Socată
Socată | |
---|---|
edari | |
Historia | |
Jatorria | Errumania |
Socată intsusaren loreekin Errumanian eginiko edari freskagarri tradizionala da.[1]
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Soc intsusa izanik, socată "intsusada" bezala itzul daiteke (limoiarekin limonada egiten den bezala). Errumanian suc de soc ere esaten zaio, intsusaren zukua alegia.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Socata alkoholik gabekoa egin daitekeen arren, alkohol pixka batekin egin ohi da; karbonatatua ere izan daiteke, edo ez; hartzitze motak eta denborak agintzen du hori.
Funtsean, edari hau intsusa-loreak limoi eta ezti uretan beratuz prestatzen da. Tradizionalki eztia erabili bada ere, orain azukrea ere erabiltzen da. Zenbait gehigarri ere ezartzen ahal zaizkio: mahaspasak, datilak, limoi edo lima zatiak, espeziak (menda, laranja edo limoi azala, albaraka hostoak, azafraia, jengibrea...). Legamia edota arroz ale batzuk ere gehitu dakizkioke, alkohol-hartzidura areagotzeko.
Socată uda hasieran prestatu ohi da, intsusa loretan dagoenean; halere, urtean zehar ere presta daiteke, lore freskoen ordez lehorrak erabiliz.
Prestaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osagaiak:[1]
- 10-12 intsusa lore.
- Kg. 1 gozagarri (eztia edo azukrea).
- 2-3 limoi.
- 8 g. legamia (hartzitzea indartu nahi badugu).
- 8 l. ur.
Intsusa loreei txortena kentzen zaie, ahal den beste; eta behar izan ezkero, garbitzen dira.[2] 10 bat litrotako ontzi baten barruan ezarri behar dira; gainean ura, ezti edo azukrea, eta limoi zukutu eta zatituak ezartzen dira. Egun batez beratzen laga eta gero, behar izan ezkero, gainontzeko osagaiak gehitzen dira. Ontzia itxia izan behar da, baina ez hermetikoa.
Lehen hartzitzeak 2-4 egun behar ditu. Eguzkitan izatea gomendatzen da, eta egunero nahastea zurezko koilara bat erabiliz. Ordura arte freskagarriak ia ez du alkoholik; denbora gehiago utzi ezkero, ordea (7 bat egunera arte utz daiteke) alkohol gradua igo egiten da.
Gure gustuko zaporea hartzen duenean, edaria iragazi eta botila txikiagoetan ezartzen da. Leku fresko eta ilunean gorde behar da; beste astebete itxarotea gomendatzen da, kontsumitu aurretik. Botiletan, alkohol eta karbono dioxido mailek gora egiten dute, garagardoak izaten duen maila beretsuetaraino (tapoiak aseguratu behar dira, eztanda egin ez dezaten[2]). Kasu honetan, edaria karbonatatuegia bihur daiteke.
Edaria hotz mantendu ezkero, 3-4 hilabetez gorde daiteke.[2]
Ohitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Socată ontzi handietan prestatu ohi da, familia edo lagun arteko ospakizunetan kontsumitzeko.
Errumaniako medikuntza tradizionalean, intsusa loreei propietate desintoxikatzaileak, diuretikoak, espektoratzaileak, immunoestimulatzaileak eta antiinfekziosoak dituztela uste da; horregatik infusio gisa erabiltzen da arnas eta gernu arazoetan laguntzeko.
Edari honen hedapena handia da Suedia, Suitza, Errumania, Albania, Serbia, Montenegro, Bosnia eta Herzegovina, Kroazia, Mazedonia Iparraldea, Ukraina, Polonia, India, Zipre, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Islandia, Lituania, Letonia, Estonia, Errusia eta beste zenbait herrialdetan. Hain da ezen, herrialde hauetan Fanta freskagarriak "Shokata" zaporea ere ekoizten du, socatan oinarrituta.[3] Italian ere, Fanta al limone e fiori di sambuco dute, antzeko zaporearekin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) «Elder Flower Juice, the best Traditional Refreshing Summer Drink» ImperialTransilvania 2019-08-16 (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
- ↑ a b c Times, Epoch. «Socata - o licoare răcoritoare tradiţională, cu iz de copilărie | Epoch Times România» epochtimes-romania.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
- ↑ (Ingelesez) «Descubre toda la variedad de sabores de la familia Fanta» www.cocacola.es (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).