Sergei Dovlatov
Sergei Dovlatov | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Сергей Донатович Мечик |
Jaiotza | Ufa, 1941eko irailaren 3a |
Herrialdea | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | errusiera |
Heriotza | New York, 1990eko abuztuaren 24a (48 urte) |
Hobiratze lekua | Mount Hebron Cemetery (en) |
Heriotza modua | : bihotz-gutxiegitasuna |
Familia | |
Aita | Donat Mechik |
Ezkontidea(k) | Asya Pekurovskaya (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | School # 206 (en) Graduate School of Journalism and Mass Communication (en) |
Hizkuntzak | errusiera ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, kazetaria, turista-gidaria, korrespontsala eta erredaktoreburua |
Lantokia(k) | Tallinn |
Sergei Donatovitx Dovlatov-Metxik (errusieraz: Серге́й Дона́тович Довла́тов; Ufa, ESESF, SESB, 1941eko irailaren 3a – New York Hiria, 1990eko abuztuaren 24a) errusiar kazetari eta idazlea izan zen. XX. mendeko errusiar idazlerik ezagunenetakoa da nazioartean.
Dovlatov-ek literatura bihurtu zuen berak bizi izandakoaren leiho. Lan-esparru batean aritu zen zaindari, eta hori liburu bilakatu zuen (Zona); Puxkin Parkeko gida izan zen, eta hori jaso zuen Parkea lanean; kazetari aritu zen lanean Estonian, eta Konpromisoa nobelan islatu zuen; 1978an Sobietar Kazetarien Elkartetik bota eta New Yorkera jo zuenean, Maleta idatzi zuen...[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sergei Dovlatov 1941eko irailaren 3an jaio zen, Sobietar Batasuneko SESFeko Baxkortostango Errepublikaren hiriburuan, Ufan. Izan ere, Aberriaren Aldeko Gerra Handia piztu zenean, Dovlatoven familia Leningrad-etik Ufara ebakuatu zuten, eta han bizi izan ziren hiru urtez, Barne Arazoetarako Nazio Batzordeko (NKVD) kolaboratzaile batekin. Ama, Nora Dovlatova armeniarra, testu-zuzentzailea zen; aita, Donat Metxik judua, antzerki-zuzendaria.[2]
1944an, Dovlatov Leningradera joan zen, amarekin batera. 1959an, unibertsitate-ikasketak hasi zituen, Leningradeko Estatu Unibertsitateko Finlandiera Sailean, baina, gainditu ez, eta ikasketak bertan behera utzi zituen. Han, Leningradeko hainbat poeta ezagutu zituen, hala nola Jevgeni Rein, Anatoli Naiman eta Iosif Brodski, bai eta Sergei Volf idazlea eta Aleksander Nei artista ere.
Kartzelazain eta kazetari
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barne Armada Sobietarrean errekrutatu zuten, eta hiru urtez kartzelazain jardun zuen segurtasun handiko eremuetan. Armadatik bueltan, kazetaritza ikasten hasi zen, Leningradeko Estatu Unibertsitatean, eta kazetari-lana egin zuen hiriko zenbait egunkari eta aldizkaritan. 1972tik 1975era bitartean, Estoniara joan zen, eta Tallinn hiriburuko Sovetskaia Estonia (Советская Эстония [Sobietar Estonia]) egunkarian jardun zuen. Mikhailovskoie-ko Puxkin museoko gidaria ere izan zen, Pskov-etik gertu.
Literatura-ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dovlatoven idazkeraren ezaugarririk behinenak ironia eta umore maltzurra dira, eta bi elementu horiek Sobietar Batasuneko boterea eta, oro har, garai hartako gizartea irrigarri uzteko erabiltzen zituen. Horregatik, gogor saiatuta ere, Dovlatovek ez zuen lortu bere fikzio-lanak Sobietar Batasunean argitaratzea; Samizdataren bidez zabaldu zituen bere idatziak, hau da, Gobernuak debekatutako literatura-lanak jendearen artean banatzeaz arduratzen zen sarearen laguntzarekin, eta Mendebaldeko Europara ere bidali zituen, atzerriko egunkarietan publikatzeko. Ekintza horiengatik, Sobietar Kazetarien Elkartetik egotzi zuten, 1976an.[3]
Iosif Brodski errusiar jatorriko poeta estatubatuarrak adierazpen hauek egin zituen Dovlatovi buruz: "Bera da errusiar bakarra zeinaren lanak azkeneraino irakurriak izango baitira". Eta erantsi zuen: "Erabakigarriena haren tonua da, gizarte demokratiko bateko kide guztiek antzemateko modukoa baita: bere buruari biktimaren rolean erortzeko aukerarik emango ez dion norbanakoa da, besteengandik bereizten duen zera horrekin itsututa ez dagoena".[4]
Erbestea, aintzatespena eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979an, Dovlatovek New York Hirira migratu zuen, amarekin batera, eta, han, emaztearekin eta alabarekin elkartu ziren.[5]
AEBn, erraz argitaratu zituen bere lanak; ordura arte idatzitako kontakizun eta nobela guztiak argitaratu, eta The New Yorker aldizkari ezagunean agertu ziren. 1980tik 1982ra bitartean, The New American astekariko editoreetako bat izan zen.[5]
Bihotz-gutxiegitasun baten ondorioz hil zen, 1990eko abuztuaren 24an, New York Hirian.[5] Mount Hebron Hilerrian lurperatu zuten. Emaztea eta bi seme-alaba utzi zituen.
Lan hautatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Невидимая книга [Liburu ikusezina] (1977)
- Соло на ундервуде: Записные книжки [Solo bat idazmakinan: kaierak] (1980)
- Компромисс [Konpromisoa] (1981)
- Зона: Записки надзирателя [Eremua: kartzelazain baten oharrak] (1982)
- Заповедник (роман) [Natura-erreserba (nobela)] (1983)
- Марш одиноких [Ezkongabeen ibilaldia] (1983)
- Наши [Gureak] (1983)
- Демарш энтузиастов [Suharren démarchea] (1985) (V. Bakhtxanian eta N. Sagalovski-rekin batera)
- Ремесло: Повесть в двух частях [Eskulana: narrazio bat bi zatitan] (1985)
- Иностранка [Atzerritarra] (1986)
- Чемодан [Maleta] (1986)[6]
- Представление [Antzezpena] (1987)
- He только Бродский: Русская культура в портретах и анекдотах [Ez Brodski bakarrik: errusiar kultura erretratuetan eta pasadizoetan] (1990) (M. Volkova-rekin batera)
- Записные книжки [Ohar-liburuxkak] (1990)
- Филиал [Filiala] (1990)
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Konpromisoa (Hiria, 2008; itzultzailea: Iker Sancho Insausti)[7][8]
- Maleta (Erein-Igela, 2015; itzultzailea: Amaia Apalauza Ollo)[6]
- Filiala (Katakrak, 2017; itzultzaileak: Amaia Apalauza Ollo eta Aroa Uharte Zubillaga)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lizarralde, Mikel. «Maleta berekin zeraman» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ (Ingelesez) Foundation, Wheatland. (1990). Literature in Exile. Duke University Press ISBN 978-0-8223-0987-1. (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ Сергей Довлатов: "Мне суждено было побывать в аду"
- ↑ Иосиф Бродский. О Сереже Довлатове. — Журнал "Звезда", № 2, 1992. (Joseph Brodsky, "Serezha Dovlatov" "Zvezda" N 2, 1992, http://www.sergeidovlatov.com/books/brodsky.html )
- ↑ a b c Roger Cohen. "Sergei Dovlatov, 48, Soviet Emigre Who Wrote About His Homeland" New York Times 1990eko abuztuaren 25a
- ↑ a b Dovlátov, Sergueï. (L.G. 2015). Maleta. Erein ISBN 978-84-9746-980-7. PMC 920319495. (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ Sancho Insausti, Iker. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
- ↑ «Konpromisoa, Sergei Dovlatov» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).