Sanjurjo Jenerala Legioko tertzioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sanjurjo Jenerala Legioko tertzioa
Datuak
Motabandera
HerrialdeaEspainia
Historia
Sorrera1936ko abuztuaren 30a
Ordezkatzen duQ117599912 Itzuli
Desagerpena1937ko uztaila
Torreroko hilerrian fusilatuen aldeko omenezko monumentua.
Fusilatuei eskainitako plaka batzuz Torreroko hilerrian.

Sanjurjo Jenerala Legioko tertzioa, baita Sanjurjo Jeneralaren Bandera eta Sanjurjo Legioa, Zaragozan (Espainian), 1936an sortutako unitate militarra zen. Sortzailea Pedro Peñaredonda koronela izan zen. Espainiako Gerra Zibilan frankistek unitate hori sortu zuten, bertan ezkertiar asko izena ematera behartuz. Soldaduek, asko eta asko nafarrak, ihes joatea prestatu zuten. Estatu kolpearen aldekoek plana ezagutu zuten eta errepresio bortitzenarekin erantzun zuten. Oraindik ezin da jakin zeharo zenbat errepublika zale fusilatu zituzten, Armadak informazio horiek ezkutuan gordetzen baititu. 1937ko udan Espainiar Legioaren XV. Bandera bihurtu zen. Gerra Zibilean egin zen soldadu uniformedunen sarraski handiena izan zen.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko abuztuan frankisten egoera Aragoian ez zen ona, batez ere Kataluniatik anarkisten aldetik pairatzen zuten presioaren ondorioz. Kolpearen aldekoek soldadu gehiago behar zituzten eta, ondorioz, unitate berriak sortzeari ekin zioten. Sanjurjo Legio berrian sartzeko propaganda kanpaina zabal egin zuten orduan[2] eta ezkertiar askorentzat heriotz segurutik ihes egiteko modua agertu zitzaien. Horrela nafar eta aragoiar askok izena eman zuten. Baita ere Francoren alde borrokatu nahi zuten irlandar batzuk zeuden.

Bolondres horien artean asko eta asko ez ziren benetakoak. Nafarroan ezkertiar guztiak tertzio berrira bidaltzeko agindua zabaldu zen eta horretan aritu ziren udalak, Gerra-batzordeak eta Guardia Zibila. Abuztuaren hasieran behartuta joan behar izan ziren herri hauen itxurazko bolondresak: Pradejón, Faltzes, Mendabia, Peralta eta Lodosakoak besteen artean. Bolondres horiek askotan tren geltokira babestuak joan behar ziren zeren eta frankistek eraso egin nahi baitzieten. Horietako batzuek, azterketa mediko zela eta, egokiak ez zirela eta, berriro ere herrietara itzuli behar izan ziren. Herrietan berriz mehatxuen artean ere jaso zituzten eta, ihes egin ez zutenak, sarritan fusilatuak izan ziren.

Tertzioak bi batailoi edo bandera zituen. Entrenatzeko eta prestatzeko Zaragozako San Gregorio Akademia Militarrean kokatu ziren. Bandera bakoitzean hiru fusilen konpainia zeuden, metrailadoreen bat eta laguntza zerbitzuak. Guztira 700 gizon. Tertzioaren buru gisa Amado Lóriga frankista zegoen.

Tertzioaren historia laburra izan zen. Datuak ez daude oso garbi baina, dirudienez, 1936ko urriaren lehenengoan bandera Almudevarrera bidali zuten baina, borrokan sartu aurretik, kamioietan, Zaragozara atzera eraman zituzten. Zaragozan armak kendu zizkieten. Dirudienez militarrek tertziokoek errepublikaren aldera pasatzeko asmoa zutela jakin zuten. Barrakoietan entzerratuta, hamarnaka joan ziren ateratzen, Akademiaren atzealdean fusilatuak izateko.[3] Gutxi batzuk ofizialen laguntza jaso zuten eta heriotzatik libratu ziren. Beste batek, Martzillako Felipe Marínek, ihes egitea lortu zuen; harrapatuta, aparte entzerratu zuten eta, haren testigantzaren arabera, sarraskiak urriaren 10 arte iraun zuen. Erailak Torreroko hilerrira eraman zituzten, hobi komun batean lurperatuak izateko.[2]

Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

José Borrasek, beste ikerlarien artean, 604 hildako aipatzen ditu. Garbi dago 300 baino gehiago izan zirela, nafarrak gehienak. José María Jimeno Juríoren arabera hildakoen artean 203 nafar ziren. Ramón Salasek matxinoak, aldiz, 30 izan zirela idatzi zuen. Gaur egun nafarrak gutxienez 218 izan zirela badakigu. Biktima horiek 22 herrikoak ziren:

Hildako hauen %43a (94) bakarrik agertzen dira Nafarroako epaitegietan, heritoz eta lekua datarekin. Melidakoak, bestetik, 1936ko irailaren 24an, Ayerben, hildakoak gisa agertzen dira. 1979an, Torrero hilerrian, bertako hobi amankomunak ireki ziren eta 176 pertsonen gorpuzkinak atera ziren, horietatik 163 nafar eta 16 errioxar.[4][5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]