Ghana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ghanako Errepublika
Republic of Ghana
Ereserkia: God Bless Our Homeland Ghana (en) Itzuli
Leloa: Freedom and Justice
("Askatasuna eta Justizia")
Flag of Ghana.svg
flag of Ghana (en) Itzuli
Coat of arms of Ghana.svg
Coat of arms of Ghana (en) Itzuli
Ghana (orthographic projection).svg
Geografia
HiriburuaAkkra
5°36′13″N 0°11′13″W
Azalera238.535 km²
Punturik altuenaMount Afadja (en) Itzuli
Punturik sakonenaGineako golkoa (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakBurkina Faso, Boli Kosta eta Togo
Administrazioa
Ghanako presidenteaNana Akufo-Addo
Ghanako presidenteaNana Akufo-Addo
LegebiltzarraParliament of Ghana (en) Itzuli
Harreman diplomatikoakWikidata logo.svg Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria26.908.262 (2017)
Red Arrow Down.svg−1.400.039 (2016)
Dentsitatea112,81 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Emankortasun-tasa4,168 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak1.615.385 (2016)
Bizi-itxaropena62,742 (2016)
Giza garapen indizea0,592 (2017)
Ekonomia
MonetaGhana cedi (en) Itzuli (GH₵)
BPG nominala47.330.016.342,573 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg4.526.433.320,4239 (2016)
BPG per capita2.046 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg96 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa129.804.752.545 international United States dollar (en) Itzuli (2017)
Green Arrow Up.svg12.013.536.935 (2016)
BPG per capita EAPn4.501,853 international United States dollar (en) Itzuli (2017)
Green Arrow Up.svg325,856 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala4 % (2016)
Erreserbak7.015.187.159 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg1.148.457.951 (2016)
Inflazioa9,3 % (2019)
Red Arrow Down.svg−0,1 (2018)
Historia
Sorrera data: 1957
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+233
ISO 3166-1 alpha-2GH
ISO 3166-1 alpha-3GHA
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli eta BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.gh
ghana.gov.gh

Ghana[1] (ˈɡɑːnə ahoskatua), izen ofiziala Ghanako Errepublika (ingelesez: Republic of Ghana), mendebaldeko Afrikako estatu burujabea da, Ozeano Atlantikoaren bazterrean dagoena. Mendebaldean Boli Kosta du, ipar-mendebaldean eta iparraldean Burkina Faso, ekialdean Togo, eta hegoaldean Gineako golkoa. 238.533 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 30,9 milioi biztanle zituen 2020an.[2] Akkra da hiriburua eta hiri nagusia.

1957ko martxoaren 6an, herrialde independente bihurtu zen, Urre Kosta britainiar koloniatik. Independentzia eskuratu zuen Afrikako lehen kolonia izan zen, eta bide bera egin zuten besteen eredu gertatu zen.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghana izena Niger ibaiaren goi ibilbidean IV-XIII. mendeetan loratu zen Ghanako Inperio ahaltsuarenetik dator.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghana mendebaldeko Afrikan dago, Gineako golkoaren ertzean, 4°45'N eta 11°N latitudeen, eta 1°15'E eta 3°15'W longitudeen artean. Boli Kostarekin du muga mendebaldean, Burkina Fasorekin iparraldean, Togorekin ekialdean, eta Ozeano Atlantikoarekin hegoaldean, 500 kilometroko kostaldean zehar.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanbriarraurreko arrokak dira nagusi ia herrialde osoan, eta oso higaturik daude. Hori dela-eta, erliebea laua da. Bost eskualde bereizten dira:[3]

  • Itsasertzeko ordokia hegoaldean, kostaldeko sabana, Akango lur behereak, Akkrako lautada eta Voltaren delta hartzen dituena.
  • Ashantiko lur garaiak eta Kwahuko goi-ordokia mendebaldean, Boli Kostako mugatik Voltaren arroraino. Goi-ordokiaren batez besteko garaiera 450 metrokoa, eta 762 metrora iristen da punturik gorenean.
  • Akwapim-Togo mendilerroak ekialdean, Akkraren ekialdetik Togoraino. Volta ibaiak zeharkatzen du mendilerroen hego-ekialdea, arroila sakon eta estu bat eratuz. Togoko mugatik hurbil dago herrialdeko mendirik garaiena: Afadjato (885 metro).
  • Voltaren arroa erdialdean. Herrialdearen % 45 hartzen du.
  • Iparraldeko eta ipar-ekialdeko goi-ordokia. 150 eta 300 metro arteko garaiera dauka.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kwahuko goi-ordokiak banatzen ditu herrialdeko arro hidrografiko nagusiak. Iparraldean eta ekialdean Volta ibaiaren arroa dago, 388.000 kilometro koadroko azalera duena (158.000 kilometro koadro Ghanan). Afram eta Oti dira haren adar nagusiak. 1961 eta 1965 bitartean eraikitako Akosomboko presak Volta aintzira eratu zuen, munduko urtegirik handienetako bat. Goi-ordokiaren hegoaldean, berriz, Atlantikora zuzen isurtzen diren ibai batzuk daude; Pra, Tano, Ankobra, Birim eta Densu dira garrantzitsuenak.[3]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima tropikala da, bi urtarorekin: euritsua eta lehorra. Urteko batez besteko tenperatura 26 °C eta 29 °C artekoa da.[3]

  Gnome-weather-few-clouds.svg   Datu klimatikoak (Ghana)   WPTC Meteo task force.svg  
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 30.1 31.2 31.6 31.0 30.0 28.3 27.1 26.8 27.4 28.6 30.0 29.5 29.2
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 24.5 25.8 26.2 26.2 25.4 24.6 23.5 23.2 23.6 24.2 24.3 24.1 24.6
Euria (mm) 13.6 40.3 88.2 115.7 160.7 210.4 121.3 88.9 133.0 128.1 56.5 24.6 1184.1
Euri egunak (≥ 1 mm) 2 2 5 7 11 14 7 6 8 9 4 2 77
Eguzki orduak 214 204 223 213 211 144 142 155 171 220 240 235 2372
Hezetasuna (%) 79 77 77 80 82 85 85 83 82 83 80 79 85
Iturria: weatherbase[4]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri liberiar-bereber batek sortu zuen Ghanako Erresuma IV. mendean. Lehenbiziko europarrak, portugaldarrak, 1471n heldu ziren, eta urrearen salerosketaz jabetzen saiatu ziren; garai hartakoa du lurraldeak Urrezko Kosta izena. Portugaldarrak beren nagusitasuna galduz joan ziren frantsesen, ingelesen eta herbeheretarren faboretan. XVII. mendean esklaboen salerosketa hasi zen eta, Europarekiko merkataritza haren eraginez, bertako herritarrek erresuma berriak sortu zituzten kostaldean eta basoan, iparraldearen kaltetan; Ashanti Inperioa izan zen horietako bat.

XIX. mendearen hasieran esklaboen salerosketa debekatu zenean, lurraldeak ordura arte izan zuen interesa galdu zuen europarrentzat, eta ingelesei utzi zitzaizkien bertan eraikitako gotorlekuak. Ingelesek kolonia bat antolatu zuten kostaldean, ashanti etnia mendean hartuta. 1951. urtean, Ingalaterrak konstituzioa eratu zuen eta bertakoez osaturiko gobernua antolatu zen, barne arazoetarako ahalmen osoa zuena. 1957. urtean, Urrezko Kostak independentzia eskuratu zuen, eta Ghana bilakatu zen.

Kwame Nkrumah, Ghanako lehen presidentea.

1960an errepublika bihurtu zenetik, Kwame Nkrumah izan zen lehendakaria. 1966an, kolpe militar batek Nkrumah aginpidetik eraitsi eta Ankrah jenerala ezarri zuen haren ordez; harrezkero, behin baino gehiagotan hartu dute militarrek aginpidea indarrez. 1978. urtean, William Fred Akuffo jenerala buru zuen matxinada batek agintean zegoen Ignatius Kutu Acheampong jenerala kargutik kendu zuen, eta batzar konstituziogile bat osatu zen. Batzarrak konstituzio berri bat idatzi zuen, presidentziala, eta hauteskundeak iragarri zituen 1979ko ekainaren 8rako. Baina 1979ko ekainaren 4an beste estatu kolpe izan zen, ofizialek eta soldaduek eragina, Jerry Rawlings abiazioko kapitainak gidatua. Zenbait jeneral, haien artean Akwasi Afrifa, Akuffo eta Acheampong, hil zituzten, baina, hala ere, esandako egunean egin ziren hauteskundeak; Herriaren Nazio Alderdia irten zen garaile, Hilla Limann buruzagi zuena.

Limann alferrik ahalegindu zen inflazioaren kontra borrokatzen eta egoera sozio-ekonomikoa zuzentzen. Kudeaketa ekonomiko txarra eta gobernu zibilaren ustelkeria kritikatuz, Rawlings kapitainak beste estatu kolpe bat eman zuen, eta berriz hartu zuen aginpidea, 1981eko abenduaren 31n, eta kargutik egotzi zuen Limann presidentea. Rawlingsek konstituzioa baliogabetu zuen, alderdi politikoak debekatu, eta Nazioaren Defentsarako Behin-behineko Batzorde bat osatu zuen (PNDC), bera buru zuena, eta ustelkeriaren eta kontrabandoaren kontrako borrokari ekin zion. PNDC-k, 1983 eta 1985ean, ekonomia berritzeko bi plangintza jarri zituen abian, eta ondoren, 1987an, egokitze estrukturaleko plangintza bat. Era horretan, ekonomiaren egoerak hobera egin zuen, gastu publikoak errotik murriztuz.

Konstituzio berri bat onartu zen erreferendum bidez 1992ko apirilean eta, era horretan, alderdi aniztasuna ezarri zen ostera ere urte bereko maiatzean. Abuztuan, Jerry Rawlings irten zen garaile presidentetzarako hauteskundeetako lehenbiziko itzulian, botoen % 58rekin, baina oposizioko alderdiek boikota egin zuten abenduko legebiltzarrerako hauteskundeetan. 1993ko urtarrilean hasitako laugarren errepublikarekin, erregimen militarreko hamar urteak bukatu ziren.

1996ko presidentetzarako hauteskundeetan, oposizioko zenbait alderdi elkartu ziren hautagai bakar bat aurkezteko, John Kufuor. Hautagai hori, ordea, erraz gainditu zuen Jerry Rawlingsek, eta haren alderdia, Nazio Kongresu Demokratikoa (NDC), izan zen orobat garaile legebiltzarrerako hauteskundeetan. Atzerriko politikagintzari dagokionez, Togoren eta Ghanaren arteko gatazkei egin behar izan zien aurre; behin baino gehiagotan leporatu zizkioten elkarri bi herrialde horiek erasoak eta hilketak bultzatu izana, bereziki 1986. eta 1994. urteetan.

2000. urtean Rawlingsek bere kargua utzi zuen, eta John Kufuorrek irabazi zituen hauteskundeak; lehenbiziko aldia zen boterea bide demokratikoren bitartez aldatzen zela. 2001. eta 2002. urteetan borroka larriak izan ziren mamprusi eta kusasi taldeen artean; Yakubu II.a hil zuten eta gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. 2004an, Jerry Rawlings lehendakari ohiak ikerketa batzorde baten aurrean erantzun behar izan zuen, bere agintaldian giza eskubideak bortxatu zituen salaketapean. Urte horretan bertan, Kufuor berriro nagusitu zen hauteskundeetan. 2005ean, Togoko milaka herritarrek Ghanara egin zuten ihes, babes bila. 2008ko hauteskundeetan John Atta-Mills hautatu zuten presidente. 2012koak John Mahamak irabazi zituen, eta 2016an eta 2020an Nana Akufo-Addo nagusitu zen.[5]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992ko konstituzioaren arabera, Ghana errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea da estatuburua eta gobernuburua. Parlamentuak ganbera bakarra du, 275 kidez osatua.[6]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghana 16 eskualdetan eta 275 barrutitan banaturik dago.[7]

Ghanako probintziak.
Eskualdea Hiriburua Eremua[2]
(km²)
Biztanleria
(2020ko zenb.)[2]
Ahafo Goaso 5.193 613.000
Ashanti Kumasi 24.389 5.924.500
Bono Sunyani 11.107 1.168.800
Ekialdeko Bono Techiman 23.257 1.133.800
Erdialdea Cape Coast 9.826 2.605.500
Ekialdea Koforidua 19.323 3.318.900
Akkra Handia Akkra 3.245 3.318.900
Iparraldea Tamale 25.448 1.948.900
Ipar-ekialdea Nalerigu 9.074 588.800
Oti Dambai 11.066 759.800
Savannah Damongo 35.862 594.700
Goi-ekialdea Bolgatanga 8.842 1.302.700
Goi-mendebaldea Wa 18.476 868.500
Volta Ho 9.504 1.907.700
Mendebaldea Sekondi-Takoradi 13.847 2.214.700
Ipar-mendebaldea Wiawso 10.074 949.100
Ghana 238.533 30.955.200

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumasi hiriko azoka.

2020an 30,9 milioi biztanle inguru zituen.[2] Biztanleria oso gaztea da: 0-14 urte bitartekoak, % 37,4 dira; 15-24 urte bitartekoak, % 18,6; 25-54 urte bitartekoak, % 34,3; 55-64 urte bitartekoak, % 5,2; eta 65 urtetik gorakoak, % 4,4.[6] Bizi itxaropena apala da, 68,2 urtekoa: 65,6 urtekoa gizonezkoena eta 70,8 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak). Biztanleen alfabetatze mailari dagokionez, 2015ean % 76,6 ziren alfabetatuak; alde handia zegoen, ordea, gizonezkoen (% 82 alfabetatuak) eta emakumezkoen artean (% 71,4).[6]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde etniko asko dago. Gizatalde nagusia akan da (biztanleriaren % 44). Moshi-dagonba (% 16), ewe (% 13), ga (% 8), gurma (% 3) eta joruba (% 1) dira beste etnia garrantzitsu batzuk.[8]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesa da Ghanako hizkuntza ofiziala, eta beste 11 hizkuntzak estatus ofiziala dute zeinek bere eskualdean.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristauak dira Ghanako biztanle gehienak, % 71,2, protestanteak eta katolikoak batez ere; musulmanak % 17,6 dira, eta % 5,2 erlijio tradizionalen jarraitzaileak.[6]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jubilee petrolio eremua.

Baliabide naturaletan aski aberatsa izanik, Ghanaren per capita errenta mendebaldeko Afrikako herrialde pobreenen halako bi da. Hala ere, nazioarteko laguntzaren mendeko da, finantzei eta teknikari dagokienez bereziki. Atzerriarekiko truke gai nagusiak urrea, petrolioa eta kakaoa dira. Barne ekonomia oraindik ere nekazaritzan oinarritzen da; barne produktu gordinaren % 20 hartzen du, eta biztanle aktiboen erdiak enplegatzen, lurjabe txikiak bereziki.[6]

Ekonomiaren hazkunderako eragozpen dira zerga politika laxoa, aurrekontu-defizita, zediaren baliogabetzea, eta gobernuaren neurri zorrotzek jendeari erangindako larritasuna. Industria sektorea, barne produktu gordinaren % 24 2017an, meatzaritzan oinarritzen da oraindik ere. 2017an, India (% 23,8), Arabiar Emirerri Batuak (% 13,4), Txina (% 10,8) eta Suitza (% 10,1) izan ziren esportazioen jomuga nagusiak. Inportatu, berriz, Txina (% 16,8), AEB (% 8), EB (% 6,2) eta Belgikatik (% 5,9) egin zuen.[6]

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus jatorrizko Wikidata eskaera..

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b c d e Ghana: Regions, Cities & Urban Places. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2020-12-9).
  3. a b c Ghana: Geography. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  4. Ghana Travel Weather Averages (Weatherbase). (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  5. Akufo-Addok irabazi ditu Ghanako bozak. Berria, 2020ko abenduak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  6. a b c d e f Ghana. CIA - World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  7. Zurek, Kweku. Confirmed: Results of the 2018 Referendum on new regions. graphic.com.gh (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  8. Ghana. Berriaren Estilo Liburua, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]