Urpeko hockey

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urpeko hockey

Urpeko hockeya hockeyaren modalitate ezberdin bat da, igerileku baten hondoan jokatzen dena eta hamarna jokalariz osatutako bi taldek parte hartzen dutena.

Sei jokalarik aktiboki parte hartzen dute eta beste lau ordezko eserlekuan izaten dira. Norgehiagoka igerileku sakon batean gauzatzen da eta helburua aurkariaren atean gol bat gehiago sartzea da 1,2 kg-ko disko batekin. Jokalariak makila batez, betaurrekoez, arnas hodiaz, babes eskularruez eta hegatsez hornituak egongo dira. Bere batzarrik nagusiena Confédération Mondiale des Activités Subaquatiques (CMAS) da eta Espainian Federación Española de Actividades Subacuáticas.[1]

1954ko azaroaren 18an sortu zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urpeko hockeyak Portsmouth herrian (Britainia Handia) du jatorria, baina 60ko hamarkadatik aurrera, kirol modalitate honek beste kontinenteetara egin zuen salto, Estatu Batuetara adibidez. Horrela, txapelketa ofizialetan zabaltzen joan zen, Hegoafrika izan zen nazioarteko txapelketak antolatu zituen lehen herrialdea eta, ondoren, Australia.

Urteak pasa ahala, 1979. urtean lehen Europako txapelketa jokatu zen Charleroin, Belgikan. Gaur egun, urpeko-hockeya hogeita zazpi herrialdetan jokatzen da eta Australian, Hego Afrikan, Frantzian, Estatu Batuetan eta Ingalaterran lehiaketa duen kirola da; urtero nazio mailan txapelketak jokatzen dira eta bi urtetik behin mundukoa. Munduko lehen txapelketa 1980an jokatu zen Kanadan.

Espainian, zenbait hiritan praktikatzen da kirol hau, Tarragonan, Sevilla, Madrilen, Bartzelonan eta abar. Selekzio nazionala ere badu, 23 eta 19 urtez azpiko gizonezko eta emakumezkoen taldeekin. Euskal Herrian ere, Gasteizen, jokatzen da hockey modalitate hau.

Joko arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol honetan hamarna jokalariz osaturiko bi talde lehiatzen dira, sei jokalari uretan eta beste lau ordezkoen eserlekuan. Jokalari bakoitzak hegatsak, betaurrekoak, babes eskularruak, makila eta arnasa hartzeko hodia ditu eta 1,2 kg-ko diskoa urpetik aurkariaren aterantz garraiatzen saiatu behar dira bertan gola sartzeko makilarekin. Diskoak urdin edo gorri kolorekoak dira derrigorrez.

Hasiera batean, Octopush moduan izendatu zuten modalitatea, 1984. urtera arte zortzi (octo) jokalarik bultzatzen baitzuten diskoa. Jakina denez, jokalariak jokoan zehar denbora asko igarotzen du ur azpian, apnean. Horregatik, kirol hau praktikatzen hastean ur azpian mantentzea zaila izan baliteke ere, praktikarekin batera apnea handiagoa lortzeko gaitasuna eskuratzen da.[2]

Urpeko-hockeya gutxieneko bi eta gehienezko lau metroko sakontasuneko igerileku baten hondoan apnean jokatzen den talde kirol bat da, eta bere ezaugarrietako bat joko azkarra eta oso dinamikoa dela da; hortaz, kirol praktikak esfortzu fisiko handia eskatzen du bi gaitasunetatik, aerobiko eta anaerobikoa. Abiadura, aurre hartze gaitasuna eta koordinazioa gainjartzen dira beste gaitasun fisikoetatik, aurkariaren gainetik geratu ahal izateko. Horretaz gain, beste kirol batzuetan gertatzen ez den bezala, zailtasun berezi bat dauka, kontzentrazioa ez delako urpeko jokoan soilik mantentzen, urpeko mugak, jokalariak gainazalera itzultzea eragingo baitu, arnasa hartu, errekuperatu eta ondoren joko eremura itzultzeko berriro.

Taldeko jokalari guztiek bainujantzi berdina eraman beharko dute, diseinu eta kolore berdinekoa. Honetaz gain, kolore berdineko txapel eta makilak eraman beharko dituzte, beltza ala txuria, bi taldeetako jokalariak ezberdintzeko eta sorbaldan edo besoaren gainaldean bakoitzaren zenbakia markatzen dela.

Partida 15 minutuko bi zatitan banatzen da, tartean 3 minutuko atsedenarekin, eta zati bakoitzean zelai zati batean jokatzen da. Jokoa hiru epailek zuzentzen dute, bi urpekoak eta bat kanpokoa, epaile nagusia. Partidu hasieran, atsedenaren ondoren, gol bat sartu edo penalti jaurtiketa bat eta gero, urpean ondoko lerroan kokaturik izan beharko dute gutxienez esku bat. Jokoa aurrera doan heinean, partzehartzaile guztiak igerilekuaren alboko eremu batetik sartu beharko dira aldaketaren unean.[3]

Kapitain edo entrenatzaileak etenaldi bana eska diezaiokete partiduko zati bakoitzean epaile nagusiari, “O” bat irudikatuz eskuak buru gainean dituela, eta epaileak onartzen duela adieraziko du keinu berarekin, denbora geldituz. Luzapen denboran aldiz, ezingo da etenaldirik eskatu.

Jokalariak gainazalean igerian dabiltzanean, edozein estilotan egin dezakete, beste jokalari bati kolpe bat emateko arriskurik ez badago. Partiduan zehar, ordezkoek euren zona barruan egon beharko dute une oro eta ezin izango dute aldaketa egin, kanpora aterako den jokalaria guztiz kanpoan egon arte, hegatsak eta guzti. Berdinketa egonez gero, hamar minutuko luzapen bat egongo da beste hiru minutuko atseden batekin eta berdinketan segiz gero, hurrengo gola sartzen duenak irabaziko du, beste era batera esanda, urrezko gola.

Jokalariek diskoa makilarekin soilik bultza dezakete, eskuekin ukitu gabe eta gorputzeko edozein atalekin diskoa lurretik altxa, oztopatu edo ezkutatu gabe. Ezingo dute zutik jarri joko eremuan, sei jokalari baino gehiago eduki jokoa martxan denean edo jarrera etikoaren aurkako ekintzak direnean, adibidez, epailearen arauak ez onartzea, jarrera desegokia, ahozko eraso zein fisikoa eta abar.

Epaileek arau haustearen araberako zigorra ipini diezaiekete jokalariei. Kasu horietan, epaile nagusiak jokoa ulertu eta urpeko epaileekin eztabaidatu beharko du zein izango den emango duten zigor egokia. Zigorra ohartarazpen sinple bat izan daiteke falta arina edo istripu moduan hartzen bada, denbora bateko kanporaketa (2 eta 5 minutu tartekoa) falta larria edo taldeko falta arin asko gehitzen badira eta kanporaketa zuzena falta oso larria bada. CMASen araudi ofizialaren arabera, honela baloratzen ditu faltak:[4]

  • ARINAK
    • Makilarekin egindako falta gehienak
    • Irteera desegokiak
    • Intentziorik gabeko kontaktuzko faltak
  • LARRIAK
    • Eutsi, mantendu, bultza
    • Ahozko irainak, hizkera desegokia
    • Falta arin asko jarraian gehitzea
    • Nahita egindako falta okerra
  • OSO LARRIAK
    • Kolpeak, borrokak
    • Falta larri asko jarraian gehitzea

Beharrezko materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Materiala

Hegatsak: Potentzia gehiago edukitzeko urpeko mugimenduetan. Ezingo da beira-zuntzekin osatua egon, aurkariari minik ez emateko, jokalarien segurtasunerako. Hortaz, gomazkoak edota material malgu sintetikoz fabrikatuak izango dira. Luzeraz ezingo dira handiak izan eta motzak izanez gero, eraginkortasuna galduko lukete.

Urpekaritzako betaurrekoak: segurtasun beira bat du, normalean lente bikoitzekoa edo beste material bat zeina kolpe baten aurrean zati txikietan ez den hausten. Igerilarien betaurreko arruntek ez dute balioko.

Arnas hodia: Urpekaritzan erabiltzen den antzeko hodia da, luzera txikiagoarekin arnasketa errazteko.

Txapela: Waterpolo moduko kirolean erabiltzen den txapel antzekoa erabiltzen da, bi aldeetan belarrientzako babesekin eta azpian itxitura batekin.

Makila: 30 cm luzerako makila txiki bat, 2 edo 3 cm-ko zabaleraz eta forma kurbatuarekin diskoa bultzatzeko.

Eskularrua: Makila erabiltzen den eskuan jartzen da babes eskularrua, neopreno fineko edo beste material batez osatua makila ondo eutsi ahal izateko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Kft, proaction. «World Underwater Federation - Quality in diving» www.cmas.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
  2. (Ingelesez) «About UWH/Octopush | The British Octopush Association» www.gbuwh.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
  3. (Gaztelaniaz) «DEPARTAMENTO DE HOCKEY SUBACUÁTICO» FEDAS (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
  4. «Federación Española De Actividades Subacuáticas - Hockey Subacuático» web.archive.org 2008-09-25 (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]