Verter Recycling

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu nagusia: «Zaldibarko zabortegiaren hondamendia»
Zaldibarko zabortegia, 2020ko luiziaren ostean.

Verter Recycling 2002 S.L. zaborraren sektoreko Bizkaiko enpresa bat da, Zaldibarko zabortegiaren hondamendiarengatik ezaguna.

Verter Recycling 2002 SL enpresak Zaldibarko Kondia baserrian du egoitza eta hamar langiletik behera ditu. 2011tik, enpresako administrari solidario eta apoderatuak Arrate Bilbao Barinaga eta Elena Susaeta Barinaga dira, bere aurretik administrari bakarra zen Jose Ignacio Barinaga Egiak kargua utzi ostean.[1]


Jabetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verter Recyclingen lurren jabea Forpin S.L. enpresa zen. Enpresa honen sozioak ziren Jose Luis Aizpiri Lejardi eta Juan Manuel Navarro Murga.[2]

Verter Recycling 2002 SM enpresaren akziodunak eta jabeak Barinaga familia dira. Jose Ignacio Barinaga Egia, eta haren bi iloba: Elena Susaeta Barinaga eta Arrate Bilbao Barinaga.[3] Lehen akziodunak Barinaga eta Susaeta izan ziren, eta hortik aurrera, akziodun-aldaketak izan baziren ere, 2020 arte enpresaren kontrola Barinaga familiaren esku egon zen.[4]

2011an ireki zuen;[5] bi hile lenehago, Jose Inazio Barinagak administrazio kontseilua utzia zuen -ez akzioak- eta Arrate Bilbaok hartu zuen zuzendaritza exekutiboa.[4]

Verter Recyclingeko akziodunek 60 enpresa baino gehiagoren administrazio-kontseiluetan parte hartu izan dute.[6]

Jose Ignacio Barinaga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004an, Barinaga zen Verter Recyclingen jabe bakarra; zabortegia ireki arte, administrari bakarra izan zen; gero, zesatua izan zen eta bere ilobek, Elena eta Arrate, administrari solidario bihurtu ziren. Negozioa martxan hastean, akzioen %27,83a zuen, iloba bakoitzak bezala.[7]

Jose Ignacio Barinaga Egia (Zaldibar, 1945) Kondia baserrian jaio zen (Eitzaga auzoa). Familia aberatsekoa, gaztetan Eibarko Armeria Eskolan ikasitakoa, pelotari bezala nabarmendu zen; gerora afizio hau mantendu duelarik. 20 urte zituela familiak Construcciones Barinaga enpresa sortu zuen, eta gero han sartu zen. Bertan negozioetarako sena erakutsi zuen, eta senideekin batera enpresa-sare garrantzitsua sortu zuen. Bere garaian 84 kargu izatera ailegatu zen, 34 enpresa desberdinetan. Seme bakarra izan zuen, Iñaki. 1982an Automoviles Kondia enpresa sortu zuen; gero traspasatu egin zuen. 1990ko hamarkadatik aurrera, aluminio ekoizpenean aritu zen, eta ondasun higiezinen promozio, eraikuntza eta agentzia asko eratu zituen, "adreiluaren gorakada" sasoian diru asko irabazi zuelarik; bai Euskal Herrian (zati handi bat Eibarren, Iñaki Arriola alkate zen garaian[8]), baita udatiarren merkatuan ere (Burgos, Alacant). Ostalaritzan, ikusentzunen ekoizpenean eta altzarigintzan ere sartu zen. Aktibitate guzti hauekin maila ekonomiko eta sozial handia lortu zuen, eta jende askori lana eman zion; batzuen esanetan ugazaba modura ona zen, eta behar bezela ordaintzen zuen; best batzuen esanetan, diruzale patologikoa.[7]

Higiezinen negozioan, Barinagak zaborra negozio-esparru berria identifikatu zuen. Eitzagan zegoen zabortegi proiektu zahar bati helduz, 2002an Verter Recycling enpresa sortu zuen. Tramiteak aurrera eramanez, handik bost urtera, Igurumen Baimen Bateratua lortu zuen, eta Udalak irekitze-baimena 2011an eman zion.[7]

2010etik aurrera, Barinagak familia arazoak izan zituen (semea minbiziarekin) eta enpresa gehienak iloben esku laga zituen, Verter Recyclingen zentratuz.[7] Halere, 2020an oraindik 22 kargu betetzen zituen hainbat enpresatan; besteak beste, Zuribar S.L. enpresaren gerentea zen.[9]

2020ko otsailaren 6an, luizia gertatu zenean, Barinaga zabortegian egon zen. Kazetariekin hitz egin zuen, ugazaba zela esan gabe, "Alberto eta Joaquin bere lagunak zirela" esanez. Sololuze 20 urtetik gora zeramatzan berarentzat lanean; Automoviles Kondia enpresako apoderatua izana zen, eta enpresa traspasatu zuenean berarekin zabortegira joan zen.[7]

Barinaga familiako zenbait kidek PSE-EE alderdi politikoarekin lotura dute:[10][11] semea, Iñaki Barinaga Argoitia, urte horretan alderdi horren Zizurkilgo udal zerrendetan aurkeztu zen.[12]

Jose Inazio Barinagaren ibilbidean seinalatu diren zenbait aktibitate:

  • Prostituzio sektoreko enpresariekiko loturak (Borsalino, Zapai[13] klubak).[14]
  • 2012an zaborren irregulartasunekin lotutako aurrekariak, Itziarko (Deba) bere jabetzako terreno batzuetan Cayfer enpresak[15] eginiko legez kanpoko hondakin biltegi baten kontura.[16]

Arrate Bilbao eta Elena Susaeta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verter Recyclingeko administrari eta apoderatu Arrate Bilbao eta Elena Susaetak bi enpresa hauen kargua ere badute:

  • Promociones Cesilur SL enpresak higiezinak alokatzen ditu eta 2011tik dira biak administradore solidario. Eta 2017tik Jose Ignacio Barinaga Egia ere administradore solidario da. Enpresa honek Eibarren du egoitza, Otaola 22 helbidean.
  • Suba SA higiezinen enpresa: Honek ere Eibarren du egoitza, San Juan 11-1 helbidean. 2012tik idazkari eta kontseilaria da Maria Elena Susaeta. Urte beretik da kontseilaria Maria Arrate Bilbao ere.

Elena Susaeta Barinagak karguak dituen beste enpresak:

  • Comercial Anayak SL eraikuntza enpresa: 2018an Comercial Anayak SL enpresak xurgatu zituen beste bi enpresa, ordura arte Inmobiliaria Urko eta Barinaga Eraikuntzak zirenak. Enpresa honek Eibarren du egoitza, Otaola etorbidea, 22 helbidean. Enpresen xurgaketa unetik Comercial Anayaren administrari solidario egin zen Maria Elena Susaeta.
  • Zakontza SL higiezinen sustapena: Eibarko San Juan kaleko 11n du egoitza. 2019tik administrari solidario da.

Arrate Bilbao Barinagak karguak dituen beste enpresak:

  • Lancha Restauracion SL: Abanto Zierbenako Carolinas auzoan dago harrobien berreskuraketaz arduratzen den enpresa. 2017tik bertako lehendakariorde eta kontseilaria da.[17]
  • Agaulaz SL higiezinen enpresa: Donostian du enpresa honek egoitza, Jose Maria Sert plazan. 2015etik administradore mankomunatua da.
  • Berriatua-Berri SL eraikuntza enpresa: Eibarren, Otaola 22 helbidean du egoitza. 2009tik da bertako administrari bakar.
  • Arquitectos Debor SL: Donostian, Zuatzu 2-1 helbidean du egoitza arkitektoen enpresak. Bertako apoderatua da 2009tik.
  • Kajoi bat SL: Finantza eta aseguruetako enpresa honek ere Donostiako Zuatzu 2-1 helbidean du egoitza. 2009tik bertako apoderatua da.[1]

Juan Manuel Navarro Murga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markina-Xemeingo Murga familia boteretsuko María Teresa Murga Mugartegiren ordezkaria, eta Verterren akziodun nagusia. 2004 urtean 14.775 akzio zituen,[2] eta 2008an 13.648.[18]

Jose Luis Aizpiri Lejardi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993an Eitzagan zabortegi bat martxan jartzen saiatu zen. 2004 urtean Verterren 3.689 akzio zituen,[2] eta 2011an %3a.[7]

Elkarte Berri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verter Recycling zabortegiaren 2.214 akzio zituen 2008an.[18] 2011an, akzioen %8a.[7]

Elkarte Berri enpresa Iñigo Casla Uriartek baimendu zuen, Panamako Paperetan agertzen den notarioa.


Akziodunen batzarrean, Elkarte Berri enpresaren ordezkaria Javier Sanchez Martinez zen, Eibarko PSE-ko antolakuntza arduraduna eta Iñaki Arriola alkatearen idazkaria.[18]

Besteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uneren baten Pedro Maria Bergaretxe Agirrebeñak ere akzioak izan zituen.[4]

Beste loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldibarko zabortegiaz gain, Verterrek Debabarrena eskualdean zaborrak kudeatzeko hainbat zerbitzu esleipen eskuratu ditu 2016tik aurrera.[19]

Enpresa handi bati ere zerbitzua ematen zion Verterrek: Productos Tubulares SAU Trapagarango (Bizkaia) enpresaren eskoriak biltzen zituen —altzairuzko hodien produkzioan sortutako zakarrak—. Agiriek ez dute zehazten non botatzen zituen. Esla Ballonti Excavaciones y Obras SM eta Asotrasns SA enpresekin aldi baterako sozietate bat sortua zeukan, lan horretarako: UTE Tubos.[3]

Ernesto Martinez de Cabredo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Inazio Barinagaren Zuribar enpresako kideetako bat Ernesto Martínez de Cabredo injeniaria zen, URA Euskal Agentziaren zuzendaria. Martínez de Cabredoren aitaginarreba eta Jose Ignacio Barinaga lagunak ziren. Biek Ormaiztegin zuten orube batean higiezinen promozioa burutu nahi zuten, eta Martinez de Cabredok esperientzia zuenez (22 urtez Amenabar eraikuntza enpresako gerentea izana zen[20][11]) aitaginarrebak ordezkari izendatu zuen.

Enpresa hori 2004an eratu zen, eta Eibarko Otaola 22 kalean du egoitza: urriaren 11an Martínez de Cabredo aholkulari eta lehendakari izendatu izan zen, eta Barinaga idazkari; urriaren 13an, Barinaga gerente izendatua izan zen. Hurrengo urtean senide bat (Verter Recyclingeko sozioa ere bazena) apoderatu izendatua izan zen. Operazioa burutu ez bazen ere (promotoreen arteko desadostasuna), enpresak Ormaiztegiko orubearen jabetza mantendu zuen.

2017an URA Agentziaren zuzendari izendatu zutenean, Eusko Legebiltzarrean oposizioak zazpi enpresa pribatuekiko zuen lotura kritikatu zuen, eta Martínez de Cabredok hauetatik ateratzeko asmoa agertu zuen. Halere, Martínez de Cabredo ez da Zuribarretik atera, bere esanetan orubearen jabetza mantentzen duelako.

Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zenean, URA Agentzia izan zen zabortegi inguruko erreketako urak inbestigatzeko arduraduna.[9]

Solera Eibarresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verter Recyclingek loturak ditu Vinos Solera Eibarresa enpresarekin, Pedro eta Juan Susaeta Urkidi anaiek sortua, Verterreko akziodunen senideak eta haiekin hainbat enpresetan partaide izandakoak. 2008an, Verterren akziodunen biltzarra Olaerreagako Solera Eibarresaren egoitzan ospatu zen.

Solera Eibarresaren kontseiluan parte hartu duen beste enpresa bat Exclusivas Alai da (Vinos Arzac, Destilerías La Navarra eta Sidras y Txakolis Txomin Zubeldia enpresei lotua).[18]

Lancha Restauración[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa honek Abanto-Zierbenako Lancha harrobiko zabortegia kudeatzen du, legez kanpoko zabortegi bezala jardun ondoren. Lehendakariordea Arrate Bilbao Barinaga da. Enpresa honen administratzaile izandako Martin Gonzalez COMAGA higiezinen enpresa du, Portugaleteko Udalaren eta Patxi Lopez lehendakariaren operazio baten onuraduna. Txomin Bargos direktiboak, berriz, Gaiker Fundazioaren Ingurumen Zuzendari izana da (Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte hartzearekin).[17]

Verter Recycling enpresak Zaldibarko zabortegian ezarritako kartelak, erdara hutsean.

Onarpenaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldibarko Eitzaga auzoa.

Zabortegi hau irekitzea 20 urte lehenagotik zetorren proiektua zen, eta Zaldibarko Udalak alde eta kontrako faseak igaro zituen, korporazioen osaketaren arabera:[21]

  • 1990 hamarkadan, Eitzagan zabortegi bi zeuden; haietako baten jabeak (Jose Luis Aizpiri Lejardi[22]) beste bat eraikitzeko tramiteak hasi zituen, eta baimena lortu zuen; baina auzokideen protestak piztu ziren.[23] 1995ean Aizpiri berriro saiatuko zen, lortu barik;[22] gero Verterren akzionistetako bat izango zen.
  • 1996ean, Blanca Onaindia (EAJ) alkatearen ekipoa (PSErekin koalizioan) Udala zabortegi berri baten proiektua tramitatzen hasi zen. Oposizioak kontra egin zuen, eta EAJko zinegotzi batek (Pedro Bildosola, Eitzagakoa) ere kontrako bozka partikularra eman zuenez, proiektua atzera bota zen. Are, Osoko Bilkurak zabortegi gehiago ez egitea erabaki zuen, Arau Subsidiarioetan ere aldaketa eginez.
  • 1997an, berriz, EAJren eta PSEren taldeak aurreko erabakiak baliogabetzea lortu zuen (oraingoan Bildosolaren aldeko botoarekin).
  • 1998ko maiatzean, Blanca Onaindia alkatea (EAJ) eta Angel Martin alkateordea (PSE-EE) Saharan bidaian zirela, HB-k mozioa aurkeztu zuen Eitzagan, Olaerreagan eta Sallabenten herri erreferenduma bultzatzeko; Grupo Independiente eta Pedro Bildosola jeltzaleak mozioa babestu zuten, eta Onaindia eta Martinen faltan, mozioa aurrera atera zen. Baina galdeketa hau ez zen sekula burutu.[23]
  • 2002an, Igor Barrenetxea-Arando (EAJ) alkatearen korporazio berriak zabortegiaren proiektuari berriz heldu zion, pausoz pauso lortu arte: arau subsidiarioak aldatu zituzten; promotoreak zuen irregulartasun curriculumari ez zioten garrantzirik eman; Verter Recycling enpresari lanak hasteko baimena eman zioten.
  • 2004an aurkeztu zuen Zaldibarko Eitzaga auzoan zabortegia ezartzeko ingurumen-eraginaren azterlana,[24]
  • 2007ko urtarrilaren 22an baimena eskuratu zuen,[25] Jaurlaritzako Ingurumen Sailburua Esther Larrañaga (EA) zela.
  • Zaldibarko Udalaren aldetik, ez zuten Jaurlaritzak baimendutako aktibitate bati uko egiteko eskumenik; baina bai “emendakin zuzentzaileak” aurkezteko aukera, eta “alegazioak hartzeko epe bat” irekitzeko derrigorra, aktibitateari lizentzia eman aurretik. Azken pauso hau ez zen bete.[26]
  • 2011an, lan-arriskuen prebentzio estudioa Einber Prevenalia enpresak egin zuen; enpresa honek Jaurlaritzarentzat ere lan egiten zuen.[27]
  • 2011ko urtarrilaren 25ean, zabortegiak onespena jaso zuen eta aktibitatearekin hasi zen,[28] Jaurlaritzako Ingurumen Sailburua, Pilar Unzalu (PSE-EE) zela.
  • 2011ko maiatzaren 6: Idoia Mendiolagarai (EAJ) Zaldibarko alkate zela, haren Udal Gobernu Batzordeak aktibitate lizentzia sinatu zuen.

Ingeniaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verter Recyclingek baimenak eskuratzeko proiektu bat erabili zuen, baina gero jatorrizko proiektua “ia erabat” aldatu zuen:[29][30]

  • Jatorrizko proiektua LKS enpresak egin zuen (MCC) 2004 urtean. Proiektu honetan, adibidez, Eitzagatik zihoazten errekastoak seinalatzen ziren, eta indusketen mugak seinalatu ziren, ur filtrazioek zabortegiaren funtzionamendua oztopatu ez zitzaten. Datu xelebre bezala, enpresak inguruaren potentzial arkeologikoa ere aztertu zuen, eta lan hori egiteko arduraduna Eliseo Gil izan zen. LKSren proiektuarekin batera, Zaldibarko Udalaren dokumentu bat aurkeztu zen, zabortegiak orube horietarako aurreikusitako erabilpen baldintzekin bat egiten zuela adieraziz. Hauxe izan zen Jaurlaritzako Ingurumen Sailean aurkeztu zen dokumentazioa.[31]
  • 2004-2005ean, Jaurlaritzak espedientea aztertu zuen eta enpresari informazio gehigarria eskatu zion. Ur-iturriei buruzko zenbait alegazio aztertu eta gero, 2007ean proiektua onartua izan zen;[32] EAEko Buletin Ofizialean ingurumen inpaktu deklarazioaren eta Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) onarpena argitaratu ziren.
  • 2007 urtean, Jose Inazio Barinagak LKS enpresarekin lan egiteari utzi zion, haien proiektua “bideraezintzat” hartzen zuelako. Orduan, zabortegia eraikitzerako orduan beste enpresa bat hartu zuen: Geyser HPC.
  • LKSren proiektuaren baimena eskutan, Geyser HPC enpresak “ia proiektu osoa” aldatu zuen. Haien hitzetan,[33] proiektu berriaren helburua “zabortegiaren obra eta geroko esplotazio eta klausura optimizatzea” zen. Enpresa berriak “obra zuzendaritza” eta zabortegiaren esplotazioaren “alderdi teknikoa” ere eraman zituen; 2002ko otsaileko hondamendia gertatu zenean, oraindik ardura hori zeraman.
  • Adituen arabera, Geyser HPCk eginiko aldaketak hain izan ziren handiak, ezen ingurumen inpaktu deklarazio berria egitea eskatzen zuten; baina ez zen horrelakorik egin. Halere, Verter Recycling enpresako bozeramaileak erantzun zuenez, Jaurlaritzak bazuen aldaketa hauen berri baina esan zien “ez zela baimen berririk behar, proiektu bien artean ez zeudelako alde esanguratsurik”. Geyser HPCk Euskal Herriko beste zabortegi askotan ere lanak egin zituen, hala nola Goiain, San Marko (Orereta), Sasieta (Beasain), Epele (Bergara), Artigas (Bilbo), Bermeo, Bakea-Tellaetxe (Barakaldo), Los Milanos (Urduña), Igorre, Galdakao edo Ibarra.[34]
  • Verterren zabortegia 2011an martxan hasi zen, urte horretako martxoan Jaurlaritzak proiektuan eginiko aldaketak ontzat eman eta gero.[35]
  • Luizia gertatu baino 17 egun lehenago, Lurtek injenieritza enpresak zabortegiaren egonkortasuna baieztatu zuen, hitzez hitz: “zabortegiaren gaur egungo egitura egonkorra da, bai orokorrean, bai haustura borobilen aurrean, bai oinarrizko ahultasunak baldintzatutako multzokako hausturen aurrean”.[36]

Zabortegien araudiari buruz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldibarren "arriskurik gabeko zaborra" onartzen zen, eta horren barruan amiantoa. Kontraesankorra dirudien honen azalpena hauxe da: amiantoa material arriskutsua den arren, segurtasun baldintza egokietan gordetzen bada, "material ez arriskutsuen" zabortegietan gorde daiteke.[37] Hori zen Zaldibarko kasua; 2020ko otsailaren 6ko istripuan gordetze segurtasun baldintza horiek hautsi ziren arte.[38]

Zabortegi bat ezarri ahal izateko, orubeari zenbait baldintza eskatzen zaizkio (49/2009 dekretuaren arabera, EAko Esther Larrañaga sailburuak sinatua): haien artean hiriguneetatik aparte egotea, iragazgaiztasuna eta azterketa hidrogeologikoa egin izana. Baldintza hauek betetzen diren edo ez ebaztea URA Agentziaren eta Ingurumen Sailaren esku dago.[39]

Zabortegien kontrolari buruz:[40]

  • Jarduera baimena ematea Udalen ardura da; Ingurumen Baimen Bateratua ematea eta betetzen dela kontrolatzea, Autonomi Erkidegoen ardura.[41]
  • Beraz, Eitzagan isurtzen zen zamaren kontrola Eusko Jaurlaritzaren eskumena zen; halere, hura fiskalizatzea eta txostenak egiteko ardura enpresaren gain uzten zuen.[42]
  • Inspekzioak 1-3 urtetik behin burutzen dira, aktibitatearen arriskuaren arabera; Zaldibarren, azken 5 urteetan 3 kontrol izan ziren.
  • Prozedura ongi zehaztua zegoen: “IKS-eeM” deritzona da tresna zen garrantzitsuena, eta horren arabera ekoizleak zaborraren izaera eta kantitatea telematikoki deklaratu behar zuen; ostean, zabortegiak deklarazio paralelo bat egin behar zuen; inspektoreek, bi deklarazioak bat datozela egiaztatu behar zuten; gainera, kamioetan laginketak egin behar ziren, eta emaitzak atxiki. Baina kasu batzuetan, prozedura hau ez zen zorrotz bete izan.[37][43]

Zaldibarko zabortegiaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldibarko zabortegia, Eitzagatik ikusita, 2020ko otsailaren 13an.

Luizia gertatu zenean, zabortegian material hauek zeudela uste zen:[35]

  • %23a lurra.
  • %22a biogas balorizazio zentralen hondakina.
  • %17a papergintzako lokatzak.
  • %13a siderurgiako zepa.
  • %10a eraikuntza eta eraisketa hondakina.
  • %0,57 amiantoa (16.148 tona edo 1.468 kamioikada) (beste batzuetan %0,16 aipatu da[44]). Batez ere obra hondakinak, berrienak zabortegiaren "gain aldean", eta zaharrenak gune sakonetan, luiziaren sektoretik gertu. Hauek 2012koak ziren (urte horretan 337 tona jaso zituen; 2019an, 4.258 tona).[45]

Istripuaren aurreko bi urteetan, Verter Recyclingen 500.000 tona hondakin sartu ziren; konparazioa egiteko, Gipuzkoan 2018an 325.000 tona hiri hondakin sortu ziren, eta haietatik 141.000 tona joan ziren zabortegietara edo Zabalgarbi erraustegira.[46]

2007an eskuratutako Ingurumen Baimen Bateratuak (IBB) 137.259 metro karratutako eremua zehazten zuen, 2.744.975 metro kubikotako kapazitatearekin; "munstro bat", geologian adituen arabera,[47] herriguneen ondoan kokatutako altuera handiko instalakuntza batentzat. Zabortegiak 182 metrotako altuera zuen, eta baimenean 35 urtetako bizitza erabilgarria ematen zitzaion; halere, aurreikusitako kopurura 13 urtetan iritsi zen.[48] Luizia gertatu zen unean, zabortegia bere kapazitate teorikoaren %75an zegoela kalkulatu zen,[49] eta EAE-n hondakin gehien hartzen zuen instalazioa zen.[50]

Verterren zabortegiak, bere tamaina handiarengatik, sarrera bi zituen, bata bestetik kilometro bi eta erdira: bat Eitzagan, aspaldi erabili gabea; bestea Ibur Erreka industrigunean.[51]

2013an, IBBa berritu zuen aldaketa esanguratsuekin: batetik, zabortegiak ordura arte debekatuta zituen hondakin mota batzuk hartzeko baimena eskuratu zuen (amiantoa tartean, oraingoan esplizituki [52]); eta bestetik, metalak eta konposatu metalikoak zabortegian bertan birziklatzeko baimena ere eman zioten. Bi aldaketa hauek "ez zirela funtsezkoak" ebatzi zuen Ingurumen Sailak (adituek ukatu dute hori[53]) eta ondorioz, ez zuten beste IBB bat emateko prozesua berrabiarazi (horrek ekarriko zukeen erakusketa publikoa eta alegazioetarako aukera ekidinez). Gainera 2013ko IBB hau ez zen publiko egin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2007koa bezala.[54] Adituek publikotasun falta hau faktore susmagarritzat seinalatu zuten.[55]

Otsailaren 24an, oraindik ez zegoen argi zein hondakin mota hartzen ziren Verter Recyclingen. Komunikabide gehienetan "eraikuntzatik eta industriatik etorritako inerteen" baimena aipatzen bazen ere, Ingurumen Ikuskaritzaren Txosten batean “inerteak kenduta beste hondakin mota guztiak hartzeko baimena" zuela aipatzen zen, "egunean 10 tonatako" mugarekin. EAE-ko Buletin Ofizialeko 2007ko baimenean, berriz, zabortegiak "hondakin ez arriskutsuak" hartu zitzakeela adierazten zen, eta zabor motak zehazten diren zerrendan inerteak aipatzen ziren, baita nekazaritza, arrantza, ehiza, baso lan, eta elikagai industrietatik etorritako hondakinak ere.[56]

Langileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011an, zabortegiak soldatapeko 2 langile baino ez zituen; 2012an, 4; 2015etik aurrera, 6. Azpikontratatutako langileak eta zerbitzuak ere erabiltzen zituen.[4]


Irregulartasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istripuaren aurretik hainbat irregulartasunen berri zegoen:

  • Urte eta erdi lehenago, Verter Recyclingen zabortegian istripua gertatu zitzaion Joaquin Beltranen semeari. Mendi zati bat behera erori zitzaion, zabortegia handitzeko maldari hondeamakinarekin hozka ari zitzaiola; makina harrapatu zuen, hura estaliz eta irauliz. Mutila bizirik atera zen, eta larrialdi zerbitzuek ez zuten interbenitu.[46] Sindikatuek ere deklaratu zuten aurretik luiziak izanak zirela, finkatze-lanen gabeziaren ondorioz, baina ez zirela jakinarazi.[57]
  • Jaurlaritzaren aldetik:
    • Baimendutako eremu osoa hamahiru hektareakoa bazen ere, zabortegiari emandako IBB-ak hektarea batera mugatzen zuen jarduteko eremua: «Zabortegia ustiatuko da bermatuz euri urek zuzenki eragin dezaketen gehieneko eremua ez izateko 10.000 metro koadro baino gehiago». Hau da, hektarea bat gehienez egon zitekeen hondakinak isurtzeko;[3] baina, halere, enpresa sei-zazpi hektarea erabiltzen ari zen horretarako.[58]
    • Adituek salatu dutenez, Zaldibarko zabortegian zeuden irregulartasunei aurre egiterako orduan Jaurlaritzak malguago jokatu zuen beste zabortegiekin baino: Bergarako Epele zabortegian, adibidez, arauak askoz ere zorrotzago betearazi izan dira;[2] eta, Alderdi Popularraren arabera, antzerako zabortegiei buruzko 45 txostenekin alderatuz, Zaldibarrekoarekin askoz ere malguago jokatu zen arauak betearazteko orduan.[59]
    • Ingurumen Sailak zenbait irregulartasunen berri bazuen: 2018an zabortegi horretan egoteko baimenik ez zuten 64.500 tona hondakin pilatu zirela, tartean hiri-hondakinak eta hondakin arriskutsuak; legez birbalorizatu behar diren materialak ez zirela berreskuratzen.[54]
  • Metanoa: zabortegian gas hau neurtzeko gailuak egoera txarrean zeuden; horregatik, ez zekiten zenbat metano sortzen zen.[60]
  • Amiantoa:
    • Ingurumen Sailetik Verterrek amiantoa jasotzeko baimena 2007tik zuela adierazi zen arren, 2011ean eskuratu zuen Verterrek hura sartzeko baimena, baina "isiltasun administratiboa" baliatuz[52] (legez kanpoko prozedura, adituen arabera[53]). Zabortegia 2012an hasi zen amiantoa hartzen.
    • Bestalde Lander Arbelaitz kazetariak konprobatu zuen Ingurumen Saila LER kodigoen epigrafeak nahasten ari zirela (atalen izenburuak / baimendutako hondakinak) eta amiantoa jasotzeko legezko baimena 2013an eman zela.[61]
    • Dena den Verterren, amiantoa ez zen baldintza egokietan jaso, ez baitzen bereizten eta sailkatzen.[2] Gainera, langileek ez zuten babes material egokirik erabiltzen.[57]
  • Metala: 2013ko IBB-aren arabera zabortegiak urteko 70.000 tona metal har zitzakeen. 2018an, 154.326 tona hartu zituen. Faktore honek ere egonkortasuna kaltetu zuela uste da.[62]
  • Baimendu gabeko materialen isurketa:
    • 2011an Zaldibarko zabortegian beste substantzia arriskutsu bat ere sartu zen: poliklorobifeniloak (PCB).[2] Urte horretan bi isurketa egin ziren, eta Alkargo enpresari (MCC) 60.000 eurotako isuna ezarri zitzaion PCBak "Ingurumen Organuari abisua eman gabe" isurtzeagatik.[63][64] Verter Recyclingek ere 30.000 eurotako isuna ezarri zitzaion; honek argudiatu zuen hondakin horiek Hera Tratesa enpresak eginiko presioarengatik hartu zituela.[65] PCB-ak hidrokarburoak kloroarekin nahastuz sortzen dira, eta obretan-eta zigilatzaile gisa eta elektrizitate instalazioetan isolatzaile gisa erabili izan zirenak, minbizia sortzen dute, eta 1987an guztiz debekatu ziren. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epai batek ohartarazi zuen Eitzagako zabortegian poliklorobifeniloen isurketa deskontrolatuaz.[7] Artean Pilar Unzalu (PSE-EE) zen Ingurumen sailburua.[22]
    • Garbiguneetako material birziklagarriak.[66]
    • Plastikoak eta zura.[18]
    • "El Español" komunikabidearen arabera, otsailaren 6an desagertuko zen langileetako batek familiari ere esana zion zabortegian deklaratutakoak baino material arriskutsu gehiago bazirela.[67]
    • Baimendu gabeko material hauek zabortegiak pilatzen zuenaren %10 zirela kalkulatzen da.[62]
    • Hiri hondakinak: Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak jakinarazi zuen herrialdeko mankomunitate batzuk hiri hondakinak eramaten aritu zirela Zaldibarko zabortegira (11.000 tona inguru).[68]
  • Legeak zabortegiak lurrazala estaltzera behartzen ditu, hektarea bat izan ezik (lantzen ari den gunea, alegia). Halere, Verterren zabortegia estali barik zegoen. Adituen arabera, faktore honek luiziak erraztu ditzake. Hipotesi baten arabera, enpresak hau nahita egingo zukeen, Elgoibarko araztegira bideratzen zuen lixibiatuak disolbatzeko.[37][55]
  • Langileek aitortutakoak:
    • Obra hondakinen kudeaketa desegokia: materialak zabortegira eraman aurretik, teoriaz eraikin eta eraispen hondakinen (RCD) plantara eraman behar dira, ongi bereizi eta berreskuratzeko moduan dagoena jasotzeko eta birmerkaturatzeko; gainontzekoa da zabortegira eraman behar dena. Zaldibarren, sailkatze eta bereizte prozedura hau ez zen behar bezala betetzen (kamioiek 5 minutu baino gutxiago behar izaten zituzten ekarritako zama hustutzeko[51]). Kontrolik gabe jarduteko modu hori izan da zabortegiaren ezaugarrietako bat. Hori dela eta, sektorekoek eta hara hondakinak eraman izan dituzten garraiolariek “zuloa” esaten zioten.[2]
    • Egunero 240 bat kamioi sartzen ziren; kamioi bakoitzak 40 tona inguru eramateko baimena izan ohi duen arren, langileek baieztatu dute askotan enpresek 50-60 tonatako karga sartzen zutela, Ertzaintzaren kontrolak saihestuz; astero, zabortegiak 3 bat metroko altuera irabazten zuen.[46]
    • Zaldibarko zabortegian aritutako zenbait langilek Zaldibarko zabortegiaren ohiko prozedurak azaldu zituzten. "A" langilearen enpresak beste enpresa eta partikularrei zaborra hartzen zien, tona bakoitzeko dirua kobratuz; zabortegiek ere jasotako tona kopuruaren arabera kobratzen zuten. Kamioia bete, eta zabortegian isuri; inolako sailkapenik gabe ez zela egiten adierazi zuen langile honek, gehienetan bidaiak Zaldibarko zabortegira izaten zirela argituz. Amiantoaren trataerari buruz, espresuki aipatu zuen Zaldibarren sailkatze prozedura ez zela "inoiz" betetzen. Are, enpresa horretako langileak amiantodun materialen gainean ibiltzen ziren kamioiekin, plakak puskatuz, eta zamalanak esku hutsez egiten zituzten. Enpresak muzin egiten zien langileen eskariei, babes-ekipoz hornitzeko. Verter Recycling enpresaren "zulo" izaerari buruz, langile honek baieztatu zuen beste zabortegietan gai arriskutsuren bat hartu nahi ez zietenean, Zaldibarrera etortzen zirela; han dena hartzen baitzieten, inongo kontrolik gabe.[46] "B" langileak, berriz, adierazi zuen banatzen zen material bakarra txatarra metalikoa zela.[69] Hain zuzen ere, Ertzaintzari eginiko deklarazioetan, zenbait langilek konfirmatu dute zaborra bereizteko baldintza ez zela betetzen; are, inspekzioak egin aurreko asteetan materialak erosten zituztela adierazi dute, baldintza hori betetzen zutela irudikatzeko. Horrela, inspektoreak etortzen zirenean material desberdinez osatutako multzoak prestatzen zituzten, zaborra bereizten zela irudikatzeko.[70][54]

Halere, Verter Recyclingek irregulartasun hauetatik gehienak espreski ukatu ditu.[71]


Kontabilitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako inbertsioa 10.000.000 eurotakoa izan zen. 2012 eta 2017 arteko kontabilitate balantzeek erakusten zutenez, enpresak ireki eta berehala eman zituen irabazi garbiak eta jabeentzako dibidenduak. 2017rako zorrak kitatuak zituzten, eta irabazi garbiak 8.570.000 eurotakoak ziren. 2018 eta 2019 urteetako kontabilitatea ez da oraindik aurkeztu, baina kontuan hartuta urte horietan betetze-erritmoa asko handitu zela (bilduak zituen hondakinen %43a) oso handiak izan zirela uste da.

Edonola ere, kontuak egiteko orduan, pentsatu behar da enpresak gastu handiak izan zituela zabortegia eraikitzeko, eta 8,35 milioi euroko kostua aurreikusten zuela zabortegia itxi ondorengo gastuetarako. Horretan ere negozio berezia baitira zabortegiak: hasieran egin behar izaten dute inbertsio handi bat, zabortegia ireki ahal izateko, baina, itxi ondoren, eskatzen dute beste inbertsio handi bat, zakarrak zigilatzeko eta zabortegia izandakoa estali, itxi eta ezkutatzeko.

Verterrek berehala eman zion buelta hasierako inbertsioari: 2011ko maiatzean lanean hasita, 2013rako hasia zegoen dibidenduak banatzen enpresaren jabeen artean. Ez da normalena: hasieran horren inbertsio handia eginda, eta neurri bereko maileguak hartuta, urte batzuk behar izaten dira negozioek beren altxortegian soberakinak sortzeko. Baina Verterrek, 2014an, 2015ean eta 2016an, urtero 405.768 euro banatu zituen dibidenduetan enpresaren jabeen artean. Eta 2013an, 202.883 euro. Urteko irabazi garbietatik ateratzen dira dibidenduak: enpresa batek irabaziak dauzkanean, erabaki dezake bere jabeen artean banatzea, edo kapitalizatzea.

2017an ez zituen dibidenduak banatu Verterrek, edo agirietan ez da halakorik agertzen behintzat, baina 2016an mugimendu bitxia egin zuen enpresak, eta, beharbada, horren eraginez izango zen: kapital funtsetik 1,8 milioi euro atera zituen. Agirietan ez da zehazten zertara joan zen diru hori; irabaziak daudenean, normalean, jabeen artean partitzeko egiten dira kapital murrizketak.[3]

Irabazien dimentsioaz jabetzeko, argigarria da alderatzea 2017an enpresak deklaratutako irabazia (1.744.876 euro) eta Eusko Jaurlaritzak urte horretan "ekonomia zirkular, hondakinen kudeaketa eta aldaketa klimatiko" arlorako eginiko aurrekontua (1.900.000 euro).[72]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b ARGIA. (2020-02-11). «JARRAIPENA | Joaquin Beltranek bi egun lehenago abisatu zien nagusiei zabor mendia pitzatzen ari zela» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-02-11.
  2. a b c d e f g Petxarroman, Iñaki. ««Zuloaren» barrunbeak» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-02-12.
  3. a b c d Urain, Iñaki Petxarroman-Jon O.. «Zaldibarko zabortegiko amiantoa ez zegoen beste hondakinetatik bereizita» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-02-10.
  4. a b c d Ansa, Mikel P.. «Zaborraren itzala Verterren gainean» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-03-07.
  5. ARGIA. (2020-02-13). «JARRAIPENA | Zaldibarkoaz, Urkullu lehendakariak otsailaren 18an emango ditu azalpenak Legebiltzarrean» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-02-14.
  6. (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020-03-30). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1244673016883294208 «Los miembros de las juntas de accionistas del vertedero de Zaldibar han participado en los consejos de más de 60 empresas. https://m.facebook.com/story.php?story_fbid=799766007179356&id=100014378910526 …»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-03-31.
  7. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) «Barinaga, jefe del vertedero y 'conde' de Eibar» El Correo 2020-02-23 . Noiz kontsultatua: 2020-02-23.
  8. Petxarroman, Iñaki. «POLITIKA ETA ENPRESA, MAHAI BEREAN» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-03-01.
  9. a b (Gaztelaniaz) «El responsable de la escombrera ocupa 22 cargos en diferentes empresas» El Diario Vasco 2020-02-12 . Noiz kontsultatua: 2020-02-12.
  10. «Arriola no sancionó al vertedero pese a conocer las deficiencias» ELMUNDO 2020-02-08 . Noiz kontsultatua: 2020-02-16.
  11. a b (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020T00:32). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1232221770775658498 «HILO La cantera habilitada para depositar de "manera transitoria" los residuos del derrumbe en Zaldibar estuvo manejada por un exscocio de la empresa del vertedero. El exsocio mantuvo discrepancias con la familia que controlaba la mayoría de las acciones de Verter Recycling.»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-02-25.
  12. (Gaztelaniaz) «Vertedero Zaldibar: El hijo del responsable del vertedero fue candidato del PSOE en las municipales de 2007» okdiario.com 2020-02-25 . Noiz kontsultatua: 2020-02-25.
  13. Zaldibarko Udala. 1JUNTA DE GOBIERNO LOCAL SESION ORDINARIA DIA 20/10/2016. . Noiz kontsultatua: 2020ko otsailaren 24a.
  14. (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020T02:14). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1231885202760310784 «HILO El propietario del club de alterne Zapai de Zaldibar fue socio de una empresa vinculada al responsable del vertedero de Zaldibar. Además, ambos domiciliaron otras dos empresas en una vivienda de La Puebla de Arganzón.»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-02-24.
  15. (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020-03-08). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1236656328157921280 «HILO Cayfer, empresa que almacenó de "forma ilegal" toneladas de residuos en una parcela de Deba alquilada por el responsable del vertedero de Zaldibar en 2012, gestionaba residuos de Tubos Reunidos y Forjas Iraeta. Foto de Noticias de Gipuzkoa.pic.twitter.com/OqOSpLA0bU»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-03-09.
  16. «Denuncian a Cayfer por no retirar sus residuos de una parcela de Itziar. Noticias de Gipuzkoa» webcache.googleusercontent.com . Noiz kontsultatua: 2020-02-10.
  17. a b (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020-03-26). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1243210935717814273 «HILO Un exadministrador del vertedero de Abanto-Zierbena, gestionado por una empresa vicepresidida por una accionista del vertedero de Zaldibar, preside una inmobiliaria beneficiada por un affaire de 40 millones del ayuntamiento de Portugalete y el exLehendakari Patxi López.pic.twitter.com/l3mmIbOXjb»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-03-27.
  18. a b c d e (Gaztelaniaz) «El vertedero contrató a topógrafos dos días antes del alud tras la aparición de una grieta» El Correo 2020-02-11 . Noiz kontsultatua: 2020-02-12.
  19. (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020T12:41). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1226607179865694208 «HILO Algunas de las últimas adjudicaciones a la empresa del vertedero de Zaldibar por parte del ayuntamiento de Eibar (consistorio del que fue alcalde el actual Consejero de Medio Ambiente del Gobierno Vasco) y la Mancomunidad de Debabarrena.»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-02-09.
  20. «Kurrikuluma» https://www.irekia.euskadi.eus/ . Noiz kontsultatua: 2020ko otsailaren 12a.
  21. Mitxelena, Lander Arbelaitz. (2020-02-17). «Zabortegiak debekatu zituzten Zaldibarren 1997an, baita Udalak erreferenduma hitz eman ere» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  22. a b c Ansa, Mikel P.. «Zaborraren itzala Verterren gainean» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-03-07.
  23. a b (Gaztelaniaz) «Barinaga, jefe del vertedero y 'conde' de Eibar» El Correo 2020-02-23 . Noiz kontsultatua: 2020-02-23.
  24. r01e00000ff26d46687a470b8a86a04237242b34f, r01e00000ff26d46908a470b878a0a139f73557d1. «Zaldibarko Eitzaga auzoko ibarbide batean hondakin ez arriskutsuen zabortegia eraikitzeko proiektuaren ingurumen-eraginaren azterlana. - Ingurumena - Euskadi.eus» www.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2020-02-10.
  25. (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8b16eead1a456352e. «Boletín Oficial del País Vasco - BOPV» www.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2020-02-10.
  26. (Gaztelaniaz) «La empresa que hizo el vertedero cambió «la práctica totalidad» del proyecto autorizado» El Diario Vasco 2020-02-16 . Noiz kontsultatua: 2020-03-27.
  27. (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020-03-18). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1240256619121987584 «HILO Einber Prevenalia, empresa que realizó el estudio de prevención de riesgos laborales en Verter Recycling, trabajaba para el Departamento de Administración Pública y Justicia de Euskadi.»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-03-18.
  28. (Gaztelaniaz) «Siete inspecciones en nueve años» El Correo 2020-02-19 . Noiz kontsultatua: 2020-02-20.
  29. (Gaztelaniaz) «La empresa que hizo el vertedero cambió «la práctica totalidad» del proyecto autorizado» El Diario Vasco 2020-02-16 . Noiz kontsultatua: 2020-02-16.
  30. Eizagirre, Estitxu. (2020-02-17). «Geyser HPC enpresak erabat aldatu omen zuen Zaldibarko zabortegiaren proiektua» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-02-22.
  31. «Zaldibarko Eitzaga auzoko ibarbide batean hondakin ez arriskutsuen zabortegia eraikitzeko proiektuaren ingurumen-eraginaren azterlana» www.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2020-02-10.
  32. «EBAZPENA, 2007ko urtarrilaren 22koa, Ingurumen sailburuordearena, ingurumen eraginari buruzko adierazpena egitekoa eta ingurumeneko baimen bateratua ematekoa Zaldibarko (Bizkaia) udalerrian arriskutsuak ez diren hondakinak biltzeko Verter Recycling 2002, S.L.-k sustatutako zabortegirako» Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria (51) 2007ko martxoaren 13a . Noiz kontsultatua: 2020-02-10.
  33. «Diseño, Dirección Facultativa y Asistencia a la Explotación del Proyecto Constructivo de un vertedero de RNP en en Zaldibar (Bizkaia)» https://www.hpc.ag/ . Noiz kontsultatua: 2020ko otsailaren 16a.
  34. ARGIA. (2020-02-13). «JARRAIPENA | Lortuko al dute astelehen honetan Zaldibarko sua osorik amatatzea?» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  35. a b (Gaztelaniaz) «La empresa gestora de Zaldibar presentó un informe sobre la "estabilidad" del vertedero 17 días antes de la avalancha» eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2020-02-19.
  36. «Un informe técnico garantizó la estabilidad del vertedero de Zaldibar 17 días antes de su derrumbe» ELMUNDO 2020-02-18 . Noiz kontsultatua: 2020-02-18.
  37. a b c Lete, Irati Urdalleta. «Egon daiteke beste Zaldibar bat?» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  38. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-02-07). «Lakua sabía que había amianto en el vertedero; el permiso data del año 2007» naiz: . Noiz kontsultatua: 2020-02-14.
  39. (Gaztelaniaz) «¿Dónde se puede construir un vertedero?» El Correo 2020-02-16 . Noiz kontsultatua: 2020-02-16.
  40. (Gaztelaniaz) «Los 17 vertederos de Euskadi» El Diario Vasco 2020-02-16 . Noiz kontsultatua: 2020-02-16.
  41. (Gaztelaniaz) Maeztu, Dani. (2020T12:48). «Parece que la estrategia oficial con el tema de #ZaldibarArgitu es ahora apuntar a supuestas responsabilidades del ayuntamiento de Zaldibar en el control del vertedero. Hacer eso con una actividad sometida Autorización Ambiental Integral (AAI) es de caraduras. Abro hilo» @DanielMaeztu . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  42. (Gaztelaniaz) «Vertedero Zaldibar: PNV y PSE sabían que había amianto cancerígeno pero lo ocultaron a bomberos y policías» okdiario.com 2020-02-20 . Noiz kontsultatua: 2020-02-20.
  43. (Gaztelaniaz) Eulixe. «La crisis del vertedero de Zaldibar, crónica de una tragedia silenciada (Cap. II)» Eulixe . Noiz kontsultatua: 2020-02-28.
  44. «Lakua construye una celda temporal junto al vertedero de Zaldibar y almacenará los residuos como "peligrosos"» https://www.deia.eus/ . Noiz kontsultatua: 2020ko otsailaren 20a.
  45. (Gaztelaniaz) Aragón, El Periódico de. «El vertedero de Zaldibar alberga 16.148 toneladas de amianto» El Periódico de Aragón . Noiz kontsultatua: 2020-02-19.
  46. a b c d Petxarroman, Iñaki. ««INORK NAHI EZ ZITUEN HONDAKINAK JOATEN ZIREN VERTERRERA»» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-02-16.
  47. (Gaztelaniaz) «Zaldibar, un ejemplo de cómo no deben gestionarse los residuos • Ecologistas en Acción» Ecologistas en Acción 2020-02-19 . Noiz kontsultatua: 2020-02-20.
  48. (Gaztelaniaz) «El vertedero de Zaldibar recibió en 13 años los residuos industriales que preveía gestionar en 35» ELMUNDO 2020-02-16 . Noiz kontsultatua: 2020-02-16.
  49. (Gaztelaniaz) «La empresa atribuye la avalancha a las obras de la nueva circunvalación» El Correo 2020-02-17 . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  50. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2020-02-16). «Zaldibar, el vertedero que más residuos recibió en 2018» GARA . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  51. a b Eizmendi, Imanol Magro. «Eitzagako koadernoa» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-03-02.
  52. a b Eizagirre, Estitxu. (2020-03-02). «Verterrek amiantoa isurtzeko baimena eskuratu zuen Jaurlaritzak ez ziolako eskaerari erantzun» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-03-02.
  53. a b Eizagirre, Estitxu. (2020-03-03). «Verterrek eta Jaurlaritzak 2012an erabilitako prozedura ez zen legezkoa amiantoaren kasuan» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-03-03.
  54. a b c Eizagirre, Estitxu. (2020-02-26). «Jaurlaritzak bazekien Zaldibarko zabortegian ez zirela ari araudia betetzen» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-02-26.
  55. a b (Gaztelaniaz) Eulixe. «La crisis del vertedero de Zaldibar, crónica de una tragedia silenciada (Cap. II)» Eulixe . Noiz kontsultatua: 2020-02-28.
  56. «Esclareced Zaldibar! una tragedia que muestra mucha negligencia | porExperiencia» porexperiencia.com . Noiz kontsultatua: 2020-02-24.
  57. a b SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-03-06). «ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek bat egin dute Zaldibarren deitu duten lanuztearekin» naiz: . Noiz kontsultatua: 2020-03-07.
  58. Petxarroman, Iñaki. «Zaldibar: gardentasuna eta erantzukizuna» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-02-19.
  59. (Gaztelaniaz) Fernández, Amaya. (2020T04:31). «El @PPVasco ha analizado 45 informes ambientales elaborados por el Gobierno vasco similares al del vertedero de #Zaldibar y en ninguno de ellos transcurrieron 98 días desde la fecha de inspección hasta la notificación al titular.pic.twitter.com/ZbOLpxA1sF» @AmayaEuskadi . Noiz kontsultatua: 2020-02-14.
  60. SA, Baigorri Argitaletxea. (2020-02-16). ««Ez dago argi luizia zabortegiak ala autobideak eragin duen»» GARA . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  61. (Gaztelaniaz) Arbelaitz, Lander. (2020T04:57). [https://twitter.com/larbelaitz/status/1233375607318286336 «RESPUESTA ABIERTA a @Ingurumena_Eus, @iarriolal a raíz de #Zaldibar, y más concretamente sobre este tweet: https://twitter.com/Ingurumena_Eus/status/1233092000620171266 … Abro HILO, un poco técnico, pero merece la pena»] @larbelaitz . Noiz kontsultatua: 2020-02-29.
  62. a b (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2020-02-29). «Verter dobló en 2018 los residuos metálicos que podía gestionar» GARA . Noiz kontsultatua: 2020-03-02.
  63. (Gaztelaniaz) Zelaieta, Ahoztar. (2020T13:18). [https://twitter.com/Ahoztar1972/status/1227703518359965696 «HILO Alkargo, una sociedad vinculada al grupo Mondragón, fue sancionada por depositar "residuos peligrosos especiales PCB" en el vertedero de Zaldibar "sin comunicar previamente al órgano ambiental".»] @Ahoztar1972 . Noiz kontsultatua: 2020-02-13.
  64. (Gaztelaniaz) Zugadi, Ane. (2020-02-13). «Alkargo fue condenada por dejar residuos peligrosos en el vertedero de Zaldibar sin comunicarlo» Cadena SER Euskadi . Noiz kontsultatua: 2020-02-13.
  65. (Gaztelaniaz) «Verter almacenó en Zaldibar en 2011 residuos peligrosos con PCB» ELMUNDO 2020-02-18 . Noiz kontsultatua: 2020-02-20.
  66. «Zaldibar: zaborraren kudeaketaren iruzurra #ZaldibarArgitu #Landeia» Plone site . Noiz kontsultatua: 2020-03-13.
  67. (Gaztelaniaz) «Una montaña de mierda sobre otra montaña de mierda: el PNV conocía el gran peligro de Zaldibar» El Español 2020-02-20 . Noiz kontsultatua: 2020-02-20.
  68. Ansa, Mikel P.. «Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian?» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-03-07.
  69. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-02-16). «Transportistas aseguran que en Zaldibar los residuos tóxicos se ocultaban bajo la tierra mezclados» naiz: . Noiz kontsultatua: 2020-02-16.
  70. (Gaztelaniaz) «Los trabajadores dicen a la Ertzaintza que se simulaba el reciclaje de los vertidos para superar las inspecciones» El Correo 2020-02-20 . Noiz kontsultatua: 2020-02-20.
  71. «Verter Recycling-en adierazpena, zabortegia erori ondoren abiarazitako lanen egoerari buruz» http://www.verter.eus/ . Noiz kontsultatua: 2020ko otsailaren 21a.
  72. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2020-02-22). «Verter ganó en 2017 más de lo que Lakua gastó en «gestión de residuos»» GARA . Noiz kontsultatua: 2020-02-23.