Zezen-marrazo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zezen-marrazo
Iraute egoera

Galzori larrian (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaChondrichthyes
OrdenaLamniformes
FamiliaOdontaspididae
GeneroaCarcharias (en) Carcharias
Espeziea Carcharias taurus
Banaketa mapa

Zezen-marrazoa (Carcharias taurus) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Odontaspididae familiakoa. Alerik handienek 3 metroko luzera dute.[1] Mundu osoan hedatuta dagoen kostaldeko marrazo espeziea da, Bizkaiko golkoan ordea ez da ageri[2].

Donostiako Aquariumean bi zezen-marrazo daude, "Txuri" eta "Kontxita" izena dute[3].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Constantine Samuel Rafinesque frantziar biologoak deskribatu zuen 1810. urtean Sizilian aurkituriko ale bat hartuta. Carcharias taurus izena eman zion, taurus horrek "zezena" esan nahi du. Historian zehar aldaketa ugari izan ditu izenak, batez ere generoak, Triglochis taurus (Müller eta Henle, 1837) eta Odontaspis cuspidata (Agassiz, 1838), harik eta 1961ean W. Tucker, E. I. White eta N. B. Marshall iktiologoek hasierako izena berreskuratu zuten arte. 1977an nolabaiteko akordioa bilatu nahian Compagno eta Folletek Odontaspis taurus izena ezarri zuten eta beranduago Eugomphodus taurus ere izan zen. Azkenean Compagno berak hasierako Carcharias taurus hobetsi zuen eta horrela onartu zuen ICZN erakundeak, Nazioarteko Zoologia Nomenklatura Kodeak[4].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zezen-marrazoak 200 cm eta 330 cm arteko luzera izaten du, baina orokorrean bi metro eta erdiko arraina izaten da. Jaso den zezen-marrazo handienak 158,8 kilogramo pisatu zituen[5].

Gorputzak itxura trinkoa du, hortik zezenarekiko antza. kolore gris nahiko uniformea du, goialdean ilunagoa eta azpialdean zuriagoa. Helduek puntu gorri-marroi ugari dituzte sakabanatuta, gosputzaren atzealdean batez ere. Bizkarraldean bi hegats ditu, lehenengoa erdialdean eta bigarrena atzerago. Buztaneko hegatsa zabala da, goiko aldean luzea eta azpiko aldean txikia[2].

Burua pikoa du eta muturra zapal xamarra baina kono itxurakoa. Begiak txikiak dira eta ez dauka betazalik. Ahoa handia da eta begiak baino atzerago iristen da. Igeri egiten duenean ahoa irekita izaten du eta iltze itxurako hortz zorrotzen hiru lerro erakusten ditu[6].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano guztietan agertzen den marrazo espeziea da. Gure inguruan Mediterraneo itsasoan aurkitzen da eta Afrikako kostaldean zehar Kamerun alderaino iristen da. Bizkaiko golkoan ez da bizi[2].

Eremu azpitropikaletako ur epeletan bizi da, koral arrezifeei lotuta, ia 200 metro arteko sakoneran. Dena dela ohikoena 15-25 metrotako sakoneran aurkitzea da[2].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zezen-marrazoa gauez ateratzen da.

Espezie demertsala da. Egunez atseden hartzen du uharrietan eta arroka arteko zuloetan eta gauez ateratzen da ehizara. Haren bizitokitik asko urrundu daiteke ozeano hondoetan janari bila ari dela.

Zezen-marrazoa uharrietako bitarteetan ezkutatu egiten da eta segadak egiten ditu. Ezagutzen den marrazo bakarra da airea hartu eta flotagarritasuna kontrolatuz geldi geldi egoten dena. Harrapakina nahiko hurbiltzen denean alboko kople bat ematen dio eta horrela ehizatzen du. Ikusi izan dira taldeak osatuz arrain txikiagoen taldeak jazartzen[4].

Zezen-marrazoen dietaren %60a hezurdun arrainek osatzen dute. Hauetaz gain marrazo txikiagoak, arraiak, otarrainak, karramarroak eta txipiroiek osatzen dute[7].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko hemisferioan arrautzen ernalketa abuztua eta abendua artean gertatzen da. Sydneyko Oceanworld akuarioan deskribatu zen marrazoen elkarketa. Emea itsaso hondoari itsatsita mugitzen da arrik azpian sar ez dadin. Ar dominantea izaten du alboan gainerako arrak uxatzen. Arra emearengana inguratzen da eta elkarreragingo duten eremua babesten du. Emearen hegatsei koska eginez interesa duela erakusten du eta emeak ere azaleko koska batekin erantzuten du. Hainbat egun emango dituzte horrela eta arrak tarteka emearen kloaka usainduko du hura prest dagoen ikusteko. Emea prest dagoenean biek gorputzak elkar kiribilduko dituzte eta arrak pterigopodioa sartuko du emearen kloakan. Minutu bat edo bi pasa ondoren banandu egiten dira. Emea ar bat baino gehiagorekin elkartuko da[8], izan ere ar kopurua emearen bikoitza izaten baita[7].

Emeek umetokian bi adar dituzte eta 50 enbrioi inguru izan ditzakete. Enbrioi hauek bakoitzaren arrautzaren gorringoaz elikatzen dira. 10 cm-ko luzera hartzen duen lehen enbrioiak hortza azkar garatzen ditu[7] eta haren umetoki adarreko gainerako enbrioi guztiak jango ditu, "barne-kanibalismoa" edo "enbriofagia" deritzon prozesuan[8]. 8-12 hilabeteko haurdunaldia izaten da eta jaiotzen direnean metro bat inguruko marrazoak dira[9] eta beren kabuz bizitzeko gai dira, kanibalismoak energiaz beteta eta erabat garatuta jaiotzea ahalbidetzen baitu[7].

Lehenengo urtean 27 cm hazten dira baina hurrengo urteetan hazkuntza tasa txikiagoa izaten da. Arrek sexu heldutasuna lortzen dute 5-7 urte dituztenean, 190 cm inguruko luzera, emeek beranduago, 7-10 urte, 220 cm[10]. Bizitza guztian hazten jarraitzen dute[7].

Akuarioetan 13-16 urtez bizitzera iritsi dira[7].

Gizakiarekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zezen-marrazoa erraz egokitzen da akuarioetara.

Izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina handiko marrazoa denez eta hortzak barailetatik kanporantz aterata agerian izaten dituenez pentsa liteke arriskutsua dela baina benetan izaera oso mantsoa du. Olatuekin egiten du igeri, sarritan itsasontzietatik oso gertu. Zezen-marrazoaren eraso oso bakanak ikusi dira, gehienetan urpeko arrantzarekin lotuak, edo gizakiak haien elikagaia hartzeagatik[11].

Hain da mantsoa, ohikoa dela akuarioetan aurkitzea. Donostiako Aquariumean bi zezen-marrazo daude esate baterako, "Txuri" eta "Kontxita" izena dute[3].

Arriskuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zezen-marrazoen populazioak nabarmen egin du behera eta Nazio Batuen Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) galzori larriko espezie izendatu zuen 1992an[12].

Hainbat faktorek eragin dute zezen-marrazoaren galzori egoera. Alde batetik ugalkortasun-tasa baxua da, bi kume baino ez dituzte izaten urtean. Bestetik zezen-marrazoaren haragia eta hegatsak oso preziatuak dira munduko toki askotan, adibidez Ozeano Bareko ipar-mendebaldean, Ipar Amerikan, Ghanan, Indian, Pakistanen eta Japonian besteak beste. Marrazoaren gibeleko olioa asko erabiltzen da kosmetikan, ezpainetakoak egiteko adibidez. Gehiegizko arrantza horrek asko murriztu ditu zezen-marrazoaren kopuruak, 1980tik aurrera batez ere[4].

Akuarioetara ongi moldatzen direnez asko harrapatzen dira Estatu Batuetako, Europako, Australiako eta Hegoafrikako akuarioetan erakusteko[4].

Azkenik zezen-marrazo gazteek Estatu Batuetako ibaien estuariotan sartzeko joera izaten dute eta poluzioak kalte nabarmenak eragiten dizkie[6].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. FishBase: Carcharias taurus
  2. a b c d «Carcharias taurus, Sand tiger shark : fisheries, gamefish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  3. a b https://www.veiss.com,+Veiss Comunicación S. L. |. «Donostiako Aquariuma- Itsas Museoa | Donostia / San Sebastián | GIPUZKOA / GUIPUZCOA | Euskadiko Nekazalturismo eta Landa-etxeak | Nekazalturismoa Elkartea» www.nekatur.net (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  4. a b c d Compagno, L. J. V.. (1984). Vol.4. Sharks of the World: An annotated and illustrated catalogue of shark species known to date; Part 1 - Hexanchiformes to Lamniformes. FAO Species Catalogue. Rome: Food and Agriculture Organization. ISBN 92-5-101384-5..
  5. «Sandtiger Shark, Sandtiger Shark Profile, Facts, Information, Photos, Pictures, Sounds, Habitats, Reports, News - National Geographic» web.archive.org 2007-07-07 (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  6. a b Sand tiger shark. NOAA National Marine Fisheries Service.
  7. a b c d e f (Ingelesez) Gerlach, Gary. «Carcharias taurus (Dogfish shark)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  8. a b (Ingelesez) Chapman, Demian D.; Wintner, Sabine P.; Abercrombie, Debra L.; Ashe, Jimiane; Bernard, Andrea M.; Shivji, Mahmood S.; Feldheim, Kevin A.. (2013-06-23). «The behavioural and genetic mating system of the sand tiger shark, Carcharias taurus , an intrauterine cannibal» Biology Letters 9 (3): 20130003.  doi:10.1098/rsbl.2013.0003. ISSN 1744-9561. PMID 23637391. PMC PMC3645029. (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  9. (Ingelesez) Bansemer, C. S.; Bennett, M. B.. (2009-01-13). «Reproductive periodicity, localised movements and behavioural segregation of pregnant Carcharias taurus at Wolf Rock, southeast Queensland, Australia» Marine Ecology Progress Series 374: 215–227.  doi:10.3354/meps07741. ISSN 0171-8630. (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  10. (Ingelesez) Branstetter, Steven; Musick, John A.. (1994-03). «Age and Growth Estimates for the Sand Tiger in the Northwestern Atlantic Ocean» Transactions of the American Fisheries Society 123 (2): 242–254.  doi:10.1577/1548-8659(1994)123<0242:AAGEFT>2.3.CO;2. ISSN 0002-8487. (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  11. National Geographic Society. .
  12. Rigby, C.L.; Carlson, J.; Derrick, D.; Dicken, M.; Pacoureau, N.; Simpfendorfer, C. (2021). "Carcharias taurus". IUCN Red List of Threatened Species.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]