Pantera Beltza Alderdia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pantera Beltza Alderdia
Black Panther Party
Sorrera 1966ko urrian
Egoitza nagusia Oakland, Kalifornia
Ideologia politikoa sozialista, marxista, leninista, maoista
Nazioarteko afiliazioa Ezer ez

Pantera Beltza Alderdia (ingelesez Black Panther Party eta jatorriz Autodefentsarako Pantera Beltza Alderdia, eta Pantera Beltzak bezala ezagutuak) Ameriketako Estatu Batuetako erakunde politiko afroamerikarra da, 1966ko urrian Oaklanden sortua, Kalifornian, Huey P. Newton eta Bobby Sealeen eskutik.

Huey P. Newton eta Bobby Sealek Malcolm Xen pentsamenduaren eta The Wretched of the Earth (1961) liburuaren autorea zen Martinikako Frantz Fanon psikiatra eta pentsalari panafrikanistaren eragina jaso zuten. Horrela sortu zuten Merriteko Unibertsitatean, Oaklanden, Ikasleen Arimaren Aholku Kontseilua. 1966an, Malcolmen hilketaren urteurreneko ospakizun ekitaldietarako, armaturiko gazte eskuadroi bat campusera eramatea proposatu zuten, baina proposamen hura atzera bota zitzaien. Gertaera honen ondorioz, Kontseilua utzi eta Pantera Beltza Alderdia sortzea erabaki zuten.

Pantera Beltzak Malcolm X-en ideien oinordeko dira, haren heriotzaren ondoren sortu baitziren eta haren ideiak gauzatzea zuten helburu. Ameriketako Estatu Batuetako Beltzen Komunitatearen bizi kalitatea hobetzeko hainbat programa sustatu zituzten: umeentzako gosarien programa, herri beltzarentzako doako ospitalean ezarpena edota drogen aurkako borroka, beste batzuen artean.

1969an FBIk 'arerio publiko nagusitzat' jo zituen, eta, hein handi batean, hori izan zen Alderdiaren desagerketarako faktore nagusietako bat. Alegia, Alderdiaren baitan ikerketak, infiltrazioak eta desestrukturazioa eman zen. FBIren Kontrainteligentzia Programen bitartez Pantera Beltzek atxiloketak, erailketak eta indarrezko erbesteratzeak pairatu zituzten, Alderdia bera desagerraraziz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bobby Seale, alderdiaren sortzaileetako bat

Hasiera batean, 1966 inguruan, arraza beltzeko herriaren defentsarako sortutako erakundea izan zen eta Ameriketako Estatu Batuetako pertsona beltzak konstituzioak armak izateko aitortzen zizkien eskubideak bereganatzera bultzatu zituen.

Beraien hitzetan, Alderdia zen, ekiteko, soluzioak emateko eta arazoetan esku hartzeko helburua zutelako. Eta Pantera Beltzak izena, berriz, panteraren izakeratik zetorkion, animalia honek ez baita sekula lehena erasotzen; hori bai, erasoaz jabetzen denean, zorrotz eta inongo errukirik gabe erantzuten dio kontrakoari. Malcolm X-en autodefentsaren ideia bera zuten.

Sortu eta berehala, FBI-k alderdian erreparatu zuen eta atxilotze, deserriratze eta erailketak etorri ziren bat bestearen atzetik. 1969ko urtarrilaren 17an, Bunchy Carter eta John Huggins, Pantera Beltzen Los Angeleseko ordezkariak, hil zituzten United Slaves-eko kide batzuek. United Slaves, 1965ean sortutako talde afroamerikar nazionalista aurkaria zen.

1970eko hamarkadan Pantera Beltza Alderdia barne tentsio eta zatiketen prozesu zail batean murgildu zen, eraginkortasun osoa galduz.

1989an Alderditik banandutako talde batek New Black Panther Party (NBPP, Pantera Beltza Alderdi Berria) sortu zuen Dallasen (Texas), eta jatorrizko Alderdiko kideek eraso egin zien. 10 urte geroago, Islamaren Nazioa (NOI, Nation of Islam) delako erakunde [[panafrikanismo|panafrikanista] estatubatuarrean integratu zen.

2004ko uztailaren 31n, aurreko kide ugariren artean, National Alliance of Black Panthers (Pantera Beltzen Aliantza Nazionala) sortu zuten, mugimendu historikoa suspertzeko asmoz.

Hamar puntuko egitaraua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko Black Power festa

Erakundearen ideologia nagusia 10 puntu hauen inguruan oinarritzen zen:

  1. ASKATASUNA NAHI DUGU. GURE HERRIAREN PATUA GUK GEUK ZEHAZTU NAHI DUGU. Zapalduak izan diren pertsona beltzak ez dira aske izango gure patua guk geuk zehazten ez dugun arte, gure elkarteetako instituzio guztiak kontrolatuz.
  2. GURE JENDEARENTZAKO LANPOSTUAK NAHI DITUGU. Gobernu federalaren lana da guri lanpostuak edo soldatak bermatzea. Aberats estatubatuarrek lanik ematen ez badigute, haien teknologia eta produkzio makinak hartzeko eskubidea dugu, horrela gure herriak lanpostu eta bizitza on bat lortzea ahalbidetuz.
  3. GIZARTE BELTZARI KAPITALISTEK EGITEN DIETEN LAPURRETEN AMAIERA NAHI DUGU. Gobernu xenofobo honek lapurreta egin digu eta guk zorra ordaintzeko eskatzen diogu. Orain 100 urte, 2 mando eta 40 akre agindu zizkieten esklabotza eta pertsona beltzen heriotza eragin zien ordainetan.
  4. ETXEBIZITZA TXUKUNAK NAHI DITUGU, GIZAKIAK MEREZI DUEN BEZALA. Lurren jabeek etxe ona izateko aukera eskaini beharko lioke gure komunitateari, eta hori ez balitz horrela izango, gobernuak lurrak kolektibizatzen lagundu beharko luke, etxebizitza egokiak eraikitzeko.
  5. GURE KOMUNITATEARENTZAT GANORAZKO IRAKASKUNTZA NAHI DUGU, ESTATU HONEN BENETAKO IZAERA AGERTZEN DUEN IRAKASKUNTZA. GUK HISTORIAN IZAN DUGUN GARRANTZIA AZALTZEA NAHI DUGU. Hezkuntzak geure buruaren ezagutza sustatu behar du. Ez badugu lekurik historian, aukera gutxi izango ditugu beste zenbait gauza ezagutzeko.
  6. GIZARTE BELTZARENTZAKO DOAKO OSASUN ZAINTZA NAHI DUGU. Gobernuak gure gizartearen biziraupena sustatu beharko luke.
  7. POLIZIAREN AURKAKO ERASOEKIN AMAITU NAHI DUGU, AEB-ETAKO BELTZEN ETA KOLOREKO BESTE HIRITARREN HILKETEKIN. Gobernu xenofobo eta faxista honek zapaldu egiten gaitu eta defentsarako eskubidea dugu.
  8. BELTZEN AURKAKO ERASO GUZTIAK AMAITZEA NAHI DUGU. Hori horrela ez bada, gure indar guztia defentsarako erabiltzeko eskubidea dugu.
  9. BELTZ GUZTIEN ASKATASUNA NAHI DUGU, ETA ESPETXE FEDERALETAN ETA ABAR BAZTERTURIK DAUDEN PERTSONAK ERE ASKATU BEHARKO LIRATEKE. Ez dute epaiketa zuzenik izan, sistema arrazista eta faxista batek epaitu dituelako.
  10. JANA, ETXEBIZITZA, HEZKUNTZA, JANZKERA, JUSTIZIA ETA TEKNOLOGIA MODERNOEN KONTROLA NAHI DUGU. Giza ekintzetan, bata bestearekiko ezberdintasun politikoak alde batera uzten dira arazo larriei aurre egiteko eta baita ama lurraren nolabaiteko boterea hartzeko. Guk, egia guzti hauek ospatzen ditugu nabariak direlako, izan ere, gizaki guztiak berdin sortuak izan gara eta eskubide berdinak izan beharko genituzke.

Pantera Beltza Alderdiarekiko atxikimendua AEB-etan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pantera Beltzek, existitzen ziren bitartean, begikotasun politiko handiak piztu zituzten komunitate estatubatuarrean. Militanteak ez ziren jarraitzaileetariko batzuk hauek izan ziren: Angela Davis afroamerikar aktibistarik ezagunenetarikoa; James Cromwell aktore zuria, Tupac Shakur rap kantari edo Danny Glover aktore beltza.

Pantera Beltza Alderdiko hainbat militante[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko Black Power festa

Black Power diosala 1968ko Joko Olinpikoetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968ko Mexikoko Joko Olinpikoetan, 200 metroko dominaren banaketan, Tommie Smithek (urrezko domina) eta John Carlosek (brontzezko domina), burua makurtu eta eskua altxatu zuten; Smithek eskularru beltz bat zeraman Ameriketako Estatu Batuetako ereserkia jotzen ari zen bitartean, Black Power mugimenduaren sinbolo, AEBetako arrazismoaren eta Hegoafrikako Apartheiden aurkako protestan. Peter Norman australiarra zilarra izan zen eta protestara bildu zen hura ere Giza Eskubideen aldeko Proiektu Olinpikoaren pegatina bat elastikoan erantsiz. Keinu horrek bakoitza bere ekipotik egoztea eragin zuen eta alde egin beharrean izan ziren. AEBetara iristean, gaizkileak balira bezala tratatu zituzten eta ez zuten urtetan lanik aurkitu. Atleta haiek ez zuten inongo harremanik Pantera Beltzen Alderdiarekin, baina garaiko kazetariek horrela aurkeztu zituen.

Pantera Beltza alderdia kultura herrikoian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hip-hop-eko Panteras Negras taldearen izena alderdi honetan oinarritu zen. Eduardo Lalo Menesesen hitzetan,
« Niretzat, rapa arrazismoaz eta gabeziaz nekatuta dagoen panteraren orroa da.  »
  • 1995ean, Mario Van Peebles estatubatuarraren Panther filma estreinatu zuten.
  • Forrest Gump filman (1994) pertsonaia nagusiak erakundea ezagutzen du. Haietako kide batekin muturtu eta gero,
« Barkatu zuen pantera beltzen festa izorratu dudalako.  »
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pantera Beltza Alderdia Aldatu lotura Wikidatan