Wikipedia, Entziklopedia askea

Nekazaritzaren historia

Antzinako Egiptoko nekazari bat lurra goldatzen.

Ia 4 milioi urtez, gizakiak ehizan eskuratzen zuen bizitzeko behar zuen janaria; horregatik, leku batetik bestera mugitu behar izaten zuten, ehizaren bila. Leku batetik bestera ibiltze horri bizimodu nomada deitzen zaio. Harrapatzen zituzten animalien haragiaz gainera, aspaldiko ehiztari haiek basa-landareak eta fruituak ere jaten zituzten. Ehiza eta bilketa izan ziren gizakien elikadura-iturriak duela 10.000 urte ingurura arte; une hartan, mundu osoan, 5 milioi gizaki bizi omen ziren bakarrik.

Nekazaritzaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 10.000 urte, hain zuzen, izugarrizko aldaketa bat gertatu zen, eta poliki-poliki iritsi zen leku guztietara: halako sasoi jakin batzuetan landare-hazietatik landare berriak sortzen zirela ikusita, haziak bildu, hurrengo sasoirako gorde eta bere unean ereitea (lurrean sartzea) bururatu zitzaien, horrelako landare gehiago edukitzeko. Landare gero eta gehiago ereinda, janari-iturria eduki zezaketen leku batetik bestera mugitzen ibili beharrik gabe. Seguru aski, basa-zerealak (garia eta garagarra, batez ere) izan ziren gizakiak ereindako lehen landareak.

Ezin da jakin zehazki aldaketa hori noiz gertatu zen; ikerlari batzuen arabera, azken izozte edo glaziazioa amaitu zenean eta tenperaturak mundu osoan aldatu zirenean hasi zen nekazaritza. Lehen nekazaritza-jarduera, seguru aski, K.a. 10.000 urte inguruan hasiko ziren, Asiako hegoekialdean, artatxikiaren eta arrozaren ereintzarekin. Anatolia edo Asia Txikia delakoan (gaur egungo Turkia aldean), basa-zerealak landatzen ziren K.a. 9.500 urte inguruan. Dakigunez, Ekialde Hurbilean ere nekazaritza primitibo bat bazegoen Antzinako Egiptotik hasi eta Mediterraneoko ekialderaino eta Mesopotamiako lurretaraino ("Ilgora Emankorra" deitzen den lur eremuan), hau da, gaur egungo Egipto, Israel, Libano, Turkia, Siria, Jordania eta Irak herrialdeetan. Garai haietan, batez ere garia eta garagarra izan ziren landatzen ziren landareak, basa-landareak batzea baino aukera gehiago eskaintzen zuelako elikagaiak lortzeko.

Nilo ibaiaren deltan, Egipton, gariaren eta lihoaren landaketak (lihoa ehunak eta oihalak egiteko erabiltzen zen) egipziar zibilizazioa eragin zuen.

Bestalde, nekazaritzarekin batera, K.a. 8.000 urte ingururako, ardia eta behia etxekotuta zeuden eta abeltzaintza ere hasi zen. Nekazaritzaren eskutik, K.a. 8.000 urte inguruan, lehen herrixkak eta hiriak sortu ziren Mesopotamia aldean.

Europara, aldiz, beranduago iritsi zen nekazaritza, K.a. 6.000 urte inguruan, itxura denez.

K.a. 4.000 urte inguruan, Asiako mendebaldean eta hego-ekialdean (Txinan bereziki), artatxikian eta arrozean oinarritutako nekazaritza hasi zen, Yang-shao izeneko kulturaren barruan. Asian, milaka urte daramatzate arroza landatzen, eta gaur egun munduko biztanleriaren zatirik handienetako baten oinarrizko elikagaia da.

Gauza bera gertatu zen erdialdeko eta hegoaldeko Amerikan ere; inka eta aztekek nekazaritza-teknika propioak garatu zituzten, eta garapen harrigarriak lortu zituzten. Artoa, babarruna, tomatea, patata, kuia (edo kalabaza) eta kakaoa landatu ziren lehen aldiz Ameriketan.

Nekazaritzaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzaren garapenak errotik aldatu zuen gizakien bizimodua. Gizakiak bizileku finkoa izatera behartu zituen, bizimodu nomada utzi eta bizitza sendentarioa hartzera. Etxe sendoagoak eraiki eta etxe-multzoak osatu zituzten, lapurrengandik babesteko eta lanean laguntzeko. Horrela sortu ziren lehen herriak eta lehen hiriak, Asiako mendebaldean bereziki, eta biztanleriaren hazkundea ere gertatu zen poliki. Sobratzen zitzaien janaria gordetzeko modukoa zenean, negurako biltzen zuten, lurrak uztarik ematen ez duen sasoietan edo uzta txarreko urteetan jan ahal izateko.

Horrela, behar baino elikagai gehiago eskura zitezkeenez (ehizarekin ez bezala), zenbait pertsona jarduera berezietan espezializatu ahal izan ziren: artisauak, artistak, eraikitzaileak edo administratzaileak; izan ere, ez zen beharrezkoa mundu guztia nekazaritzan edo ehizean aritzea, janaria lortzeko. Hurrengo pausoa merkataritza izan zen, alegia janari-soberakinak erabiltzea beste produktu batzuk eskuratzeko, salerosketaren edo trukearen bidez.

Nekazaritzak jabetzak pilatzeko aukera eman zien pertsona batzuei, eta jabetza horiek (lurra, uztak eta abereak) zenbatu ahal izateko, idazkera asmatu zen. Uztak hobetzeko, teknologiaren garapena ere ekarri zuen prozesu honek. Hirietako bizitza gero eta konplexuagoa bihurtu zen, eta hortik etorri zen gobernuak eta legeak izateko beharra, eta, haien bidez, lehen zibilizazioak. Lanaren banaketa eta gizarte-klase desberdinen agerraldia ere eragin zuen. Bestalde, populazio egonkortuen aberastasunak beste herri batzuk bultzatu zituen erasotzera, eta horri erantzuteko sortu ziren lehen armadak, inperioak eta gerrak.

Geroagoko garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza tradizionala

Goldea eta uztarria asmatu zirenean, aurrerapen handia izan zuen nekazaritzak, produktibitatea asko handitzen lagundu baitzuten. Erdi Aroan, Europako leku askotan, nekazariak konturatu ziren lursail eta soroak etengabe landatuz gero, lurrak emankortasuna galtzen zuela, hau da, uzta txikiagoak ematen zituela, eta, beraz, lur horiek utzi behar izaten zituztela; aldiz, soro batzuk urte oso batez landatu gabe utzita, emankortasuna izaten jarraitzen zuela ikusi zuten.

Geroago, lau zikloko labore-txandaketa zabaldu zen: hau da, landatzen diren landareak aldatu egiten dira, lurrak emankortasuna galdu gabe; hori aurrerapen bat zen, ez zelako beharrezkoa lursail bat urte oso batez landu gabe uztea.

Beste aurrerapen bat ongarriaren erabilera izan zen: animalien simaurra erabiliz, uzta hobetzen zela ikusi zen, simaur horrek itzuli egiten dizkiolako lurrari aurreko uztak kendu dizkion mineralak eta osagarri organikoak.

Aurrerapen hauek denak oso poliki gertatu ziren historian zehar. Garai modernoetan eta, batez ere, azken hamarkadetan, teknologia gero eta aurreratuagoei esker, izugarri handitu da nekazaritzaren produktibitatea.

Produktibitatearen hazkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uzta biltzeko makina modernoak

Planetako gainazalaren % 70 inguru ez da egokia nekazaritzarako; horregatik, erabilgarri dauden lurren produktibitatea handitzeko metodo berriak bilatu behar izan ditu gizakiak.

Nekazaritzako ekoizpena handitzeko metodorik zaharrenetako bat laboreak ureztatzea da. Hori hainbat modutan egin daiteke, hala nola lursailak urez betetzea edo ubideak eta erretenak eraikitzea. Ubide eta erretenekin lurra sekzio luze eta angeluzuzenetan banatzen da, ura hornitzeko kanal edo zanga batzuetatik bideratuz. Zanga horretara iristen den ura erretenetik iristen da, eta sobratzen den ura beste muturretik irteten da. Azalera handietan, aspertsio bidezko ureztatzea erabiltzen da: hodi eta balbula batzuek ureztagailu batzuetara eramaten dute ura, eta horiek kasu bakoitzaren beharren arabera banatzen dute ura. Ur asko aurrezten duen ureztatzeko modu bat, emaitza onak dituena, tanta-sistema da; hodi-sare baten bidez, landare bakoitzak bere garapenerako behar duen ur kantitatea jasotzen du.

Ureztapenaz gain, lurrak ongarritu egin behar dira bere nutrienteak berreskuratzeko. Ongarri naturalek, hala nola zohikatzak, konposta, lohiak eta simaurrak, lurzoruaren emankortasuna hobetzen dute. Gaur egun, industria kimikoak ongarri sintetikoak egiten ditu, lur bakoitzak behar duen nitrogenoa, fosforoa eta potasioa ematen dituztenak.

Beste alde batetik, historian zehar, nekazariek erabateko gerra izan dute haien etsairik gogorrenen aurka, intsektuen aurka. Planetan, gutxi gorabehera, trilioi bat intsektu bizi direla uste da, hau da, mila milioi pertsona bakoitzeko. Bioteknologiak gero eta landare erresistenteagoak lortzen ditu, eta kimika modernoak intsektizida berriak egiten ditu etengabe izurrite ezberdinei aurre egiteko, baina masiboki erabiltzen diren arren, oraindik ez dugu irabazi intsektuen aurkako gerra; urtero, intsektuek uzten herena suntsitzen jarraitzen dute.

Zoritxarrez, landareek intsektizidak xurgatzen dituzte eta elikadura-katean kontzentratzen dira. Horregatik, intsektuen aurkako behin betiko garaipena ingeniaritza genetikoaren eskutik etorriko dela uste da. Teknologia modernoak elikagaien ekoizpena hirukoiztea lortu du azken 50 urteotan, eta, hala ere, mila milioi pertsona baino gehiago gose dira munduan.

Azken hamarkadetan, gure planetak eztanda demografiko bat izan du; hau da, izugarrizko gorakada izan du munduko biztanleriak: urtero, 95 milioitan handitzen da, eta horrek elikadura-beharra handitzera ere ekarri du. Gainera, horrekin batera, landa daitekeen lur-azalera etengabe gutxitzen ari da, basamortuen hedapenaren eta desertifikazio prozesuen eraginez. Hori dela eta, populazioa egonkortzea eta behar bezala elikatzea lortzea da, zalantzarik gabe, giza espezieak inoiz izan duen erronkarik handiena eta zailena.