrenekoz, 1810ean. George Vason 1797an iritsi zen Tongara Londresko Misiolari Elkartearen izenean. Aurreneko aldi hartan Noogoollefa idatzi zuen eta Pangaimoturen ordez Bongy-Moddoo[3], izan ere Tongako alfabetoa ez baitzen garatu 1826-27 arte.

Tongari buruzko bigarren liburua William Marinerrek idatzi zuen 1817an. Mariner Fīnau ʻUlukālala-ren seme adoptatua izan zen 1806-1810 artean. Tongako gerra zibilaz idatzi zuen eta nola ʻUlukālala-ren gerlariek Nuku'alofako gotorlekua setiatu eta eskuratu zuten[4].

Misiolari kristauen hirugarren aipamena 1826koa da, bi misiolari tahitiar atxilotuak izan zirenekoa. 1827an misiolari metodistak iritsi ziren Hihifo eta Hahake uharteetan izandako jazarpenetik ihesi. Tupou buruzagiak Nuku'alofan hartu zituen eta Tongako kristau erdiguena bihurtu zen. 1842an Chevron (Patele Sevelo) iritsi zen. Guzti hauen eraginez gotorlekua zuen herri txiki bat izatetik kristautasunaren hiri nagusia izatera pasa zen.

Tongako Erresumako hiriburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nuku'alofa, 1887. urtean.

Tongako Konstituzioa 1875ean ezarri zenean Nuku'alofa herrialdeko hiriburua bihurtu zen. Jurgi Taufaʻahau Tupou I.a erregeak horrela erabaki zuen eta Parlamentua Nuku'alofan bilduko zela zehaztu zuen, gerra garaietan izan ezik.

Hiriburu bihurtzerakoan hiria birrantolatu zen eta hiru barrutitan banatu zen:

  • Kolomotu'a ("hiri zaharra"): hiriaren sorrera eremua da, gotorlekua zegoen tokia.
  • Kolofo'ou ("hiri berria"): erregearen jauregia eta gobernuaren egoitza dagoen barrutia da.
  • Maʻufanga: Hiriaren ekialdea hartzen du, antzina herrixka bat izan zen.

Bigarren Mundu Gerra garaian Ma'ufanga barrutian estatubatuarrek ontziraleku bat eraiki zuten eta oraindik Fā-ua ("42") izena ematen diote, eraiki zen urtea hain zuzen ere. 1960. hamarkadan asko handitu zen Nuku'alofa, inguruko herriak barneratu baitzituen.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an hiriko eraikin asko suntsitu ziren Nuku'alofan erreforma demokratikoak aplika zitezen eskatzen zuten istiluetan. Finantza barrutiko eraikinen hiru laurdenak erre ziren, txinatarren komertzioak gehienbat[5]. 2012ra arte iraun zuten hiria berreraikitzeko proiektuak[6].

2015ean Hunga Tonga–Hunga Ha'apai erupizoak uharte berri bat sortu zuen iritik 65 kilometro iper-mendebaldera[7]. 2022an sumendi berak izandako erupzioak eta eta harko eragindako tsunamiak bete betean kolpatu zuen Nuku'alofa[8]. Beste kale batzuez gain, bost astez egon zen Tongako hiriburua Internet gabe, ur-azpiko kable konexio bat kaltetu zuelako erupzioak[9].

Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tonga iparraldetik hegoaldera luzatzen den uharte zerrenda bat da. Hegoalderen dagoen uhartea da handiena, Tongatapu, eta honen iparraldeko kostan kokaturik dago Nuku'alofa, izen bereko badiaren ertzean. Nuku'alofaren ekialdean Nukunukumotu uhartea dago eta hiriaren aurrean Pagaimotu Resort uharte txikia.

Uhartea koralezko uharriek inguratzen dute eta hainbat itsasontzi ikus ditezke bertan hondartuta gelditu zirenak[10].

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nuku'alofak klima ekuatoriala (Af) du Köppen klima sailkapenaren arabera. Urtesasoi euritsuagoa eta lehorragoa ditu baina lehorrena denean ere prezipitazioak izaten dira. Tenperatura nahiko konstatntea da urte osoan zehar, azarotik otsailera bero handiagoa egiten badu ere. Prezipitazioei dagokienez urteroko batazbesteko 1700 mm-tik gorakoa da, abuztua eta azaroa artean zerbait jeisten da.

Alisioek ia etengabe jotzen dute Nuku'alofa eta zikloiak ere ohikoak izaten dira[11].

  Gnome-weather-few-clouds.svg   Datu klimatikoak (Nukualofa)   WPTC Meteo task force.svg  
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 32 32 31 30 30 28 28 28 28 29 30 31 32
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 29.4 29.9 29.6 28.5 26.8 25.8 24.9 24.8 25.3 26.4 27.6 28.7 27.3
Batez besteko tenperatura (ºC) 26.4 26.8 26.6 25.3 23.6 22.7 21.5 21.5 22.0 23.1 24.4 25.6 24.1
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 23.4 23.7 23.6 22.1 20.3 19.5 18.1 18.2 18.6 19.7 21.1 22.5 20.9
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 16 17 15 15 13 11 10 11 11 12 13 16 10
Euria (mm) 174 210 206 165 111 95 95 117 122 128 123 175 1721
Euri egunak (≥ 1 mm) 17 19 19 17 15 14 15 13 13 11 12 15 180
Hezetasuna (%) 77 78 79 76 78 77 75 75 74 74 73 75 76
Iturria: Weatherbase[12]

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tongako Gobernuaren egoitza Nuku'alofan dago. Asanblada legegilea bertan biltzen da eta Erregearen jauregia ere hiritik oso gertu dago[13].

Tongako herri guztietan bezala, Nuku'alofan badira hiriko ofizialak (Ofisa kolo) eta barrutiko ofizialak (Ofisa vahe). Hauek dira gobernuaren aginduak herritarrei igortzeko ardura duten ofizialak. Polizia, suhiltzaileak eta ospitaleak Tongako gobernuak kudeatzen ditu zuzenean.

2018ko 12 eta 13 artean Gita zikloiak Tongako parlamentuaren etxea suntsitu zuen eta hiritik 4 km hegoaldera eraiki zuten parlamentuaren eraikin berria[14].

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fua'amoto Nazioarteko Aireportua

Fua'amotu Nazioarteko aireportua Tongatapu uhartearen hegoaldean kokaturik dago, Nuku'alofatik 35 kilometrotara. Australiara, Zeelanda Berrira, Fijira, Samoara eta Samoa Estatubatuarrera hegaldiak ditu, bai eta Tongako beste uharte batzuetara ere.

Antzina trenbide labur bat izan bazuen ere gaur egun ez dago holakorik Tongan. Autobus zerbitzu pribatua dago eta gidariek nahi duten ordutegia ezar dezakete. Normalean betetzen direnean ateratzen dira. Gobernuak tarifa mugaturik dauka. Egoera bera gertatzen da taxi zerbitzuarekin, autoa duen edozein biztanlek betetzen du eta diru extra bat jasotzeko helburuaz ibiltzen dira. kasu honetan ere gobernuak tarifa mugaturik dauka.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tongako ekonomiaren puntu garrantzitsuena da Nuku'alofa. Uhartediko arrain merkatu handiena bertan dago, hegalaburra eta Lutjanus lutjanus arrantzatzen dira nagusiki Tongan. Nuku'alofak hainbat produktu esportatzen ditu; kopra, banana, bertako kuia, banilla eta artisautza[15].

Hiriak merkatu ugari ditu (Maketi talamahu)[10] eta negozio barrutia ere badu. 2006ko istiluetan sutsitua izan zen baina Txinako gobernuaren laguntza ekonomikoaz baliatuz 2008an berreraikitzen hasi ziren.

Azken aldian turismoak gorakada izan du Tongan eta Nuku'alofan dago nazioarteko aireportu bakarra. Zeelanda Berritik hiru ordutako bidaia baino ez da gaur egun. Tongatapu uhartea ikusteko eta gainerako uhartediak bisitatzeko ezinbesteko abiapuntua da[10].

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren erdigunean Teufaiva Sport Stadium kirol anitzeko estadioa dago. 10.000 ikuslerentzako tokia du. Tongako errugbi selekzioak jokatzen du bertan[16].

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Errege Jauregia: 1867an eraiki zen eta zurezkoa da. Eraikina baxua eta luzea da eta beheko solairuan arkuak ditu. Aurrealdean sarrerako aterpea eta dorre bat ditu. Eraikina zuria da eta teilatu gorria du[13].
  • San Antonio Paduakoaren basilika: Uharteko eliza katoliko nagusia da[17] eta errege erreginen hilobien ondoan eraiki zuten 1980an[18].
  • Andre Mariaren katedrala, hau ere katolikoa[19].
  • Al-Khadeejah meskita.
  • Tongako Museo Nazionala: 1998an ireki zituen atean eta Tongako kulturari dafgozkion objetuak daude ikusgai[20].
  • Mu'a hirian (Tongako antzinako hiriburua izan zen hartan) UNESCOk Gizateriaren ondare izendatzeko bi hautagaitza daude:[21]
    • Ha'amonga ‘a Mau'i parke historikoa (Heketā)
    • Antzinako Erregeen Hilobiak (Lapaha)

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nuku'alofatar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tāufaʻāhau Tupou IV.a (1918-2006), Tongako erregea
  • Fatafehi Tuʻipelehake (1922-1999), printzea eta politikaria
  • Feleti Sevele (1944- ), politikaria, Tongako lehen ministroa (2006-2010)
  • Nanasipauʻu Tukuʻaho (1954- ), Tongako erregina
  • Tupou VI.a (1959- ), Tongako erregea
  • Soane Patita Paini Mafi (1961- ), kardinal katolikoa Vatikanoan
  • Pita Alatini (1976- ), errugbilaria
  • Akapei Latu (1978- ), judoka
  • Ofa Tu'ungafasi (1992- ), errugbilaria
  • Nailini Helu (1993- ), boxeolaria
  • Tolu Latu (1993- ), errugbilaria

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The Pacific Islands: An Encyclopedia. Lal and Fortune, 133 or..
  2. (Ingelesez) Cook, James. (1784). A Voyage to the Pacific Ocean: Undertaken by the Command of His Majesty, for Making Discoveries in the Northern Hemisphere, to Determine the Position and Extent of the West Side of North America; Its Distance from Asia; and the Practicability of a Northern Passage to Europe. H. Chamberlaine (Noiz kontsultatua: 2022-03-28).
  3. Vason, George. (1810). An authentic of narrative of four years residence at one of the Friendly Islands. .
  4. Martin, J.. (1817). An account of the natives of the Tonga Islands, in the south pacific ocean. with an original grammar and vocabulary of their language. Compiled and arranged from the extensive communication of Mr William Mariner, several years resident in those islands. .
  5. (Ingelesez) «Tongan riots, 2006 | libcom.org» libcom.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-28).
  6. (Ingelesez) «Nukuʿalofa | national capital, Tonga | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  7. (Ingelesez) «Tonga volcanic eruption creates new island» ABC News 2015-01-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-28).
  8. «Massive Tonga Volcanic Eruption Caused "Significant Damage"» NDTV.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-28).
  9. «Belgium and US to finance FAO-led support to Tonga» www.fao.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  10. a b c (Gaztelaniaz) Blanco, Silvia. (2018-07-04). «Qué ver y hacer en Nuku'alofa - La capital de Tonga» Blog de viajes, fotógrafías y gente de mente inquieta (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  11. Estienne, Pierre. (1970). Climatologie.. A. Colin ISBN 2-200-31042-0. PMC 417886391. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  12. Txantiloi:Cita web
  13. a b (Ingelesez) «Watch: Fires ring Tonga's Royal Palace for late Queen Mother as magnificent choir leads moving vigil» 1 News (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  14. (Ingelesez) «Tonga parliament building flattened by Cyclone Gita» BBC News 2018-02-13 (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  15. (Ingelesez) «Nukuʿalofa | national capital, Tonga | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  16. (Ingelesez) «Attention NRL: A glorious future awaits in the Pacific» The Roar (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  17. Stanley, David. (2004). South Pacific. (8th ed. argitaraldia) Avalon Travel ISBN 1-56691-411-6. PMC 57237370. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  18. Science of Pacific Island peoples. Institute of Pacific Studies 1994 ISBN 982-02-0104-7. PMC 32751402. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  19. Fletcher, Matt. (2001). Tonga.. (4th ed.. argitaraldia) Lonely Planet ISBN 1-74059-061-9. PMC 47677418. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  20. St. Cartmail, Keith. (1997). The art of Tonga = Ko e ngaahi'aati'o Tonga. University of Hawaiʻi Press ISBN 0-8248-1972-1. PMC 36548951. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  21. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «The Ancient Capitals of the Kingdom of Tonga» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]