Rogier van der Weyden

Wikipedia(e)tik
Roger van der Weyden» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Rogier van der Weyden
Rogier van der Weyden
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Paolo Caliari
Jaio 1399 edo 1400
Tournai
Hil 1464ko ekainak 18
Brusela ()

Rogier van der Weyden (Tournai, 1399 edo 1400 - Brusela, 1464ko ekainaren 18a), flandriar eskolako margolaria izan zen. Adituen arabera, higikunde horretako artistarik esanguratsuenetakoa izan zen, eta ondorengo beste artista batzuengan eragin handia izan zuen, Hugo van der Goes, Hans Memling, Petrus Christus, Dirk Bouts eta Gerard Davidengan esaterako.

Bere jaioterrian egin zituen pintura ikasketak Robert Campin pintorearekin. Bruselara joan zen eta Jan van Eyck pintore handiaren eragina izan zuen. Handik gutxira Gurutzetik jaistea koadro ezaguna pintatu zuen, geroko koadroetako konposizioaren oreka eta dramatismo sakonaren aurretikoa izan zena. Bruselako hiriko pintore izendatu zuten eta bere garaian arrakasta handia izan zuten lau koadro egin zituen hiri horretako udaletxerako. 1450. urtean Italiara joan zen, baina ez dirudi lurralde hartako arte mota gustukoa egin zitzaionik. Italiatik itzuli ondoren Jesus gurutzean eta Zazpi sakramentuak koadro erlijiosoak eta erretratuak (Karlos Izukaitza, Frantzisko Estekoa) margotu zituen.

Bizitza eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rogier van der Weyden Tournain jaio zen 1400. urte inguruan. 1427an hiriko margolarien elkarteko nagusi zen Robert Campinen ikasle hartu zuten. Campinen ospea eskasa izan bazen ere, garrantzi handiko lana egin zuen eta eragin handia izan zuen XV. mendeko iparraldeko pinturan. Esate baterako, lehena izan zen olio pinturak forma trinkoak adierazteko zituen aukerak ikertzen. Eragin handia izan zuen Campinek bere ikasle Rogierrengan baina, hala ere, alde handiak daude bataren eta bestearen artean. Campinek xehetasun guztiak adierazten zituen eta, zenbaitetan, nabarmendu egiten zituen gainera. Formen arteko lotura gehiegizkoa izaten zen zenbaitetan; ez zion garrantzirik kendu nahi xehetasun bati berari ere. Rogierrek ez zuen behin ere halakorik egiteko beharrik sentitu, hark harmonia handiagoaz txertatu baitzituen formak; gorputzen eta ehunen mugimenduak koordinatuz lortzen zuen efektu hori. Bestalde, bere aurrekoek ez bezala adierazi zituen sentimenduak.

Madonna eta umea zutik (Kunsthistorisches Museum, Viena), Deikundearen triptikoa (Louvre, Paris) eta Lukas santua Andre Maria marrazten (Bostongo Arte Ederren Museoa) dira Rogierren lehenengo lan ezagunak. Lan horietan nabarmena da, batetik, Campinen eragina eta, bestetik, gogora ekartzen ditu Jan van Eycken 1432-1434 bitarteko lanak. Dena dela, Jan van Eyckek sortu zuen mundua -xehetasunez eta sinbolismoz betea- Rogierrek sortutakoaren oso bestelakoa zen; Gurutzetik jaistea lana (1435. urte ingurua; Prado Museoa), esaterako, van Eycken eraginetatik urrun dago erabat. Pertsonaien erritmoa eta aurpegien adierazpen patetikoa harmonia ezin biribilagoaz lotu zituen. Margolana nitxo moduko batean sartu zuenez gero, oso hurbil eta aldi berean oso abstraktu atzematen da irudia.

Andre Mariaren erretaula (1437 aldean; atal batzuk Granadan eta beste batzuk New Yorken daude) lanak bete-betean erakusten du Rogierren estiloa. Garai horretan Bruselan hartu zuen bizileku, eta handik urtebetera hiriko margolari ofizial izendatu zuten. Gurutziltzatzearen triptikoa lanean (1440, Kunsthistorisches Museum, Viena) saiatu zen irudien erritmoa eta paisaiaren mugimendua osatzen. Azken Epaiketaren poliptikoa-n (1445-1449, Beaune) garraztasuna eta hurbiltasuna areagotu nahian, espazioa ezeztatu zuen. Prozedura arkaiko hori bera erabili zuen Gurutziltzatzea, San Joan eta Andre Mariarekin (1460 aldean, Museum of Art, Filadelfia) lanean[1].

1450ean Italian izan zen; bera izan zen Italiara joan zen lehenengo flandriar margolaria. Han gutxienez bi lan egin zituen: Andre Maria tronuan santuekin (Städel, Frankfurt), Medicitarren zaindari ziren Kosme eta Damian santuekin, eta Kristoren Hileta, Fra Angelicoren lan batean oinarritua. Braque erretaula lanean (1452 aldean, Louvre, Paris) Campinen ezaugarri eta kontzeptuetara itzuli zen Rogier eta zeharreko perspektibara jo zuen (joera hori ohiz kanpokoa zen garai hartan). Baina kontzeptuak berrikusi eta aztertu zituen behin eta berriz, haren helburua egitura argia eta, aldi berean, forma nahaspila lortzea baitzen: protagonisten hiruki formako buruen soiltasuna eta leihoetatik ikusten den paisajearen lerro diagonalen nahas-mahas konplexua.

Braque erretaula, 1452 aldean, Louvre, Paris

Rogierren azkeneko lanek, Zazpi Sakramentuen triptikoa (1452-1454), San Joanen erretaula (1455 inguruan) eta Santa Columba erretaula (1455 inguruan) lanek hain zuzen, sentiberatasun eta konplexutasun handia erakusten dute. Lan horietan aurrez aurre daude erritmo hertsia batetik, eta bestetik, atzealdearen xehetasuna. Bai Zazpi Sakramentuen triptikoa-n bai San Joanen erretaula-n perspektiba aurreko lanetan baino nabarmenagoa da; ikuslearen begiak atzeko planoko gertaeretara zuzentzen ditu. Santa Columba erretaula-ko atzealdea Rogierren azkenaldiko gainerako lanena bezain zehatza da, baina hautsi egiten du plano hori, nolabait, ukuilu bereziaren bidez; hala, aurreko lanetako espazioaren bultzada desagertarazten du, baina ondo zaintzen du gainaldearen erritmoa, formak landuaz eta ñabardurak goxatuaz. Egituren soiltasunak, Italiara egindako bidaiaren eragin, leku egiten dio apaingarrien konplexutasunari.

Emakume baten erretratua, 1460 aldean, National Gallery of Art, Washington

Van der Weyden oso ospetsu egin zen bere garaian eta ospe horren ondorioz gero eta eskaera gehiago etortzen zitzaion; hori dela-eta, kopia eta egokitze asko egin ziren bere lantegian. Batzuetan, ezin bereiz daiteke argi eta garbi zein atal egin zuen Rogierrek eta zein haren dizipuluek. Hala eta guztiz ere, eta lantegian egin zen lana alde batera utzita, Van der Weydenek berrogeita hamarretik gora lan egin zituela uste da. Lan horien artetik aipatzekoak dira triptikoak. Eskatzailearen erretratua lan batean baino gehiagotan marraztu zuen; Santa Santa Columba erretaula-n, adibidez, Borgoinako duke Karlos Izukaitza jarri zuen errege mago gazteenaren paperean. Emakume baten erretratua (1460 aldean, National Gallery of Art, Washington)[2] har daiteke erretratu mota horien adibidetzat. Maisutasun handiz elkartzen ditu errealismoaren xehetasunak (buruko orratza, gerrikoa, buruko estalkiaren gardentasuna) eta irudiaren plano handiak. Eskuak bilduta edukitzeak eta alboko apaindura gotikoak nabarmendu egiten dute irudiaren efektu orokorra, alegia, geometria soiltasuna, koloreen zorroztasuna, handitasunezko itxura. Iparraldeko errealismoaren eta Italiako neurriaren elkartze horrek goreneko mailara eraman zuen Rogier van der Weyden.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Campin eta Jan van Eyck saiatu ziren argiz, espazioz eta xehetasunez betetako mundu berri bat osatzen; Rogierrek, aldiz, ezaugarri horien artetik hautaketa bat egin zuen, asmoa baitzuen pinturaren inguruko bere ikuspegia, oinarrian gotikoa, berritzeko. Garrantzi handiagoa eman zion gizakiari inguruari baino, eta bateratu zituen batetik erritmoa, eta bestetik, emozioak. Sintesi horri esker, samurtasunez, umiltasunez eta tristuraz betetako mundua osatu zuen. Jan van Eycken lanetan errealitate ikusgarriaren azterketa -argiaren eta kolorearen bidezkoa- goreneko mailara iritsi zen. Van der Weydenek, berriz, beste era bateko zereginari ekin zion: iraganeko gotikoaren drama berreskuratzeari, baina bere aitzindariek sortutako estilo berriaren barruan betiere.

Hainbat agiriren arabera, XV. mendeko Flandriako pintore nagusi gehienek -Jan van Eyck, Robert Campin eta Rogier van der Weydenek, besteak beste- eskultura lanak ere egin omen zituzten, irudiei koloreak ematea adibidez. Eta marrazkilari horien koadro askotan eskultura eta erliebeak izaten dira, hain ugari ezen eskola horretako eskultura nagusiak pinturan agertu ziren. Van der Weyden izan zen, dena dela, pintore horien artean eskultura gehien marraztu zituena. Eskulturaren erakarpen hori argi ikusten da, ez bakarrik irudiak hiru dimentsiokoak izatearen efektuan edo soinekoen tolesetan -Flandriako eskolako ezaugarri orokorra da hori-, baita marrazten dituen eskulturazko osagaietan ere. San Joan Bataiatzailearen triptikoa (1455-1460 aldean, Staatliche Museen, Berlin) da horren adibide: istorioak lehenengo planoan jartzen ditu, ikuslearen eremua hartu nahi balu bezala, eta eliza baten aurrealdean jartzen, ate zangoetan eta arkiboltetan eskulturak dituelarik. Eskultura osagai horien bidez, kontaeraren izaera sakratua indartzen du batetik, eta eduki ikonografikoa osatzen bestetik.

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rogier van der Weyden Aldatu lotura Wikidatan