Doktorego-tesia 2011n aurkeztu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologian doktorea da, Iñaki Camino Lertxundidialektologoaren zuzendaritzapean. Nafarroako hizkerez eta ahozko tradizioez hainbat azterlan egin ditu.[3][4] Tesia egin bitartean, bekadun aritu zen EHUko Euskara Zerbitzuan, euskarazko hiztegi teknikoak egiten eta testuak zuzentzen eta itzultzen. Ahozko tradizioa ere oso gustukoa duenez, Nafarroako zenbait tokitan ibili zen ahoz aho transmitituriko jakintza biltzen (Malerrekan, Araitz-Betelun, Imotzen…), zenbait bekari esker.
Nafarroako euskararen gaineko ikuspegi berri bat eman zuen, Gipuzkoako mugaren ondoko nafar hizkerei dagokienez, batez ere. Izan ere, Gipuzkoako mugan egonik eta, horretaz gainera, Euskal Herriaren erdigunean egonik, konbergentzia handiko eremu bat da, elkarrekin gurutzatzen baitira alde bateko eta besteko isoglosak, eta trantsizio- eta zubi-hizkerak sortzen. Nafarroako euskara aski ongi ezagutzen da gaur egun, baina bildutako hizkera horiek aztertzea falta zela nabaritu zuen eta tesiaren helburua hizkeren arteko harremanetan sakontzea izan zen, konbergentzia- eta dibergentzia-guneak identifikatzea, hizkuntza-ezaugarriak non hasten eta non bukatzen diren zehaztea, eta abar.
Dialektologia soziolinguistikarekin ere uztartu zuen. Beste hizkuntzak bezala, euskara ere aldatzen ari da; hizkuntzak aldakorrak dira berez, beti ari dira aldatzen, leku eta garai guztietan, baina azken mendean gizartean izandako garapenak bizkortu egin du aldakortasun hori. Gazteek berrikuntzak txertatzen dituzte hizkuntzan, eta alde nabarmena dago adinekoen eta gazteen euskararen artean. Eta, hain zuzen, gaur egungo ikerketetan, belaunaldien arteko desberdintasunei erreparatzeko joera zabaltzen ari da, bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Ikergai interesgarria da, zalantzarik gabe, eta tesian ere aintzat hartu zuen: esate baterako, Araitz-Betelun, Tolosari begira bizi dira hein handi batean, eta argi eta garbi sumatzen da hango euskararen eragina. Baina eragin hori apalduz doa ekialderantz goazen neurrian, eta Imotzen, esate baterako, eredu giputzak ez du halako indarrik. Ezin alde batera utzi, bestalde, euskara batuak gazteen hizkeran uzten duen arrastoa, gero eta nabariagoa baita.
Gazteek zer hizkuntza-eredu erabiltzen duten eremu batean edo bestean aztertu behar dela azpimarratzen zuen tesian, ez baitute era berean hitz egiten etxean eta kalean, familiartean eta lagunartean, herri-giroan eta hiri-giroan, hurbileko jendearekin eta jende ezagunarekin, eta abar.
Euskal Filologian doktorea, baina ikerketak alde batera utziak ditu gaur egun.[7] Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da. 2015ean argitaratu zuen bere lehen literatura-itzulpena, Literatura Unibertsala bilduman: Sergei DovlatovenMaleta ipuin-liburua. Geroago hamar liburu baino gehiago itzuli ditu.[8]
EIZIEko Zuzendaritza Taldean dabil 2015az geroztik.[1] 2021eko abenduaz geroztik, EIZIEren Senez aldizkariaren zuzendaria da: Karlos del Olmok erretiroa hartu ondoren hartu du zeregin hori.[9]