Edukira joan

P lerroa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Orainbetasaroiko bunkerra (Etxalar, Nafarroa Garaia).

P lerroa, ofizialki Pirinioetako Defentsa Antolaketa (gaztelaniaz: Organización defensiva del Pirineo), Espainia frankistak Frantziako Errepublikarekiko mugan 1944 eta 1948 artean eraikitako defentsa lerroa izan zen. Haren helburua zen Bigarren Mundu Gerrako Aliatuak Espainiako lurretan sar zitezen galaraztea. Asmoa zen Mediterraneotik Kantauri itsasora 10.000 bunker inguru egitea, baina horietatik 6.000 bukatu zituzten. 1980an, behin betiko abandonatu ziren.

Zentzu zabalagoan, Espainiako gerra zibilaren ondoren Pirinioetan egindako gotorlekuei emandako izena da, barnean hartuta lehenago egindako gotorlekuak (1939-1940), tankeen aurkako defentsa (1950-1954) eta beste gotorleku puntual batzuk (Hondarribiko Higer lurmuturra, 1957)[1]. P lerroaz gain beste hainbat fortifikazio lan egin ziren gerraostean: kostaldean eta portuen inguruan (Bizkaiako kostaldean adibidez[2]), Gibraltar inguruan, Kanariar uharteetan, Balear uharteetan eta Marokoko Protektoratuan.

Oraindik ere badira P lerroari lotutako bunker eta gotorleku asko Gipuzkoako ekialdean eta Nafarroa Garaiko iparraldean.

Bitxikeria gisa, altuera garaienean aurkitzen den bunkerra 2.507m-tara topatzen da, Katalunia eta Andorra artean[3]

Izenaren jatorria eztabaidan jarri izan da. P hau maiz Pirineos hitzarekin lotu da, baina Pérez abizenarekin ere lotu izan da. Katalunian "Gutiérrez lerroa" bezala ere ezagutu zen, Manuel Duelo Gutiérrez ingeniarien koronelagatik, zeinak lerro honen gotortze lanetan zerikusia izan zuen.

Gotortze lanak Pirinioetako topografiak baldintzatu zituen. Ondorioz, 100 Erresistentzia Gune eraiki ziren Katalunian, 56 Euskal Herrian eta 20 Aragoin[4]. Hasierako asmoa defentsa gune bakoitza lubakiz inguratzea zen, honen mutur bakoitzean tiratzaile-putzu bana jarriko zen. Multzo osoa alanbrezko hesi batez inguratua egongo zen ere. Elementu hauek inoiz ez ziren erabat operatibo eta armatuak egon, inoiz ez zitzaizkien bunkerrak ixteko ate blindatuak jarri eta ez ziren inoiz alanbrezko hesiz inguratu[5]. Lan hauez gain, gerra baten kasurako azpiegituren oztopoak, suntsiketak eta bestelako minatze proiektuak ere egin ziren, inoiz burutu ez zirenak. Lerroaren goarnizioa, teorian, 75.000 gizonek osatuko zuketen.

Lerroko kokaleku ezberdinak (metrailadore bunkerrak, fusil metrailadoreen bunkerrak, infanteria kanoien bunkerrak, tankeen aurkako kanoien bunkerrak, 50mm eta 81mm-ko morteroen posizioak, hegazkinen aurkako metrailadoreen posizioak, behatokiak, biltegiak eta aterpeak) eskualdeko Erresistentzia Guneetan (Núcleo de Resistencia) antolatzen ziren.

X. mendeaz geroztik, Pirinioetako mendikatea muga natural handitzat hartua izan zen. Mendi horietan zehar, eraikin gotortuak egin zituzten, hala nola, zaintza dorreak, gazteluak, elizak eta jauretxeak. Izan ere, toki askotan, Europako gainontzeko lurraldeekin komunikatzeko pasabidea zen.

Espainiako gerra zibila amaitu ondoren, Franco jeneralaren erregimenak mendikate honetan defentsa lerro handi bat eraikitzea erabaki zuen, kasu batzuetan, kontinenteko gainontzeko herrialdeetakoen oso antzekoa. Lerro hori Mediterraneotik Kantauriraino hedatuko litzateke, 500 km inguru gotorleku.

239. Erresistentzia Guneko bunker bat (Aiako Harria, Gipuzkoa)   

1939ko ekainetik 1940ko ekainera gotorleku multzo bat eraiki zen. Mendebaldeko Pirinioen kasuan (Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia), Vallespin gotorlekua (gaztelaniaz: Fortificación Vallespín) izena hartu zuten, José Vallespín Cobián koronelak diseinatu baitzuen. Lanak Gaintxurizketa, Arkale, Endarlatsa, Bera, Etxalar, Otsondo eta Erratzun egin ziren. 1940an, eraikitzeari utzi ziotenean, hari lotutako errepideak eraikitzen jarraitu zuten (errepide taktiko eta errepide estrategiko bezala izendatuak), 1944an "P lerroa" eraikitzen hasi arte. Lerro berri hartan partzialki sartu ziren gotorleku hauek.[6][7][8][9]

Egoera politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibila amaitu ondoren espainiar asko Pirinioetako mendietan finkatu ziren, eta erbesteko gobernu bat sortu zen Okzitaniako Tolosa hirian. Pertsona horietako askok espero zuten De Gaulleren Frantziako gobernuak eta bere aliatuek Francori eraso eta Espainia berriz konkistatzea[10].

Bigarren Mundu Gerran Aliatuek Zuzi Operazioa abiatu zutenean Afrika iparraldeko frantziar kostaldean, Hirugarren Reichak "Anton Operazioa" abiatu zuen 1942ko azaroaren 11n, Frantziako hegoaldea inbadituz Mediterraneoko kostaldearen inbasio Aliatu baten beldur. 1943tik aurrera Naziek Pirinioen gotortze lanak hasi zituzten, Sperrlinie Pyrenäenfront izenarekin (40 bunker inguru guztira), Cerbèretik Hendaiara arte, Le Perthus, Maureillas-las-Illas, Prats-de-Mollo-la-Preste eta Alta Cerdanya barne. Aldi berean, Südwall izena hartuko zuen beste gotorleku batzuk eraiki zituzten Mediterraneoko kostaldean, Espainiako mugatik Italiako mugaraino[11][12][13]. Bitartean Atlantikoko kostaldea ere gotortu zuten Atlantikoko Harresiaren[14] bitartez, Hendaiatik Norvegiako iparraldera arte. Lapurdin honen elementu ugari aurki daitezke oraindik.

1944ko abuztuaren 19an, Bigarren Mundu Gerran Frantziaren askapena gertatu zen, eta horrek garrantzi berezia eman zion Espainiako mugari. Franco jeneralak eta Hirugarren Reichak ezin izan zuten inoiz muga modu eraginkorrean ixtea lortu, muga zeharkatzeko ohikoen ordezko bideak bilatzen baitziren.

1944ko urrian, Frantziako hegoaldean erbesteratutako PCEko kideek Espainiaren Errekonkista Operazioa deritzona hasi zuten, non espainiar milizianoak Espainiako lurraldean sartu ziren Frantziatik zetozela, euren ekintzarekin erregimenaren aurkako espainiarrak matxinatu zitezen, Franco jeneralaren diktadurarekin amaituko zuen prozesu bat abiaraziz. Operazio horrek porrot handia egin zuen errepublikanoen artean, baina Espainiako diktadurako agintariak antzeko erasoak jasotzeko prestatzera behartu zituen[15][16][17][18].

1945ean, De Gaullek Espainiako bandera errepublikar guztiak kendu zituen Frantzian, eta ez zuen onartu Askapenerako Espainiako Batzordea (J.E.L.). Espainiar hauek, frantziar eta euren aliatuen arbuioaren ondoren, gerrilla gerra batera behartuak izango dira, makia bezala ezagutzen dena[19].

1946ko apirilaren 18an, Poloniak, Sobiet Batasunak, Frantziak eta Mexikok lagunduta, Nazio Batuen Erakundean Espainia herrialde oldarkor gisa gaitzesteko eskatu zuen, Kataluniako Pirinioetan gotorlekuak eraikitzeagatik, baina inork ez zekien lan horiek bi urte inguru lehenago hasi zirela mendilerro osoan[20]. Eskaera hau Sir Alexander Cadogan britainiarrari esker baztertu zen, Ingalaterrak NBEn zuen ordezkaria zena. Azkenik, Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak "Pirinioetako gotorlekuak funtsean defentsiboak" zirela jakinarazi zuen[4][21][22].

Hala ere, Gerra Hotzaren ondorioz, AEBetako gobernuak Espainia frankistarekiko jarrera aldatu zuen, Espainia, bere egoera geografikoagatik eta gobernu antikomunistagatik, "mundu librea" deituriko blokerako aktibo baliotsua izango zelakoan. 1950eko urtarrilean, Dean Acheson estatu-idazkariak onartu zuen 39. ebazpena porrot bat izan zela eta aipatu zuen gobernua gai zela bi arazoei amaiera emango zien ebazpen baten alde egiteko. 1950eko azaroaren 4an, NBEren Batzar Nagusiak 386. ebazpena onartu zuen, Espainia Nazio Batuek sortutako edo lotutako nazioarteko organismoetako kide izatea eragozten zuen gomendioa indargabetzen zuena. Ebazpen horrek bidea ireki zion Espainiari Nazio Batuen sistemarekin bat egiteko. Hori 1951n hasi zen, NBEko hainbat agentzietan (UPU, ITU, FAO eta MOE) sartzen.1955ean Espainia Nazio Batuei atxiki zitzaien[23].

1944 eta 1948 arteko tarte aktiboenaren ondoren lanek oso motel jarraitu zuten ondorengo urteetan zehar, askotan bertan behera uzten. Lan hauek kasu batzuetan 50. hamarkadaren amaiera arte iraun zuten (adibidez 1957an Higer lurmuturrean ontzien aurkako obrak egiteko). Elementu gutxi batzuk 70. hamarkadan egin ziren (Hondarribiako CCC 115 elementua adibidez, 1972an eraikia)[1].

Defentsa lanak inoiz amaitu ez ziren arren, hainbat ikuskapen militar egin ziren urteetan zehar, agintari militarrek estrategikotzat jotzen baitzituzten lan horiek lurraldearen defentsa militarrean. Aragoi ibaiaren haraneko elementuen azken ikuskapena 1986koa da[24]. 1986an Espainia orduko Europako Ekonomia Erkidegoan eta NATOn sartzeak Pirinioetako gotorlekua behin betiko uztea ekarri zuen defentsarako azpiegitura militar gisa. Ordutik, kasu batzuetan, Pirinioetako beste erakarpen turistiko batean bihurtu dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 (Gaztelaniaz) Juan Antonio, Sáez García. (2022). Defensa del Cabo de Higuer y defensa contracarros de la frontera (término municipal de Hondarribia). Hondarribia: Arma Plaza Fundazioa.
  2. Gerraosteko bunkerrak Gorlizen. Gorliz Turismoa.
  3. (Frantsesez) Eronote. (2025-11-14). L'arme Secrète de Franco. .
  4. 1 2 (Ingelesez) Gorostiza, Santiago. (2018-10-01). «“There Are the Pyrenees!” Fortifying the Nation in Francoist Spain» Environmental History 23 (4): 797–823.  doi:10.1093/envhis/emy051. ISSN 1084-5453. (kontsulta data: 2020-06-25).
  5. (Gaztelaniaz) Juan Antonio, Sáez García. (2005). La defensa del sector guipuzcoano de la frontera pirenaica durante el franquismo : los campamentos militares en 1951. Brocar, 167-204 or. ISSN 1885-8155..
  6. Sáez García, Juan Antonio. (2020). "Vallespín" gotorlekua. 1. Babes antolamendua (Gaintxurizketa). Hondarribia: Arma Plaza Fundazioa.
  7. (Gaztelaniaz) Sáez García, Juan Antonio. (2010). «La fortificación Vallespín en Guipúzcoa (1939-1940)» INGEBA ISBN 9788493092733..
  8. (Gaztelaniaz) Sáez García, Juan Antonio. (2009). «La fortificación "Vallespín" (1939-1940) en Arkale (Oiartzun-Irún, Guipúzcoa)» Errenteriako Udal Artxibo Zerbitzuko aldizkaria 22: 117-184. ISSN 0214-624X..
  9. (Gaztelaniaz) Juan Antonio, Sáez García. (2008). «La fortificación "Vallespín" en el alto de Gaintxurizketa (Guipúzcoa)» Errenteriako Udal Artxibo Zerbitzuko aldizkaria: 203-259. ISSN 0214-624X..
  10. Marco, Jorge,. Guerrilleros and neighbours in arms : identities and cultures of anti-fascist resistance in Spain. ISBN 978-1-78284-292-7. PMC 945375785. (kontsulta data: 2020-06-25).
  11. «Curiosites des Pyrénées: Sperrlinie Pyranäenfront et Südwall» Curiosites des Pyrénées 2016-03-19 (kontsulta data: 2020-06-25).
  12. (Frantsesez) «Des bunkers allemands recensés en Cerdagne» lindependant.fr (kontsulta data: 2020-06-25).
  13. Zaloga, Steve, 1952-. (2007-2015). The Atlantic Wall. Osprey Pub ISBN 978-1-84603-129-8. PMC 84151448. (kontsulta data: 2020-06-25).
  14. Nork eraiki zuen Atlantikoko harresia?. Hormigoizko Mugak.
  15. Fernández, Luis Zaragoza. (2009). «Radio Toulouse y la invasión del Valle de Arán» Redes.com : revista de estudios para el desarrollo social de la Comunicación (5): 123–144. ISSN 1696-2079. (kontsulta data: 2020-06-25).
  16. Arasa, Daniel, 1944-. (2004). La invasión de los maquis : el intento armado para derribar el franquismo que consolidó el régimen-- y provocó depuraciones en el PCE. (1. ed. argitaraldia) Belacqva ISBN 84-96326-11-X. PMC 59354411. (kontsulta data: 2020-06-25).
  17. Carr, Raymond.. (2000). España, 1808-1975. (10.a ed. española corrigeda y aumentada por el autor. argitaraldia) Editorial Ariel ISBN 84-344-6615-5. PMC 48133052. (kontsulta data: 2020-06-25).
  18. Serrano, Secundino.. (2001). Maquis : historia de la guerrilla antifranquista. Temas de Hoy ISBN 84-8460-103-X. PMC 48579014. (kontsulta data: 2020-06-25).
  19. Shain, Yossi. (1991). Governments-in-exile in contemporary world politics. New York : Routledge (kontsulta data: 2020-06-25).
  20. Sáez García, Juan Antonio.. (2010). La fortificación "Vallespín" en Guipúzcoa (1939-1940). Ingeba ISBN 978-84-930927-3-3. PMC 733882456. (kontsulta data: 2020-06-25).
  21. (Ingelesez) Huff, Robert Pernell. (1966). The Spanish Question Before the United Nations. Department of Political Science, Stanford University. (kontsulta data: 2020-06-25).
  22. (Ingelesez) Messenger, David Andrew. (2000). France, the Allies and Franco's Spain, 1943-1948. (kontsulta data: 2020-06-25).
  23. (Gaztelaniaz) Fernández, Antonio; Pereira, Juan Carlos. (2019). La percepción española de la ONU (1945-1962). Universidad Complutense: Departamento de Historia Contemporánea, 121-146 or. ISSN 0214-400X..
  24. Lorenzo, Calonge. (2018). Las 6.000 fortificaciones sin estrenar de Franco. El País.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]