Rosa Parks
Rosa Louise Parks (jaiotza izena: Rosa Louise McCauley Tuskegee (Alabama), 1913ko otsailaren 4a - Detroit, 2005eko urriaren 24a) jostun afroamerikarra, Estatu Batuetako Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko aktibista garrantzitsua izan zen, 1955eko abenduaren 1ean uko egin baitzion bere eserlekua gizonezko zuri bati utzi eta autobusaren atzealdean esertzeari, orduko AEBetako hegoaldeko legeak zioenaren aurka.[1][2] Ekintza horren ondorioz preso hartu zuten eta askotan aipatzen da Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua horrexek piztu zuela.[3]
Eskubide zibilak eta ekintza politikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parks Tuskegeen (Alabaman) jaio zen. Aita arotza zen eta ama, irakaslea. Txikitatik izan zituen osasun arazoak (amigdalitis kronikoa). Gurasoak banandutakoan, amarekin joan zen Montgomery (Alabama) ondoan bizitzera. Jostuna izan zen ia bizitza osoan.

1950eko hamarkadaren hasieran, Parksek eskubide zibilen aldeko mugimenduarekin bat egin zuen eta erakundean idazkari lanak bete zituen Koloreko Jendearen Aurrerapenerako Elkarte Nazionalaren (National Association for the Advancement of Colored People, NAACP) barnean, Montgomeryn. Highlander Folk Schoolera ere joan zen, langileen eskubideen eta arraza-berdintasunaren aldeko zentrua.
1955eko abenduaren 1ean, Rosa Parks Montgomeryko autobus publiko baten atzealdean eseri zen, afro-amerikarrei zegokien tokian, zurientzako eserlekuen ostean, zehazki hurrengo lerroan. Zurientzako aldea beteta zegoen, antza, eta beltzen aulkiak behar zituztela argudiatu ostean, gidariak lekutik altxatzeko esan zien Parks eta beste hainbat bidaiariri. Emakumearen erantzuna ezezkoa izan zen, eta, horren ondorioz, poliziak handik gutxira atxilotu egin zuen.[1]
Jokabide horren harira, beltzen komunitateko hainbat buruzagik autobus konpainia boikotatzera deitu zuten, tartean, Robert Graetz apaiza eta Edgar Daniel Nixon. Nixon Montgomeryko afro-amerikarren komunitatearen buruetako bat zen, eta Rosa Parks atxilotu zutenean, berak ordaindu zuen kaudimena.[1]
Egun bateko boikota egitea zen hasierako asmoa, baina gero eta lagun gehiagok egin zuten bat protestarekin; boikotari eutsi, eta 40.000 pertsonak 381 egunean egin zuten protesta. Egun horietan guztietan, oinez joan ziren lanera, eskolara, elizara... Batzuetan, antolatu, eta autoak partekatu zituzten.[1]
1956ko azaroaren 13an, AEBetako Auzitegi Gorenak autobusetako segregazioa amaitzeko erabakia hartu zuen. Hilabete baten ostean, boikota bertan behera utzi zuten parte hartzaileek. Montgomeryko autobusen boikotean eskubide zibilen aldeko pertsona ospetsu askok hartu zuten parte: Ralph Abernathy eta Martin Luther King Jr. apaiz artzainak, besteak beste. [1]
Bien bitartean, 1956an, Parksen kasua Estatu Batuetako Epaitegi Nagusira iritsi zen eta horrek garraioetako segregazioa konstituzioaren aurkakoa zela erabaki zuen.

Parks eskubide zibilen mugimenduaren ikono bilakatu zen. 1960ko hamarkadaren hasieran Detroitera (Michigan) joan zen bizitzera eta han John Conyers demokrataren ordezkari izan zen 1965etik 1988ra.
Mugimenduan izandako paperari buruzko eztabaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historialari gutxik jartzen dute zalantzan Parksek eskubide zibilen aldeko mugimenduan izandako garrantzia eta autibuseko eserlekua ez uzteko izandako adorea, baina zenbaitzuek elementu mitikoenen egiazkotasuna ukatzen dute.
Parksek 1955ean egindako delituaren kontaketa askotan "jostun nekatu" soil gisa agertzen da. Hala ere, Parksek bere My Life ("Nire bizitza") autobiografian aitortu zuen ez zegoela fisikoki nekatua, "hainbeste amore emateaz nekatuta (nazkatuta)" baizik.
Gainera, hainbatetan izkutatzen saiatu dira aurrez NAACParekin eta Highlander Folk Schoolarekin zuen lotura, pertsona normal bezala azalduz, aktibista politiko ordez.
Istorio askotan ez da azaltzen beltzentzat zehaztutako esparruan eserita zegoenik eta zurientzako eserlekuen guztiak hartuta zeudeenez, zuri batek haren eserlekua nahi zuenik. Hau da, arazoa ez zen eseri zenean sortu, jaikitzeari uko egin zionean baizik.
Parks ez zen eserlekua uzteari uko egin zion lehen pertsona izan. NAACPak beste antzeko kasu batzuei laguntza eskainia zien, hala nola, Irene Morgani, hamar urte lehenago. Kasu horretan estatu arteko komertzioan zegoen bereizketarekin amaitzea lortu zen, hala nola, autobus publikoetako estatu arteko bidaietan. Rosa Parksen kasua iraultzailea izan zen, estatuko legeei eragiten zielako, ez estatu artekoei.
2002ko Barbershop filmeko eszena batean, protagonistek iraganean beraien eserlekuak uzteari uko egin zioten afro-amerikarrei buruzko eztabaida bat dute. Horren ondorioz, Jesse Jackson eta Al Sharpton aktibistak buru zituen filmaren aurkako boikota egin zen.
OutKast taldearen aurkako demanda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999an, Parksen abokatuek OutKast musika taldea auzitara eraman zuten bere izena Rosa Parks kaantan erabiltzeagatik. Auzia arbuiatua izan zen. Parksek 2001ean Johnny Cochran abokatua kontratatu zuen hel egiteko, baina berriz arbuiatu zuten 1. zuzenketak babesten zituela argudiatuz. 2003an, Auzitegi Gorenak onartu zuen auzia. 2004an, epaileak abokatu inpartzial bat aukeratu zuen, aurrekoak interes ekonomikoa besterik ez omen zuen eta. Auzia oraindik abian da. 2005ean zehar demandan argitaratutakoaren arabera, Parksek dementzia izan zuen bere azken urteetan.
Sari eta ohoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an NAACPak bere saririk garrantzitsuena, Spingarn domina, eman zion. Hurrengo urtean, Martin Luther King Sr. jaunak jaso zuen sari hori.
Rosa Parks Michigan Women's Hall of Fame-an sartu zuten 1983an, eskubide zibilen alorrean lortutako aurrerapausoengatik.
Bizitza osoan arrazakeriaren aurkako borrokan aritu ondoren, Congressional Gold Medal ("Kongresuaren urrezko domina") jaso zuen 1999an.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosa Parksi 2004an jarraikako dementzia diagnostikatu zioten. 2005eko urriaren 24an hil zen, 92 urte zituela; azken urteak etxean igaro zituen.
2005eko urriaren 30ean haren gorpua Kapitolioko biribilgunean omendu zuten. Ohore hori jaso zuen lehen emakumea eta bigarren afro-amerikarra izan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 Menor, Nerea. «Rosa Parksen etxearen bidaia» Berria (kontsulta data: 2022-08-12).
- ↑ «Rosa Parks, mucho más que una costurera cansada» KienyKe (kontsulta data: 2022-07-07).
- ↑ «Biografia de Rosa Parks» www.biografiasyvidas.com (kontsulta data: 2022-07-07).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Parks, Rosa; Haskins, Jim (2019). Rosa Parks : mi historia. Plataforma. p. 200. ISBN 978-84-17886-11-0. Ingelesez (1958).
- Euskarazː Parks, Rosa (1992). Rosa Parks My Story. Dial Books. ISBN 978-0-8037-0673-6. Amaia Astobizak euskaratua "Rosa Parksː Nire istorioa" izenburuarekin. 2025, Katakrak Liburuak.
- Postigo Cubo, Virgilio (2009). Dirige tu vida. Cultivalibros. ISBN 978-84-9923-070-2.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1913ko jaiotzak
- 2005eko heriotzak
- Ameriketako Estatu Batuetako giza eskubideen aldeko ekintzaileak
- Afro-estatubatuarren eskubide zibilen aldeko mugimenduko ekintzaileak
- Afro-amerikarrak
- Indarkeria-eza
- Alabamarrak
- XX. mendeko emakumeak
- XXI. mendeko emakumeak
- Komunitatea antolatzea
- Metodistak
- Afro-amerikar aktibistak