Trebiñuko auzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Trebiñuko auziari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Trebiñu (argipena)».
Trebiñuko auzia oroitzeko eskultura, Trebiñuko udaletxean dagoena.
Trebiñuren auzia azaltzeko mapa, Burgosen eta Arabaren kokapena erakusten duena.

Trebiñuko auzia Trebiñuko barrendegiaren adskripzio administratiboari buruzko eztabaida da, Eri Arotik gaur arte dirauena. Trebiñarrek historikoki eta hainbat aldiz aldarrikatu dute barrendegiak Araban integratu beharko lukeela. Gaur egun Burgosko probintziaren menpekoa da.

Trebiñuko barrendegia Arabako lurraldearen erdiako eskualdea da, administratiboki Burgosko probintzia dena. Gaztelako Erresumak 1.200 urtearen inguruan Araba indarrez konkistatu ondoren, Henrike II.a Gaztelakoak Trebiñu eta haren lurraldeak Pedro Manrique Larari dohaintzan eman zizkion 1366an. Arabako Anaiarteak 1463an sortu zenean, Arabatik kanpo geratu zen eta XVI. mende bukaeratik Burgosi lotu zitzaion.

Trebiñu Araban sartzeko hainbat eskaera egin dituzte barrendegiko agintariek zein herritarrek historian zehar. XX. mendetik aurrera, hurrengo eskaerak egin dira:

  • 1917 eta 1919 urteetan Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak Trebiñu Euskal Estatutuaren proiektuan sartzeko eskatu zuen. Orduko Espainiako gobernuaren erorketak estatutu proiektu hori ezerezean utzi zuen.
  • 1936ko maiatzean Argantzongo Udalak Arabako Aldundiari eskatu zion barrendegia Araban sartzeko eskariak sostengatzeko, baina saio horrek huts egin zuen.
  • 1940ko ekainaren 20an barrendegiko bi Udalek integrazio txostena abiarazi zuten.[1] Eskaria oinarritzeko, Burgosko Gobernu Zibilak 1940an antolatu zuen erreferenduma aurkeztu zuten. Erreferendum horretan trebiñarren % 95,93a Arbarekin bat egitearen alde agertu zen.[2] Hala ere, emaitza hori ez zuen kontuan izan Espainiako gobernuak.
  • 1958ko uztailaren 24ean Gobernazio Ministerioak ordena bat igorri zuen, trebiñarren iritzia eskatuz Trebiñuko artzapez barrutia, Arabako apezpikuaren mende zegoena, Burgoskoaren mende egotera igaro zedin. Trebiñuko alkate Eugenio Garayk kontrako zentzuan hartu zuen agindua, eta "probintzia aldaketaren aldeko eta kontrako arrazoiak" (los pros y los contras del cambio de Provincia) eztabaidatzeko kontzejuak deitzeko eskatu zuen.[3] Udalerriak zituen berrogeita hamar herrixketatik, seik salbu beste guztiek erantzun zuten, eta soilik hiruk —Añastro Mesanza eta Pariza— egin zuten Burgosen segitzearen alde; gainerakoek Arabaren aldeko iritzia eman zuten.
  • Aurreko saialdia udan zehar geldirik egon zen, baina 1958ko azaroaren 8an udalbatzak mozio bat onartu zuen aho batez, hurrengoa esanez: "Konderri honetako biztanleen bidezko nahia izan da beti Arabako probintziaren mendekoa izatea helburu guztietarako, eta ez Burgoskoa" (siempre fue aspiración legítima de los habitantes de este Condado el depender a todos los efectos de la Provincia de Álava, y no de Burgos).[4]
  • 1980ko urtarrilaren 26an eta urriaren 17an Trebiñuko eta Argantzongo udalek, hurrenez hurren, baimena eskatu zuten konderria batzeko Arabara gehitzeko eta horrela Euskal Autonomia Erkidegora batzeko. Gernikako Estatutua indarrean zegoen ordurako baina ez, Gaztela Leongoa eta estatutuaren bidea erabiliz lortu nahi zuten. Erreferenduma antolatzeko baldintza guztiak bete arren, Espainiako Gobernuaren aurrean eginiko tramiteek ez zuten aurrera egin. 1983an, Gaztela Leongo Estatutua sartu zen indarrean, prozedurari zailduz[5].
  • 1998ko martxoaren 8an auziari buruzko beste kontsulta bat egin zen barrendegian, orduko alkateek bultzatuta. Kontsultaren xedea herritarrek erreferendumik egin nahi zuten ala ez ezagutzea izan zen. Gaztela eta Leongo agintariek ez zuten kontsulta ontzat eman. Emaitzak hauek izan ziren:
Hautesleak 919
Abstentzioak 214 - % 23,3
Boto baliodunak 705 - % 76,7
Erreferenduma egitearen aldekoak 477 - % 68,1
Erreferenduma egitearen kontrakoak 221 - % 31,5
Zuriak 2 - % 0,28
Nuluak 5 - % 0,70

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]