Palestinako artisautza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Palestinako artisautza palestinarrek sortutako artisautza da. Askotarikoa da, eta eskulangintza horietako batzuk, Palestinako arabiarren garaitik hasita hainbat mendetan egin direnak, bizirik daude gaur egun ere. Aipagarrienak, besteak beste, brodatuak eta jantzigintza, buztingintza, xaboia, beiragintza eta nakarraren nahiz olibondo-egurraren lanketa edo tailla dira. Zisjordaniako hiri batzuk (bereziki Betleem, Hebron eta Nablus) espezializatuta daude eskulangintza mota horietakoren batean, eta eskulan horien salmenta eta esportazioa haien ekonomien funtsezko atalak dira.

Brodatua eta ehungintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako brodatuak dituzten kuxin-azalak

Brodatzea soilik emakumezkoen tradizio artistikoa izan da, eta osagai funtsezkoa Palestinako jantzi tradizionaletan. Bi mota nagusiak dira tatreez (gurutze-puntuarekin)[1] eta tahriri (“couchage” puntuarekin)[2].

Ehungintza Majdal herri suntsituko oinarrizko industria izan zen, bai Palestinako jantzi tradizionalak egiteko, bai mundu arabiarrera esportatzeko. Majdalawi oihala, izen horrekin ezaguna, gizonezko batek ehuntzen zuen ehungailuan, kotoizko hari beltz eta urdin ilunak eta zetazko arrosa eta turkesa koloreko hariak erabiliz.[1] Majdalawi oihala Aftaluna Crafts erakundeak[3] eta Gaza Hiriko Arts and Crafts Villagek[4] kudeatzen duten kulturaren babeserako proiektuaren parte da.

Gaza ehungintzaren gune inportantea zen, ezaguna bertan egiten zen zeta finagatik (gazzatum). XIII. mendean Europara esportatzen zen, eta batzuek diote gaur egun “gaza” izenaz ezagutzen den oihal motari eman ziola izena.

Beduinoen oihala emakumeek egin ohi dute, basamortuko bizimodura egokitutako etxeko gauzak egiteko (dendak, kuxinak, alfonbrak...), artilezko hariekin.

Beiragintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beirarena Hebrongo oinarrizko langintza da, Palestinako erromatarren garaiaz geroztik. Esaerak dio: “Hebron harro egon zitekeen bere beirazko eskumuturrekoez, bere ahuntz-larru handiez eta bere mahats finaz; Gaza Palestinako aletegia zen; Lydda ospetsua zen bere olio azokaz eta tapizgintzaz; Nablus harrotasunez mintza zitekeen bere xaboi lantegiez.”[5]

Beirazko ontziak Hebrongo denda batean

Erromatarren garaiko aztarnak badira ere, oso litekeena da oraindik erabiltzen diren laneko teknikak eta moduak XIII. mendean izatea jatorria, eta XIV. mendean une gorenean egon zen. Hebrongo hiri zaharrean bada oraindik “Beira-putzegileen auzoa” izenekoa, eta turismorako erakargarria da gaur egun ere.

Beira egiteko bertako lehengaiak erabili ohi ziren, inguruko herrietako harea, Itsaso Hileko sodio karbonatoa, eta burdina oxidoa eta kobre oxidoa kolorea emateko. Gaur egun, ordea, maiz erabiltzen da beira birziklatua. Familia negozio bat da, gutxi batzuek gorde eta transmititu dutena. Fabrikatzen diren objektuak dira, besteak beste, bitxigintza (bihiak[6], eskumuturrekoak eta eraztunak)[7], etxeko gauzak (edalontziak, platerak, lanparak) eta beirateak.

Israelen okupazioak asko zaildu du lana, batez ere palestinarren mugimendua mugatuta dagoelako, eta beiragintza gainbeheran dago.

Olibondo-egurraren lanketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oliba-egurraren artisau Betleemen

Betleemgo Udalak dioenez, uste da olibondo-egurraren lanketa K.o. IV. mendean hasi zen hirian, garai bizantziarrean, Natibitatearen Eliza eraiki ondoren. Horren arabera, fraide kristauek erakutsiko zieten tailla egiten bertako bizilagunei, baita gertuko Beit Sahour and Beit Jala hirietakoei, ere, beranduago, otomandarren garaian, XVI. eta XVII. mendeetan, frantziskotarren eskutik. Langintza honen jatorria oso argi ez badago ere, olibondo-egurrez egindako aurreneko gauzetako bat arrosarioen bihiak izan ziren, oliba-hezurrezkoak.[8]

Olibondo-egurra ezin hobea da lanketarako, usteltzen zaila delako eta azaleko tratamendu asko eman ahal zaizkiolako. Horrez gain, aise landu daiteke esku-tresna hutsekin. Gaur egun, halere, makinak erabiltzen dira, baina bereziki finak diren lanak, aurpegiak, adibidez, eskuz zizelkatzen dira oraindik.[9]

Olibondo-egurrez egiten diren objektuen industriak, batez ere turistei zuzenduta, diru-sarrera garrantzitsuak ekartzen ditu hiriarentzat, eta batez ere palestinar kristauentzat. Artista ugarik jarraitzen dute ehunka eskulan egiten: kutxak, argazki-markoak, liburuetarako azalak, kandela-euskarriak, arrosarioak, ontziak, eguberrietako apaingarriak eta abar.[1][10][11]

Nakarraren lanketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Betleemgo nakarrezko lanak, Ramallahko denda batean

Nakarraren lanketa artisautza tradizionala da Betleemen, diotenez, Italiako frantziskotar fraideek eramana XV. mendean.

Betleemen izaerak, hiri kristau garrantzitsuarenak, erromes ugari erakarri ditu duela hainbat mendetatik. Horrekin lotutako zenbait lan sortu dira bertan, hala nola nakarrezko oroigarriak.

1853an New Yorken egindako Nazioarteko Erakusketan jarri ziren ikusgai aurrenekoz Palestinako nakarrezko objektuak. Giries and Ibrahim Mansur anaiek erakutsi zuten beren lana eta arrakasta handia izan zuten.[12]

Garai batean, nakarra Itsaso Gorriko maskorretatik lortzen zen. 2007az geroztik, berriz, munduko hainbat tokitatik iristen da nakarra, batez ere Saudi Arabiatik.[1]

Gaur egun nagusiki gurutzeak, belarritakoa, paparreko orratzak eta argazki-markoak egiten dira[13].

Zeramika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako antzinako anforak

Palestinako zeramikak jarraipen nabarmena izan du historian zehar. Palestinako ontzi modernoak (eltzeak, edalontziak, pitxerrak), batez ere Israelgo estatua 1948an sortu aurrekoak, antzinakoen oso antzekoak dira itxuraz eta apainketaz.

Palestinian Association for Cultural Exchange (PACE) erakundeak bildu du zeramika tradizionala, Al-Jib, Beitin eta Sinjil herrietako gizon-emakumeek eskuz egindako eltze, pitxer, katilu eta platerekin; ikatzez elikatzen ziren labe irekietan egosiak dira, antzina bezala.

Palestinan zeramikak tradizio luzea izan arren, zabalkundea armeniar artisauen eskutik etorri zen, bere kolore biziekin eta arabeskoekin, armeniar, otomandar, pertsiar eta siriar artisautzaren eraginaren adierazgarri[1][14].

Palestinako zeramika Hebronen eta beste hiri batzuetan egiten da gaur egun tailer familiarretan.[15]

Xaboigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nablusko xaboia

Nablusko xaboia Zisjordaniako Nablus hirian egiten den xaboia da, Gaztelako xaboi motakoa. Osagai nagusiak oliba-olioa, ura eta sosa dira.[16]

Ospe ona izan du X. mendetik hasita, eta esportatu da arabiar mundu osora eta Europara. Lantegien kopurua nabarmen jaitsi da XIX. mendetik, eta gaur egun bi besterik ez dira gelditzen, Palestinako eta Nabluseko kultura ondarearen iraupena lortzeko ahaleginari esker.[1]

Banbuzko altzarigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinarren aspaldiko langintza da altzariena eta etxerako gauzena. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da, baina azkenaldian gainbeheran dago. Banbua Zetaren Bidetik iritsi zen Ekialde Urrunetik, eta erosleek prozesatzen zuten, egosiz, karrakatuz, errez eta lehortuz forma emateko. Langintza honetan ez da makinarik erabiltzen, den-dena eskuz egiten da.[17]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f «Craft Traditions of Palestine» web.archive.org 2008-03-21 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  2. (Ingelesez) Elkhoudary, Yasmeen. (2020-02-28). «Technique Profile: Couching Embroidery» The Palestine Exploration Fund (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  3. «Atfaluna Crafts» atfalunacrafts.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  4. (Ingelesez) «The village of arts in Gaza» english.palinfo.com 2018-07-17 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  5. «Rediscovering Palestine» publishing.cdlib.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  6. «MG4-1» www.thebeadsite.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  7. «Palestinian Jewellery — Palestine-Family.net» web.archive.org 2019-10-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  8. «IMEU: Carving out tradition in Palestine» web.archive.org 2010-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  9. «Pequeños artesanos de Belén plasman en madera de olivo la imaginería navideña» palestinalibre.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  10. (Ingelesez) Debutify. «Zuluf Christian Gifts- Holy Land Olive Wood Carvings For Sale» Zuluf (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  11. «IMEU: Carving out tradition in Palestine» web.archive.org 2010-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  12. «Tourist Products — Palestine-Family.net» web.archive.org 2021-05-08 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  13. (Ingelesez) «Piefza Skip Bins» Piefza Skip Bins 2019-08-04 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  14. (Ingelesez) Hebron, A. Palestinian man makes ceramic lamps used as decoration during the holy month of Ramadan in the old city of; Bank, West; June 18; Qawasma, 2015-REUTERS/Mussa. (2016-10-14). «How these Palestinian artisans are keeping craft industry alive - Al-Monitor: Independent, trusted coverage of the Middle East» www.al-monitor.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  15. (Ingelesez) «Ahlan Palestine Postcard» This Week in Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  16. (Ingelesez) «Nablus Olive Oil Soap» Palestinian Soap Cooperative 2023-04-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  17. (Ingelesez) City, Amer Khalaf puts the finishing touches to a bamboo chair in his workshop in the Omar Mukhtar neighborhood in Gaza; Qudiah, in this undated photo-Yasser. (2015-04-23). «Gaza's dying bamboo crafts industry - Al-Monitor: Independent, trusted coverage of the Middle East» www.al-monitor.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]